25. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

"Iruña hiria" bekaren deialdia, norgehiagoka araubidean, euskarazko literatur sormenari laguntza emateko

Deialdi honen helburua euskarazko literatur sormenari, norgehiagoka araubidean, beka bat emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua.

Deialdi honi bederatzi mila eta laurehun euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren 2007. urteko aurrekontuko 50 45140 480000 kontusailaren kargura esleitu ere.

2._Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

Deialdi honen xedea eta helburua literatur sormenari diru-laguntza ematea da.

Poesia eta narrazio literatur generoak dira bekaren xedea.

Deialdira aipatu generoetan egindako literatur proiektuak aurkez daitezke, betiere euskaraz idatzitakoak eta jatorrizkoak badira eta, aldarrikatzeko unean, ez badira argitara eman, ez alde batez ez osorik.

Hona lanen gutxieneko luzera: zortziehun bertso, poesian, eta ehun eta berrogeita hamar orri, narrazioan (orri bakoitzeko mila eta zortziehun karaktere).

Egileak jatorrizko proiektua aldatzen ahalko du, egin ahalean, baina aldaketaren berri eman beharko dio epaimahaiari, eta horren oniritzia jaso.

Esleipendun suertatutakoak behar bezala amaituta aurkeztu beharko du proiektua Iruñeko Udalean, 2007ko azaroaren 20a baino lehenago.

3._Izangaien betekizunak.

Nafarroan jaiotako pertsonek eskatzen ahalko dute beka, edo, bestela, eskabidea noiz aurkeztu eta gutxienez hori baino urtebete lehenagotik bertan ohiko bizilekua dutenek.

Aipatu baldintza betetzen dutela justifikatzeko, oinarri hauen zazpigarren klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

Beka honen onuradunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

4._Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Kulturako Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Beka emateko proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta epaimahaiaren txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio; nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Kulturako zinegotzi delegatuari dagokio beka emateko prozedura ebaztea.

Hona epaimahaia osatuko duten kideak:

Epaimahaiburua: Kulturako Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikideak: Euskara dakiten hiru literatur aditu, Kulturako Zinegotziak emandako ebazpena bitartez izendatuak. Horietako bi Euskaltzaindiak eta Nafarroako Ateneoak proposatuak izanen dira.

Idazkaria: Udaleko euskara koordinatzailea.

Epaimahaiak lana egiten duen bitartean ez du izanen deialdira aurkeztu diren pertsonen izen-deituren berri; deialdiak izenorde batez parte hartzea galdatzen du.

Beka nori eman behin ebatzi eta gero, proiektu esleipenduna ezin izanen da aurkeztu inongo lehiaketatara, ezta inongo saririk jaso ere, obraren argitalpenetik erator daitezkeenak izan ezik.

5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskabideak Kulturako Alorrean aurkeztu behar dira, ondoko helbidean: Iruñeko Descalzos kalea, 72-2. solairua.

6._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebazteko eta emakida-ebazpena zein ordaintzeko agindua jakinarazteko gehieneko epea bi hilabete naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileek eskaera ezetsitzat jotzen ahalko dute, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7._Eskaera egiteko aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi dutenek gutunazal bat aurkeztu beharko dute, eta hor bakarrik izenordea agertuko dute. Gutunazalarekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu behar da:

a) Literatur proiektuaren deskribapena, behar bezain luze-zabal eginda, betiere ezaugarri nagusiak adierazita, hala nola literatur generoa, egitura eta estiloa, laburpena, aurreikusitako luzera eta proiektuaren berri ematen duen beste edozein argibide garrantzitsu: literatur iturriak, inspirazioa, literatur edo beste edozein asmo edo helburu mota, zein irakurle motari zuzentzen zaion eta abar.

b) Behin betiko proiektuaren bi testu-lagin jadanik garaturik, literatur lanaren bi une ezberdini dagozkionak, testuinguruan behar bezala txertatuak. Testu-laginak 5 eta 10 orri bitartekoak izanen dira, poesia-lanetan, eta 10etik 20ra bitartekoak, narrazioetan.

c) Gutunazal itxi bat, eta bertan ondoko datuak: beka eskuratu nahi duen pertsonaren izen-deiturak, helbidea eta telefonoak, bai eta adierazpen sinatu bat ere, non adieraziko baitu lana berak egin duela, jatorrizkoa dela eta ez dagoela argitaratuta, ez alde batez ez osorik. Gutunazal horren barruan, ondoko agiriak sartu behar dira:

_Nortasun Agiri Nazionala.

_Jaiotzez nafarra izan ezean, bizilekua duela urtebete gutxienez Nafarroan daukala egiaztatzen duen agiria.

_Zinpeko aitorpena, jaio den tokiaz eta egunaz bezainbatean, Nafarroan jaioa bada.

_Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, kopia konpultsatuak.

Gutunazal hori bakarrik irekiko dute harekin batera doan literatur proiektua epaimahaiak beka emateko proposatzen badu. Gainerako gutunazalak ez dira irekiko eta, saritu ez diren lanekin batera, egileei itzuliko dizkiete, behin horiek aldez aurretik halakorik eskatu eta deialdian parte hartu izanaren ziurtagiria aurkeztu badute, 2007ko irailaren 30ean amaitzen den epearen baitan.

