20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

365/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, lan gabe dauden gazteek Lanerako Prestatzeko Lantegietan lanbide hastapenerako ekintzak egiteko laguntzen 2007ko deialdia onesten duena.

Foru Komunitateko Gobernuak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta ordezkaritza handiena duten bi sindikatuek (UGT eta CCOO) Nafarroako Enplegurako Hirugarren Plana (2005-2007) sinatu zuten 2005eko urriaren 20an. Haren barruan, beste neurrien artean, Lanerako Prestatzeko Lantegietan prestakuntza programa sartzen da, lanik gabe dauden gazteen lanbide prestakuntza egin eta gero kontratatuak izateko aukerak handitzeko.

Programa horrek 420.700 euro ditu Nafarroako Enplegurako Hirugarren Planean (2005-2007).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, deialdia eta haren arauak ezarri behar dira.

Horrekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2007rako deialdia onetsi beharra dago programa hori gauzatzeko aurreikusitako dirulaguntzetarako, hura baita enplegu arloko politikak eta programak kudeatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duen organoa.

Halaber, dagokion gastua baimendu beharra dago eta zehaztu beharra dago ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zein kontusailetatik ordainduko diren, eta zein izanen den horretarako kreditu-muga. 2007an, programako ekintzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuko "Lanerako prestatzeko lantegien programa" izeneko 882001-84200-4709-242100 kontusailaren kargura finantzatuko dira, guztira 440.700 euro.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek beren 10. artikuluan emandako eskurantzez baliatuz eta, Zuzendaritza Kontseiluaren aldeko txostena izanik,

EBATZI DUT:

1. Lan gabe dauden gazteek Lanerako Prestatzeko Lantegietan lanbide hastapenerako ekintzak egiteko laguntzen 2007ko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 440.700 euroko gastua baimentzea 2007ko aurrekontuen "Lanerako prestatzeko lantegien programa" izeneko 882001-84200-4709-242100 kontusailaren kargura, betiere aurrekontuan dagoen diruaren mugarekin.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 30ean._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1._Xedea eta eremua.

Deialdi honen xedea da, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, dirulaguntzetarako araubidea ezartzea, 2007. urtean lan gabe dauden gazteek Lanerako Prestatzeko Lantegietan lanbide hastapenerako ekintzak egiteko.

Programa honen helburua lanerako prestakuntza sustatzea da, enplegua emateko konpromisoa duten prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzak emanez. Ekintza horiek Lanerako Prestatzeko Lantegietan egin beharko dira, 30 urtetik beherako gazte langabetuei zuzenduak, haien gaitasun eta kualifikazio teknikoa hobetu eta lan mundura sartzeko bideak irekitzeko asmoz.

Aurreko lerroaldeak aipatzen duen enplegu-konpromisoak honela gauzatzeko, Lanerako Prestatzeko Lantegia kudeatu duen entitatea sailkatua dagoen sektoreko enpresek lanerako kontratatu behar dituzte prestakuntza-ikastaroa burutu duten ikasleen %60.

2._Onuradunak.

Deialdi honetako laguntzak eskatzen ahalko dituzte jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatean duten enpresen elkarteek, baldin eta Lanerako Prestatzeko Lantegietan prestakuntzarako ekintzak egiten badituzte, gero ikasleak kontratazeko konpromisoarekin.

Onuradun izateko, enpresen elkarte horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

3._Eskabideen aurkezpena.

Deialdi honetako dirulaguntzak emateko eskabideak ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (Arcadio María Larraona, 1, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren tokietan.

4._Agiriak

3. artikuluan ezarritako epean aurkezten diren eskabideekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

A) Ekintzaren prestakuntza proiektua.

B) Orotariko agiriak:

_Entitatatearen eraketaren eskritura publikoaren eta estatutuen kopia konpultsatua; bertan entitate eskatzaileak nortasun juridikoa duela eta irabazi asmorik ez duela adieraziko da. Agiri hau lehenagotik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan badago, ez da berriz aurkeztu beharko.

_Entitate eskatzailearen legezko ordezkariek haren izenean jarduteko duten ahalmenaren jatorrizko agiria nahiz kopia konpultsatua. Ondokoak azalduko dira bertan: haien datu pertsonalak, ahalordetzea, jakinarazpenetarako helbidea eta eskatutako ekintzen arduradunen izenak.

_Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

_Transferentzia bidezko ordainketa eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza, ematen baldin bada, ordaintzen ahal izateko.

_Entitatearen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duena.

C) Ekintza bakoitzerako berariazko agiriak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatuko dituen inprimakietan behar bezala beteak. Dokumentazio horretan ondoko alderdi hauek azalduko dira:

_Jarduera hasteko eta bukatzeko eguna.

_Jarduerak egiteko tokia, helbide osoa azalduta.

_Parte-hartzaileen kopurua.

_Ikastaro bakoitzeko prestakuntza teorikoko ordu kopurua eta ikasle bakoitzak praktikak egiten emanen dituen orduen kopurua.

_Proiektuaren kostu osoaren balorazio ekonomikoa, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kontzeptuak eta haien zenbatespena, pertsona bakoitzekoa eta guztirakoa, azalduta.

