18. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

23/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 16koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako administrazio publikoei eta sektore publikoari buruzko azterlan eta ikerlanetarako 2007ko "Martin Azpilikueta" IV. sarirako deia egiten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak estatutuen bidez eskuratu du, beste eginkizunen artean, Nafarroako Administrazio Publikoei interesatzen zaizkien alderdiei eta sektore publikoaren jarduerari loturiko gaiei buruzko ikerlan eta argitalpenak sustatzekoa, haiek hobeki ezagutu, administrazioari dagokionez antolatu eta eguneratzeko ezinbesteko lana da eta.

Estatutuek agindua gauzatzeko, Institutuak proposatu zuen sari batzuk sortzea. Haien deialdi, aitorpen eta diruaren bidez Nafarroako Administrazio Publikoaren jarduerarekin ez ezik (agintaritza lege-betearazlea den aldetik) Foru Komunitateko sektore publikoaren jarduerarekin ere zuzeneko harremana duten arloetako ikerketa eta ekoizpen zientifikoa sustatu nahi da.

Sari honen deialdia urtero egitekoa da eta Martin Azpilikueta (Barasoain 1492-Erroma 1586) entzute handiko nafar katedradun, legelari eta teologoaren izena izanen du. Izan ere, Azpilikuetak bere lanetan, gehienbat "Manual de Confesores" deritzon horretan (1552), errege absolutuen aginteari muga etiko batzuk jarri zizkion eta mugapen hori defenditu zuen. Gainera, agintaritzaren aldetik jazarkundea ere sufritu zuen, beste nafar ospetsu bat, Frai Bartolomé de Carranza, Inkisizioaren aurrean aldeztean.

Sari honen helburua Nafarroako Administrazio Publikoen eta Sektore Publikoaren orotariko kontuei buruzko saiakera eta ikerlanak sustatzea da. Laugarren deialdia arautzen duten arauotan aldaketa batzuk egin dira, aurrekoetatik hartutako esperientziak erakutsitakoaren ondorioz.

Horregatik guztiagatik, bere Estatutuak onesten dituen irailaren 12ko 112/2005 Foru Dekretuak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari esleitzen dizkion eskumenekin bat, 2007. urteko "Martín Azpilkueta" IV. sarirako deia egiten da. Hona hemen haren arauak:

ARAUAK

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoei eta Sektore Publikoari buruzko azterlan eta ikerlanetarako "Martin Azpilkueta" IV. sarirako deialdia egitea, 2007. urteari dagokiona.

2. Saria Nafarroako jarduera publikoari zuzenean loturiko orotariko lanik onenak nabarmentzeko emanen da. Lanak gai hauei buruzkoak izanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak eta legeak.

b) Giza baliabideak kudeatzea, Nafarroako Administrazio Publikoen kalitatea eguneratu eta hobetzea eta Sektore Publikoa arrazionalizatzea.

c) Politika ekonomikoa, ekonomiari, ogasunari, aurrekontuei eta kontabilitate publikoari loturiko gaietan.

d) Lurralderako eta ingurumenerako politikak, lurraldearen antolamenduari, hirigintzari, etxebizitzari, ingurumenari, herrien eta mendialdeen garapenari, mendiei, herrilanei, garraioei edo antzeko sektoreei loturiko gaietan.

Bigarrena._Laguntza-hartzaileak.

Banakakoek eta horretarako osaturiko lan taldeek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, Europar Batasuneko estatuetako herritarrak izanez gero, betiere aurreko deialdian saririk jaso ez badute.

Hirugarrena._Lanak.

1. Lanek, betiere, Nafarroako erakunde eta administrazioen eta sektore publikoaren jarduera publikorako zuzenean interesgarriak diren gaiak ukituko dituzte. Gaiak oro har eta zabaltasunez aztertuko dira. Epaimahaiak ez ditu kontuan hartuko nagusiki Nafarroari ez dagozkion lanak edo gai edo kontu oso bereziak edo aplikazio tekniko edo zientifiko sobera zehatzak xede dituztenak.

2. "Martin Azpilikueta" sarian lehiatu nahi duten ikertzaileek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearengana jo eta beren lanak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko erregistro orokorrean aurkeztuko dituzte, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001 posta kodean, edo posta ziurtatuaren bidez "2007ko Martin Azpilikueta IV. saria" izenaren pean helbide horretaraxe igorri. Ez da adierazi behar nork igorri duen postaz. Abenduaren 3ko 1829/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko posta zerbitzuen prestazioari buruzko Erregelamenduko 24.3 artikuluan xedatu bezala eginen da. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan aurkezten ahal dira.

3. Lanetan ez da datu pertsonalik agertuko. Izenburua baizik ez da adieraziko. Lanarekin batera, kartazal itxi bat aurkeztuko da "2007ko Martin Azpilikueta IV. Saria" izenarekin. Horren barruan agertuko dira egilearen datuak eta lanaren izenburua.

4. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzean hasi eta 2007ko urriaren 1ean bukatuko da.

5. Lanak gaztelaniaz, euskaraz edo Europar Batasuneko hizkuntza ofizial batean aurkeztuko dira (azken bi kasuetan, gaztelaniazko itzulpenarekin batera). Jatorrizkoak eta argitaratugabeak izanen dira eta Administrazio edo entitate publiko edo pribatu batek ezin sarituko zituen lehenago.

