18. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLAZTI

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Olaztiko Udalak, 2006ko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2006ko 82. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 10ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Olaztin, 2007ko urtarrilaren 5ean._Alkatea, Blanca Arza Bergerandi.

OLAZTIKO UDALERRIAN MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Olaztiko udalerrian merkataritza ez egonkorra arautzea du xede ordenantza honek, merkataritza ez egonkorrari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak Nafarroako toki entitateei aitortzen dizkien eskumenak erabiliz; batez ere, Foru Lege horretako 5. artikuluak entitate horiei aitortzen dien erregelamendu ahalmena.

2. artikulua. Merkataritza ez egonkorraren definizioa.

Ordenantza honi dagokionez, merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan egiten dutena, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean eta udal ordenantza honetan ezarri baldintzei jarraikiz.

3. artikulua. Debekatutako merkataritza.

Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da inolaz ere hura saltzeko baimenik emanen.

Halaber, debekaturik dago honako hauek saltzea: haragia, hegaztiak eta ehizaki freskoa, hotzetan nahiz izozturik, zezina, arrautzak, arraina eta itsaski freskoak, hotzetan nahiz izozturik; esne ziurtatua, pasteurizatua eta esneki freskoak; pastelak eta opilak, beteak zein apainduak; elikadurako pasta freskoak, beteak eta erdikontserbak; eta haien ezaugarri bereziengatik eta agintari eskudunen ustez osasun arriskua duten produktu guztiak.

Dena dela, baimena eman ahalko da aurreko lerroaldean aipatu produktuak saltzeko, baldin eta osasun agintari eskudunen ustez behar diren instalazioak badaude garraiatu eta hotzik edukitzeko.

Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ukituko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazkaitzezkoak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.

Ikuskapen zerbitzuek salmentatik kendu, baita bahitu ere, eginen dituzte araudi higieniko-sanitarioa betetzen ez duten produktuak, haiek saltzeko, biltegian gordetzeko edo ibilgailuan garraiatzeko baldintzei begiratuta. Neurri bera hartzen ahal da eskaintza edo produktuen gainean, haiek erabat identifikatu ezin badira edo hondatuta daudela aztarnak badituzte.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek haientzat ezarritako osasun arauak beteko dituzte, eta zenbait produktu nahitaez ontzitan sartuta eta etiketatuta egonen dira, araudiak hala eskatzen duenean.

4. artikulua. Merkatarien betebeharrak.

Merkatari ez egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

a) Alta hartua izatea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean, dagozkien epigrafeetan.

b) Ogasun publikoarekiko zerga betebeharrak beterik izatea.

c) Alta hartua izatea Gizarte Segurantzan dagokien araubidean eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuta dituztela frogatzea.

d) Olaztiko Udalaren baimena izatea, saltokian ikusteko moduan agerian egonen dena.

e) Osasungintzako arau teknikoek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.

f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta bere kasa lanean aritzekoa izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.

g) Argi ikusteko moduko kartelen bidez kontsumitzaileari adieraztea zein diren salgaien ezkutuko fabrikazio edo produkzio akatsak.

h) Behar adinako dokumentazioa izatea, salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria egiazten dituena.

i) Elikagaiak salduz gero, janari erabiltzaileen karneta izatea, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek emana.

j) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, baimendutako instalazioetan gerta daitezkeen ustekabeko arrazoi edo ezbeharrak direla eta, hirugarrenek izan dezaketen kaltea estaliko duena.

5. artikulua. Merkataritza ez egonkorreko moduak, ordenantza honetan arautuak.

Merkataritza ez egonkorra modu hauetakoa izaten ahal da:

a) Merkatu txikietan, aldikotasuna eta tokiak aldez aurretik erabakita.

b) Noizbehinkako merkataritza, jai eta ferietan.

c) Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan.

II. TITULUA

Salmenta ibiltaria merkatu txikietan

1. KAPITULUA

Jardueran aritzeko baldintzak

6. artikulua. Baimena.

Olaztiko udalerrian salmenta ibiltarian aritzeko, Udalaren lizentzia beharko da.

7. artikulua. Egunak.

Oraingoz, astearteetan eginen da salmenta ibiltaria merkatu txikietan; jaieguna bada, astelehenean izanen da.

8. artikulua. Ordutegia.

Salmentarako orduak 9etatik 14ak arte izanen da.

