17. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

239/2006 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Unibertsitateko Garraiorako Laguntzen deialdia (2007ko urtarrila-ekaina aldia, 2007ko urtarriletik ekainera bitarteko eskola egunak hartzen dituena) onesten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak unibertsitateko garraiorako laguntzen urtarrila-ekaina aldirako deialdiari buruzko txostena aurkeztu du. Batetik, antolamenduko alderdiak eta Nafarroako unibertsitarioei ekar diezazkiekeen onura ekonomikoak aztertu ditu, eta, bestetik, kasuan kasuko autobus zerbitzuen jabe diren enpresekin sinatu beharreko garraio kontratuak arautuko dituzten baldintza teknikoen agiriak.

Kontuan harturik Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoa eta Zuzendaritza Nagusiko letratuaren derrigorrezko txostena izanik.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Unibertsitateko garraiorako laguntzen deialdia eta zerbitzu horren kontratua 2007ko urtarrila-ekaina aldirako, ebazpen honen eranskinean ageri direnak, onestea.

2. Gehienez ere 100.000,00 euroko gastua onestea aurreko puntuan aipaturiko aldirako. Gastua finantzatuko da 2007ko aurrekontuetan horretarako sortuko den "Nafarroako goi mailako irakaskuntzako ikastetxeetako eskola garraioa" izeneko kontu-sailaren kargura. Aurrekontuen proiektuan Nafarroako Gobernuak aipatu diru kopurua onetsi du. Indarra duen aurrekontu-ekitaldian izen bereko kontu-saila ondoko hau da: 431000-43100-4800-322303.

3. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari agintzea unibertsitateko garraioaren kudeaketak dakartzan faktura eta gastuak ordain ditzala, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren, aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen honen berri ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, garraio enpresa interesatuei, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzura, Goi Mailako Irakaskuntzaren Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, Administrazio Orokorraren Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan

Iruñean, 2006ko abenduaren 29an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

ERANSKINA

2007ko urtarrila-ekainera bitarteko aldia (2006/07 ikasturtea) Unibertsitateko garraioa

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen unibertsitateko garraiorako laguntzak Nafarroan baina Iruñerritik kanpo bizi diren unibertsitateko ikasleentzat dira, Iruñean ikasten dutenen kasuan, edo Tuteratik kanpo, Tuteran ikasten dutenen kasuan, egunero etxetik Nafarroako unibertsitateetara edo maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duten beste ikastetxe batzuetara joaten direnentzat, hain zuzen.

_Antolamendurako laguntzak: Garraio zerbitzua hobetzeko.

_Laguntza ekonomikoak: Zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzeko.

Tuteran unibertsitate ikasketa ofizialak ezarri direnez, deialdi hau Tuteratik kanpo bizi diren ikasleentzat ere zabaldu da, izaera esperimentalaz, kontuan harturik bultzatuko litzatekeen antolamendua eska daitekeen gutxieneko ikasle kopuruaren mende ez ezik ikasle horien jatorriaren mende ere egonen dela. Horrexegatik ezin da deialdian gehiago zehaztu Tuterako garraioari buruzko informazioa.

Era berean, deialdia HUNeko Tuterako zentro elkartuko unibertsitate ikasleentzat ere zabaldu da.

_Aurkezteko epea: 15 egun natural Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Garraio zerbitzuaren hasiera: 2007ko urtarrilaren 8a.

_Garraio zerbitzuaren amaiera: 2007ko ekainaren 29a.

Argibideak:

Unibertsitateko garraioaren inguruko informazioa jasotzeko Hezkuntza Departamentura jo (Santo Domingo aldapa, 8, 31001 Iruña), Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora (Tel: 848 426516 edo 848 426616) edo Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora, (Tel: 848 426059, 426078 edo 426796). Edo posta elektronikoa erabiliz: mazconas@cfnavarra.es.

Unibertsitateko garraioa - 2007ko urtarriletik ekainera bitarteko aldia

Antolamenduko arauak.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak 2007ko urtarrila-ekaina aldirako antolatu duen unibertsitateko garraioa honako arau hauek zuzenduko dute:

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroan bizi eta Nafarroako unibertsitate batean edo maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duen beste ikastetxe batean ikasle direnei egunero egin behar duten bidaia erraztea, eta zerbitzu horren kostua finantzatzen laguntzea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Beka eta Laguntzen Deialdiaren bidez ez eta Hezkuntza eta Zientzia Ministeriokoaren bidez ere garraiorako bekarik lortu ez duten ikasleentzat.

