I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
298/2006 FORU AGINDUA, abenduaren 22koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, 2007an Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolan (GJNE) prestakuntza ikastaroak eta aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten Aisialdiko Eskolek antolatuak eta emanak, hala nola Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz gazteentzat interesa duten ikastaroak egiten dituzten pertsonei bekak emateko deialdiaren arauak onesten dituena.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak gazteriaren arloan duen helburuetako bat gazteekin harreman zuzena izanen duen jendea prestatzea da.
Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolan (GJNE) prestakuntza ikastaroak eta aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten Aisialdiko Eskolek antolatuak eta emanak, hala nola Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz gazteentzat interesa duten ikastaroak egiten dituzten pertsonei bekak emateko deialdia tramitatzeko. Tramitazioaldian eskaerak banan-banan ebaluatuko dira.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolan prestakuntza ikastaroak eta aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten Aisialdiko Eskolek antolatuak eta emanak, hala nola Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz interesa duten ikastaroak egiten dituzten pertsonei bekak emateko deialdia onestea. Deialdiaren arauak foru agindu honen eranskinean ageri dira.
2. Deialdi honi aurre egiteko 40.000 (berrogei mila) euroko gastua onartzea, Nafarroako 2007ko aurrekontu orokorren "Prestakuntza bekak" izeneko 940003-95210-4809-232100 kontusailaren kargura edo aurrekontu horietan helburu horretarako onesten diren antzeko kontusailen kargura ordainduko dena. Dirulaguntzen banaketa, betiere, 2007ko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, Idazkaritza Orokorraren eta Azpiegituren Zerbitzuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzari eta Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.
Iruñean, 2006ko abenduaren 22an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Arauak
1._Xedea.
Onarpen ofiziala duten Aisialdiko Hezitzaileen Eskolek antolatu eta emandako aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, GJNEk antolatutako prestakuntza ikastaroak eta Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz gazteentzat interesa duten ikastaroak egiten dituzten pertsonei bekak emateko araubidea ezartzea.
GJNEren helburua da Nafarroako gazteen heziketa ez-formala sustatzea, bai eta gazteek aisialdiko, denbora libreko eta boluntario lanak ahalik eta baldintza onenetan egiteko aukerak ematea ere. Haientzat lan egiten duten gazte eta teknikari guztiek prestakuntza jasotzeko aukera berdinak izan ditzaten, beka deialdi hau onetsi nahi da.
2._Helburua.
Beken helburua ikastaroetan inskribatu eta matrikulatzeak dakarren gastua neurri batean konpentsatzea da.
3._Esparrua.
Ikastaroak egiteko esparrua Nafarroako Foru Komunitatea da. Kanpoan egindako ikastaroak ere aintzat hartzen ahalko dira behar bezala justifikatuak badaude eta Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz interesgarriak badira.
4._Onuradunak.
4.1. GJNEk antolatzen dituen prestakuntza ikastaroak egiten dituzten pertsonek eta onarpen ofiziala duten Aisialdiko Eskolek antolatutako aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak lehenbiziko aldiz egiten dituztenek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, bai, halaber, ondoko ikastaro hauetan parte hartzen dutenek: Gazteriaren eta gizartearen arloko Masterra eta Gazteriaren eta Gizartearen arloko Aditua, biak Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarenak, Gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako Aditua, Salamancako Unibertsitatearena, Gazteentzako politiketako gradu-ondokoa, Lleidako Unibertsitatekoa eta Gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa, hauexek baitira Gazteen Zuzendariordetzaren ikuspegitik egun gazteentzat interesa duten ikastaroak. Hona hemen bete beharreko baldintzak:
a) Nafarroakoa izatea edo bertan bizitzea ikastarorako matrikulatzen denean.
b) GJNEk antolatutako ikastaroetan edo Nafarroan onarpen ofiziala duten Aisialdiko Hezitzaileen Eskolek antolaturiko aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetan edo, Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz, gazteentzat interesa duten ikastaroetan matrikulatua egotea eta matrikula ordainduta izatea.
c) Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz, gazteentzat interesa duten ikastaro bat egiteko beka eskatu nahi dutenek ondoko hauetako bat direla frogatu beharko dute: gazteen informatzailea, ofizialki onartutako aisialdirako eskola bateko irakaslea nahiz zuzendaria edo toki entitate zein mankomunitate bateko funtzionarioa edo lan kontratuduna, gazteriaren arloan lan egiten duena.
4.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaro batean lehen aldiz parte hartzen denean soilik emanen da dirulaguntza eta ez hurrengo parte-hartzeetan, edozein dela ere arrazoia: ikastaroa ez gainditzea, hura aldi baterako bertan behera uztea, eritasunagatik ez egitea, eta antzeko egoerak.
5._Aurkezteko epea eta tokia.
Eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña, 31002), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein prozeduraren bitartez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketan). Postetxeetatik igortzen diren eskaerak gutunazal ireki batean aurkeztu beharko dira, data eta zigilua jartzeko ziurtatu baino lehen.
Aisialdiko monitore edo zuzendarien ikastaroetarako eskaerak ikastaroa antolatzen duen eskolak aurkeztuko ditu, laguntza jaso nahi duen ikastaroa hasi eta hurrengo 15 eguneko epean.
Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz, gazteentzat interesa duten ikastaroetan parte hartzen dutenek ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago aurkeztu beharko dute eskaera.
Dirulaguntza eskaera guztiak, betiere, urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.
