20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

471/2006 FORU AGINDUA, abenduaren 28koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina), eraikitzeko proiektuaz. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektu hori.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, proiektu hau Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) letran sarturik dago eta, beraz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura bete behar du.

Prozedurari hasiera emateko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2006ko apirilaren 6an Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zuen Ingurumen eraginaren azterlana, eraikitzeko proiektuarekin batera.

2006ko maiatzaren 16an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Ingurumen zuzendari nagusiaren idatzi baten bidez, eskaera igorri zion sustatzaileari, 4/2005 Foru Legearen 39. artikuluarekin bat, Ingurumen eraginaren azterlanaren nahitaezko edukiarekin batera aurkeztu beharreko zenbait alderdi zuzen ditzan, zehazki honako hauek:

1. Proiektuak ukitutako linea elektrikoak lehengoratzeko alternatiba hautatzerakoan, ingurumenaren ikuspuntutik onena izatea, bi lineak pasabide berean berrezartzeko aukera eta hegaztientzako arrisku azterlanen emaitzak kontuan harturik; linea horien euskarrien eta seinalizazioaren xehetasunak aurkeztu behar dira.

2. 1. zabortegiaren okupazioa eta edukiera berriz zehaztea, beharrezkoa baldin bada beste soluzio batzuk ere aurkeztuz aztertzeko, berezko landarediaren gaineko ukipenak ahal diren txikienak izan daitezen, bereziki drainatze sareari dagokionez.

3. Ingurumen eraginaren azterlanean aurreikusitako konpentsaziorako landatzearen kokapena eta ezaugarriak azaltzen dituen agiria entregatzea.

Eskaera horiei erantzunez, Ingurumen eraginaren azterlana txosten osagarri batekin osatu da, eta alderdi hauek bideratu dira:

.Linea elektrikoak berrezartzeko proiektatutako ibilbideari eutsi zaio, soluzio tekniko onena eta bertako hegaztien eta landarediaren gaineko ukipena baxua direla arrazoiturik; errepidearen hegoaldeko bazterrean berrezarritako linea seinalizatu eginen da.

.1. zabortegiaren egiazko okupazioa eta biltegi horrek ukitutako landarediaren azalera murriztu egin dira.

.Ingurumen Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalarekin bat, proiektuan badago kapitulu bat larratzea antolatzeko eta lurzoruak lehengoratzeko, baina edukia idazteko dago. Jarduketarako aurreikuspen hori Oihanak Kudeatzeko Atalak prestatu beharko du, eta aurrekontua da neurri zuzentzaileen proiektuan trazadurak ukitutako oihan azalerako konpentsazio jarduketetarako dagoena; entregatzeko epea 2007ko lehen hiruhilekoa da.

Eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean laburturik ageri dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta 2. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlaneko alderdirik aipagarrienak.

Dokumentazioa azterturik, Ingurumen zuzendari nagusiak, 2006ko uztailaren 31n, txosten bat igorri zuen, adieraziz Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina), eraikitzeko proiektuak eskatutakoari erantzuten diola, eta Ingurumen eraginaren azterlana jendaurrean jartzeko aski dela irizten dio.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak abuztuaren 4an eman zuen 119/2006 Foru Aginduaren bidez onespen teknikoa eman zitzaion Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina), eraikitzeko proiektuari, eta jenduarrean paratu zen, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, hilabeteko epean. Foru agindu hori 2006ko 100 Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 21ean. Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu Ingurumen eraginaren azterlanaren kontra.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2006ko urriaren 20an, espedientea igorri zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari. Espediente horretan biltzen dira agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, maiatzaren 16an, Ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamena egiteko eskatu zituen alderdiak barne.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura osaturik dagoela eta ez dela alegaziorik aurkeztu, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuaren 3.1. b) artikuluarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina), eraikitzeko proiektuaz. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektu hori. Ingurumenaren aldetik bideragarria dela irizten zaio, betiere ingurumen eraginaren azterlanean, 2006ko uztailaren 14ko dokumentazio osagarrian eta proiektuan jasotako neurri zuzentzaileez gain honako baldintza hauek ere betetzen badira:

1. Ezponden tratamendua.

Errepidearen akaberan ezpondek garrantzia handia dute, higadura prozesuak geldiarazteko, landaretza bertan errotu dadin berezko baldintzak birsortzeko eta paisaian integratzen laguntzeko; hori dela eta, proiektuko Ingurumen eraginaren azterlanean horretarako aurreikusi diren neurriak arreta bereziarekin aplikatuko dira, bereziki hauek:

.Lanen hurrenkeran kontuan hartuko da babes arekak egin eta lur-erauzketaren goi aldeak biribiltzeko lanak hondeatzearen hasieran gauzatzea, lur-erauzketatik gora dagoen lurrean ukipenik izan dadin ondoren, eta lurraren eta ezponden higaduraren prebentziorako.

