20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

MARTZILLA

Albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak

1. oinarria._Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Martzillako Udaleko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak Martzillako Udaleko funtzionario publiko bilakatuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko C mailan sartuko dira eta Udalaren plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak jasoko dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan inskribatuko, araubide horren babespean.

1.3. Izendatzen diren izangaien betebeharrak izanen dira albienteek Martzillako Udalak manaturik berezko dituztenak, eta bertzeak bertze honako hauek: Udalaren dokumentazioa, ebazpenak eta jakinarazpenak banatzea, txostenak eta gaztiguak prestatzea, etxezain lanak _halakorik manatzen bazaio_, jabari eta erabilpen publikoko ondasun eta instalazioen kontrola, udal bulegoari sostengu ematea, eta orobat urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoak, bereziki arau horretako 13.3 artikuluan aurreikusitako eginkizunak. Bertzalde, aipatu Foru Lege horrek ezarritakoen artean C mailan sailkaturik geldituko dira.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalaren organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

1.5. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Martzillako udalerrian finkatuko dute helbidea.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

f) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, f) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezarri bezala.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Martzillako Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Administrazio Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Hura Martzilla Herriko Etxean egonen da eskura. Orri horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batean, izangaiak 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatuko duen osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztuko dute, baita NANaren fotokopia konpultsatua ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria._Oposizioaldiaren nondik norakoa.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein datatan eta ordutan hasiko diren. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe jarriko da jendaurrean hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:

A._Lehenengo proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

B._Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren gaiei buruzko galderak erantzutea.

b) Matematika, Fisika edo Kimikako hamar problema. Horretarako, aski izanen da Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa.

d) Albiente lanekin ikusteko izanik gaurkotasuna duen gai batez idaztea, udal mugapearen eta eskualdearen ezagutza frogatzeko.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

C._Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa.

Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gaindituta ikastarora behin-behinekoz onartutako izangaiaren izena, lortutako puntuazioaren arabera antolatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiak frogatu beharko du, izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabortz egun naturaleko epean, 2.1 oinarriaren a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta, era berean, oinarri beraren g) baldintza betetzen duela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

_Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

_Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Bigarren mailakoa edo baliokideren bat.

_B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatuak

_Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Epaimahaiak izangaiaren osasun azterketa egiteko behar diren neurriak xedatuko ditu, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, bere gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko da eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ez gai" agertzen den izangaia.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaiaren behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangaiak ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik. Izangaiak behar den ziurtagiriaren bidez frogatzen badio epaimahaiari oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditu duela, epaimahaiak eskatzen ahalko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari oinarrizko prestakuntza ikastaroa baliokidetzeko, Martzillako Udalaren zerbitzuko funtzionario sar dadin, albiente lanposturako.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolako antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamenduan xedatutakoak zuzenduko du (irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan). Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaia Martzillako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen da, erregelamenduz dagozkion lansariak jasoko ditu eta praktiketako funtzionario gisa dagozkion gainerako eskubideak izanen.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria._Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, 1. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta Oinarrizko Prestakuntza Ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria._Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1._Mahaiburua: José M.ª Abárzuza Goñi, Martzillako Udaleko alkatea. Ordezkoa: Agustín Murugarren Landívar, Martzillako Udaleko lehen alkateordea.

2._Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria. Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria.

3._Mahaikidea: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria. Ordezkoa: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria.

4._Mahaikidea: langileen ordezkariek proposatua.

_Ordezkoa: langileen ordezkariek proposatua.

_Mahaikide idazkaria: Edurne Chasco Garralda, Martzillako Udaleko idazkaria.

_Ordezkoa: Flor Laparte Rodríguez, Andosillako Udaleko idazkaria.

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Terminado el Curso de Formación Básica, el Tribunal hará pública la relación de del aspirante aprobado.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barnean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena ez da izendatuko.

9. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkatetzak Martzillako funtzionario eta albiente izendatuko du aurreko atalean aipatu proposameneko izangaia, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa bete badu, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izendatutako izangaiak, izendapena jakinarazi eta hilabete bateko epean karguaz jabetu beharko dira. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbertzeko kasuetan salbu.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Martzillan, 2006ko abenduaren 28an._Alkatea, José María Abárzuza Goñi.

I. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1._Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez bertze baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Gizonezkoak: 55" baino gehiago. Emakumezkoa: 58" baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 55" edo gutxiago. Emakumezkoa: 58" edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2._Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bertzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

Gizonezkoak: 10 baino gutxiago. Emakumezkoak: 8 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 10 edo gehiago. Emakumezkoak: 8 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

3._Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo bertze inolako lagungarririk gabe.