6._Dokumentazioa.
6.1. Ikastaro bakoitzerako eskaera guztiak batera aurkeztuko dira, eskabide orokorrari dokumentazio hau erantsirik:
a) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko agiria, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zein egunetan inskribatu den adierazita, 6.4 araua aplikatzeko.
b) Banan-banako inprimakia, behar bezala betea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan eskuratua, datu pertsonalak adieraziko dituena. Toki bat izanen du Eskolak zigilua jartzeko, eta ikasleak matrikula ordaindu izana frogatzen duen agiria erantsiko zaio.
c) Ikastaroan parte hartzen duten onuradunen NANaren fotokopia.
d) Transferentziaren bidez ordaintzeko eskaera (lehenago aurkeztu ez dutenentzat soilik), ikastaroan parte hartzen dutenena, laguntzarik emanez gero dirusarrera egiteko.
e) Eskatzailearen aitorpen idazkia, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eginak eta eguneraturik dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez duela adierazteko.
f) Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz interesa duten ikastaroetan parte hartzen dutenek inprimaki normalizatua, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emanen duena, ikastaroaren deialdi ofiziala, joan-etorriaren eta ostatuaren gastuen aurrekontua, halako gasturik bada, NANaren fotokopia eta transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, arau honetako e) letran aipatutako adierazpenaz gainera.
6.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak ikastaroak ematen dituztenei eta haietan parte hartzen dutenei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.
6.3. Gazteriaren Zuzendariordetzak edozein unetan egin ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, prestakuntza ekintzak behar bezala egiten direla eta dirulaguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela egiaztatzeko.
6.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.
6.5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen direnak betetzen ez baditu, ikastaroak ematen dituztenei eta haietan parte hartzen dutenei eskatzen ahalko die hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera ebazpen baten bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluari jarraikiz.
7._Instrukzioa, balorazioa eta laguntzen zenbatekoa.
7.1. Gazteriaren Zuzendariordetzak, Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolaren bitartez, eskaerak tramitatuko ditu, eta bekak emateko proposamena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko.
7.2. Lehen adierazitakoaren arabera aisialdiko monitoreentzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion beka ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da, gehienez ere 150 euro beka bakoitzeko.
7.3. Lehen adierazitakoaren arabera aisialdiko zuzendarientzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion beka ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da, gehienez ere 240 euro beka bakoitzeko.
7.4. Kalitateko prestakuntza ematearren eta ikastaroetan jende gehiegi izan ez dadin, bekak 20 ikaslerentzat izanen dira gehienez monitore ikastaro bakoitzeko, eta 15entzat zuzendari ikastaro bakoitzeko.
Arau honetan adierazitako ikasle kopurua gaindituz gero, Aisialdirako Eskolak horren berri eman beharko die matrikulatu nahi duten ikasleei, matrikula/inskripzioa egin behar duten unean, eta adierazi matrikulazio kostu osoa beren gain izanen dela. Hori inskripzio/matrikulazio agirian agertuko da.
Foru agindu honetan ezarritako laguntzak eskura ditzaketen ikasleak inskripzio ordenaren arabera aukeratuko dira, hau da, monitoreen ikastaroetan inskribatutako lehendabiziko hogeiak eta zuzendarien ikastaroetan inskribatutako lehendabiziko hamabostak.
7.5. GJNEk antolatzen dituen ikastaroetako parte-hartzaileentzako beken diru-kopurua parte hartzeko gastuen %100ekoa izanen da, eta Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz interesa duten ikastaroetako parte-hartzaileena, hots, 4.1 arauan aipatutako ikastaroak egitekoa, ordea, matrikularen %70ekoa.
7.6. Bekak gizabanakoek hartuko dituztenez, ez da bidezkoa jaso duten bekaren publizitatea egiteko eskatzerik.
8._Ebazpena.
8.1. Beka deialdiari buruzko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen hori erakundeei nahiz interesatuei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarrita dagoen bezala. Epe hori iraganik ebazpen espresurik jakinarazi gabe, eskabideak bazterturik daudela ulertuko da.
8.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.
8.3. Betiere, beken zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.
8.4. Bekak ekitaldi ekonomiko jakin batean emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere bekak hartzeko.
8.5. Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren egoitzako oholetan jarriko da, orok jakin dezan.
9._Bateraezintasuna.
Dirulaguntza hau bateraezina izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin.
10._Betebeharrak.
10.1. Beka jasotzen dutenek haren helbururako beharko dute erabili, aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroen amaierako praktikaldia egin eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren ikuskapenak onartu eta erraztu.
10.2. Laguntza eskaeren bitarteko lanetan aritzen diren Aisialdiko Eskolek ere Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren ikuskapenak onartu eta erraztu beharko dituzte. Eskaerak aurkeztearekin batera, Aisialdiko Eskolak foru agindu honetan ezarritako arauak eta hortik datozen eginbeharrak betetzera beharturik daude.
10.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.
10.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirua itzultzea.
11._Zorrak kitatzea.
Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.
12._Dirulaguntza nola ordainduko den.
Emandako dirulaguntza transferentziaren bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.
13._Ez-betetzeak.
Arau hauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-korrituak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko VI. kapituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe, izan ere, lege horren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa ezarri zen.
14._Errekurtsoak.
Deialdi honen eta deialdiaren arauak aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
15._Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.
Iragarkiaren kodea: F0700382