.Ahal dela, lur-erauzketa egin ondoren, lehenbailehen paratuko dira material xeheak atxikitzeko eta hidroereintza ezartzeko proiektuan aurreikusitako sare plastiko lauak.

.Lanak egin bitartean aukera balego, lur-erauzketa handiko tarteak estaltzeko ahalegina egin beharko litzateke, beste neurri batzuk ezarriz (zuhaitzak sartu lur ezauzketaren oinaren eta galtzadaren arteko zabalguneetan...), batez ere 1+900 k.p.aren parean daudenetan eta Isoko herri hustuaren inguruetan.

.Obretako ingurumen arloko zuzendaritzak baloratuko du lur erauzketaren ezpondetan hidroereintza eta zurezko espezieak nahastuta ezartzeko aukera, lubetetarako proiektatu den bezala, aurreikusitako belar-hidroereintzaren ordez; kasu horretan, lur erauzketarako belar-hidroereintza aplikatzen ahal da lubetetan, horietan agian ez baita beharrezkoa izanen zurezko espeziekin nahastea, landare lurraren berezko haziak eta landatutako zuhaitzak daudelako.

2. Higaduraren prebentzioa eta lurzoruaren babesa.

Prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak aplikatzerakoan lehentasunezko faktoretzat hartu behar da higadurak eragindako lurzoru eta material galera. Horri dagokionez, honakoa aintzat hartu beharko da:

.Trazaduraren okupazioaren eremutik kanpo zirkulatzeagatik makinek lurzoruan eragin dezaketen aldaketa mekanikoa ahal den txikiena izanen da, trazaduratik kanpoko sarrera-irteerak mugatuz, behar-beharrezkoak baizik izan ez daitezen (linea elektrikoak berrezartzea, bideetako edo lurrez estalitako lubakien eremuetako sarbideak), lurzoruaren profila eta geruza emankorra lehengoratuko dira, eta landaretza berritu eginen da aurrerago erabiliko ez diren pista edo sarbide guztietan.

.Obraren gune askotan lurzorua urria denez, landare lurraren geruza ageri den tokietan hura osotara atera eta modu egokian metatuko da, trazadura eta obren eraginpeko eremuak lehengoratzen erabiltzeko; gainerako landare lurra erabiltzeko beharra izanez gero, lehentasuna emanen zaio konpentsazio neurrien kapituluan aurreikusitako lanetan erabiltzeari, lurzoruak lehengoratu eta lubakiak lurrez estaltzeko lanetan alegia.

.Eraikitzeko proiektuko ingurumenaren aldetik lehengoratzeko eranskina eta haren aurrekontua, trazadurak ukitutako oihan azalerako konpentsazio jarduketetarako neurri zuzentzaileen kapituluan, gaurkotu beharko dira Oihanak Kudeatzeko Atalak prestatu beharreko jarduketarekin; jarduketa hori Ingurumen eraginaren azterlanaren txosten osagarrian, 2006ko uztailaren 14an entregatutakoan, onetsi ziren baldintzetan prestatu beharko da, eta aurkezteko epea 2007ko lehen hiruhilekoa da.

3. Sistema hidrologikoaren babesa.

Proiektuak uraren azaleko zirkulazioan eta iragazkortasun desberdineko geruzen arteko zirkulazio freatikoan eta frakturazio-pitzaduretan eragin ditzakeen kalteak ahal den txikienak izan daitezen eta horiek aurreikusteko:

.Proiektuan aurreikusita bezala, antzemandako zirkulazio freatikoko eremuen portaeraren aldizkako jarraipena eginen da, bereziki 2+100 k.p.tik 2+600 k.p.ra bitarte eta 1. zabortegiko ibilguaren ondoko eremuan.

.Saihesbidea eraiki edo ustiatzen den bitartean, obren ondorioz zelaigunetik kanpora lurrak arrastean joateko prozesuak abian direla ikusiz gero, hori eragiten duten baldintzak zuzenduko dira eta eremua lehengo egoeran utziko da, ahal den neurrian.

