20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LEGARDA

Ordenantza behin betiko onetsita

Osoko bilkurak, 2006ko urriaren 6an hartu erabakiaren bitartez, hasiera batean onetsi zen bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza. Udaleko iragarki oholean eta 2006ko 140. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, azaroaren 22an, iragarkiak agertu ondotik, espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunean. Epe hori erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da. Hona hemen testu osoa:

BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Legardako Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, bi pertsona adindunek edo adingabeko emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, ezkonduen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bikote egonkorra osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Legardako udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako, eta auzotartasun zibil nafarraren jabe izan.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, adierazteko ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

5. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

_Kide bat ezkontzen denean.

_Bien artean hala erabakita.

_Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

_Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

_Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak Bikote Egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

10. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak izanen ditu hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

13. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak jaulkitzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

14. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta jaulkitzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

15. artikulua. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Legardako Udalean.

Legardan, 2006ko abenduaren 26an._Alkate udalburua, Silvestre Belzunegui Otano.

I. ERANSKINA

Legardako Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) NAN zenbakia: .., eta

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) NAN zenbakia: .., eta

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizi._Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik._Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrenik._Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena._Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta ezkontzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarrena._Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrena._Baimena ematen dugula Legardako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua maila eta xede bereko beste inongo erregistrotan.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Legardako Udaleko erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sinadura: .................. Sinadura: ..................

II. ERANSKINA

Legardako Udalean, halako egunean ................ agertu gara:

Izena: ....................................., N.A.N. zenbakia: .............., eta

Izena: ...................................., N.A.N. zenbakia: .................

Eta ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu udal erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: L0700946