20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

47/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, 2007. urterako Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako I. Sarirako dei egiten duena.

Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak, 22. artikuluan, xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu publikoaren kalitatea sarituko du Nafarroako administrazio publikoetan, baita praktika egokiak ere. Horrela, kontuan hartu eta sarituko dira herritarrendako zerbitzuaren kalitatea hobetzen nabarmendutako administrazioen menpeko organo eta entitateak eta horietako arduradunak eta langile publikoak, eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko ekimenak aintzatetsiko. Sariak emateko, kontuan hartuko da erakundeak zer nolako kalitatea eskaintzen dien herritarrei, eta haien iritzia, erabiltzaile diren aldetik.

Legezko agindu hori betearazteko, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. eta 42. artikuluekin bat, bidezko da 2007. urterako Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako I. Sarirako dei egitea, arau hauei jarraituz:

ARAUAK

Lehenbizikoa._Xedea.

1. 2007. urterako Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako I. Sariaren xedea da Nafarroako edozein Administrazio Publikotako erakunde, unitate eta entitateak saritu eta aintzatestea, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen eta kudeaketarako praktika egokien bidez herritarren beharrak betetzen nabarmendu direnak.

2. Aurten Bikaintasunerako Nafarroako Sarietara aurkezten direnek ezin izanen dute sarian parte hartu, EFQM autoebaluazio metodologia erabili baita. Sari hori berariazko arauei lotuko zaie.

Bigarrena._Laguntza-hartzaileak.

Nafarroako Administrazio Publikoetako organo, unitate administratibo eta erakunde publikoek, nortasun juridikoa izanik edo ez, hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, zerbitzu publikoak ematen badituzte.

Deialdi honetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, Nafarroako toki entitateak eta haien guztien menpeko erakunde publikoak joko dira Nafarroako Administrazio Publikotzat. Halaber, zuzenbide publikoko entitateek, sozietate publikoek eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoa osatzen duten fundazio publikoek ere hartzen ahalko dute parte.

Hirugarrena._Sariak.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, Nafarroako Gobernuaren ordezkaria den aldetik, hiru sari ematen ahalko ditu gehienez:

_Urrezko Saria, merezimendu gehien dituen partaidearendako.

_Zilarrezko Saria, haren ondoren merezimendu gehien dituen partaidearendako.

_Brontzezko Saria, haien ondoren merezimendu gehien dituen partaidearendako.

2. Sariarekin batera, hori frogatzen duen diploma bat ere emanen da.

Laugarrena._Hautagaiak aurkeztea.

1. Sarian parte hartu nahi duten organo, unitate administratibo eta entitateek 2007ko ekainaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute hautagai, aurkeztu arte berriki irabazi dituzten merezimenduak frogatzen dituen memoria batekin batera.

2. Memoriak kontu hauek bilduko ditu:

_Parte hartzen duen unitate edo entitatearen eta haren jardueraren azalpen laburra.

_Hobekuntzaren edo praktika egokiaren azalpena.

_Deialdi honetako 5. arauko 4. atalean aipatzen diren irizpideen eta interesgarritzat jotzen diren bestelakoen frogak.

Memoria A-4 formatuan aurkeztuko da, lerroarteko bakunarekin, "times new roman" letra motarekin, 12 tamainarekin, orrialde bakar batetik. 50 orri bilduko ditu gehienez. Euskarri informatikoan (word formatuan) ere aurkeztuko da.

3. Hautagaiak Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordean aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001 posta kodean, edo agiriak posta ziurtatuaren bidez helbide horretaraxe igorriz. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideak erabiliz ere aurkezten ahalko dira eskaerak.

Bosgarrena._Epaimahaia.

1. Hautagaiak ebaluatzen dituen epaimahaiak kide hauek izanen ditu: Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatzen duen agintari bat, mahaiburu lanetan arituko dena, eta Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak izendatzen dituen beste lau. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Administrazio Publikoak Modernizazio eta Kalitaterako Ataleko burua arituko da idazkari lanetan. Hizpidea izanen du, baita botorik ez.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Epaimahaiak bidezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkio partaide bakoitzari hautagaiak hobeki ebaluatzeko. Gainera, parte hartzen duten unitate edo entitateak in situ bisitatzen ahalko ditu.

4. Ebaluatzerakoan, epaimahaiak honako kontu hauek baloratuko ditu: zerbitzu publikoan sarturiko berritasunak, kalitatea hobetzen dutenak, parte hartzen duen unitatearen beraren izaera, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeko 4. artikuluko 2. idatz-zatian ezartzen diren orotariko iradokizunen aplikazioa, haiek ezartzeko erabiliriko metodoak, hartzaileendako eta oro har herritarrendako ondorioen nondik norakoak eta onura, hobekuntza horiek beste unitate edo administrazio publiko batzuetara transferitzeko aukera, erabiltzaileek zerbitzuari deritzotena eta, arrazoiak emanda, interesgarritzat jotzen diren bestelako kontuak.

5. Epaimahaiak bere proposamen lotzailea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igorriko dio, sarien gaineko erabakia barne. Epaimahaiak hiru sarietariko edozein eman gabe uzten ahalko du, uste baldin badu ez direla gertatzen behar adina merezimendu.

6. Mahaikideek, ebaluazio lanetan aritzeagatik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, finkatuko dituen ordainak hartzeko eskubidea izanen dute, salbu eta debekaturik daukaten Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileek.

Seigarrena._Sarien argitalpena.

1. Epaimahiaren erabakia eta sarien emanaldia Kalitatearen Nafarroako Egunean argitaratuko dira, horretarako erabakitzen den tokian eta egunean.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emanen du ofizialki saria foru agindu baten bidez. Saridunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, orok jakin dezan. Foru aginduan epaimahaiko kideak nor diren adieraziko da.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa saiatuko da sariak eta saridunak hedabideetan sustatzen.

Zazpigarrena._Administrazioaren konpromisoak.

1. Saria garatzeko parte hartzen dutenek isilpekotasuna gorde beharko dute.

2. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuaren bidez, argibideak emanen ditu deialdiaz, 848427499 telefonoan eta sermodinap@cfnavarra.es posta elektronikoan.

Zortzigarrena._Deialdiaren onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar arauak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien menpe egotea.

Bederatzigarrena._Gorabeherak eta ustekabekoak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du gertatzen diren gorabeheren eta arauetan aurreikusirik ez dauden gertaeren gainean.

Hamargarrena._Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta sariaren gaineko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernura igorria, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraituz.

Deialdia burutzeko gainerako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Jusitizia eta Barne kontseilariari igorria, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 25ean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0701688