I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
50/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren antolamendu berria ezartzen duena.
Lehendakaritza kontseilariaren otsailaren 18ko 24/1986 Foru Aginduaren bitartez, Revista Jurídica de Navarra aldizkaria sortu zen, Zuzenbide Publikoaren eta Pribatuaren alorretako foru antolamendu juridikoa aztertzeko eta eguneratzeko tresna izateko. Halaber sei hilebetean behingo aldirokotasuna eta aldizkariaren organoak ere ezarri ziren.
Denbora franko iragan baita, komenigarria da Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren organoen antolamendua edo egitura aldatzea, orain arteko funtzionamenduan bildutako esperientziatik sortu den errealitateari egokitzeko.
Berrantolamendu honek Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren organoen egituraketa berri bat eta Kontseilu Aholku Emailea desagertzea ekarriko ditu eta, hortaz, organo horietako egungo kideak kargutik kendu behar dira, egitura berriari egokitu behar direlakoz eta Kontseilu Aholku Emailea desagertzearen ondorioa delakoz. Izendapenak Lehendakaritza kontseilariak otsailaren 18an eman zuen hasierako 25/1986 Foru Aginduan eta ondotik hura aldatu zuten beste zenbait foru agindutan ezarritakoari jarraikiz egin ziren.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren organoak.
1. Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren organoak honako hauek dira:
a) Erredakzio Kontseilua.
b) Zuzendaria.
c) Idazkaria.
2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaren eginkizuna da Erredakzio Kontseiluko burua eta kideak, zuzendaria eta idazkaria izendatzea.
2. artikulua. Erredakzio Kontseilua.
1. Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren Erredakzio Kontseiluaren eginbeharrak: Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren funtzionamendurako eta plangintzarako arauak eta hura prestatu eta egiteko arauak paratu beharko ditu eta, bereziki, aurkezten diren lanak eta lankide-artikuluak aldizkarian sartu ala ez erabaki beharko du.
2. Erredakzio Kontseilua buruak, zuzendariak eta izendatuko diren kideek osatuko dute eta aldizkariaren idazkariak lagunduko die.
3. Erredakzio Kontseiluko burua Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren ordezkari arituko da eta kontseiluaren bilkuretako deia eginen du eta bilkuretan buru jardun beharko du.
4. Erabakiak bilkuran dauden kideen gehiengoz hartuko dira.
3. artikulua. Zuzendaria.
Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren zuzendaria ale bakoitza argitaratzeko arduraduna izanen da, Erredakzio Kontseiluak emanen dituen zuzentarauei eta erabakiei eutsiz.
4. artikulua. Idazkaria.
1. Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren idazkariak aldizkariaren organoei lagunduko die eta ardura izanen du hartzen diren erabakiak betetzeko eta argitalpena egiteko behar diren neurriak hartzeko.
2. Erredakzio Kontseiluaren bilkuretan idazkariak hitza izanen du baina ez botoa eta akta laburrak eta zehatzak eginen ditu.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geldituko dira foru agindu honi kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak eta, zehatz-mehatz, Revista Jurídica de Navarra aldizkaria sortu zuen Lehendakaritza kontseilariaren otsailaren 18ko 24/1986 Foru Aginduaren 2., 3., 4., 5. eta 6. artikuluak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa._Revista Jurídica de Navarra aldizkariaren organoetako egungo kideak kargutik kentzea eta emandako zerbitzuak eskertzea.
Bigarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2007ko urtarrilaren 29an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0701818