4. Naturguneak eta faunaren mugimenduak.

Kontuan harturik trazaduratik gertu daudela Arbaiungo Arroilaren natur erreserba eta "Zaraitzu Ibaia" Batasunaren Intereseko Lekua (BIL ES2200012), interes handikoa da aurreikusitako neurri zuzentzaileak aplikatzea, animaliak trazaduraren alde batetik bestera ibil daitezen bermatzeko.

.Oro har, baina zorrotz aplikatuta animaliak iragateko moduko neurriekin egindako fabrikako obretan eta anfibioentzat egokia den habitata dagoela egiaztatzen den eremuetan (2+100 k.p.), ez da sifoirik ez eta putzurik egonen kolektore eta kutxeten diseinuan eta drainatze-obren sarreran. Era berean, fabrikako obrak lurrarekin konektatuko dira, mailak edo malda handiko sarrerarik utzi gabe, eta animaliei iragaten laguntzeko aurreikusitako zokaloak eraikiko dira.

.BILen sartzen diren ubide kolektoreen tarteek Zaraitzu ibaiko zalduko zuhaitzak ukitzea saihestuko dute, azken tarte horretan ubideak estali gabe eraikiz, hormigoirik bota gabe eta ibilgua libre utzita, edo ubidean malda txikiko ezpondak paratuz, animaliak bertatik iragan daitezen. Lan horiek egitean arbolak botatzea saihestuko da, bai eta ateratako lurrekin nahigabeko kalteak eragitea inguruko landarediari; lur horiek metatu eginen dira edo BILetik kanpoko zabortegi batera eramanen.

.Eremu horretan larratzea gehiegizkoa dela ohartuta, komeni izanen litzateke basoberritutako eremuak sare arruntarekin ixtea, ez ehizakoarekin, batez ere animalien pasabideak egokitzeko proiektatu diren zuhaixken landatze-eremuak.

5. Proiektu osagarriak, materiala hartzeko tokiak eta zabortegiak.

Obren hasieran proiektu bat aurkeztuko zaio Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, zanpatzeko planta paratzea formalizatuko duena eta instalazioan, ustiategian edo abandonoan eta bereziki BILean sor daitezkeen ondorio kaltegarriei (lurzuroaren gaineko eragina, azaleko isurketak edo haizeak material xeheak barreiatzea, zarata...) aurrea hartzeko behar diren neurriak ezarriko dituena (perimetroko arekak, isurketen uren dekantazioak, hautsaren kontrako ureztatzeak, haize-babesak...).

Ustiapenari ekin baino lehen, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari 1. eta 2. zabortegiak ustiatu eta lehengoratzeko proiektuak aurkeztuko zaizkio, biltegiaren egiazko okupazioa, geometria eta ustiatzeko arauak zehaztuta, aurkezteko eskala 1:1.500 baino txikiagoa ez dela izanen kontuan harturik, baita ingurumenaren aldetik interesa duten tokiko elementuak eta proiektatutako erabileraren arabera bete beharreko lehengoratze neurriak ere.

.1. zabortegiaren kasuan, komeni izanen litzateke gaurkotutako proiektuak azter dezan okupazioa errekaren eskuineko urbazterreko mazelarantz pixka bat mugitzeko aukera, kontrako bazterreko drainatze-sareko idoi-larreen gaineko ukipena ahal den txikiena izan dadin; horrek ez luke eraginik izanen zabortegiaren edukieran ez eta proiektatutako nekazaritza-erabilera lehengoratzearen kalitatean ere.

6. Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen eraginaren azterlanean eta Ingurumena zaintzeko programan IEA betetzeko ezarritakoarekin bat, teknikari kualifikatuek errepidearen gaineko ingurumen arloko jarraipena eginen dute ustiatze eta eraikitze fasean, batez ere alderdi hauena:

.Obrak hasi aurretik, ibilbide eta sarbideen plan bat eginen da, trazaduratik kanpoko eremuen gaineko ukipena ahal den txikiena izan dadin, bai errepidea eraikitzeko bai linea elektrikoak berrezartzeko eta irekitako pista berriak lehengoratzeko neurriak ezartzeko.

.Zanpatze planta paratzeko proiektua Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari ematea eta aldizkako txostenak egitea haren funtzionamenduari buruz BILen natur balioei dagokienez.

.Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari zuzendutako txostena, fabrikako obrak animalien pasabidetarako egokitzeko eta drainatze elementuak (kutxetak, putzu txikiak) animaliek, anfibioek nahiz lehortarrek, erabil ditzaten moldatzeko lanen jarraipenari buruzkoa.

