20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

4/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eledun den aldetik, Espainiatik kanpo dauden Nafar Etxeei 2007. urtean laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak beste estatu batzuetan dauden Nafar Etxeekin lankidetza-harremanak izaten ditu, hango ekintzak bultzatzeko dirulaguntzen bidez, argitalpenak igorriz eta bestelako jarduera egitarauen bidez.

Nafar Etxeek Espainiatik kanpo egiten dituzten jarduerak mantendu eta bultzatzeak interes soziala duela iritzirik, bidezko da Nafar Etxeei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat egitea, horrela kultura eta gizarte jarduerak, inbertsioak, funtzionamendu gastuak eta bestelakoak finantzatzeko.

2007. urterako Nafaroako aurrekontu orokorretan badaude horretarako kontusail berariazkoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa-Komunikazio Zuzendaritza Nagusia sortu eta arautzen duen martxoaren 14ko 60/2005 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenen arabera, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Espainiatik kanpo dauden Nafar Etxeei eta haien federazioei 2007ko laguntzak emateko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako foru agindu honen eranskinean bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Laguntza horien kopuruak 2007ko Gastuen Aurrekontuko ondoko kontusailen kontsignazioa izanen du muga:

_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4819-144100 kontusaila: 27.125 euro.

_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7810- 921B00 kontusaila: 80.000 euro.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko otsailaren 7an._Toki Administrazioko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren eledun den aldetik, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Espainiatik kanpo dauden Nafar Etxeei laguntza emateko 2007ko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa._Laguntzak 2007an izandako gastuak finantzatzeko erabiliko dira, helburu hauetarako hain zuzen:

a) Nafar Etxeek edo haien federazioek dauden herrialdeetan, Espainian edo Nafar Etxeak dauzkaten beste herrialde batzuetan egiten dituzten kultur, kirol eta gizarte jarduerak.

b) Hizlarien, artisten edo artista taldeen ekitaldiak, joan-etorriak eta egonaldiak.

c) Entitatearen ohiko jardueraren, lokalen erabileraren, alokairuen ondoriozko funtzionamendu eta finantza-gastuak.

d) Nafar Etxeen egoitzak eraiki edo hobetzeko lanak, baita egoitza janzteko gastuak, eta kultur, kirol edo gizarte jardueretarako ekipamenduen eta informatikako tresneriaren gastuak.

e) Etxearen egoitzarako edo beste instalazio batzuetarako lokalak edo lurrak eskuratzea.

f) Nafar Etxeek bultzaturiko kultur, hezkuntza edo laguntza proiektuak, beraiek eginak edo beste entitate publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean.

g) Nafarren taldean laguntza bereziki behar duten pertsonei banakako laguntzak emateko planak.

Bigarrena._Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko dirulaguntzen zenbatekoak gastu sortua gainditzen duenean, deialdi honi dagokion laguntza gutxituko da.

Hirugarrena._Laguntza horiek emateko irizpideak hauek dira:

_Jatorri, gai, interprete edo esanahiagatik Nafarroari lotutakoak diren kultur jardueren proiektuek lehentasuna izanen dute.

_Gazteek sustatzen dituzten proiektuek edota gazteentzakoek lehentasuna izanen dute.

_Halaber, lehentasuna izanen dute atzerriko Nafar Etxe batzuen arteko harremanak eta lankidetza dakarten kultur, kirol eta gizarte jardueren proiektuek.

Laugarrena._Egoitza Espainiatik kanpo duten Nafar Etxeak edo beren federazioak eska ditzakete laguntza hauek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nortasun juridikoko elkarte edo entitate gisa legez eraturik eta dagokien erregistro ofizialean izena emanik egotea.

b) Irabazteko asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera kulturalak, kiroletakoak eta josteten arlokoak antolatzea izatea.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutako beste adierazpen bat.

d) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

e) Erakundearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.

f) Federazioen kasuan izan ezik, 30 bazkide aktibo eta kotizatzaile baino gehiago izatea.

g) Ordainketak kuota finko eta benetan emandakoz egiten dituzten bazkideak izatea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

