18. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuak arautzen dituen ordenantza

Jendaurreko epea (2006ko 134. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 8koa) iraganda inolako alegaziorik aurkeztu gabe, argitara ematen da aipatu ordenantzaren testu osoa.

Uharten, 2006ko abenduaren 10ean._Mankomunitateko burua, Ramón Moratinos Oloron.

UDALAREN ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I._Zioen azalpena.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko guztietan ezarri ziren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuan babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoaren eskaintza eginez.

Haren menpekotasun organikoa dela-eta, etxez etxeko laguntza zerbitzu bakoitza behar den udal araudiak arautua egoten da, gehienetan ordenantza baten bidez. Hala ere, eta zerbitzu bera eta, hortaz, printzipio, eduki eta prestazio antzekoak izanagatik ere, arautzea ezberdina izaten da herri bakoitzean. Egoera horrek errealitate ezberdinak ekarri ditu zerbitzuaren prestazioan, bizilekuaren arabera, eta horrek nahasketa halako bat ekarri du herritarren ikuspegitik.

Egoera hori hobetu nahirik, 2004ko ekitaldiaren amaieran, lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, toki entitateen eta gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen eskariari erantzunez.

Asmoa izan da guztiendako arautze batera ekartzea etxez etxeko laguntza zerbitzuen esku hartzearen alderdi funtsezkoak, eta horrela Nafarroan zerbitzu hauek homogeneizatzeko aitzinapausoak egin. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa sistema baten prestakuntza eta, balorazioak egiteko, denendako tresna beraren ezarpena.

Horren emaitza da ordenantza eredu hau, toki entitateen eskura jartzen dena. Gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen ekarpen teknikoak bereganatu ditu eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak onetsi du. Eta hura da Uharteko eta Esteribarko Udaletako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak berarendako hartzen duena.

1. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ).

EZL Uharteko eta Esteribarko Mankomunitatearen zerbitzua da, oro har bere oinarrizko premiak bere ohiko inguruan estaltzeko mugak dituzten herritarrendako, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren ariora. Xedeak dira pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txertatzea, haren beregaintasun funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legean dauden printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona hemen:

_Erantzukizun publikoa, administrazioak bere gain hartuko du behar diren baliabideak finantza, teknika, jende eta antolaketa aldetik paratzeko ardura.

_Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, menpekotasun egoera dagoen edozein lagunek hura eskuratzeko eskubidea izan dezan, batere bereizkeriarik gabe.

_Osagarritasuna, pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten bertze zerbitzu eta baliabide batzuekin.

_Aurreneurri izaera, laguntza hartzen duen lagunaren gaitasun pertsonalen andeatzea eta sostenguen eta gizarte harremanen galera eragotzi edo mugatzeko, eta beregaintasuna bultzatu eta handitzeko.

_Osotasuna/integralitatea, gizarte beharrei osotara eta ez atalka erantzuteko.

_Erantzunkidetasuna, esan nahi baita, familiaren sostengua eta gizartearen sostengu sareak (auzoak, boluntarioak, ...) mantendu, iraunarazi eta handitzea.

_Errespetua, laguntza hartzen dutenen eta haien begiraleen lehentasunekin.

_Laguntzaren malgutasuna, kasu bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideen konbinazioa eginez.

_Koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun maila handiagoa bermatu beharrez.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

_Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beregaintasun pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala estaltzea.

_Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak estaltzeko.

_Etxez etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

_Integrala, bizikidetza unitateen premiari oso-osorik heltzen baitie.

_Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, bizi kalitate hobea bermatu ezean.

_Osagarria, bere xedeak lortzeko bestelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.

_Akuliatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak haren gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz estali nahi baitira.

_Teknikoa, esku hartzeak teknikoki planifikatu eta behar bezala kualifikatu eta gainbegiratutako profesionalek lan taldean egindako jarduera multzoa baitu oinarrian.

_Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

_Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.

4. artikulua. Helburuak.

Mankomunitate honen Etxez etxeko laguntza programak helburu hauek ditu:

_Pertsonak beren ohiko inguruan ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate gehienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, inguruarekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

_Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

_Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralan eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

_Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku hartzea eraginkorrago izan dadin.