9. artikulua. Kokalekua.

Eguraldia ona denean, Postetxe edo Intsumisio, San Migel eta Sarasate plazetan jarriko da merkatu txikia; eguraldi txarrarekin, pilotalekuan.

10. artikulua. Orduak eta tokia aldatzea.

Alkateak du ahalmena aurreko artikuluetan aipatu ordu eta tokiak aldatzeko kasu jakin batzuetan baldin eta jaiegunetako inguruabar objektiboak, hirigintzako beharrek, osasungintzakoek edo obren ondoriozkoek, ibilgailuen antolamenduak eta abarrek hartara behartzen badute.

Udalak, aldaketa behin betikoa denean, ordenantzak aldatzeko prozedura erabili beharko du.

2. KAPITULUA

Merkatu txikian saltzeko baimenak

11. artikulua. Eskumena.

Alkatearena da banakako baimenak banatzeko eskumena, herriko merkatu txikian salmenta lanetan jardun ahal izateko.

12. artikulua. Baimenetarako baldintza orokorrak.

Banakako baimenak norberarenak eta eskualdaezinak dira. Olaztiko udalerrian egun batez, sei hilabetez, baita urtebetez ere, merkataritzan aritzea da xedea.

Baimenean adieraziko da nor den titularra, indarraldia, saltokiaren neurriak, baldintzak nahiz kokalekua eta salmentarako baimena duten produktuak.

Ibilgailu egokietako salmenta baimenduetan izan ezik, saltokiak urratzeko modukoak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

Kamioi-dendetan nahiz saltokietan aritzeko baimena dagoenean, salmahaien gehieneko azalera hamar (10) metro koadrokoa izanen da.

Ordenantza honetako 3. artikuluaren 2. lerroaldean aipatutako produktu debekatuetako bat edo gehiago saltzeko baimena eskatuz gero, osasun arloko baimenak erakutsi beharko dira edo beharrezkoak diren bestelakoak. Osasun arloko agintari eskudunek eskatzailearen garraioko eta hozkailuen instalazioak egokiak ote diren begiratuko dute, produktuek behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioak izan ditzaten. Osasungintzako agintarien ustez frogabide horretarako behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merkatariek.

13. artikulua. Baimena eskatzea.

1._Edozein unetan eskatzen ahal dira baimenak, baldin eta emanda daudenak udal plangintzaren arabera baimendu daitezkeenak baino gutxiago badira.

Eskaeren kopurua Udalak ezarritakoa baino handiagoa bada, lehiakortasun publikora joko da zozketa bidez esleitzeko.

Zozketa horretan, salgaiak askotarikoak izatea begiratuko da.

2._Eskatzaileek dokumentazio hau erantsiko diote eskabideari:

a) NANaren fotokopia.

b) Udalaren ziurtagiria, eskatzaileak Jarduera Ekonomikoen Zergan edo Lizentzia Fiskalean, behar diren epigrafeetan alta hartua duela eta zerga betebeharrak beterik dituela frogatzeko.

c) Gizarte Segurantzan dagokion araubidean inskribaturik dagoela erakusten duen ziurtagiria.

d) Atzerritarra baldin bada, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimenaren fotokopia.

e) Janari erabiltzaileen karnetaren fotokopia, elikagaiak saltzen dituztenen kasuan.

3._Merkatariek merkatu txikian zein produktu saltzeko baimena eskatzen duten adieraziko dute eskabidean, baita saltokiaren baldintzak edo ezaugarriak ere.

4._Helbidea udalerri honetan izanez gero, merkatariak horrela adieraziko du eskabidean.

14. artikulua. Lehentasunak.

Baimena eskuratzeko, helbidea udalerrian duten merkatariek lehentasuna izanen dute merkatu txikian saltokiak jartzeko.

3. KAPITULUA

Baimena eskuratzen duten merkatarien betebeharrak

15. artikulua. Betebeharrak.