_Diruz lagundutako jarduerak egiteko baliabide materialen eta langileen zerrenda.

Diruz lagundutako jardueretako parte-hartzaileak 15 izanen dira gutxienez, eta haien zerrenda hasi baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztuko da.

5._Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak bete beharko dituzte.

6._Aurrekontu-hornidura.

Deialdi honetako dirulaguntzak, gehienez 440.700 euro, 2007ko aurrekontuen "Lanerako prestatzeko lantegien programa" izeneko 882001-84200-4709-242100 kontusailaren kargura, betiere aurrekontuan dagoen diruaren mugarekin.

7._Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena duen organoa.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak emateko organo instruktorea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko Zerbitzuko Lan-mundura Sartzeko Atala izanen da.

8._Balorazio batzordea:

Organo kolegiatu bat osatzen da, eskaerak ebaluatuko dituena. Haren irizpena lotzailea izanen da. Organo instruktoreak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak baloratzeko batzordea kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

Lana Aurkitzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea:

Lan-mundura Sartzeko Ataleko burua.

Mahaikidea:

Eskola eta Lantegien Bulegoko burua.

9._Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da.

Aurkeztutako proiektuek arau horietan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, balorazio batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak, balorazio irizpide hauek kontuan harturik:

1._Eskaera egiten duen erakundeak hartu behar dituen onuradunak lan merkatuan sartzeko hartzen duen konpromisoaren maila. Gehienez ere, 15 puntu emanen dira:

Laneratzeko galdatzen den konpromisoaren ehuneko gutxienekoa, hartutako eskatzaileen %60 da. Atal honetan puntuak ondoko eskala kontuan hartuz erdietsiko dira:

%60: puntu bat.

%61: 2 puntu

%62: 3 puntu

%63: 4 puntu

%64: 5 puntu

%65: 6 puntu

%66: 7 puntu

%67: 8 puntu

%68: 10 puntu

%69: 11 puntu

%70: 12 puntu

%71: 13 puntu

%72: 14 puntu

%73 edo gehiago: 15 puntu

2._Eskaera egiten duen erakundearen esperientzia kreditatua. Gehienez ere, 20 puntu emanen dira.

Lanerako Prestatzeko Lantegietan prestakuntza eman eta lan munduan sartzeko egindako ekintza bakoitzeko 2 puntu emanen dira, eta gehienez 20. Ekintza behar bezala kreditatu beharko da.

3._Eskatzen duen erakundeak programaren finantzaketa osoan ahalegin handiago egitea. Gehienez ere, 15 puntu emanen dira.

Atal honetan puntuak ondoko eskala kontuan hartuz erdietsiko dira

%1-2: 2 puntu

%2-3: 3 puntu

%4: 4 puntu

%5: 5 puntu

%6: 6 puntu

%7: 7 puntu

%8: 8 puntu

%9: 9 puntu

%10: 10 puntu

%11: 11 puntu

%12: 12 puntu

%13: 13 puntu

%14: 14 puntu

%15 edo gehiago: 15 puntu

10. Espedienteen ebazpena.

Aurkeztutako eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ebatziko ditu.

Dirulaguntzak emateko, 8. arauan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren hurrenkera ordenari jarraituko zaio, eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera, 5. arauan ezarri bezala.

Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Ezarritako epea espresuki emandako ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, entitate eskatzaileak aurkeztutako eskabideak ezetsi dela ulertzen ahalko du.

11.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ekintza hauek 90 eurora bitarteko dirulaguntza jasotzen ahalko dute prestakuntza ordu bakoitzeko. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko da diruz laguntzeko onartzen den aurrekontuaren arabera eta deialdiko 8. arauan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera. Zenbateko guztien artean aurrekontuko dirua gainditzen baldin bada, dirua hainbanatuko da, orduen kopurua edo ordu bakoitzeko emandako laguntza gutxituz.

Dirulaguntza 15 ikaslerendako emanen da gehienez ere, eta bakarrik ordainduko da prestakuntza ekintza bukatzen duten ikasleengatik.

Halaber, entitate eskatzaile bakoitzari 3 ikastarorako edo prestakuntza ekintzarako dirulaguntza emanen zaio gehienez.

12._Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza jasotzen ahalko dute inolako zalantzarik gabe jarduera lagungarrien ezaugarriak biltzen dituzten gastuak, baldin eta 2007an egiten badira.

Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

_Ekintzan parte hartzen duten adituen lansariak, kostu sozialak eta bidaiak.

_Publizitatea.

_Ikasleen hautapena eta orientazioa.

_Ekintzaren onuradunen asegurua.

_Material didaktikoa eta kontsumokoa.

_Altzariak.

_Tresneria txikia.

_Lokalen alokairua.

_Zuzendaritza, kudeaketa eta administrazioa.

_Gastu orokorrak.

_Beste gastu batzuk (zehaztu).

13._Dirulaguntzen ordainketa.

Irabazi asmorik gabeko entitateak direnez, dirulaguntzaren helburua betetzeko funtsak behar dituzte, eta, hortaz, entitate onuradunei emandako dirulaguntza honela ordainduko da:

%50eko aurrerakina ekintza hasten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, zerbitzu eskudunak adostasun txostena eman ondoren.

