25. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EGUESIBAR

Eguesibarko Udaleko ordenantza ez fiskalak. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2006ko azaroaren 21ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen ordenantza ez fiskal batzuetako aldaketa eta ordenantza ez fiskal berri batzuk. Espedientea jendaurrean egon da, iragarkia 2006ko 143. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udal honetako oholean argitaratuta, eta arauzko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betiko onetsitzat jo dira. Ondotik, haien testua ematen da argitara, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea bete dadin.

Eguesen, 2007ko urtarrilaren 17an._Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

ERANSKINA

2._UDALAREN OSASUN ORDENANTZA, EGUESIBARKO UDAL MUGAPEAN ANIMALIAK EDUKITZEARI BURUZKOA

47. artikuluko 1. atala honela gelditu da:

"Arau-hauste arinek 60,10etik 150,25 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek 150,26tik 601,01 eurora bitartekoa, eta oso larriek 601,02tik 3.005,06 eurora bitartekoa.

48. artikuluko 3. atala honela gelditu da:

"Alkateari dagokio etxeko animalien kontrako arau-hausteak zehatzeko espedienteak irekitzea eta ebaztea".

3._EGUESIBARKO UDALAREN KIROLDEGIKO BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

Testu hau izanen dute erregelamenduko atal hauek:

7.3._A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko, baina abonatu karneta eskatu beharko dute.

7.6._14 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioko abonatu izateko. Gurasoek sinatu beharko dute adingabeak abonatzeko baimena eta haiena da azken erantzukizuna seme-alaben eginen gainean.

7.7._Familia ugariei %25eko deskontua eginen zaie seme-alaben kuotan. Urtero, familia ugariaren karneta aurkeztu beharko dute.

10._Kiroldegia utzi nahi duen abonatuak harreralekuan eskuratutako dokumentua bete eta aurkeztu beharko du; bakoitzak bere dokumentua beteko du eta behar bezala sinatu beharko du. Aipatu sorrarazpen egunaren ondotik jakinarazten bada kiroldegia utzi nahi dela, ez da hura itzultzeko eskubiderik izanen.

Karneta galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

Karnet berria egiteko, diru kopuru bat ordaindu beharko da, Udalak zehaztuko duena.

Instalazioan aurkeztutako datuetan (helbidea, kobratzeko kontu zenbakia, kontaktatzeko telefonoa, etab.) edozein aldaketa gertatuz gero, haren berri eman beharko du abonatuak. Bere gain hartuko ditu datuak aldatzeagatik sortzen ahal diren ondorioak.

15._Abonatu ez direnak honela sartzen ahal dira kirol instalazioetan:

Udako denboraldia:

_Udako abonamendua erosita.

_Eguneroko sarrera erosita.

_Igeriketa edo kirol ikastaroren batean izena emanda.

_Pilotalekuko edo kirol pistako sarrera.

Neguko denboraldia:

_Kirol ikastaroren batean izena emanda.

_Eguneroko sarrera erosita.

_Goizeko abonamendua erosita (neguko denboraldia).

Pilotalekuko edo kirol pistako sarrera.

Instalazioan sartzeko modalitateen xehetasunak.

Udako abonamendua:

Udako abonamendua eskuratu ahalko dute hura eskatu eta kategoria bakoitzeko ezarri den zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Udako abonamendua dirutan ordainduko da eta argazki bat, karnet neurrikoa, aurkeztu beharko da.

Udako abonatuak karneta erabili beharko du beti instalazioan sartzeko.

Udako abonamenduak balioko du Eguesibarko Udalak urte bakoitzean ezartzen duen udako denboraldirako, eta horretarako ezartzen den ordutegiaren barrenean.

Sarrera librea duten instalazioak:

_Aldagelak.

_Sauna, turkiar bainua eta erlaxazio aldea (18 urtetik gorakoak).

_Igerileku handia, ertaina, palastakoa eta jacuzzia.

_Berdegunea.

_Kirol pista (jarduera antolaturik edo erreserbarik ez badago, abonatu gabeendako kuota ordainduta).

_Haurrendako jolas parkea.