6. Lanak A-4 formatuan aurkeztuko dira, lerroarte bikoitzean idatziak, "Times New Roman" letran, 12 tamainan, alde bakar batetik, eta euskarri informatikoan (Word formatuan). 200 orriko luzera izanen dute gutxienez.

Laugarrena._Saria.

1. Sari bakarra emanen da, 12.000 eurokoa, bidezko zerga-atxikipenak eginda. Saridunari egiaztapen diploma bat ere emanen zaio, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatua.

2. Halaber, epaimahaiaren arabera merezi badu, irabazlearen ondoren gehien baloratzen den hautagaiari aipamen berezi bat eta 6.000 euro ematen ahalko zaizkio.

3. Saria Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru aginduaren bidez emanen da. Foru agindua 2007ko abenduaren 1a baino lehen onetsiko da eta, ondotik, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta saritutako pertsonei jakinaraziko zaie. Foru aginduan epaimahaiko kideak nor diren adieraziko da.

4. Saria eta aipamena jendaurreko ekitaldi batean emanen dira, aurretik adieraziko diren egunean eta tokian.

5. Sariak bateragarriak izanen dira Administrazio Publikoek edo bestelako entitate publiko edo pribatuek, Espainiakoek edo atzerrikoek, ikerlanak egiteko emaniko dirulaguntzekin.

Bosgarrena._Epaimahaia.

1. Lanak ebaluatuko dituen epaimahaiak kide hauek izanen ditu: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, mahaiburu lanetan arituko dena, institutu horretako Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuko zuzendaria, eta lau mahaikide, Administrazio Publikoen edo unibertsitateen esparruan entzute handia duten pertsonen artetik izendatuak. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko administrazio publikoko arlo juridikoko teknikari bat arituko da idazkari lanetan. Honek hizpidea izanen du, baina botorik ez.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Ebaluazio prozesuan, epaimahaiak kontuan hartuko ditu zehaztasun zientifikoa, metodoa, kalitatea, lanaren orotariko esparrua eta ikerlanak Nafarroako erakunde eta administrazio publikoen jarduerarako duen interesa.

4. Epaimahaiak saridunaren gaineko eta, horrelakorik bada, aipamenaren gaineko proposamen lotzailea igorriko dio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari. Epaimahaiaren arabera hautagai batek ere aski diren merezimenduak ez baditu, saria eman gabe geldituko da.

5. Behin epaimahaiak saria merezi duen lanaren gaineko epaia eman ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko idazkari tekniko nagusiak, beste ekitaldi batean, parte-hartzaileen izen-abizenak gordetzen dituen gutunazalak irekiko ditu, objektibotasunerako behar diren neurriak hartuta.

6. Epaimahaiko kideek, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak direnek izan ezik, eskubidea izanen dute ezarriko diren konpentsazioak izateko ebaluazio jardueraren truke.

Seigarrena._Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren konpromisoak.

1. Saria antolatu, baloratu edo emateko prozesuan parte hartzen duten pertsonek isilik iraunen dute aurkezten diren hautagaiei egiten dizkieten ebaluazioen emaitzei buruz.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak argibideak emanen ditu deialdiaren gainean Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuan, 848-427499 telefonoan eta SERMODINAP@cfnavarra.es helbide elektronikoan.

3. Oinarri hauek eta saria nori eman ebazten duen foru agindua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

4. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak behar diren urratsak emanen ditu hautagai irabazleei sariak eta deialdi honen ondoriozko gastu guztiak pagatzeko.

5. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak saritutako pertsonekin soil-soilik jarriko da harremanetan eta saria eman eta bi hilabetera saritu gabeko lan guztiak suntsituko ditu, salbu eta emaitzaren kontra errekurtsorik paratzen bada. Hala gertatuz gero, errekurtsoaren ondorioetarako bakarrik gordeko dira

Zazpigarrena._Lanen argitalpena.

1. Parte-hartzaileek konpromisoa hartu beharko dute lanak, sarituak izanez gero, lehenbizikoz argitaratzeko eskubide ekonomikoak dohainik lagatzeko.

2. Betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak saria irabazten duen lana edo aipamen berezia merezi duena argitaratzeko eskubidea beretzat gordeko du. Saria eman eta bi urtera iraungiko da eskubide hori, epe horretan erabili ezik.

Zortzigarrena._Deialdiaren onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar arauak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien menpe egotea.

Bederatzigarrena._Gorabeherak eta ustekabekoak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak erabakiko du gertatzen diren gorabeheren eta arauetan aurreikusirik ez dauden gertaeren gainean.

Hamargarrena._Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen kontra eta sariaren gainean ebatziko duenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren eta epaimahaiaren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarrena._Kontusaila.

Foru agindu hau gauzatzeko 25.000 euroko gastua onartzen da, horietatik 18.000 euro Nafarroako 2007ko Aurrekontu Orokorretako "Azterlan eta ikerlanetarako laguntza eta sariak" izeneko 040001- 03200-4809-921300 kontusailaren kargura eta 7.000 euro "Azterketa eta lan teknikoak" izeneko 040001-03200-2276-921300 kontusailaren kargura.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 16an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0700944