Gainerako %50a, edo dagokion kopurua, prestakuntza ekintza bukatzean ordainduko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, ondoko lerroaldeetan aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren:

Emandako dirulaguntzen azken likidaziorako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira abendua bukatu baino lehen:

_Gastuen deklarazioa eta azken likidazioa, dagozkien fakturekin, frogagiriekin eta ordainagiriekin batera.

_Parte-hartzaileen hasierako eta bukaerako zerrenda.

_Nafarroako Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak beteak izatearen ziurtagiri eguneratua.

_Diruz lagundutako ekintzei buruzko memoria-ebaluazioa, dirulaguntza jaso duen entitateak egina, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duena; horrekin batera, prestakuntza ekintza horien ondorioz ordura arte lortutako lan kontratuak aurkeztuko dira.

Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritako kasuetan, aurrerakina kobratzeko, entitate onuradunak zuzenbidean onartutako edozein motatako abalak edo bermeak aurkeztu beharko ditu, aipatutako artikuluaren 3. idatz-zatian aipatzen diren salbuespenekin.

14._Hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzaren xede den gastuak obra burutzeko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu edo aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan 12.000 eurokoa gainditzen badu, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez ere hiru eskaintza aurkeztuz, hornitzailea hautatu baino lehen aztertu beharko direnak.

Aurreko idatz-zatian xedaturik dagoena ez da aplikatzekoa izanen, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

15._Azpikontratazioa.

Entitate onuradunek beren kasa ezin egin ditzaketen jarduerak azpikontratazen ahalko dituzte.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, onuradunei baimena ematen zaie diruz lagundutako jarduerak erabat edo parte batean azpikontratatzeko, baita haiei lotutako entitateekin edo pertsonekin. Azken kasu horretan, azpikontratazioa merkatuko prezioen arabera eginen da.

Hirugarrenekin itundutako jarduera dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 baino gehiagokoa bada, azpikontratazioa idatziz egin beharko da.

Kontratistek erantzun beharra soilik izanen dute onuradunen aurrean, eta administrazioaren aurrean onuradunak izanen du diruz lagundutako jarduera betetzearen erantzukizun osoa.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzeko, onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin behar dira kontratu horretan ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatzen ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Jardueren azpikontratazioari buruz klausula honetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

16._Parte-hartzaileak lanean jartzeko konpromisoa.

Enplegurako konpromisoa betetzeko sinatzen diren lan kontratuek sei hilabeteko iraupena izanen dute gutxienez, eta lanari buruzko legerian aurreikusitako edozein mota hartuko, baita prestakuntzarako kontratuarena ere, bigarren urtekoa izanen dena, kontratatuak aurretik jaso duen prestakuntza ekintzaren arabera, eta, betiere, horretan jarraitzeko konpromisoarekin.

Kontratazioa prestakuntza ekintza bukatu eta bi hilabete igaro baino lehen egin beharko da.

17._Onetsiriko proiektuen aldaketak.

Proiektuak aldatuz gero edo dirulaguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, onets ditzan. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du dirulaguntza emateko hasiera bateko ebazpena aldatzeko. Onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko da, sartutako aldaketen garrantziaren arabera.

18._Ekintzen kontrola eta jarraipena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, diruz lagundutako ekintzak behar bezala egiten direla eta dirulaguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela frogatzeko. Orobat, zozketaz aukeratutako prestakuntza zentroei auditoretzak egiten ahalko dizkie, diruz lagundutako ekintzen gastuen agiri bidezko justifikazioa egiaztatzeko.

Zerbitzu horrek diruz lagundutako ekintzek jarraipen eta kontrol egokiak egiteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatzen ahalko du, eta entitateak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko du.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, hala nola diruz lagundutako ekintza ez dela egin edo dirulaguntza beste helburu baterako erabili dela egiaztatzen baldin bada, interesatuari entzun ondoren, emandako dirulaguntza erabat edo hein batean kendu eta eskatu diren beste dirulaguntzak ukatuko dira.

19._Dirulaguntzak itzultzea.

Deialdi honetan eta/edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

Arau honen babesean ematen diren dirulaguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera sorturiko berandutza korrituak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko kasuetan eta deialdi honetan ezarririko betebeharrak bete ezik.

Aurreko ataletan dirua itzultzeko aurreikusiriko kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarririko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Artikulu honetan ezarririko itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzen arloan arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarririkoa.

20._Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Diruz lagundutako proiekturako beste dirusarreraren edo laguntzaren bat erdietsiz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, eta honek emandako dirulaguntza aldatu edo deuseztatzen ahalko du dirusarrera guztien batura lagundu den jardueraren kostua baino altuagoa baldin bada.

Deialdi honi jarraikiz emandako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza publiko edo pribaturekin. Dena den, jasotako dirulaguntzek, guztira, ez dute inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren aurrekontua.

21._Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

22._Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi hau aurrera eramateko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

23._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzaren entitate onuradunak egiten dituen ekintza hauen publizitatean edo zabalkundean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa aipatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0701639