Udako abonamendua dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

Egun bateko sarrera:

Eguneko sarrera eskuratu ahalko dute hura eskatu eta, orduan berean, kategoria bakoitzeko ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Eguneko sarrera eskudirutan ordainduko da.

Eguneko sarreraren bidez instalazioan sartzen ahal da egun baterako; sartu eta atera nahi denean behar den tiketa erakutsiko zaie harreraguneko langileei.

Eguneko sarreraren atzealdean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatu ahalko da NANaren zenbakia jatorrizkoarekin egiaztatzeko.

Eguneko sarrerari zilegi ez den edozein erabilera emanez gero (kopia egitea, beste bati ematea, etab.), egun horretan instalazioan sartzeko eskubidea galduko da.

Sarrera librea duten instalazioak:

_Aldagelak.

_Igerileku handia, ertaina, palastakoa eta jacuzzia.

_Berdegunea.

_Kirol pista (jarduera antolaturik edo erreserbarik ez badago, abonatu gabeendako kuota ordainduta).

Udako abonamendua dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

Kirol ikastaroetan izen ematea:

Abonatuak izan gabe, instalazioan neguko zein udako denboraldian antolatzen diren kirol ikastaroetan plaza lortzen dutenek sarrera izanen dute instalazioan.

Pertsona horiek, ikastaroaren kuota ordaintzen dutenean, karnet neurriko argazki bat aurkeztu beharko dute, karneta egiteko.

Pertsona horiek karneta erakutsi beharko dute instalazioan sartzeko.

Zein jardueratan inskribatzen diren, hura hasi baino 15 minutu lehenago izanen du indarra karnetak.

Jarduera bukatu eta 30 minutu iragandakoan, instalaziotik kanpora atera beharko dute.

Kirol ikastaro baten partaide izanik, behar ez bezala jokatuz gero, edo sartzeko karneta gaizki erabiliz gero, ikastarotik kanporatuko da eta ordaindutako kuotak berreskuratzeko eskubidea galduko da.

Adingabeko batek kirol jarduera batean parte hartzen duenean, hari laguntzen dion heldua edo tutorea instalazioan egon ahalko da, jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik hura bukatu eta 30 minutu iragan arte. Horretarako, nortasun karneta harreragunean utzi beharko du, eta ateratzen denean jaso. Ezarritako denbora gaindituz gero, egunero sarreraren zenbatekoa kobratuko da.

Goizeko abonamendua:

Goizeko abonamendua eskuratu ahalko dute hura eskatu eta ezarritako zenbatekoa dirutan ordaintzen dutenek.

Goizeko abonamendua hartzen dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

Udalak zehazten duen neguko denboraldian sartu ahalko dira instalazioetan, denboraldi horretarako ezartzen den ordutegian.

Goizeko abonamenduak bi aukera ditu:

1. aukera: goizeko abonamendua igerilekuetarako.

2. aukera: goizeko abonamendua igerilekuetarako eta muskulazio gelarako.

Igerilekuetarako goizeko abonamenduaren bidez erabiltzaileak ondoko guneak baliatzen ahal ditu:

_Aldagelak.

_Sauna.

_Turkiar bainua.

_Erlaxazio aldea.

_Igerileku estaliak.

_Jacuzzia.

Muskulazio gelako eta goizeko abonamenduaren bidez erabiltzaileak, aurretik aipatu guneez gain, muskulazio gela ere baliatzen ahal du.

Pilotalekuko edo kirol pistako sarrera:

Abonatuak pilotalekua edo kirol pista erabili behar duenean, harekin datozenak, abonatuak izan gabe, instalazioan sartzen ahalko dira.

Pertsona horiek Udalak modalitate bakoitzeko ezartzen duen zenbatekoa ordainduko dute.

Instalazioan sartzeko unean, harreragunean utzi beharko dute NANa, eta ateratzen direnean jaso; orduan ordainduko da sarrerako kuota.

Hartutako orduaren aurretik 15 minutu izanen dituzte, eta ondoren 30. Erreserbako ordua bukatu eta 30 minutu iraganik kobratuko da.

