17. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

391/2006 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana. Ingurumen ukipenetarako baimena ematen du Beraskoaingo Udalak sustatutako "Beraskoaingo ur hornidurarako" proiektua gauzatzeko.

2006ko uztailaren 5ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko N) atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Agiriak aztertu ondotik, hodien trazaduraren ingurumenaren gaineko informazioa eta informazio arkeologikoa osatu beharrak zirela ohartarazi zen. Horren ondorioz, 2006ko azaroaren 10ean sustatzaileak ingurumen ukipenen gaineko azterlan osatua aurkeztu zuen.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Beraskoaingo Udalak sustatutako "Beraskoaingo ur hornidurarako" proiektua gauzatzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, ondoko baldintza hauekin:

_Bidaurretako sakana eta Arga ugaldea gurutzatzean makinendako ukipen zerrendaren zabalera mugatuko da (sakanan ez da 8 metrotik goitikoa izanen).

_2006ko azaroko Ingurumen ukipenen gaineko azterlanean ezarritako neurri zuzentzaileak (7. eta 8. kapituluak) bete beharko dira, Arga ugaldearen gurutzerako paratutakoak (egunak, okupatzeko eta sartzeko eremuetako mugak, lubetetako ziriak...), eta hidroereintzak eta landaketak bereziki. Hidroereintzetan lehentasuna emanen zaio sakanako hegalak eta Arga ugaldearen ezkerreko hegala lehengoratzeari eta, belar landaketa ongi eusteko behar izanez gero, beste hidoereintza batzuk prestatuko dira urteko sasoi egokietan egiteko.

_Lubetetan paratuko diren aldaxkak direla eta (Arga ugaldea gurutzatzean), Algus glutinosaren partez zuhaixkak landatzea (Salix elaeagnus edo Salix purpurea, esaterako) gomendatzen da lubetaren egonkortasuna bermatzearren.

_Zuhaitzak moztu baino lehen abisu emanen zaio Oihanak Kudeatzeko Atalari, markajea egin dezan.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Beraskoaingo eta Bidaurretako Udalei eta Iruñerriko Zerbitzuak entitateari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko abenduaren 21ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0700084