I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
ERABAKIA, Nafarroako Foru Komunitateak unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko finantzaketarako laguntzen deialdi nazionalean parte hartzen duena eta 2006-2007 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin izenpetu beharreko hitzarmena onesten duena.
Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzak, 2006ko abuztuaren 2ko Ebazpenaren bidez, Ministroen Kontseiluak 2006ko uztailaren 28an hartu Erabakia argitaratzea xedatu zuen. Erabaki horren bidez, unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko finantzaketarako laguntzak banatzeko irizpideak eta 2006rako gertatu den banaketa gauzatu ziren. Horren arabera, Nafarroari 150.187 euro dagozkio.
Gero, irailaren 8ko 1790/2006 ECI Aginduaren bidez, unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko finantzaketarako dirulaguntzei buruzko arauak eman ziren.
Deialdi honen bidez, Boloniako Adierazpenetik sorturiko jarraibideetan iradokiriko proiektuak garatzen dituzten Espainiako unibertsitateak diruz lagundu nahi dira, 2010erako estatu kide eta lotu guztiek Europako unibertsitate eremuan bat egiteko prozesuan aurrera egin dezaten. Esparru horretan Europa osoko unibertsitate-tituluak eta irakasle-ikasleen lanbide gaitasunak onartuko dira.
Autonomia erkidegoek parte hartzen dute kudeaketa proiektu dezentralizatu horretan. Haiek, gainera, beren lurraldeko unibertsitateei dei egin eta laguntzak unibertsitate horien artean banatu behar dituzte. Nafarroaren kasuan, erkidegoa unibertsitate publiko bakar baten titularra denez, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetza hitzarmen bat izenpetu eta haren aldeko funtsen banaketa kudeatu behar du.
Nafarroako Foru Komunitatean, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak hartu du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakaskuntza eta ikerketa proiektuak kudeatzeko ardura, eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren solaskidea izanen da gai hauetarako.
Aurrekoa kontuan izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako eskumenak erabiliz, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Foru Komunitateak unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko finantzaketarako laguntzen deialdi nazionalean parte hartzea. Parte hartze hori Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko lankidetza hitzarmenean zehaztu bezala garatuko da. Haren testua eranskinean heldu da.
2. Erabaki hau jakinaraztea Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Europarako Konbergentzia eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeari, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiari eta Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariari, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Lankidetza hitzarmen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, 2006ko abenduaren 18an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
ERANSKINA
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza hitzarmena, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko finantzaketarako laguntzen deialdi nazionala 2006-2007 ikasturtean garatzeko
Iruñean, 2006ko .........aren ...........(e)an.
ESKU HARTZEN DUTE:
Alde batetik: Luis Campoy Zueco Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 90. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera sinatzeko ahalmena baitu.
Bestetik: Pedro Burillo López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak.
Aldeek Hitzarmen hau izenpetzeko gaitasuna onartzen diote elkarri. Hori horrela,
ADIERAZTEN DUTE:
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzaren bidez, 2006ko abuztuaren 2ko Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateari 150.187 euro esleitzea erabaki zuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2006-2007 ikasturtean Europako unibertsitate eremura egokitzeko proiektuak bultzatzeko.
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak berak, irailaren 8ko 2790/2006 ECI Aginduaren bidez, egokitzeko proiektuak finantzatzeko dirulaguntzei buruzko arauak eman zituen. Autonomia erkidegoak arau horiei lotu behar zaizkie laguntza horiek kudeatzeko. Nafarroaren kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin hitzarmen bat sinatzea izanen da aplikatzeko prozedura.
Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Unibertsitatea gogaideak dira, biek uste baitute Europa osoan unibertsitate sistema bat emeki-emeki eraiki eta sendotuko bada, eta Espainiari dagokionez, prozesua garatzen ari den une honetan, gobernuak, autonomia erkidegoek eta unibertsitateek kemenez hartu beharko dutela parte, prozesu horrek aurrera egin dezan beharrezkotzat jotzen diren jarduerak planifikatu, diseinatu eta zehazteko proiektuak burutzeko elkarrekiko jarduketetan.