Banan banako baimenen titularrak, 4. artikuluko baldintzak betetzeaz gain, behartuta daude ondokoak ere betetzera:

a) Salgai dauden produktuak lurretik laurogei zentimetrotara gutxienez jartzea, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute.

b) Esleitutako saltokian egotea. Merkatu txikira 6 egunez tartekatuta, edo 3 egun segidan, agertzen ez denari, alkateak lizentzia kentzen ahalko dio.

c) Salmenta orduetan saltokian egotea.

d) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbi eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea; batez ere, pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, gaiek ez ditzaten pisu edo balantzak ukitu.

e) Esleitutako postua txukun izatea, eta saltzeko orduak bukatutakoan hura garbitzea.

f) Saltzeko orduak bukatuta, bildukiak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) horretarako jarritako zaborrontzietan sartu behar dira.

g) Ezin da etengabeko asotsik sortu bezeroen arreta eskuratzeko, ez merkatuan, ezta herriko gainerako kaleetan ere.

III. TITULUA

Noizbehinkako merkataritza feria eta jaietan

16. artikulua. Baimena.

Feria eta jaietan, Olaztiko udalerrian noizbehinkako merkataritzan aritzeko, Udalaren baimena eskuratu beharko da aldez aurretik.

17. artikulua. Eskumena.

Alkatearen eskumena da kalez kaleko salmentari baimena ematea herriko feria eta jaietan. Udalak garaiz onetsiko ditu salmentarako baldintzak. Zehatz-mehatz, merkatariek non-noiz saldu, zenbat postutan gehienez eta horiek zer baldintzak beteko dituzten erabakiko du.

18. artikulua. Baldintzak.

Herriko jai eta ferietan salmentan aritzen diren merkatariek ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Halaber, debekaturik dago 3. artikuluan aipatutako produktuak saltzea, baina saltzaileak haietarako baimena eska dezake berariaz.

19. artikulua. Baimena eskatzea.

Baimen eskabideak Udaletxean aurkeztuko dira, Udalak berak ezarritako epearen barrenean. Bestela, feria edo jaia hasi baino hamabost egun lehenago.

Eskatzaileek 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa beharko dute aurkeztu eskaerarekin batean.

Feriak edo jaiak irauten duen bitartean baizik ez dute balioko baimenek.

Alkateak lizentzien kopurua mugatzen badu, zozketaz emanen dira eskaeren kopurua baimenena baino handiagoa denean; betiere, Olaztiko herritarrek lehentasuna dutela.

IV. TITULUA

Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan

20. artikulua. Eskumena.

Alkateak emanen du baimena denda-ibilgailuan merkataritzan aritzeko, merkatariak, 15. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztuz, eskaera egin ondoren.

Saltzen diren produktuak 3. artikuluan aipatutakoetakoak badira, baimena izan dezaketenak alegia, baimen hori eman baino lehen merkatariak instalazio egokiak dituela frogatu beharko die osasun agintari eskudunei produktuak garraiatu eta hotzik edukitzeko.

Saltzeko orduak eta ibilgailua non kokatuko den zehaztuko ditu baimenak.

21. artikulua. Baldintzak.

Denda-ibilgailuko merkatariek uneoro bete beharko dituzte 4. artikuluan ezarritako baldintzak.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

22. artikulua. Arau-hauste arinak.

Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Olaztiko alkatearen baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea.

b) 13/1989 Foru Legearen aginduak edo ordenantza honetakoak ez betetzea, arau-hausteen beste bi kategorietakoak izan ezik.

23. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Hutsegite arinetan berrerortzea. Hiru arau-hauste arinek arau-hauste larri bat egiten dute.

b) Merkataritzaren xede diren produktuen araudian eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibideak ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

24. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau hauste larrietan berrerortzea.

b) Toki entitatearen baimenik gabe aritzea.

c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean buru eman, larderiatzea edo mehatxatzea.

25. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 90,15 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 90,16 eurotik 150,25 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 150,26 eurotik 300,51 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko.

Salgaiekin badaezpadako neurriak hartuko dira, haiek ikuskatu ondoren, merkaturatzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztela uste denean; konfiskatu eginen dira, agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskua sortzen badute, edo merkatariak produktua saltzeko baimenik ez badu.

26. artikulua. Prozedura.

Prozedura aldetik, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio zehapen espedienteak.

VI. TITULUA

Alderdi fiskalak

27. artikulua. Tasa.

Ordenantza honetan aipatu udal lizentzietatik edozein eskuratzea zergapeko egintza da, eta tasa ordaindu beharko da.

Edozein lizentzia eskatu eta eskuratzen duen merkataria da tasaren subjektu pasiboa.

Tasaren zenbatekoa ordenantza honen eranskinean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honek ez du Udala behartzen arautu diren salmenta motak baimentzera.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0700287