Bizitokiari dagokionez, baldintza hauek bete behar dira:

_Iruñean ikasten dutenak: Iruñerritik kanpo bizitzea.

_Tuteran ikasten dutenak: Tuteratik kanpo bizitzea.

Hauek dira lortu nahi dituen helburu zehatzak:

_Eskoletara joateko moduko zerbitzua eskaintzea.

_Garraio publikoan toki bat bermatzea.

_Eskolak bukatutakoan ohiko bizilekura itzultzeko aukera ematea.

_Zerbitzu hori unibertsitateko zentroetara hurbiltzea, goizean goiz eta arrats partean, Iruñean ikasten dutenen kasuan.

_Ikasle nafarrek unibertsitatera joateko dituzten garraio gastuak finantzatzen laguntzea.

Deialdi honen ondorioetarako egun hauek hartuko dira kontuan: 2007ko urtarrilaren 8tik ekainaren 29ra bitartekoak, bazter utzirik eskolarik gabeko egunak eta oporraldiak.

2. Ikasketak.

Unibertsitate ofizialetan edo Nafarroako Gobernuak baimendutakoetan ikasketa hauetan diharduten ikasle nafarrak eskatzen ahalko dituzte laguntzak:

_Diplomaduna

_Arkitekto teknikoa.

_Ingeniari teknikoa.

_Lizentziatua

_Arkitektoa

_Ingeniaria

_Master ofizialak

_Hirugarren zikloko ikasketak

3. Ikasketak non egin behar diren.

Nafarroan kokaturik dauden ikastetxe hauetako batean:

_Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñeko edo Tuterako Kanpusa.

_Nafarroako Unibertsitatea.

_Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala Nafarroan, Iruñeko edo Tuterako Zentro Elkartua. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala Nafarroan

_Nafarroako Gobernuak baimendutako unibertsitate zentroak.

4. Ezaugarriak.

Deialdi honetako laguntzak bi motakoak izan daitezke:

a) Antolamendukoak (unibertsitateko garraio txartela): Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak garraio enpresekin kontratua izenpetzen du, unibertsitateko ikasle nafarren beharretarako egokia den zerbitzua eman dezaten, deialdi honen baldintzak betetzen diren tokietan.

b) Ekonomikoak: garraioaren kostua finantzatzen laguntzea, bi bide hauetako bat dela medio:

_Unibertsitateko garraio txartela

_Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala

5. Laguntzak eskatzeko beharkizunak.

Deialdi honetan parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Familiaren bizilekua Iruñetik eta Iruñerritik kanpo izatea eta, aipatutako unibertsitateetan edo ikastetxe baimenduetan ikasten dutenentzat Iruñean badaude, edo Tuteratik kanpo Tuteran ikasten dutenentzat; hortaz, ikastokira joateko eskualdeko garraio zerbitzuak betetzen ez duen garraioaren beharra izatea egunero.

b) Deialdi honetako 3. arauan adierazitako ikastetxeetan aritzea.

c) Izena ematen duten momentuan, aurreikusita dauden bi mota hauetako baten onurak eskatzea espresuki:

_Unibertsitateko garraio txartela.

_Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

6. Unibertsitateko garraio txartela.

Eskola-egun gehien-gehienetan bidaia egiten duten ikasleentzat da, bidaia gehienak unibertsitateko garraio zerbitzuak erabiliz egiten badituzte, betiere.

Unibertsitateko garraio txartela titularrak erabiltzekoa da, ez inori uztekoa. Titularrari eskubidea ematen dio 2007ko urtarrila-ekaina aldiko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, joan-etorriko bidaia bat egiteko plaza izateko, linea jakin bateko unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan. Eserlekua erreserbaturik izanen du enpresek unibertsitateko ikasleentzat antolatzen dituzten garraio berezietako goizeko lehen bidaian eta, itzulirako, arratseko azkenekoan.