Unibertsitate Publikoak adierazi du deialdi honetan parte hartu nahi duela, deialdiaren helburuak elkarrekin bat baitatoz unibertsitateak 2005-2008 Plan Estrategikoan finkatu zituenekin, Europarako konbergentziari dagokionez.
Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hezkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak unibertsitate politikarako helburuen artean espresuki dauka Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin parte hartzea unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko proiektuak bultzatzeko laguntzak finantzatzeko deialdian.
Boloniako prozesuaren barruan unibertsitate-erakundeen egokitzapena diseinatzeko proposamenak finantatzeko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak egin duen deialdiaren arabera elkarrekiko ildo nagusiak ezarri eta garatzeko eta Europako unibertsitate eremua eraikitzeko ekintzak bultzatzeko eta gure goi mailako hezkuntza sistema hartara emeki-emeki egokitzeko, behean sinatzen dutenek klausula hauek adostu dituzte:
Lehenbizikoa._Xedea.
Lankidetza hitzarmen honen xedea da unibertsitate-erakundeak Europako unibertsitate eremura egokitzeko finantzaketarako dirulaguntzei buruzko arauak ematen dituen deialdi nazionalean xedaturikoa Nafarroako Foru Komunitatean garatu eta burutzeko baldintzak ezartzea, 2006-2007 ikasturtean.
Laguntza horiek emateko baldintzak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak irailaren 8an eman 2790/2006 ECI Aginduari eta lankidetza hitzarmen honetako klausulei lotuko zaizkie.
Bigarrena._Helburua.
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoa Europako unibertsitate eremura egokitzeko baldintzak sortu eta baliabideak errazteko, horretarako proiektu eta ekimenak sortuz.
Deialdi nazionaleko arauek xedatu bezala, Nafarroako Unibertsitate Publikoak dirulaguntzaren xede diren jarduerak egin beharko ditu eta Hezkuntza Departamentuaren aurrean frogatu beharko du jarduera horiek burutu dituela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Hezkuntza Departamentuarekin izenpetzen dituen berariazko itunetan ezarririko baldintzetan. Kontuan hartuz Espainia osoko deialdia dela, dirua itzultzeko zergatikoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aipatzen direnak izanen dira.
Hirugarrena._Dirulaguntzen xede izan daitezkeen proiektuak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Europarako Konbergentzia eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak izanen du ardura proiektuak proposatu eta burutzeko.
Proiektuen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoa Europako unibertsitate eremuan Espainiako unibertsitate-sistemaren egokitzapenak behar dituen berrikuntzetara egokitzea izanen da.
Proiektuek, beraz, esparru hori eraikitzeko Boloniako prozesuaren osagai nagusiak lehentasunezko ildoen artetik ezartzeko jokabide eta jarduerak bildu beharko dituzte.
Laugarrena._Nafarroako Unibertsitate Publikoak garatu beharreko proiektuak.
Aurreko klausularekin bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoa beharturik dago ondoren aipatzen diren proiektuak burutzera. Horietarako, kasuan-kasuan aipatzen den dirua esleituko zaio:
A) Egin beharreko proiektuak eta dirulaguntzak.
1. Bikaintasunerako eta irakaskuntzaren berrikuntzarako pizgarriak, proiektu hauek biltzen dituztenak:
1.1. Metodologia berriak energia berriztagarriko sistemak sare elektrikoan txertatzeko azterlanak: 12.000 euro.
1.2. Europako unibertsitate eremura egoikitzeko plan pilotua. Gradu eta graduatuondo berriak diseinatzeko prestatzea: 50.000 euro.
