20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

3/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eledun den aldetik, Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeei 2007ko ekitaldian laguntza emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean beste eskualde batzuetako seme-alabak edo jatorria beste erkidego batzuetan duten herritarrak biltzeko eta adiskidantza garatzeko kultura eta jostetarako elkarteak daude. Elkarte horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik Nafarroan bizi diren euren jatorrizko tokietako nortasunaren ezaugarriak mantentzen dituzte.

Nafarroako Gobernuak erakunde horiek jarduerak egiteko eta horien funtzionamendurako laguntzak ematen ditu, eta 2007ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan badira xede horretarako kontusail zehatzak.

Espainiako beste erkidego batzuetako etxeek Nafarroan egiten dituzten jarduerak mantentzea eta horiek sustatzea gizarte-interesekoa dela adierazi da, eta oraingo honetan bidezkoa da etxe horiei laguntza ekonomikoak emateko deialdi berria onestea. Laguntza horien bidez, besteak beste, jarduera kulturalak eta sozialak, inbertsioak, funtzionamenduko gastuak, etab. finantzatuko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa-Komunikazio Zuzendaritza Nagusia sortu eta arautzen duen martxoaren 14ko 60/2005 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenen arabera, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan duten etxeei eta horien federazioei laguntzak emateko 2007ko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako foru agindu honen eranskinean bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Laguntza horien kopuruak 2007ko Gastuen Aurrekontuko lerro hauetako gehieneko dirua izanen du muga:

_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4819-921B02 kontusaila, gehienez ere 55.000 euro.

_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7819- 921B02 kontusaila, gehienez ere 19.000 euro.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko otsailaren 7an._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeei 2007ko ekitaldian laguntzak emateko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa: laguntza horien helburuak hauek izanen dira:

a) Jarduera kulturalak, hala beraien jaietan antolatzen dituztenak nola jarduera kultural arruntak; 2007ko ekitaldian edo aurrekoan egin diren ekintzak izaten ahal dira.

b) Funtzionamenduko edo finantzen arloko gastuak.

c) Egoitzak erosi, hobetu edo ekipamenduz hornitzeko gastuak.

Bigarrena: laguntza hauek emanen dira:

a) Jarduera kulturalak antolatzeko. Xede horretarako jatorrizko lurraldeko talde artistikoen emanaldien antolakuntza gastuak zenbatuko dira (emanaldi horiek ordaintzea, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), bertako talde artistikoen funtzionamendu gastuak, kultur eta josteta arloko lehiaketak eta bestelako jarduera kultural eta sozialak antolatzea.

Atal honetatik at daude entitatearen beraren _edo federazioen kasuan, entitate federatuen_ talde artistikoen emanaldietarako ordainketak, salbu eta bidaietarako, ostatuetarako edo abarretarako gastuak izan eta finantzabiderik ez baldin badute.

b) Funtzionamenduko eta finantzaketako gastu arruntetarako laguntzak. Funtzionamenduko gastu arruntetan gehienez ere laguntzaren %50 sartzen ahal dira ospakizun sozialetarako, otamenetarako, ordezkarien bidaietarako eta gisakoetarako.

c) Egoitza soziala izanen diren lokakak erosteko eta elkarteak erabiliko dituen altzariak eta informatikako tresneria eskuratzeko.

d) Aparteko laguntzak, lehiaketak, erakusketak eta kultur jarduerak antolatzeko edo aparteko gastu, inbertsio edo funtzionamenduko gastuei aurre egiteko. Halaber, aurreko ekitaldian egin direnak ez beste jarduerak ordaintzeko erabiltzen ahal dira munta horiek.

Laguntza horien kopuruak aurrekontuan eskuragarri dauden munten arabera ezarriko dira.

Hirugarrena: laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko dirulaguntzen zenbatekoak gastu sortua gainditzen duenean, deialdi honi dagokion laguntza gutxituko da.

Laugarrena: laguntza horiek emateko irizpideak hauek dira:

_Lehentasuna emanen zaie, ekimenean, gaietan edo adierazpenean berariaz jatorrizko lurraldearen jarduera kulturalak diren proiektuei.

_Lehentasuna izanen dute, halaber, aurreko ekitaldietan jarduera kulturalak burutzeagatik eta funtzionamenduagatik gasturik handiena izan duten etxeen proiektuek.

_Laguntzak emateko, kontuan hartuko da proposamena egin duen etxeko bazkideen kopurua.

_Lehentasuna izanen dute sozietatearen egoitza eskuratzeko, hobetzeko edo ekipamendurako inbertsioek.

_Gazteek sustatzen dituzten proiektuek edota gazteentzakoek lehentasuna izanen dute.

_Berariaz hartuko dira aintzat Nafarroan egoitza duten lurralde edo herrialde guztien arteko elkarlotura eta lankidetza ekarriko duten proiektuak.

