I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
25/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakume langileei laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2007rako.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman aurretik, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu eta, gero, argitaratu. Horrela, jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.
Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeko lehen xedapen gehigarria ("laguntzak amatasunagatik") aldatu zuen ekainaren 16ko 7/2005 Foru Legeak. Azken lege horren artikulu bakarreko 1.a) idatz-zatiak ezartzen du deialdi bat onetsi behar dela hiru urtez azpiko haurrak dituzten emakume langileei laguntzak emateko, eta, orobat, laguntzak lortzeko bete beharko diren baldintzak eta zein epetan eskatuko diren ere zehaztu beharko dela.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, egokia dela dirulaguntza horiek ematea eta deialdiak zein bere arauek legezkotasuna betetzen dutela.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakume langileei laguntzak emateko deialdia onestea, 2007rako. Foru agindu honen eranskinean dago.
2. 3.499.999,67 euroko gastua onartzea, 20076ko gastuen aurrekontuko "Emakume langileentzako laguntzak" izeneko 950002 92130 4809 231503 kontusailaren kargura.
3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Familia Atalari eta Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiko Kontabilitate Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko urtarrilaren 26an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Arauak
1._Xedea.
Deialdi honen helburua laguntzak emateko araubidea ezartzea da. Laguntza horiek aurreikusita daude, hain zuzen ere, zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeko lehen xedapen gehigarria ("laguntzak amatasunagatik") aldatu zuen ekainaren 16ko 7/2005 Foru Legearen artikulu bakarreko 1.a) idatz-zatian.
2._Onuradunak.
2.1. Deialdi honetako laguntzak jaso ditzakete 2006. urtean beren gain edo besteren kontura lan jardueraren batean aritu diren amek, baldin eta denbora horretan hiru urtetik beherako haurrak izan badituzte beren kargu, eta famili unitateko errenta deialdi honetako hirugarren arauan ezarritako mugen barnean badago.
2.2. Deialdi honetan famili unitatetzat hartuko da:
a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
b) Berariazko legeriaren araberako bikote egonkor batek edo besterik gabe elkarrekin bizi diren bi lagunek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko idatz-zatietan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
3._Laguntzen zenbatekoa.
3.1. Hiru urtetik beherako haurrak dituzten ama langileek jasotzen ahal dituzten laguntzak:
a) 1.800 euro urtean, baldintza guztiak betetzen diren hilabetean 150 euro, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan famili unitateko kide guztiek dituzten zerga-oinarrien zati orokorraren batura 26.000 eurotik beherakoa denean. (Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko inprimakiko 507. laukia).
b) 1.200 euro urtean, baldintza guztiak betetzen diren hilabetean 100 euro, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan famili unitateko kide guztiek dituzten zerga-oinarrien zati orokorraren batura 26.000 eurokoa edo handiagoa eta 40.000 eurotik beherakoa denean. (Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egiteko inprimakiko 507. laukia).
3.2. Deialdian hasiera batean 3.499.999,67 euro izanen dira, eta 2006ko gastuen aurrekontuko "Ama langileentzako laguntzak" izeneko 950002 92130 4809 231503 kontusailaren kargura emanen dira laguntzak.
4._Betebeharrak.
Deialdi honen hirugarren arauan ezarritako dirulaguntza lortu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) 2006an etxebizitza eta helbide fiskala Nafarroan izatea.
b) 2007ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena 2006. urtean Nafarroan aurkeztu izana. Aitorpena aurkeztu beharrik ez bada, horren berri emanen da eskabidean. Halako kasuetan, Familiaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzailearen dirusarrera fiskalei buruzko informazioa eskatuko dio Zerga Ogasunari.
c) Jaiotzaren, adopzioaren edo harrera iraunkorraren nahiz adopzio aurreko harreraren ondorioz 2006. urtean hiru urtetik beherako haurrak bere kargu izan dituela egiaztatzea.
d) Bere kontura edo besteren kontura jarduera batean ari dela egiaztatzea.
e) 2006an Emakumea Gizarte Segurantzan edo mutualitate batean alta emanda dagoela eta hilabetero gutxienez lanaldi osoko bost laneguni dagokien denbora lanean egin duela frogatzea.
f) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan famili unitateko zerga-oinarriaren mugak ez gainditzea (muga horiek deialdi honetan hirugarren arauan ezarri dira).
5._Eskaerak eta dokumentazioa.
5.1. Laguntza eskaeraren eta transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakiak hartzeko tokiak: Familiaren Zuzendaritza Nagusia, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es (Familia. Ayudas a familias) web orria eta 012 telefonoa.
5.2. Laguntza eskaerak Familiaren Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaizkio, eta deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita apirilaren 30era bitarte, hori barne, aurkeztuko dira, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.