Kuotaren bidez instalazioan sartzen ahal da ordu bat eta 45 minuturako, pilotalekua edo kirol pista erabiltzeko ordu bat dagoela ulertuta.

Azken batez, erreserba egin duen abonatua izanen da, alderdi guztietan, berarekin sartutako pertsonen erantzule.

Abonatu gabeek pilotalekua edo kirol pista alokatu nahi badute, eguneko sarrera ordaindu beharko dute, baina aldez aurretik erreserba egiteko eskubiderik ez dute.

18._Zehapenera iristeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake karneta kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori kiroldegiko edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

Kiroldegiko Kudeatzailetzak txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan erregelamendu honetan oinarrituta. Zehapen horiek arau-hausleari jakinaraziko zaizkio. Ematen diren ebazpenen aurka, egungo legerian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira, eta errekurtsoak ebatzi arte, instalazioaz baliatzeko aukera aldi baterako edo betiko galdu duen erabiltzailea ezin izanen da sartu.

26.12._14 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioetan nor bere kasa sartzeko. Gurasoek edo tutoreek dute adingabekoen eginen erantzukizuna.

26.13._Higiene arrazoiak direla eta, debeku da erabat instalazioan bizarra kentzea, depilatzea, pedikura, manikura eta antzekoak egitea.

26.14._Debeku da kirol instalazio guztian jatea eta erretzea, horretarako egokitutako eremuetan izan ezik.

27.1._Zerbitzugunea esaten zaion aldean sartzen dira kafetegia, aldagelak, armairuak, dutxak, zerbitzuak eta botikina.

27.11._Debeku da irristailu, txirrindu, haur aulki, gurdi edo antzekoak aldegelen eremuan sartzea. Toki bat egokituko da horretarako.

28.1._Urgunea, sarbidea eta egonaldia.

Erabiltzailea ezin da igerilekuan sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

Igerilekutzat hartzen da:

Neguan: estalkiak hartzen duen ingurua eta tunela, aldageletatik igerilekura.

Uretara sartu aitzin nahitaezkoa da dutxatzea.

Nahitaez erabili behar dira bainuko txanoa neguko denboraldian eta bainuko txankletak.

Debekaturik dago laster, jauzi edo bultza egitea, edo gainerako erabiltzaileentzat gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi, eta oro har gainerako erabiltzaileak ernegatzen ahal dituen edozein gauza. Orobat, ez da jaten ahal ez igerilekuaren eremuan ez hondartzan, ezta beirazko edo ezpaltzen ahal den bestelako zernahi erabiltzen ahal ere.

Debekaturik dago baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituzten bestelako gauzak (hegatsak, urpeko betaurrekoak, etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak; salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan.

Udako denboraldian erabiltzaileek beraienak diren aulkiak eta eguzkitakoak sartu ahalko dituzte igerilekuetan. Instalazioak prestatuko dituen oinarrietan jarriko dituzte, eta ez belardian. Instalazioko berdegunean baizik ez dira erabiliko.

Debeku da arras listu eta pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

28.4._Debekatuta dago irristailu, txirrindu, haur aulki, gurdi edo antzekoak igerilekuen aldean sartzea.

28.5._Igerilekuetan tutorerik gabe egoteko, gutxienez ere, 8 urte izan behar dira; betiere, adingabekoak igerian jakin beharko du. Gurasoek edo tutoreek dute adingabekoen eginen erantzukizuna.

29.1._Kirol eremu hauetan sartzeko tasa bat ordaindu beharko da beti, alokairu gisa (eta argia, eskatzen bada).

Pilotalekua eta kirol pista instalazioaren abonatuek erabili ahalko dituzte bakarrik; kirol instalazioan abonaturik ez daudenek, berriz, ez dituzte erabiliko. Inork eguneko sarrera ordaindu eta une horretan pilotalekua-kirol pista libre badago, erabili ahalko du ezarritako tasa ordaindu eta gero.