Bosgarrena._Laguntza hauek hartzeko interesa duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusian:

a) Elkartea legez eratu izanaren ziurtagiria eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua egotea (ez dago berriro egin beharrik lehen egin bada eta harrezkero aldaketarik izan ez badute).

b) Entitatearen estatutu indardunak (ez da beharrezkoa aurkeztea aurretik aurkeztu baziren, ordutik aldaketarik izan ez bada).

c) Lehendakariak nahiz idazkariak sinatutako ziurtagiria, bazkide direnen eta kotizatzen dutenen zerrendarena eta ordaindutako kuotena.

d) Estatutuen arabera hautaturiko Zuzendaritza Batzordearen osaera, entitateko buruak edo idazkariak ziurtatua, zein egunetan eratu zen adierazita.

e) Zerga-betebeharrak beteak dituela frogatzen duen ziurtagiria, zentroaren lehendakariak nahiz idazkariak sinatua.

f) 2007ko ekitaldiko gastuen eta sarreren urteko aurrekontu arrunta.

g) Banku kontuaren zenbakia, titular bakarra entitatea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko, bai eta bankuaren helbidea eta kontuaren IBAN eta SWIFT direlakoak ere.

h) Foru agindu honen 1. arauko d), e), f) edo g) letren inguruko laguntzak eskatzen dituzten entitateek aurkeztu beharko dute, halaber, proiektu bakoitza azaltzen duen memoria bat, honakoak behintzat bilduko dituena:

_Proiektuaren motibazioa.

_Bere ezaugarrien azalpen zehatza.

_Gastuen aurrekontua.

_Aurreikusi den finantzabidea. Beste diru ekarpen batzuk, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz gain.

_Proiektua gauzatzeko egutegia.

Nafarroako Gobernuak bestelako finantzabiderik ez duten proiektuen parteak baizik ez ditu lagunduko diruz.

Agiriak aurkezteko epea 2007ko martxoaren 14an amaituko da.

Seigarrena._Nafarren Etxe eta federazioek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen, iragarki, seinaleen euskarri eta abarretan, Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.

Zazpigarrena._Eskabide horiek organo kolegiatu batek aztertu eta neurtuko ditu; organo horrek proposatuko du zein laguntza emanen den.

Organo horretan Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria, Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua eta Izapide Administratiboen Bulegoko burua egonen dira.

Eskaerei buruzko txostena egin eta gero, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, laguntzak emanen dira, Gobernuaren kontseilari eledunaren foru agindu baten bidez, aurrekontuan dagoen diruaren arabera, eta ukatu eginen dira arautegia betetzen ez dutenak, eta interesatuei jakinarazi eginen zaie, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko ere.

Erakunde onuradunak egin duen gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak aurkeztuz. Faktura horiek 2007an aurkeztuko dira, ahal dela ondoko bi epe hauetan: maiatzaren 31 baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da beste fakturarik onartuko.

Laguntzak, frogagiriak onartu ondoren, 30 eguneko epean ordainduko dira.

Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakariaren oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.

Zortzigarrena._Salbuespen gisa, dirulaguntza onartu ondoren horren erdia ordain liteke gastuak justifikatu baino lehenago, dirulaguntzak nori eman erabakitzen duen foru agindua onetsitakoan.

Bederatzigarrena._Entitateek eska dezakete laguntza jaso duten programetako gastuen artean Espainian sortzen direnak (hegazkin txartelak, ordainsariak, argitalpenak, garraio-kostuak, e.a.) Nafarroako Gobernuak zuzenean ordain ditzala, horien zenbatekoa eman den dirulaguntzatik kenduta. Horrelako kasuetan, laguntza emateari buruzko foru aginduan zehaztuko da laguntza horren zein zati izanen den Nafarroako Gobernuak zuzenean ordaintzeko Espainian izandako gastuak.

Hamargarrena._Laguntza horien kopuruak 2007ko Gastuen Aurrekontuko ondoko kontusailen kontsignazioa izanen du muga:

_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4810-144100 kontusaila: 27.125 euro.

_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7810- 921B00 kontusaila: 50.000 euro.

Hamaikagarrena._Arau hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har ezarritakoa aplikatuko da.

Hamabigarrena._Deialdi honen arauen kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0701847