Aurretik leihatilan txartela erosi beharrik izan gabe, Iruñerako autobus zerbitzu erregularrak dituen geltokietatik familiaren bizilekutik hurbilen dagoen horretan igotzen ahalko da autobusean, lehentasunez Iruñera goizeko 8:00ak baino lehen iristen den autobusean eta itzultzeko Iruñetik 21:00etan ateratzen den autobusean. Bi autobus zerbitzu horiek unibertsitateen ingurura hurbilduko dira.

Deialdi honen helburu nagusia ikasleak goizeko eskoletara garaiz iristea da. Hortaz, enpresak konpromisoa hartzen du behar adina autobus paratzeko, beharra duten unibertsitateko ikasle guztiendako ordu egokian gainera. Unibertsitateko ikasleek, berriz, antolamendu horretarako erraztasunak emanen dituzte, eskabidean adieraziz enpresek paratutako autobusak normalean zer ordutan hartuko dituzten eta emandako hitza betez. Baldintza hori betez gero baizik ezin dio eskatu ikasleak enpresari erantzukizunik, autobusaren erruz ikaslea garaiz ailegatzen ez denean eskolara.

Ikasketak direla-eta ikasleren batek larunbatetan ere behar badu unibertsitateko garraioa, halaxe adierazi beharko du eskabidea egiten duenean,bai eta justifikatu ere, eskola ordutegia aurkeztuz. Ikaslearen unibertsitatearen edo maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duen ikastetxearen kreditazioa eska daiteke. Onuradunek txartelak ordaindu eta bidali behar dituzte, hiruhilekoen buruan, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, bulegoak bakoitzari dagokiona itzultzea erabaki dezan (txartelaren kostu osoaren %70).

Autobusera igotzeko nahitaezkoa izanen da unibertsitateko garraio txartela eta eskola-egunen liburuxka erakustea. Garraio txartelean honako datuok agertuko dira:

_Titularraren argazkia

_Titularraren izen-deiturak

_Helbidea eta herria

_Autobusa non hartzen duen

_Garraio enpresa

_Unibertsitatea edo unibertsitate mailako ikasketak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duen zentroa

_Zentroa, ikasketak eta kurtsoa

Garraio txartela edo bidaien egiaztagiria ahaztu edo galtzeagatik ikasle onuradunek bidaiko txartela ordaindu behar badute, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora igorriko dute txartel hori, Erregistro Bulegoaren bitartez eta behar den oharra erantsirik, Administrazioak ordain diezaien. Horrelakoetan, diru-kopuru hori hilean enpresari ordaintzen zaion fakturatik deskontatuko da.

7. Unibertsitateko garraiorako kredentziala.

Hasiera batean, egunero-egunero ikastokira joan beharrik ez duten ikasleei eta unibertsitateko garraio zerbitzua ailegatzen ez den herrietan bizi diren ikasleei zuzendua dago.

Unibertsitateko garraiorako kredentzialak eskubidea ematen dio titularrari 2007ko urtarrila-ekaina aldiko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, astean joan-etorriko lau bidaia egiteko gehienez, unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan edo bidaiarientzako linea erregularren beste edozein zerbitzu publikotan.

Kredentziala aipatu eskubidearen aitorpena da Hezkuntza Departamentuaren aitzinean, eta ez da beste agiririk aurkeztu beharrik izanen, onuradunak leihatilan ordaindu beharko baitu garraioaren prezioa gainerako bidaiariek bezala eta, deialdi honetan xedatutakoaren arabera, ondoren eskubidea izanen du eginiko gastuaren zati bat Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak itzul diezaion.

Garraio txartela eskatu bai baina 20 eskaera baino gutxiago izanik, txartelik lortu ez duten ikasleak garraiorako kredentzialaren onuradun izan daitezke, eskaera aurkezten dutenean hori adierazi badute. Horrelako kasuetan, autobusa astelehenetik ostiralera erabiltzen ahalko dute, egunero.

Txartelaren onuradun diren ikasleen kasuan bezala, zerbitzua larunbatetan ere erabiltzen ahal dute, haientzat ezarritako baldintza berdinetan.