.Landaretza berritzeko proiektua eta proiektu osagarriak obraren egiazko egoerara moldatzea.

.Neurri zuzentzailen aplikazioaren gaineko jarraipena egitea eta proiektatutako egoerarekin bat datozen aztertzea. Eraginaren azterlanean jasotako neurri orokorrez gain, nabarmentzen dira Barranco de las Huertas alderdiko iturburuaren babesa (2+100 k.p.) eta 2+100 k.p.tik 2+600 k.p.ra arteko idoi-eremuen bilakaera eta 1. zabortegiko idoi-larrearena, "Zaraitzu ibaia" BILaren barruan 3+237 3+476 ODTetako ubideak egitea eta pistak irekitzea linea elektrikoen euskarriak aldatzeko.

Funtzionamendu fasean, errepidea zerbitzuan hasi eta hurrengo 3 urteetan, urtero txosten bat aurkeztu beharko zaio Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari animalientzako pasabideen erabileraren gaineko jarraipenari buruz. Txosten horretarako, protokolo proposamen bat egin beharko da aurretik, jarraipen horren metodologia zehaztuta, eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura igorri, baliozkotzat jo dezan.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko abenduaren 28an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Proiektuaren xedea da Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidean, Isoko Gainean, saihesbide bat eraikitzea, 10 k.p.tik 14. k.p.ra bitarte, egungo trazaduran dauden bihurguneak, 180 gradukoak eta malda handikoak, saihestu eta erreien kopurua handitzeko, Nabaskoze-Iruña norabideko trafikorako mantso joateko bide bat gehituz.

Aztertutako bi alternatibak egungo errepidetik ipar-mendebaldera daude eta "Arbaiungo arroila" (16. natur erreserba) eta "Zaraitzu ibaia" BILa (E2200012) saihesten dituzte; baldintzapen tekniko hauek dituzte: bi atakatatik igaro beharra, bata 1. kilometroan eta bestea Isoko Gainean, lur-erauzketetako egonkortasuna eta lur-erauzketen eta ezponden arteko balantze orekatua. Ingurumenaren arloan, berriz, aurreikusitako baldintzapenak dira, batetik, habitatei buruzko zuzentarauan jasotako oharrak, lehentasunezko habitaten gaineko ukipenari dagokionez _haltzadia (Kodea: UE: 91E0)_, edo intereseko habitaten gainekoari dagokionez _adibidez, karraskala (Kodea: UE:9340) eta erkameztia (Kodea: 9240)_, eta bestetik gorde beharreko soberakinen amaierako kopurua.

Aukeratutako soluzioaren arabera, jarduketa eremua 2.900 metro luze da eta saihesbidearen abiapuntuaren eta bukaeraren arteko desnibela 127 metrokoa da. Oinplanoko trazaduraren hobekuntza nabarmena da. Gutxieneko erradioa 150 metrokoa izanen da. Horrek 65 km/ordua lastertasuna ahalbidetuko du.

Errepidea Isoko Gainean, 0+760 k.p.an hasten da eta trazadura zaharretik 1+000 k.p.an aldentzen da, hortik aurrera lur erauzketa eta ezponda handietan barna joateko. Hasieran, trazadura Barranco del Paco izeneko alderdiko ibilguaren hasierako tartearen ondotik doa, eta mazela erditik jarraitzen du, errekazulotik iparraldera, mazelako eguteran barna; errekazulo hori ezkerraldetik urez hornitzen duten zenbait erreka eta errekazulo gurutzatzen ditu, 3+280 k.p.an errepidearen trazadura zaharrarekin berriz bat egin arte.

Saihesbidea gehienbat lur-erauzketan barna doa hasieratik, eta lubaki handienak errepidea aipatutako bi ataketatik igarotzean zulatuko dira: 1+900 k.p.an eta Isoko herri hustuaren inguruan; bertan, ezpondak, luzeran, 32 eta 44 metrokoak izanen dira eta altueran, berriz, 20-30 eta 24 metrokoak, hurrenez hurren. Errekazuloen eta ibarbideen pasabideak lubeten bidez gurutzatzen ditu. Lubeta handiena Barranco de las Huertas alderdia gurutzatzean dago, aipatutako bi lubakien artean, 34 metroko luzera eta 12 metroko altuera baitu. Azken tartean, errepidea mazelan txertatzen da, eta bertan zulatutako ezpondak 40 metrorainoko luzerakoak dira eta 32 metroko altuerakoak ezkerreko aldean; eskuinaldean, aldiz, lubeta txikiak eraikiko dira.