Bosgarrena: egoitza Nafarroan duten etxe edo federazioek jasotzen ahal dituzte laguntzak, baldin eta ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Elkartea legez eratua izatea eta dagokion Erregistro Ofizialean erregistraturik egotea.

b) Irabazteko asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera kulturalak, kiroletakoak eta josteten arlokoak antolatzea izatea.

c) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

d) Erakundearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.

e) Gutxienez 50 bazkide aktibo eta ordaintzen dutenak izatea, salbu eta federazioen kasuan.

f) Ordainketak kuota finko eta benetan emandakoz egiten dituzten bazkideak izatea.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

Seigarrena: laguntza hauek eskuratzeko interesa duten lurraldeetako etxeek jarraian adieraziko den dokumentazioa aurkeztu behar dute Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusian:

_Elkartea legez eratu izanaren ziurtagiria eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua egotearena (ez dago berriro aurkeztu beharrik lehen egin bada eta harrezkero aldaketarik izan ez badute).

_Indarra duten estatutuak (ez da beharrezkoa aurkeztea lehen hala egin bazen eta aldaketarik izan ez bada).

_Lehendakariak nahiz idazkariak sinatutako ziurtagiria, bazkide direnen eta kotizatzen dutenen zerrendarena eta ordaindutako kuotena.

_Zuzendaritza Batzordearen osaera; batzorde hori estatutuen arabera hautaturik egonen da eta hori ere elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko du; eraketa horren data adierazi behar da.

_Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak dituela frogatzen duen ziurtagiria, dagokion erankundeak emana.

Funtzionamendu gastuetarako laguntzak eskatzen dituzten etxeek, adierazi diren agiriak ez ezik, ondokoak ere aurkeztu behar dituzte:

_2007ko ekitaldiko gastuen edo sarreren urteko aurrekontu arrunta.

_Aurrekontuan sartu diren kontzeptuak azaltzen dituen memoria.

Kultur ekintzetarako laguntzak eskatzen dituzten etxeek, horrez gain, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

_2007. urtean egin gogo duten programazioa azaltzen duen memoria.

_Gastuen aurrekontu xehekatua.

_Etxeak aurreko hiru urteetan egin dituen jarduera kulturalen eta horien balorazio ekonomikoaren memoria laburtua. Ez da beharrezkoa izanen lehenbiziko bi urteetako erreferentziak ematea, baldin eta aurreko urteetako deialdietan aurkeztu badira.

_Aurreko urtean dirulaguntzak hartu zituzten jardueretako materialak (egitarauak, afixak, eta abar), non Nafarroako Gobernuaren ikurra edo haren aipamena agertuko baita, deialdian eskatzen denarekin bat.

Aparteko laguntzak eskatzen dituzten etxeek beren proiektua azaltzen duen txostena aurkeztu beharko dute eta txosten horretan aurrekontua eta eskatzen duten laguntza adieraziko dituzte. Egin diren gastu handiagoetarako laguntzen eskabideen kasuan gertatu diren inguruabarrak eta eskaeraren arrazoiak adieraziko dira.

Dokumentazio horiek 2007ko martxoaren 14ko 14:30 orduak baino lehenago aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

Zazpigarrena: eskabide horiek organo kolegiatu batek aztertu eta neurtuko ditu; organo horrek proposatuko du zein laguntza emanen den.

Organo horretan Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria, Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua eta Izapide Administratiboen Bulegoko burua egonen dira.

Eskaerei buruzko txostena egin eta gero, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, laguntzak emanen dira, Gobernuaren kontseilari eledunaren foru agindu baten bidez, aurrekontuan dagoen diruaren arabera, eta ukatu eginen dira arautegia betetzen ez dutenak, eta interesatuei jakinarazi eginen zaie, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko ere.

Erakunde onuradunak egin duen gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak aurkeztuz. Faktura horiek 2007an aurkeztuko dira, ahal dela ondoko bi epe hauetan: maiatzaren 31 baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da beste fakturarik onartuko.

Laguntzak, frogagiriak onartu ondoren, 30 eguneko epean ordainduko dira.

Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakariaren oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.

Salbuespen gisa, dirulaguntza onartu ondoren horren erdia ordain liteke gastuak justifikatu baino lehenago, betiere eskaera batean arrazoiak emanez.

Zortzigarrena: etxeek edo haien federazioek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen eta iragarkietan, Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.

Bederatzigarrena: laguntza horien kopuruak 2007ko Gastuen Aurrekontuko lerro hauetako gehieneko dirua izanen du muga:

_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4819-921B02 kontusaila, gehienez ere 55.000 euro.

_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7819- 921B02 kontusaila, gehienez ere 19.000 euro.

Hamargarrena: arau hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean oro har xedatutakoa aplikatuko da.

Hamaikagarrena: deialdi honen arauen kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0701844