1.3. Bikaintasunerako eta irakaskuntzaren berrikuntzarako pizgarriak. Kalitateko irakasle taldeak sustatzea: 3.000 euro.
2. Boloniako prozesuaren nondik norakoak gizarteari dagokionez: 1.500 euro.
3. Irakaskuntza berriaren plangintzarako eta kalitatearen bermerako barne prozesuak ezartzea.
3.1. Prestakuntza plana eta 2006-2007 plan pilotuen jarraipena: 19.187 euro.
3.2. Irakaskuntza gune eta azpiegituren behar berriak aztertu eta bidezko bada betetzea, Europako unibertsitate eremua ezartzeko: 20.000 euro.
4. Espainiako eta nazioarteko lankidetza:
4.1. Europako unibertsitate eremurako mugikortasun akademikoa: 20.000 euro.
4.2. Unibertsitatearen nazioarteko proiekzioa: 20.000 euro.
4.3. Irakasleak biltzea: 3.000 euro.
5. Kudeaketarako pizgarriak: Europako unibertsitate eremua burutzea eta osagarria: 1.500 euro.
B) Aldatu ezinak.
Hitzarmen honetan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Hezkuntza Departamentuak berariazko itunak izenpetu beharko dituzte, non proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren kontu xeheak eta proiektu horri buruz Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere gain hartzen dituen eginbeharrak zehaztuko baitira. Itun horiek Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak onetsi beharko ditu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Europarako Konbergentzia eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak izenpetuko dituzte.
Bosgarrena._Burutzeko epeak.
Dirulaguntzaren xede diren proiektuak 2006-2007 ikasturtean burutu beharko dira. Burutu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoak memoria bat prestatu beharko du, 2007ko azaroaren 15a baino lehen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan aurkeztu beharko dena.
2007ko abenduaren 15a baino lehen, Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren memoria igorriko du Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora, eginiko jardueren ebaluazioarekin batera.
Seigarrena._Eginiko jardueren balorazioa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginiko jardueren mermoria dirulaguntzaren xede diren proiektuei dagokionez baloratzea Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
Zazpigarrena._Lankidetza hitzarmenaren publizitatea.
Lankidetza hitzarmen honen edukia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
Lankidetza hitzarmena sinatu eta hurrengo hamar egunetan, kopia bat igorriko da Hezkuntza eta Zientzia Ministeriora, horrek, legeek ezarririko moduan, 150.187 euroak pagatu ditzan, zenbateko hori baita Nafarroako Foru Komunitatean aurkezturiko proiektuetarako dirulaguntzei dagokiena.
Zortzigarrena._Finantzatzeko modua.
Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzak 2006ko abuztuaren 2an eman Ebazpenean xedaturikoaren arabera, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 150.187 euro transferituko dizkio Nafarroako Foru Komunitateari, lankidetza hitzarmen hau sinatu eta gero, eta Foru Komunitateko Administrazioak, bere aldetik, dirua hartu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoari transferituko dio, indarra duen arautegiarekin bat. Ebazpen hura 2006ko 188. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 8an. Abonua aurrerakina izanen da eta beraz Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin beharreko proiektuak burutu eta hori frogatu beharko du.
Bederatzigarrena._Finantzaketaren ondoriozko konpromisoak.
Hitzarmen hau sinatzeak ez dakarkio Nafarroako Gobernuari inolako konpromiso finantzariorik. Bakarrik Estatuak erabaki duen dirua banatu beharko du eta beraz 150.187 euroak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi beharko ditu.
Hamargarrena._Hitzarmenaren izaera
Lankidetza hitzarmen hau administratiboa da eta hari, eskuarki, irailaren 8ko 2790/2006 ECI Agindua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko zaizkio.
Eta adostasunaren adierazgarri, Lankidetza Hitzarmen hau sinatu dute lehentxeago esandako egunean eta tokian.
Nafarroako Gobernuaren aldetik, Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco. errektorea, Pedro Burillo López.
Iragarkiaren kodea: F0620306