Lur-erauzketetan, maldak 2H:3V, 3H:2V eta 3H:1V-koak dira, altueran 7 edo 10,5 metroko tarte bakoitzean 4 metroko zabalerako bermekin. Lubetak 2H:1V neurrian proiektaturik daude, eta oinplanoko okupazioa mugatu eginen da errekazuloak eta ibarbideak gurutzatzeko pasabideetan, harri-lubetako lurrei eusteko paretak eraikiz. Horri esker zeharkako okupazioa murriztu daiteke Barranco del Paco alderdian, trazadura zeharkatzen duen guneetan, 1+450 MI k.p.an eta 1+500 MD k.p.an, 1+620 k.p.an eta 2+980 k.p. tarteetan, pasabidean barna Barranco de las Huertas alderdia eta errekazulo txikiagoak elkartzean 2+730 k.p.an eta 2+780 k.p.an. Saihesbidea NA-128 errepidearekin lotzen den tokian, 3+160 k.p.tik 3+240 k.p.ra bitarte, lur armatuz eta geotextilez eginiko murru berde bat proiektatu da, saihesbideko lubetari eusteko errepide aldera.

Errepidea zeharkatzea ahalbidetuko duten obrak lubetako eremuetan daude, errekazuloetako zeharkako drainatze-lanekin bat eginda, eta kasu batzuetan finketarako sarbideei zerbitzua eman dezaketen esparruekin. Fabrikako obra hauek errepidea alde batetik bestera zeharkatzen laguntzeko modukoak dira, animaliak igarotzea errazteko:

_Hormigoi armatuzko bi esparru, 7,00 x 3,50m-koak, 1+706 k.p.tik 2+870 k.p.ra bitarte.

_7,00 x 3,00 m-ko esparru bat, 2+029 k.p.an.

_3,00 x 3,00 m-ko esparru bat, 2+086 k.p.an.

_4,00 metroko hutsunea duen egitura bat, 3+117 k.p.an.

Ukitutako zerbitzuen artean, proiektuak aurreikusi du Iberdrolaren goi tentsioko lineak berrezartzea, 13, 2 kV-ko bat, Zangoza-Ledea- Irunberri, 450 metrotan, eta 66 kV-ko beste bat, Zangoza-Elo, 1.500 metrotan.

Lanen jarduketa osagarriak dira, halaber, bi zabortegi jartzea, bata saihesbidearen hasieran eta bestea amaieran, tartearen amaieran zanpatze planta bat paratzea oinarrizko geruza eta zelaigune hobetua egiteko zagor artifiziala lortzeko, eta 2 ubide kolektore eraikitzea, trazaduraren luzerako drainatzearenak, Zaraitzu ibaira ateratzen direnak, biak tartearen amaieran.

Bide berriaren oinarrizko ezaugarriak hauexek dira:

_Gutxieneko erradioa: 150 m.

_Gehieneko malda: %7

_Parametro bertikalen gutxienekoak, kV: 2.500

_Sekzio eredua:

.Galtzada: 3,50 metroko bi errei, eta mantso joateko erreia, zabalera berekoa.

.Metro bateko bazterbideak.

.Lubetako bermak, 0,5 metrokoak.

_2H:3V, 3H:2V eta 3H:1V-ko ezpondak aurreikusi dira lur-erauketarako eta 2H:1V-koak lubetetarako.

_Lur mugimenduen bolumenak:

.Lur-erauzketarako hondeatzea: 419.544 m³.

.Lubeta: 85.558 m³.

.Landare lurraren hondeatzea: 8.000-10.000 m³.

.Kontuan hartuta trazadurako hondeatze eta lubetako lurren eta trazadura eta zabortegien eremua lehengoratzeko erabiliko den landare lur barreiatuaren bolumenaren arteko balantzea, emaitza da 321.531 m³ soberakin gorde beharko direla (soberakinetarako, harrotze koefizientea %20a dela pentsatuta).

_1. zabortegia: Erromantzatuko 11. poligonoko 122, 129, 133, 134, 135, 136, 137 lurzatiak.

_2. zabortegia: Erromantzatuko 11. poligonoko 208, 212 eta 213 lurzatiak.

_Zanpatze planta eta instalazio osagarriak: Erromantzatuko 11. poligonoko 215 lurzatia.