Abonatu batek pilotalekua edo kirol pista erreserbatu eta kirol instalazioan abonatuta ez dagoen jendearekin etortzen bada, pilotalekuaren edo kirol pistaren sarrera eskuratu beharko dute, Udalak ezarritako diru kopurua ordainduta.

Udalak nahi erara ematen ahalko dizkie sarrera bereziak abonatu ez diren taldeei, pilotalekuaz eta kirol pistaz balia daitezen.

Udalak onetsiko ditu une bakoitzean pilotalekua-kirol pista erabiltzeko prezioak.

29.2._Pilotalekua-kirol pista alokatzeko, asteko erreserba egin beharko da Udalaren kirol instalazioetako bulegoetan.

29.3._Udalak kirol guneak erabiltzeko plan bat adostuko du enpresa errentariaren, Udalaren eta ibarreko klub edo elkarteen artean.

29.11._Pilotalekua alokaturik eduki eta edozein arrazoirengatik erabili behar ez duten abonatuek, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik eman beharko diete horren berri bulegoko langileei, edo bestela telefonoz deitu.

29.16._Udalak erabakiko du pilotalekua-kirol pista erabiltzeko ordutegia.

Pilotalekua eta kirol pista erabilera askeko gunea dira, erabiltzaile batek edo antolatutako jarduera batek erreserbatu ez dituen bitartean. Edozein erabiltzailek baliatzen ahal ditu, baina argiak pizteko edo daudenez gain beste joko elementurik jartzeko eskatu gabe. Kasu horietako edozeinetan erreserbatzat joko da, eta dagokion tasa ordaindu beharko da.

21:00etatik 21:45etara da guneak erabiltzeko azken ordua, eta prezioa horren araberakoa.

30.2._Muskulazio gelan sartu ahal izateko ikastaro bat egin behar da, monitore bat begirale dela; gutxienez ere, 4 saio izanen ditu (ordu erdi bat saioko, gutxienez ere). Ez da ikastaro horren beharrik izanen erabiltzaileak ziurtagiri bat aurkezten badu, gelako makinak erabiltzen dakiela dioena.

30.4._Behin muskulazio gelako kuota ordaindu eta ikastaroa eginda, karneta aktibatuko da; era horretan erabiltzailea gelan sartu ahalko da karneta atearen ondoko irakurgailutik pasatuz. Bakoitzak bere karneta eduki beharko du gelan sartzeko; ez bada behar bezala erabiltzen,zehapenak aplikatuko dira.

30.6._Medikuak aginduta eta guraso edo tutoreen baimen idatzia dutela sartzen ahalko dira 18 urtez azpikoak muskulazio gelan, monitorea bertan dagoen orduetan.

32.4._Higieneagatik, nahitaezkoa da txankletekin sartzea kirol eremu horietan, baita esku-oihala erabiltzea ere.

33.6._Indarra duen legeriaren arabera, nahi duten erabiltzaileek harreralekura etorri beharko dute fitxa pertsonala betetzera.

34._Kirol eta igeriketa ikastaroetan izen emateko modua.

Eguesibarko Udalak erabakiko du nola izena eman kirol eta igeriketa ikastaroetan.

4._GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

_Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

_Ondasun eta espazio publikoak eta hiriko arkitektura eta hirigintza ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Hiriko ondare eta paisaiaren parte direnez gero, apaindura publikoak eskatu bezala mantendu beharrekoak, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta hirigintza eta arkitekturako beste elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, farolak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak; betiere, eremu publikoan kokatuta badaude edo bertatik ikus badaitezke.

_Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.

_Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeei dagozkien eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten antolamendu juridiko indardunak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Eguesibarko udal mugape guztian aplikatuko da.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Eguesibarko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.

4. artikulua. Jarduera hezigarriak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaerak transmititzen eta sendotzen lagunduko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jarduerak eginez.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, Udala saiatuko da gizarte portaeraren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik besteen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko maneran zaintzea.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua.

1. Bizikidetzako printzipioak.

1.1. Herritarrak behartuta daude bizikidetza errespetatzera eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabiltzera, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarten diren ildoetatik.