8. Garraio lineak.

Unibertsitateko garraioaren antolamenduak Nafarroako eskualdeetan dauden bidaiarien garraio lineetan du oinarria.

Bidaiariak hartzeko herrien zerrenda, ordutegiak eta prezio baimenduak linea erregular bakoitzak ezarritakoak dira.

9. Kontratua enpresekin.

Unibertsitateko garraioa antolatzeko kontratu bat izenpetuko da Nafarroako bidaiarien garraio enpresekin, betiere linea erregularren ibilbide berbera egiteko, gutxienez 20 txartel eskaera aurkezten badira eta dagokion kontratua sinatzeko adostasuna lortzen bada.

Antolatzen diren ibilbide guztien jomuga Iruña izanen da eta abiapuntua kasuan kasuko linea erregularrak duena. Tuterako ikasleen kasuan, deialdiaren hasieran aipatu den bezala garraioa antolatzea eskabide kopuruaren menpe egonen da.

Garraiobidea linea erregularrak finkatuta dituen geltokietatik edozeinetan hartzen ahalko da, kasuan-kasuan zehaztu diren tarteetan betiere.

Eskaeren kopurua 20ra ailegatzen ez bada, ezin izanen da kontraturik sinatu linea horrekin eta, hortaz, ez da garraio txartelik emanen. Dena dela, ikasle horiek garraio linea hori erabiltzen ahalko dute, gainerako bidaiariek bezala, zerbitzurako enpresak finkatutako ohiko ordutegietan, garraiorako kredentzialaren onurez baliatuz, edo, besterik gabe, unibertsitateko ikasle ez diren gainerako erabiltzaileentzako baldintzetan.

Garraio enpresek konpromisoa hartzen dute garraio txartela duten unibertsitarioak adierazitako geltokietan hartzeko, lehenbiziko eskola hasi baino lehen Iruñean egon daitezen, eta betiere goizeko 8:00ak baino lehen, eta euren herrietara azken zerbitzuan, 21:00etan, itzul daitezen. Iruñera etortzeko lehen zerbitzuan eta arratsean ateratzeko azken zerbitzuan, autobusa unibertsitateen ondoan dauden ohiko tokietan geldituko da.

Enpresek garraio zerbitzu berezi hau antola dezaten, unibertsitarioak haiei laguntzera beharturik daude. Horretarako, eskabidean adierazitako goizeko lehen zerbitzua eta arratseko azkena erabiliko dituzte, eta enpresak beraientzat espresuki paratutako autobusak hartu.

Autobusetan ikasle guztientzako tokia izanen da, bai joanean bai etorreran, eta, hortaz, ezin izanen da ikaslerik zerbitzurik gabe utzi.

Iruñera doan lehenbiziko zerbitzuan eta itzultzeko arratseko azken zerbitzuan, autobusek unibertsitateetatik hurbil gelditu beharko dute, ohiko geltokietan. Bakar-bakarrik egunaren muturretako bi zerbitzuotarako erreserbatuko da tokia. Garraio zerbitzuko gainerako orduetan, deialdi honen onuradunek zerbitzu publikoaren gainerako bidaiarien eskubide berak izanen dituzte. Ikasleak saiatuko dira betetzen eskabidea egitean onartu duten ordutegia. Nolanahi ere, egunero zerbitzua erabiltzen duten ikasleen kopurua edozein dela ere, enpresa beharturik dago muturreko ordu horietan kontrataturiko autobusak jartzera, ziurtaturik baitu zerbitzua kobratzea.

Bidaiarien nahitaezko asegurua eta aseguru osagarria garraio enpresaren kontura izanen dira eta, hortaz, huraxe izanen da zerbitzuaren ondorioz gerta litezkeen kalteen erantzule zibil bakarra, dela zuzenean, dela subsidiarioki.

Ikasturtea hasita, joan-etorrietako nahitaezko zerbitzuen ordutegia aldatzea erabiltzaileentzat komenigarria dela ikusten bada, hala egiten ahalko da, aldez aurretik Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari jakinarazten baldin bazaio. Halaber, adjudikazio-hartzaileak baimena eska diezaioke Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari lineen ordutegietan behar diren aldaketak egiteko, unibertsitateko ikasleentzat ezarrita dauden ordutegiei egokitzearren.