Lanak egiteko epea 18 hilabetekoa da.

2. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanak ingurune fisikoaren elementuen deskribaketa laburra egiten du, eta honakoak aztertzen ditu: klima, geologia eta geomorfologia, edafologia, hidrologia, landaretza, fauna eta paisaia, intereseko naturguneak, lurzoruaren erabilerak eta kultur sistema.

Eragin nagusien balorazioa taula batean islaturik ageri da, eta bertan batera agertzen dira ingurumen eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta ukipena jasanen duten inguruneko elementuak. Emaitzak ikusirik, ondorioa da eragin handiena hauek ekarriko dutela: lur-erauzketak, trazadurak espazioa okupatzea, lur mugimenduak eta makina astunen joan-etorriak, drainatze hodiak eta "Zaraitzu Ibaia" BILerantz (E2200012) zeharka iragatearenak, eta agregakinak lortzeko zanpatze planta osagarriaren jarduna. Inguruneko elementu ukituena lurzorua da, okupazioaren eta higadura prozesuen ondorioz; ura ere, lur gainekoa nahiz lur azpikoa, kalitatea galduko duelako eta zirkulazio eta higadura-sedimentazio prozesuetan aldaketak gertatuko direlako, eta azkenik fauna, azpiegiturak duen oztopo ondorioagatik. Azterlanak ez du baloratu atmosferaren kalitatean izanen duen ukipena.

Azterlanean babes neurriei eta neurri zuzentzaileei buruzko kapitulu bat dago, ukitutako elementuaren arabera sailkatuta. Jarduketa eta ingurumen balioen kontserbazioa bateragarri egiteko behar adina neurri aurreikusi dira, baina Ingurumen eraginaren adierazpenean agindu da kontuan har dadin, garrantzitsua baita, prebentzio neurri batzuk zehaztea eta horien aplikazioa kontrolatzea lanen jarraipena, ingurumenarenari dagokiona, egiten denean, eta horien funtzionamenduaren berri ematea, Ingurumena Zaintzeko Planaren barruan, izan ere, neurri horiek nahitaez bete beharreko jarraibideak dira, ingurumen baimenarekin lotuta daudenak.

Landarediari, lurzoruari eta paisaian integratzeari dagozkien ukipenen arloan, berriz, landaretza berritu eta ingurumena lehengoratzeko proiektu bat aurkeztu da, honakoak zehaztuta: ezpondetan landare lurra zabaltzea 30 cm-ko geruzan; lurra prestatzea; lur-erauzketetan hidroereintza ezartzeko sare plastiko lauak paratzea; hidroereintza, bi aldikoa eta aldi batekoa, lur-erauzketetan eta lubetetan, hurrenez hurren; zelaiak ereintzea; eta zuhaitz espezieak sartzea ezpondetan.

Ingurumen Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalaren arabera, proiektuan larratzea antolatu eta lurzoruak lehengoratzeko kapitulu bat dago, azken hori ingurumenari asko eragiten dion arazoa baita trazadura dagoen tokian. Kapitulua idazteko dago oraindik. Jarduketarako aurreikuspen horrek, Oihanak Kudeatzeko Atalak erredaktatu beharrekoak, trazadurak ukitutako oihan azaleraren konpentsazio jarduketetarako neurri zuzentzaileen proiektuan ezarritako aurrekontua du, eta aurreikusten du entregatzeko epea 2007ko lehen hiruhilekoa dela.

Animaliek errepidea zeharkatu ahal izatea errazteko neurrien artean, lubeta eremuetan dauden fabrikako obra batzuk zehaztu dira, errekazuloetako zeharkako drainatze obrak dauden tokian, neurri handiagoak eman zaizkie eginkizun hori bete eta finketarako sarbide zerbitzua emateko. Hegaztiak babesteko neurriak ere ezarri dira, Zangoza-Elo linean berrezarritako linea elektrikoaren tartea balizen bidez seinalizatuz.

Azkenik, Ingurumena Zaintzeko Plana aski da; haren helburu nagusiak dira proposaturiko aurreneurri eta neurri zuzentzaileak betearaztea, proiektuaren exekuzio fasean ustekabean azaltzen diren ondorioak kontrolatzea eta eragiten diren kalteen bilakaeraren segimendua egitea. Azterlan informatiboan ez eta eraikitze proiektuan ere ez da ageri Ingurumena zaintzeko planaren segimendua egiteko aurrekonturik.

Iragarkiaren kodea: F0700135