1.2. Herritarrek eskubidea dute udal mugapeko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta haien askatasuna errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

1.3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

1.4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2. Elkartasuna eremu publikoan.

2.1. Udalak herritarren arteko elkartasuna bultzatuko du, behar duten laguntza izan dezaten eremu publikoetan edo bestelako tokietan ibiltzeko edo orientatzeko gauza ez direnek, istripua izan dutenek edo egoera arriskutsuan daudenek. Behar gehien dutenei bidea emateko ohitura bultzatuko da, edo hiri altzariak erabiltzeko lehentasuna, baita elkartasuna eta jendetasuna ere.

2.2. Galdutako umeak edo pertsona ezgaituak nahiz akats fisiko edo psikiko nabarmena duten pertsonak aurkitzen dituzten guztiek agintaritzako agenteei jakinaraziko diete, haiek babesteaz eta tutoretza dutenei emateaz arduratu daitezen.

II. KAPITULUA

Ondasunen hondamena

8. artikulua. Hondamena eta alterazioak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, hondatu edo andeatzen baditu, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarri bezala.

9. artikulua. Pintaketak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintaketak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean azaldu debekutik kanpo geldituko dira, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea nahi badakoa da, eta hura ematean, baimendutako jarduerak errespetatu behar dituen baldintzak eta betekizunak erantsiko dira.

3. Jarduerak derrigorrezko udal baimenik izan gabe egiten direnean, erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte agintaritzako agenteek.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintaketak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo beste edozein ekintza hondagarri egiten denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Haiei kalte egin edo txatu txarra ematea.

b) Edozein elementu itsatsi edo lotzea, udal baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parkea eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi eta landareontzietako landare-espezieak eta eremu edo leku publikoetan landatutako zuhaitzak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

_Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kalte egitea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo arboladiak behar ez bezala erabiltzea.

_Soropilari kalte egitea, gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

_Zuhaitzak moztu, inausi edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

_Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak jartzea.

_Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak botatzea.

_Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu botatzea, kalte egin badiezaieke edo estetikaren eta gustu onaren kontrakoa bada.

_Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

_Parke eta lorategietan sua piztea.

3. Era berean, debeku da parkeen barrenean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune jakin batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketak desobeditzea.

12. artikulua. Paperontzi eta edukiontziak.

Debeku da bide edo eremu publikoetako paperontzi edo edukiontziei kalte egitea, haien estetika aldatzea edo erabiltzeko balio ez dutela uztea. Bereziki debekatua dago haiek mugitu, erauzi, irauli edo lurrean hustea, baita haiei su ematea, inskripzioak egitea edo paperak nahiz eranskailuak itsastea ere.

1. Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birtziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan kokatuta dauden edukiontziak erabiliko dira.

2. Debeku da paperontzietara material, tresna edo objektu arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

13. artikulua. Urmael eta iturriak.

Debeku da edozein manipulazio urmael eta iturrien instalazio edo elementuetan, baimenduta ez badago. Bereziki, debeku da barrenean sartzea edo edozein gauza garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta gaiak, gauzak edo animaliak haietara botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Kanpoko publizitatea, edozein euskarritan eta zein diren ere ezaugarri edo helburuak, horretarako egokitutako tokietan baino ezin da jarri. Establezimenduen titularrek ezin dute, baimena izan ezik, instalazio finko edo mugikorrik ezarri bide publikoan, publizitateko propaganda badu.

2. Debeku da, horrenbestez, non ez dagoen Udalaren baimena, edozein iragarki jartzea eraikin publiko edo pribatuetako fatxada, arkupe, markesina, hiri atzari, zuhaizti, hesi, tunel, eta, oro har, propio gaitutako tokietatik kanpo. Orobat, debeku da edozein eranskailu, kartel, paskin, pankarta edo banderaxka, nokakoa den ere, jartzea aipatu tokietan.

15. artikulua. Kartel, pankarta eta banderaxkak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderaxkak jartzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderaxkak jartzea baimentzen ahalko da adierazi ez den beste kasu batzuetan.

