20. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

90/2007 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, 2007ko Ikuskapen Plana oinarritzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10. artikuluak dioenez, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoak urteroko Ikuskapen Plana eginen du, aukeran, ausazkotasunean eta bidezko deritzen beste irizpide guztietan oinarrituz. Plan horrek subjektu pasiboak aukeratu eta bertan sartzeko kontuan hartu beharreko irizpideak ezarri behar ditu.

Bestalde, ikuskapen plan bereziak ere egiten ahal dira, gertaerek zentzuzko egiten dutenean. Plan horien iraupena ez da zertan izan urte batekoa.

Ikuskapen Plana prestatu, garatu eta aplikatzea Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren jardueraren mamia da. Baina ikuskapen jarduera ez da egintza hauekin bukatzen. Gainera, beste administrazio batzuekin dagoen lankidetzaren arloan, txostenak, jarraipideak, ikerlanak, informazio bilaketak egiten dira, bai eta perituen jarduketak eta justiziari laguntza ematea ere, delitu fiskalaren aferetan batez ere.

2007ko Ikuskapen Planaren oinarri diren irizpide orokorrak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen dira, eta horrela betetzen da Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 137. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluak ezarritako betebeharra.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

2007ko Ikuskapen Plana oinarritzen duten honako irizpide orokor hauek onestea:

1. Jarduketa ildoak:

a) Informazioa jasotzea: erdiesten den informazioaren bolumena eta kalitatea handitzea, ondokoez baliatuz:

_Beste administrazio eta entitate batzuekin informazioa trukatzeko hitzarmenak eta itunak sinatzea (Gizarte Segurantzerekin, Jabetzaren Erregistroarekin, notarioekin, eta abarrekin).

_Enpresaburuen alorreko entitate ordezkariekin lankidetza hitzarmenak eta itunak sinatzea.

_Informazioa bilatzea teknologia berriak erabiliz.

_Informazioa bilatzea zergapekoen datuak hartuz.

b) Zergadunak hautatu eta zerga arriskuak atzemateko tresnak hobetzea, teknologia berriak erabiliz.

c) Polizia kidegoekin, ministerio fiskalarekin eta agintari judizialekin dauden elkarlana eta elkar-laguntza jarraitzea eta areagotzea.

d) Ikuskapen lanetan aritzen diren langile kopurua handitzea eta prestakuntza saio espezializatu gehiago egitea.

e) Zerga iruzurraren kontrako plan berria prestatzea eta gauzatzen laguntzea.

2. Arreta bereziko esparruak:

a) Higiezinen sektorearekin zerikusia duten jardueretako portaera fiskala egiaztatzen eta ikertzen segituko da, modu integralean hartuta, eta sustapeneko jarduerari berari kasu berezia eginen zaio. Zerga kudeaketan erregularizaturik ez dauden errentamendu jarduerak ere aztertuko dira.

b) Ostatuetako eta jatetxeetako sektoreari loturiko jardueretan zergadunen zergegiko portaeraren azterketak jarraituko du.

c) Komenigarritzat jotzen da hondakinen tratatzeari eta metalak berreskuratzeari buruzko jardueretan dagoen zergekiko portaeraren azterketak eta ikerketak egiten jarraitzea.

d) Zergekiko portaera aztertuko da ondoko sektore eta jardueretan:

_Eraikuntzaren alorrerako hormigoizko, porlanezko, kisuzko, eskaiolazko, eta bestelako materialak fabrikatzeko jarduerak; bai eta harria lantzeko industria ere.

_Konponketen sektore barrenean, etxeko tresna elektrikoen eta kontsumoko bestelako tresnen konponketei lotutako jarduerak.

_Metalak eraldatzeko industrietan, forjari, estanpazioari, enbutizioari, puntzonaketari eta metalak mozteari, sakatzeari, tratatzeari estaltzeari lotutako jarduerak.

_Zenbait elikagai prestatzeari eta uren eta alkoholik gabeko edarien industriari lotutako jarduerak.

_Materia plastikoak eraldatzeko jarduerak.

_Haien azterlana eta analisia egin ondotik, egiaztatzea komenigarria dela irizten zaien jarduerak.

e) Talde fiskalen azterketak jarraituko du. "Zergadun handiek" egindako eragiketa garrantzitsuei arreta berezia paratuko zaie.

f) Eraikinen sustapeneko tartekaritza lanei, ekonomiari, finantzei, inbertsio eta merkatuei eta antzeko alorrei bereziki lotutako jarduera profesionalak aztertuko dira.

g) Iruzur antolatuak, batez ere BEZarekin eta Batasunaren barneko eragiketekin zerikusia duten guztiak, aztertzen eta ikertzen jarraitzea beharrezkotzat jotzen da. Izan ere, zenbait jarduketa eginen dira beste zerga administrazio batzuekin batera. Orobat, "ordainagiri faltsuen" tramen azterketak eta ikerketak jarraituko dute.

h) Zergadunen zergekiko portaera aztertuko da haiek adierazitako informazioa (errenta aitorpenetan bildutakoa batez ere) eta Ogasunak bere datu baseetan duen informazioa gurutzatuz. Horretarako, zenbait onura fiskal zuzen aplikatu diren eta ikertutako zergadunek behin eta berriz egin ote duten aztertuko da.

i) Azkenik, 2007ko Ikuskapen Planak hartzen dituen jarduketen artean daude, besteak beste, Zerga Ikuskapen Zerbitzuari Foru Komunitateko zergadunei buruzko egoera anomaloen berri emanez egindako komunikazioen ondoriozkoak, halakoen berri ematen ahal baitute tributuen unitate kudeatzaileek, Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuek, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunek. Halaber, salaketak ere sartuko dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Zerga Ikuskapen Zerbitzuak, arlo horiez gain, bidezko izanen du behar dituen ikuskapen-jarduera guztiak egitea, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren barnean egindako jarduketen bidez funtzionarioek proposatutakotik sortu badira.

Iruñean, 2007ko otsailaren 1ean._Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, José Ignacio Pérez de Albéniz Andueza.

Iragarkiaren kodea: F0701952