8._Onuradunen betebeharrak.

Beka eskuratzen duenak onuraduntzat hartua izateko baldintzak bete beharko ditu, eta betebeharra izanen du, halaber, jasotako diru-laguntzen inguruan organo eskudunek egiten ahal duten edozein egiaztapeni men egiteko.

9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Beka emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara eta esleipendunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

10._Ordainketa.

Laguntza honela ordainduko da:

1. Ordaintzeko lehenbiziko agindu bat eginen da, lau mila eta zazpiehun euroko zenbatekoaz, bekaren esleipena onesten den unean.

2. Bi mila hirurehun eta berrogeita hamar euro ordaintzeko agindua epaimahaiak esleipendunarekin bilera bat izan eta gero libratuko da; bilera, beranduenez ere, 2007ko uztailaren azken astean eginen da, bekadunak laguntza jaso duen lanaren egoeraren berri eman dezan. Bigarren ordainketa horrek epaimahaiaren oniritzia izan behar du.

3. Azkenik, gainerako laguntzaren ordainketa egiteko baimena, hau da, bi mila hirurehun eta berrogeita hamar euro ordaintzekoa, literatur lana aurkeztu eta epaimahaiak horri oniritzia eman eta gero emanen da. Nolanahi ere, azken ordainketa hori 2007ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da.

Ordainketa bakoitzean legezko diren atxikipenak deskontatuko dira.

Beka ezin izanen zaio onuradunari ordaindu, horrek tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez baditu, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jo badu. Halako kasu batean, Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, bekaren onuradunagandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat, betiere beka zor dituen kopuruekin konpentsatuta.

11._Esleipenaren ezeztapena, betebeharrak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu oinarri hauek ezarritako epeak _lana aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak_ errespetatzen, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak bete, edo proposatutako lana baino askoz ere kalitate gutxiagokoa bada, epaimahaiak Udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio literatur laguntzaren esleipena ezeztatzeko; halako kasuan, esleipendunak jasotako dirua itzuli beharko dio Iruñeko Udalari, legezko berandutze-interesak barne, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 45. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

12._Lanaren argitalpena.

Iruñeko Udalak kasuan kasuko lana argitaratuko du, beka eman eta hurrengo urtean, Euskal Literaturako Udalaren Bilduman, haren diseinu eta maketazio ildo nagusiekin bat. Gutxienez hirurehun eta berrogeita hamar ale argitaratuko dira, eta euskal edizioen merkatuaren esparruan banatuko dira. Udalak erabakiko du zenbatean jarri salgai.

Udalak hogeita bost ale emanen dizkio egileari.

Egileak egoki jotzen dituen adina iradokizun egiten ahalko dizkio Udalari, kalitate handiagoko argitalpena lortze aldera, eta, betiere, inprenta-probak zuzendu beharko ditu.

13._Lanaren jabegoa.

Iruñeko Udalak, Oinarri hauen hamabigarren klausulan ezarritakoarekin bat, beretzat gorde duen lehen argitalpena egiteko eskubidea alde batera utzita, beka jaso duen literatur lanaren jabegoa egilearena izanen da.

Aurrekoa gorabehera, Iruñeko Udalak beretzat gordetzen du, inongo preziorik ordaindu behar izan gabe, lanaren irudia erabiltzeko aukera, eta erreproduzitzekoa, baldin eta irabazi-asmorik gabe egiten badu, betiere egilea aipatuz eta euskara edo Udalaren irudia sustatzeko kultur esparruko jarduketetan. Eskubide hori Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan gauzatzen ahalko du Iruñeko Udalak, gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzko batean. Hala eginez gero, Iruñeko Udalak erabilera horren berri eman beharko dio aldez aurretik egileari.

14._Lanaren berrargitalpena.

Aurreko oinarrian ezarritakoarekin bat, esleipendunak bere kabuz argitaratzen ahalko du berriz ere bere lana, behin Udalaren argitalpenaren aleak amaitu eta gero, edo lehen argitalpen horretatik bi urte igarota.

Halakoetan, aldez aurretik jakinarazi beharko dio Udalari, eta berez jaso beharko ditu liburuaren berrargitalpenaren azalean eta portadan literatur lanak Iruñeko Udalaren "Iruña hiria" literatur-sormenerako beka eskuratu duela, bai eta beka zein urtetan esleitu zaion ere.

15._Deialdiaren oinarrien onespena.

Deialdian parte hartzen dutenek horri buruzko arauak oro onartuko dituzte eta men eginen diete Iruñeko Udalak hartzen ahal dituen erabakiei; epaia apelaezina izanen da. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea kanporatzea ekarriko du berekin.

16._Ebazpena eta errekurtsoak.

Deialdi hau honakoek arautuko dute: Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean jasotako aginduak; azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legea; eta aplikagarriak diren administrazio-zuzenbideko gainerako arauak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbestez, Udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gora-beherak oro ebazteko. Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2007ko otsailaren 6an._Kultura zinegotzia, Ignacio Pérez Cabañas.

Iragarkiaren kodea: L0702299