2. Artikulu honetan aipatu baimena eskatzeko, zehaztapen hauek bete beharko dira, gutxienez:

_Kartel edo banderaxken edukia eta neurriak.

_Haiek jartzeko tokiak.

_Agerian egonen diren denbora eta egunak.

_Haiek kentzeko konpromisoa, eta egin daitekeen kaltea konpontzekoa.

_Banderaxkak farolei edo argiei lotzeko modua azatzen duen krokisa, euskarriak pinturan edo galvanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Farola edo argietan jarri baino 24 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, Udalaren zerbitzu teknikoek haien instalazioa aztertu eta kontrola dezaten.

4. Kartel eta banderaxkek baimendu diren zehaztapenak bete beharko dituzte.

5. Kartel eta banderaxkek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu epea bukatu bezain laster. Bestelakoan, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetako hogeita hemezortzigarren artikuluan ezarritakoari jarraituz.

16. artikulua. Eskuorri eta panfletoak.

1. Debeku da eremu edo espazio publikoetan era guztietako eskuorri, panfleto edo propagandako nahiz publizitateko paperak eta antzekoak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek panfleto, eskuorri edo antzekoen banaketak zikindutako gunea garbituko dute eta aparteko zerbitzu horien kostua erantzuleei egotziko diete, bidezko zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Eremu publiko edo espazioen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoak edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan, kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta, pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, edozein motatakoak direla ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatutako lekuetan egiten denean, ezarri baldintzetan.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, derrigorrezko udal baimenik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokira daraman edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak eta/edo Udaltzaingoa maltzurkeriaz mugiaraztea.

2. ATALA

Berariazko jarduerak

19. artikulua. Sua eta jaiak.

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo mantentzea, baita piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2. Festa edo ospakizun jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimendutako su edo emanaldiek bete beharreko baldintzak.

20. artikulua. Asotsak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai indarra duen legerian ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta galarazten duten asotsak egitea saihestuko dute:

_Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten dutenean.

_Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

_Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

_Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

_Oro har, ez dira baimenduko bizilagunak gogaitzen dituzten jarduerak, batez ere gauaz.

21. artikulua. Ke eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote lasaitasuna galarazten duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak, usainak edo hautsa sortzen dituen jarduerarik egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haiei eragiten badiete, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, lurra bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek eginen dira kalera ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginduz usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-buru eta patio txikietara.

2. Ibilgailuek ezin izanen dute bost minutu baino gehiago aparkatuta egin motorrak piztuta, bizitegien edo dotazioen eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik goiti bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondar eta zaborrak.

1. Debeku da baimenik gabeko edozein jarduera edo eragiketa, erabilera publikoa duten eremu eta espazioak zikintzen baditu, orubeak, hesitu gabeko finkak, ibaien bazterrak eta ubideak barne. Aipagarri gisa, debeku da autoak garbitzea, aipatu eremu eta espazioetan konpondu edo koipeztatea _non ez den ezinbestekoren bat_, zigarrokin, bilgarri, txikle eta hondar solidoak nahiz likidoak botatzea, hautsontzi eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborra edukiontzien ondoan uztea haiek hutsik daudela, eta antzeko ekintzak.

Betiere, debeku da zaborra paperontzien ondoan edo horretarako prestatuta ez den beste edozein tokitan uztea.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: kasu horretan, bilketa sailkaturako eremu publikoan dauden edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da tresna edo gauzaki arriskutsuak paperontzi edo edukiontzietan sartzea, baita zigarrokinak edo beste edozein gauza, piztuta badaude. Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorkari eta produktu kimiko, pirotekniko edo antzekorik ere.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan sartu beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein gauzaki, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietan botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako gauzaki edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

Ez da libre izanen espazio publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik inarrostea, baimenik gabe.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da eremu publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo listu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da haiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte beraiekin espazio publikoetan, betiere uhal edo kateaz lotuta, edo legez ezarri bezala.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Animaliek haientzat prestatutako tokietan egin beharko dute kaka eta pixa. Horretarako, Udalak eremu egokienak bilatuko ditu animaliek beren eginbehar fisiologikoak higiene baldintza egokietan egin ditzaten.