Egiteko modua: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

Gizonezkoak: 40" baino gutxiago. Emakumezkoak: 25" baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 40" edo gehiago. Emakumezkoak: 25" edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4._Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Egiteko modua: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez bertzeko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

Gizonezkoak: 0"57 baino gutxiago. Emakumezkoak: 0"47 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 0"57 edo gehiago. Emakumezkoak: 0"47 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe. Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren arabera emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako altueraren arabera neurtuta:

Gizonezkoak: 0,39 m baino gutxiago. Emakumezkoak: 0,27 m baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 0,39 m edo gehiago. Emakumezkoak: 0,27 m edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

5._Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parketa, etab.). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Abiadura - zalutasun (Barrow testa)

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek osatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

Gizonezkoak: 25"8 baino gehiago. Emakumezkoak: 27"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 25"8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 27"8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1._Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta bertze organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: Bermeak. Konstituzio Auzitegia. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3._1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5._Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Comptos Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.

6._Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7._Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8._Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketari eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10._Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Administrazio prozedura erkidearen faseak. Prozedura bereziak.

11._Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1. Ikusmena. Begien sistema.

_Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

.4/10 bi begietan, edo

.3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo

.2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

_Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bertzera.

_Diplopia.

_Diskromatopsia larriak.

_Estereopsi falta.

_Keratotomia erradiala.

2. Audición. Entzuteko sistema

_500tik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

_Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3. Lenguaje.

_Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua.

_Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

_Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

_Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

_Zifosiak, 30º baino handiagoak.

_Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

_Espondilitis ankilosantea.

_Paget-en eritasuna.

_Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

_Fibromialgia.

_Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5. Digestio aparatua.

_Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

_B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

_Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Zirrosi hepatikoa.

_Behazun-zirrosi primarioa.

_Pankreatitis kronikoa.

_Fibrosi kistikoa.

_Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Kakari eutsi ezina.

6. Sistema cardiovascular.

_Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

_Arritmia eta blokeoak: Aurre eszitazioko sindromeak eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako AB blokeoa, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

_Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

_Balbulopatiak.

_Miokardiopatiak.

_Perikardiopatia kronikoak.

_Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

_Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

_Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

_Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

_Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas aparatua.

_Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

_Pleurako isuri berrituak.

_Berezko pneumotorax berrituak.

_Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

_Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio sistema.

_Epilepsia.

_Esklerosi anizkoitza eta bertzelako eritasun desmielinizanteak.

_Neurona motorearen eritasunak.

_Ataxiak.

_Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

_Parkinson-en eritasuna eta bertzelako alterazio estrapiramidalak.

_Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

_Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bertzelako arazoak.

_Bertigoak.

_Siringomielia.

_Hidrozefalia.

_Miopatiak.

_Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

_Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

_Neke kronikoaren sindromea.

_Anosmia.

_Bertze alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. Trastornos psiquiátricos.

_Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

_Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

_Eskizofrenia eta bertzelako alterazio psikotikoak.

_Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

_Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

_Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Sexu eta gernu-aparatua.

_Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

_Pixari eutsi ezina.

_Giltzurruneko polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa.

_Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

_Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bertzelako alterazioak.

_Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

_Mellitus diabetesa.

_Adenomatosi endokrino anizkoitza.

_Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

_Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13. Odola eta organo hematopoietikoak.

_Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

_Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

_Hemofiliak eta hemostasiaren bertzelako alterazioak.

_Inmunoeskasiak.

_Esplenektomia.

_Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Bertze batzuk.

_GIB birusaren antigorputzen eramailea.

_Amiloidosia.

_Kolagenosia.

_Lupus eritematoso sistemikoa.

_Artritis erreumatoidea.

_Esklerodermia.

_Sjögren-en sindromea.

_Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

_Loditasuna (GMI > 25).

15. orokortasunak.

_Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

_Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

_Funtzioetan eragina duten gorputzeko bertzelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............................................, N.A.N.: ........................., bizilekua: ............................................, karrika: .........................., zenbakia: ..................., etxebizitza: ...................., telefonoa: ..............

Honako hau azaltzen dut:

Martzillako Udaleko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala (Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko deialdiaren zenbakia: ..... eta data: ..........)

Eskabide honi eransten dizkiodala bai osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzeko gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, bai Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua ere.

Eskatzen dut:

Eskabide hau tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, onartua izatea Martzillako Udaleko albiente izateko lanpostu bat betetzeko oposizioan.

.......(e)n, 200.....(e)ko ............aren ......(e)an

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0701188