_Banakoaren oreka pertsonala, haren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

_Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren mementoko egoeretan laguntza ematea.

_Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak beren komunitate inguruan indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.

_Komunitateko boluntarioen sostengua bultzatzea eta bideratzea, erabiltzaileei lagun egiteko lagungarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren erabiltzaile eta hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira halako gizarte Uharteko eta Esteribarko udalerrietan erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako famili unitate guztiak, bizia bere gain egiteko mugaturik badaude eta horien ondorioz beren kasa beren premia pertsonal eta sozialak estali ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

_Beregain izateko arazoak dituzten zaharrak.

_Beregaintasunari modu larrian eragiten dion ezgaitasuna dutenak.

_Famili unitateak, beren baitan adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak izanik, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxez etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, kargen gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZan esku hartzen duten profesionalak.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

gizarte langilea; eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku hartze programaren diseinua, eta proiektuaren gainbegiratzea, segimendua eta ebaluazioa.

familia langilea; horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku hartze etengabearen ondorioz egoera izaten ari den bilakaeraz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

_Administrazio langileak; zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

_Hezitzailea; horren ardura erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

_Psikologoa; esku hartzea dagokio laguntza psikosoziala behar den egoeretan, baita begiraleendako sostengu eta orientazio lanetan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

_Bestelako profesionalak: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak...

7. artikulua. Eskuratzeko irizpideak: menpekotasuna baloratzeko tresnak.

Mankomunitate honen Etxez etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak kontuan hartuko du:

_Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

_Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua duten.

_Haien gizarte nahiz familia egoera zein den.

Indarra duen araudiaren arabera indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira horretarako.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda.

Etxez etxeko laguntzaren prestazioaren barnean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Etxeko zeretan sostengu emateko jarduerak. Hona hemen etxeko zeretan sostengu emateko jarduketak:

Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

_Elikagaien erosketa.

_Etxean elikagaiak prestatzeko laguntza.

_Etxez etxeko janarien zerbitzua.

_Erabiltzailearen arroparekin ikusteko dutenak, hala nola:

_Etxean eta etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.

_Arropa pasaratu eta zaintzea.

_Arropa antolatzea.

_Etxean edo etxetik kanpo arropa lisatzea.

_Arropa erostea.

_Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

_Etxearen garbiketa.

_Konponketa txikiak.

_Etxearen egoera orokorraren gainbegiratzea, etxeko istripuei aitzintzeko.

b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

_Txukuntasun eta garbiketa pertsonala. Gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

_Janzten eta jaten laguntzea.

_Erabiltzailearen elikaduraren kontrola.

_Osasun tratamenduaren segimendua, oinarrizko osagun laguntzako lan taldeekin koordinatuz.

_Etxe barneko mugikortasunerako sostengua.

_Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Hona hemen sostengu psikosozialeko jarduketak:

_Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

_Familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko balio positiboak indartzea.

_Bakartasun eta isolamendu sentimenduak piztean sostengu ematea.

_Diruaren eta familiaren antolaketan bidea erakustea.

_Familiaren higienearen plangintzan sostengu ematea.

_Familiari eta inguruari dagokionez bizikidetza usadioen gaineko prestakuntza ematea.

_Gizarteratzeari eta sozializazioari sostengu ematea.

d) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

_Etxetik kanpora lagun egitea, izaera pertsonaleko kudeaketetan laguntzeko.

_Kultura, aisialdi edo denborapasako jarduketetan lagun egitea.

_Boluntarioen esku hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko lanetarako.

e) Familiari sostengu emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengu emateko jarduketak.

_Begiraleendako prestakuntza eta aholkularitza.

_Zainketen alderdi zehatzen gaineko prestakuntza.

_Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

_Etxean zainketak ematea errazten duen sostengu teknikoko materiala eskuratzea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa, etab.).

_Etxez etxeko sostengurako baliabide osagarriak, beste erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, etxez etxeko laguntzarako dirulaguntzak, eguneko zentroak, etab.