Betiere, animaliaren jabea behartua dago gorozkiak jaso eta, behar bezala bilduta, eremu publikoetan ezarritako edukiontzietan botatzera. Haren ardura da zikindutakoa garbitzea. Animalien jabe edo erantzuleek jaso beharko dituzte haiek eremu publikoan utzitako gorozkiak.

4. Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan dauden eta gizakiek edateko diren iturrietatik edan.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6. Animaliek ezin izanen dute bazkatu lorategi eta parkeetan.

25. artikulua. Kanpaldia eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek eremu publikoa bidegabe hartzen duen kanpadenda, ibilgailu edo beste edozein materialen jabe edo erabiltzaileei ohartaraziko diete kanpatzeari utzi diezaioten; salaketa ere jarriko zaie. Ukatuz gero, edo jabeak nahiz erabiltzaileak ezin aurkituz gero, agintaritzako agenteek bitartekoak jarriko dituzte haiek berehala kentzeko, eta sortzen diren gastuak arau-hausleen kontura izanen dira eta, solidiarioki, jabeen kontura.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaria prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Administrazioak prestatzen dituen lekuetan izan ezik, ezin da biluzik egon erabilera publikoa duten espazio eta eremuetan, horrekin herritarren sosegua edo haien eskubide eta betebeharren erabilera baketsua asaldatzen bada. Betiere, oro har, inork ezin du eremu edo espazio publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi sexu alderdiak erakustea, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokabide edo jarduketak ere.

4. ATALA

Betebehar bereziak

26. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan hartutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileak eta izan beharreko lizentzien araubideak sortutako gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi behar dituzte hartzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoetako titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Aipatu leku eta inguruak etengabe garbituko dira; betiere, establezimendua ixten den unean garbitu beharko da.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiengatik, debeku da produktuak, terrazako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan metatu edo pilatzea. Ez da inoiz baimendutakoa baino toki gehiago hartuko, ezta behin-behineko elementu, zoruan finko edo hari lotuta dagoenik, erabiliko Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe ezarri bada edo baimendu baino leku handiagoa hartzen badu. Instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio kentzeko kostua, eta zehapena jarriko zaio.

27. artikulua. Eskeak.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren sosegua asaldatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideen erabilera eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboak dira larderiaz jokatuta egiten diren eskeak edo herritarren joan-etorria oztopatzen dutenak, besteak beste.

28. artikulua. Establezimendu publikoak.

Sarrera libreko establezimenduen jabe edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten ahaleginduko dira, bai lokaletan sartzean bai haietatik ateratzean.

Jokaera horiek ezin eragotzi direnean, poliziari deitu beharko diote ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

29. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiriko edo arkitekturako elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza bat ordaintzera behartzen ahal ditu antolatzaileak, garbiketa eta ingurumen arloko lanen ondoriozko erantzukizuna bermatzeko, baita ekitaldiak sor ditzakeen beste kalte eta galeren ondoriozkoa ere. Delako eremu publikoa behar bezala egonez gero, fidantza itzuli eginen da. Bestela, handik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, nolako ekitaldia den kontuan hartuta.

30. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da eremu publikoan edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da dirua edo limosna eskatzea jendea hitzez edo egintzaz beldurtuz edo gogaituz. Halaber, debeku da gauzak edo zerbitzuak diru trukean eskaintzea jendea beldurtuz edo gogaituz.

Eskean dabiltzanak adingabekoak izanez gero, adingabekoen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzako agenteek debeku den eskaletza eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo manera gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

31. artikulua. Arropa esekitzea.

Balkoi, terraza edo teilatu-lauetan ez da arroparik hedatzen ahal, kaletik ikusteko moduan. Halaber, balkoi edo galerietan ez da eraikinaren estetikari kalte egiten dion material, tresna edo altzaririk uzten ahal, kanpotik ikusten ahal badira.

Kaletik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, Udalak berariazko araubidea baimendu ahal izanen du.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

32. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehapenak ezartzeko, ahalmen horretarako legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio.