5.3. Laguntzarako eskubidea ematen duen haur bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da, agiri hauekin batean:
a) Eskatzailearen eta ezkontidearen edo, hala denean, bikotekidearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
b) Familia Liburuaren fotokopia.
c) Gizarte Segurantzatik kanpoko afiliazio erregimenetan sartuta dauden eskatzaileek aurkeztu beharrekoa:
_Administrazio publikoetan lan egiten duten amek, zein departamentutan ari diren, hango zerbitzu orria.
_Beste mutualitate batzuei atxikita ari diren amek, berriz, mutualitatean alta emanda daudela frogatzen duen agiria, eta beren lan jarduera frogatzen duten beste agiri batzuk, hala nola, minutak, fakturak, BEZaren aitorpenak, etab.
d) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
e) Banantze edo dibortzio kasuetan, eskaitzaileak laguntzaren xede den haurraren zaintza eta babespea duela frogatzen duen epai, ebazpen edo erabakiaren kopia.
5.4. Eskaera egitearekin batera eskatzaileak eta famili unitateko gainerako kideek baimena ematen dute Familiaren Zuzendaritza Nagusiak deialdia ebazteko beharrezkoa den informazioa lor dezan Nafarroako Zerga Ogasunean zuzenean; hain zuzen ere, 2006. urteko zerga aldiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko informazioa. Halaber, eskaera egitean baimena ematen da Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko datuak lortzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzako Lurralde Bulegoaren bitartez. Horregatik, eskatzaileak eta, hala denean, ezkontideak edo bikotekideak sinatu behar dute eskaeraren inprimakia.
6._Ebazpena.
6.1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuko Familiaren zuzendari nagusiak emanen du eskaeren gaineko ebazpena.
6.2. Eskaerak azterturik, Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Atalak, laguntzak emateko prozeduraren izapideak egiteko organoa baita, eman beharreko laguntzen proposamena eginen dio Familiaren zuzendari nagusiari.
6.3. Familiaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du eta eskatzaileari ebazpena jakinaraziko dio 6 hilabeteko epean, deialdi honetan eskaerak aurkezteko ezarri den epea bukatzen denetik hasita.
6.4. Jakinarazpena banan-banan eginen zaie eskatzaileei, nahiz eta onuradun guztien zerrenda argitaratzen ahal den Familiaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean.
6.5. Epe horretan ebazpenik eta jakinarazpenik ez bada ezetsitzat joko da eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
7._Ordainketa.
7.1. Laguntza emateko ordainketa bakarra eginen da urtean, kontzesioko ebazpenaren bitartez. Kalkulua egiteko kontuan hartuko da deialdiko baldintzak 2006ko zein hilabetetan bete dituen eskatzaileak.
7.2. Jaiotza kasuetan, haurra jaiotzen den egunetik hasita emanen da laguntza, eta adopzio edo harrera kasuetan, berriz, adopziorako ebazpen judizialaren egunetik edo harrera iraunkorrerako zein adopzioaren aurreko harrerarako ebazpen administratibo edo judizialaren egunetik hasita, baldin eta jaiotza edo ebazpenak 2006. urtean izan badira.
7.3. Jaiotza edo ebazpenak 2006ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak badira, laguntza 2006ko urtarrilaren 1etik hasita emanen da, gainerako baldintzak betetzen badira betiere.
7.4. Kasu guztietan, jaiotza, adopzioa edo harrera izan, 2006ko abenduaren 31ra arte emanen da laguntza, haurrak hiru urte lehenago betetzen ez baditu behintzat, halakoetan egun horretara arte emanen baita.
8._Laguntzen bateragarritasuna.
Foru agindu honetako laguntza bateragarria izanen da Gizarte Segurantzak eta Familiaren Zuzendaritza Nagusiak xede bererako emandako beste laguntza batzuekin, baina horretatik kanpo gelditzen da ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan arautzen den eszedentziengatiko laguntza (dekretu hori urtarrilaren 29ko 24/2001 Foru Dekretuak aldatu zuen).
9._Laguntzaren iraungitzea eta itzuli beharra.
9.1. Eskatzen diren baldintzak bete gabe lortzen bada laguntza onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, deuseztatu eginen da, jasotako diru guztia edo parte bat itzuli beharko da eta berandutza interesak eskatuko dira laguntza ordaindu zen unetik hasita, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan finkatutako zenbatekoan, ezartzen ahal diren zehapenak alde batera utzi gabe.
9.2. Eskatzen diren baldintzak bete gabe lortzen bada laguntza administrazioari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, jasotako diru guztia edo parte bat itzuli beharra baizik ez da izanen.
10._Maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuaren babesean aurkeztutako eskaerak.
Martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren eta maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuaren babesean aurkeztutako ama langileentzako laguntza eskaerek araudi horren menpe segituko dute.
11._Errekurtsoak.
11.1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.
11.2. Foru agindu hau betetzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F0701690