_Etxebizitza egokitzeko baliabideak.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzaketa sistemari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

.Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzeko kontuan hartzen da ordenantzan eskaintzen diren zerbitzuetako edozeinek etxean laguntzen benetan emandako denbora, egun bakoitzeko gehienez ere bi ordukoa izanen dena.

.Famili unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZn definitzen den famili unitatea:

_Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

_Bikote egonkor batek osatua, dagokion legeriaren arabera, eta, halakorik balego, adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

_Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko atalean aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

.Ahalmen ekonomikoa zehaztea errenta eta gastu kengarriak.

_Errenta: PFEZaren etekin garbien eta pentsio edo prestazio salbuetsien kontzeptuak.

_Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak egitea eta bestelakoak).

_Hileko per capita errenta: aurreko kontzeptuen arteko aldea famili unitateko kide kopuruarekin eta 12 hilekin zatitzetik sortzen dena izanen da.

Erabiltzaileak PFEZaren aitorpena egiteko obligazioa ez duenean, ahalmen ekonomikoa aurreko ekitaldian izandako dirusarreren arabera zehaztuko da.

.Kosturako oinarrizko unitatea zehatea:

_Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta benetan emandako laguntzaren kostu osoaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko famili langile baten kostua eta gizarte langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, horiek biak programaren kudeaketan zuzenean parte hartzen duten profesionalak baitira.

Kostu osoa zatituko da lanaldi osoko famili lagile batek etxez etxeko languntzarako ematen ahal dituen ordu guztien kopuruarekin (lanaldi horren %80) eta horrela ateratzen da laguntza orduaren kostua.

.Tarifako oinarrizko unitatea zehaztea:

Tarifako oinarrizko unitatea da etxeko laguntzan benetan emandako ordua.

Prezio publikoa edo tarifa izanen da laguntza orduaren %50.

.Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga eskala famili unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK TARIFEN ESKALA

PCEG (per capita errenta garbia) < OAEAP 3 euroko tarifa finkoa, hileko

OAEAP<RNPC >OAEAP %105 6 euroko tarifa finkoa, hileko

OAEAP %105<RNPC > OAEAP %120 Prezio publikoaren 0,15

OAEAP %120<RNPC > OAEAP %135 Prezio publikoaren 0,30

OAEAP %135<RNPC > OAEAP %150 Prezio publikoaren 0,45

OAEAP %150<RNPC > OAEAP %165 Prezio publikoaren 0,60

OAEAP %165<RNPC > OAEAP %180 Prezio publikoaren 0,75

OAEAP %180<RNPC > OAEAP %195 Prezio publikoaren 0,90

PCEG > OAEAP %195 Prezio publikoa.

10. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoa

Esku hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia I. eranskinean garatzen da:

_Eskariaren harrera eta aurkezpena.

_Kasuaren azterketa.

_Egoeraren diagnostikoa.

_Banakako laguntzarako proposamena. Esku hartzearen diseinua.

_Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

_Esku-hartzea abiatzea.

_Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozedura abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesatuaren eskariz abia daiteke:

_Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hartzeko eguna izanen da, hain zuzen ere, ofiziozko prozedura abiatzea erabakitzen duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

_Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik hasiz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa goiti-beheiti, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egoki juzgatzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak Uharteko eta Esteribarko Zerbitzuen Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Tramitazioa: interesatuari errekerimendu eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Zerbitzuen Mankomunitate honen ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZaren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, erabakiko da sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna, baldin eta laguntza emateko ordurik batere badago. Ordurik ez badago, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1._Zerbitzuaren baiespena edo ezespena.

2._Emateko baldintzak, eta gutienez ere hauek:

_Banakoarendako laguntza programa.

-Egin beharreko lan/jarduketak.

-Laguntzaren iraupena.

-Prestazioaren ordutegia.

-Astean laguntza emateko egunak.

-Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3._Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4._Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesatuak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

d) Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat jakinaraziko zaio Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoari eta dagokion profesionalari.

e) Iraungipena eta etena:

Iraungipena: honako hauengatik gertatuko da:

1._Interesatuak hala nahi duelako edo uko egin duelako.

2._Zerbitzua prestazioa eskuratzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo baldintzak gehiago betetzen ez dituelako.