2. Zehapen prozedura hasteko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura _hasita badago_, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

33. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

34. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Bizikidetzaren nahasmendu larria, jendearen lasaitasuna edo legez dagozkien eskubideei modu larrian, berehala eta zuzenean kalte egiten diena, edo araudi aplikagarriaren araberako edozein jardueraren ohiko bilakaerari, nahiz osasungarritasun edo apaingarri publikoari; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

_Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintaketak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

_Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

_Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutse- giteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

i) Larrialdi zerbitzuak edo Udaltzaingoa beharrik gabe eta maltzurki mugiaraztea.

j) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

35. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian asaldatzea, besteen lasaitasunean edo haien legezko eskubideen erabileran edo araudi aplikagarriari jarraitzen dion edozein jardueraren ohiko garapenean edo osasungarritasun edo apaindura publikoan eragina duten ekintzen bidez; betiere, herritarren segurtasuna babesteko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo eremu publiko baten erabilera modu larrian asaldatzea, hartarako eskubidea duen jendeari. Betiere, arau-hauste izanen da eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea, Udalaren baimenik izan gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian asaldatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu larrian hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

_Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungarritasunerako edo segurtasunerako arriskua sortzen dutenak.

_Eremu publikoan egiten diren jardueretan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik izan gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen joan-etorri arrunta nahita eragoztea, haietarako prestatutako lekuetan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

36. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean nahastea, besteen lasaitasunean edo haien legezko eskubideen erabileran edo araudi aplikagarriari jarraitzen dion edozein jardueraren ohiko garapenean edo osasungarritasun edo apaindura publikoan eragina duten ekintzen bidez; betiere, herritarren segurtasuna babesteko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Betiere, arau-haustea izanen da:

_Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak uhalez edo kateaz lotu gabe eramatea, horretarako baimenik izan ezean.

_Lagun egiteko animalien gorozkiekin eremu publikoa zikindu eta haiek bildu gabe uztea.

_Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo eremu publiko baten erabilera modu arinean asaldatzea, hartarako eskubidea duen jendeari. Betiere, arau-haustea izanen da:

_Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea, Udalaren baimenik izan gabe.

_Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

_Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak jartzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

_Baimenik gabe kanpatzea.

_Espazio publikoetan edozein elementu ezartzea baimenik gabe.

_Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean asaldatzea. Betiere, arau-hausteak dira:

_Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

_Edozein ondasun edo espazio publikotan pintaketak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

_Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalteak sortzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

_Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsita.

_Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.

_Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, aurreko artikuluetan sailkatu ez direnak.

37. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 400 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 36. artikuluaren a) eta b) ataletan sailkatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60,1 eurotik 150,25 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 401 eurotik 800 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Arau-hauste oso larriei 801 eurotik 1.200 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 34. artikuluaren g) atalean sailkatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 601,02 eurotik 3.005,06 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

38. artikulua. Kaltea konpontzea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazitako zehapenak ezartzean, arau-hausleari eskatuko zaio bestelakotu den egoera lehengoratzeko. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera bideratuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasunaren izaerari jarraikiz.

Arau-hausleak ez baditu hondatutako gauzak konpontzen, araua hautsi aurretik zeuden bezala utziko ditu Udalak, behartua dagoenaren kontura. Antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituz eskatuko zaio kostua ordaintzeko.

39. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea dira erantzule solidarioak, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonena eta, modu subsidiarioan, animalien jabeena da animaliak gauza edo pertsonei sortutako kalte edo eraginaren eta zikinkeriaren erantzukizuna.

3. Erantzulea eta egilea bera dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriak barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.5, 26 eta 31. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen egileak dira haien erantzule.

6. Oro har, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legez behartuta badaude beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzera.

Erantzulea adingabekoa izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule, modu solidarioan.

40. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egina den.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Prozedura ireki aurretik egindako kaltea konpontzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

41. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

_Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

_Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

_Neurri hori hartzera bultzatzen duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo antzeko ekintzen ondoriozko kalteak konpontzen dituztenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen diren edo ez.

Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenean, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

_Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

_Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0701447