3._Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4._Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5._Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasun egiazkoak gertatzeagatik.

6._Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7._Egoera hobetzeagatik edo ELZaren esku hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, GZOko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak irteera ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta irteera eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpenaren aitzin entzutea emanen zaio interesatuari.

Etena: horren ondorioa izanen da zerbitzua aldi batean etetea.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua berrabiaraziko da, interesatuek eskaturik. Hilabete baino motzagoko etenetan, prestazioa istanteko berrezarriko da. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

_Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lan talde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena, eta hori dagokion espedientean agertuko da.

Famili unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzenduko dira.

_Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako goiti-beheitiak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Aldaketak interesatuak eskaturik gertatzen ahalko dira. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bestela GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren goiti-beheitiak ikusirik.

Zerbitzua emateko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, GZOak proposamen arrazoitua eginez gero istanteko abiatuko da etxez etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak:

a) Eskubideak: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

_Banakoarendako esku hartze planaren berri izatea.

_Prestazioa modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den edukiarekin eta halabereko iraupenarekin.

_Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, horietara bideratuak izatea.

_Prestazioaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri orduz izatea.

_Zerbitzua hartzean edozein goiti-beheiti izanez gero kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

_Prestazioaren beharra pertsona, familia eta gizarte aldetik sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko eskatzen den informazio guztia ekartzea.

_Prestazioa garatzeko jarrera egokia eta laguntzekoa agertzea.

_Banakoarendako laguntza programan sartu gabeko lan eta jarduerak ez eskatzea.

_Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

_Prestazioaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren ariora, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

_Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxez etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

1. ERANSKINA

Esku hartzeko protokolo teknikoa

EZLaren esku hartzea gertatzeko, profesionalen esku hartze prozesu bat behar da, eta horretarako, berriz, honako hauek behar dira:

a) Eskariaren harrera eta aurkezpena:

Profesionalaren eta eskatzailearen hasierako topaketari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norendako eskatzen den, horien guztien berri izaten du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxez etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza....), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnostikoa: horren barrenean zehaztu beharko da:

_Erabiltzailearen premia zein den.

_Erabiltzaileak berak beregaintasunez zer premia betetzen ahal dituen.

_Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

_Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZak bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzarako proposamena edo esku hartzearen diseinua; horren barrenean zehaztu beharko da:

_Esku hartzearen helburuak.

_Egin beharreko lan/jarduketak.

_Laguntzaren maiztasuna.

_Esku hartu behar duten profesionalak.

_Laguntzaren ordutegia.

_Laguntzaren iraupena.

_Alderdien konpromisoak.

_Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

_Onuradunen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZak erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku hartzea abiatzea: famili langilearen esku hartzearekin abiatzen da, laguntza zuzena emanez programatuaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte langilea eta famili langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendu eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak harrapatzen ahal dira. Aldaketa funtsezko bat gertatu bada (hala nola: famili unitatearen kideen aldaketa, aldaketa onuragarria beregaintasunean edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan, etab.) kasuaren beste balorazio bat eginen da. Aldaketak beste baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena, etab., banakoarendako proiektuan aplikatuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

_Gizarte txostena.

_Menpekotasuna baloratzeko bitartekoak.

_Zerbitzua hasteko proposamena.

_Banakako laguntzarako proiektuaren proposamena.

_Zerbitzua hasteko proposamena.

_Alderdiek hartutako konpromisoen agiria, hala behar badu.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa

ELZ hartzeko eskaria Mankomunitate honen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, famili unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

_NANaren fotokopia.

_Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

_Osasun txostena eta, hala bada, izan litezkeen onuradunen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila egiaztatzeko.

_Erroldako eta bizikidetza agiria.

_Azken ekitaldi fiskalari dagokion PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko dirusarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien dirusarreren zinpeko aitorpena.

_9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak; honako hauetatik heldu direnak dira:

-Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.

-Famili unitateko kideen menpekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak...

Bizikidetza unitatearen nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da eskariaren gaineko ebazpena emateko.

Ez da beharrezkoa izanen aurkeztea entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L0700404