10. Laguntza motak eta horien zenbatekoak.

a) Unibertsitateko txartela

Txartela egitea erabakitzen duten ikasleek 150 euro ordaindu beharko dituzte aldez aurretik Nafarroako Foru Ogasunean, astelehenetik ostirala arteko zerbitzua eskura izateagatik, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntza honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: ikaslearen herritik Iruñera joan eta itzultzeko eguneko bidai txartelaren kostu erreala bider ikasturteko eskola egunen kopurua, ken goian aipatu dugun zenbatekoa.

b) Kredentziala.

Unibertsitateko garraiorako kredentziala duten ikasleek egunero ordaindu beharko dute leihatilan bidai txartelaren prezioa eta hiru hilabetetik Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak dagokien dirua itzuliko die, agiri honen 16. arauan ezarri bezala.

Modalitate honetan garraioaren benetako kostua hauxe izanen da:

_115,00 euro, astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua, astean, gehienez, lau egunez erabiltzeko, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe.

_150,00 euro, unibertsitateko txartela eskatu eta, nahikoa eskaera ez izateagatik, lortu ez duten ikasleentzat, zerbitzua, astelehenetik ostiralera arte, astean bost egunez erabiltzeko, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntza honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: ikaslearen herritik Iruñera joan eta itzultzeko eguneko bidai txartelaren kostu erreala bider ikasturteko eskola egunen kopurua, ken goian aipatu dugun zenbatekoa.

Emandako laguntzen finantzabidea 2007. ekitaldirako onesten den gastuen aurrekontuko "Nafarroako goi mailako ikastetxeetarako eskola garraioa" izeneko 431000-43100-4800-322303 kontu-sailaren kargura eginen da.

11. Aurkeztu beharreko agiriak.

Interesatuek deialdi honetan ageri den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, "Laguntza txartela edo kredentzialaren eskaera" izenekoa. Eskabide hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Goi Irakaskuntzaren Bulegoan har daiteke. Horrez gain, deialdia eta eskabidea zuzendaritza nagusi horren web orriaren bitartez ere eskuratu daitezke (www.pnte.cfnavarra.es/dgupl/). Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Txartelaren eskabideetarako:

_Eskatzailearen bi argazki, karnet neurrikoak (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

_Erroldatze- edo bizitoki-agiri eguneratua, udalak luzatua.

_Txartelaren zenbatekoa (150 euro) 2054/0000/46/910124955.6 (Nafarroako Aurrezki Kutxako bulego nagusia) kontu zenbakian ordaindu izanaren egiaztagiria.

_2006-2007 ikasturteko matrikularen fotokopia konpultsatua, eskuratzen duenean.

b) Kredentzialaren eskabideetarako:

_Eskatzailearen argazki bat, karnet neurrikoa (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

_Erroldatze- edo bizitoki-agiri eguneratua, udalak luzatua.

_2006-2007 ikasturteko matrikularen fotokopia konpultsatua, eskuratzen duenean.

2006ko iraila-abendua aldirako unibertsitateko garraiorako laguntzen onuradun izan eta 2007ko urtarrila-ekaina aldian ere izaten segitu nahi dutenek, berriz, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Txartelaren eskabideetarako:

_Eskabide orria, behar bezala beteta.

_Txartelaren zenbatekoa (150 euro) 2054/0000/46/910124955.6 (Nafarroako Aurrezki Kutxako bulego nagusia) kontu zenbakian ordaindu izanaren egiaztagiria.

b) Kredentzialaren eskabideetarako:

_Eskabide orria, behar bezala beteta.

Aurkeztu beharreko dokumentazioak jatorrizkoa izan behar du edo bestela fotokopia konpultsatua (konpultsak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan egin daitezke; Santo Domingo kalea, 8)

12. Aurkezteko epea eta lekua.

Eskabidea bete eta, gainerako agiriekin batean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoren batean aurkeztu beharko da. Epea 15 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea data horietan aurkeztu beharko da, epea luzaezina izanen delako, matrikulazio aldiari edo bizitokiari buruzko salbuespenetan izan ezik. Salbuespen horiek Balorazio Batzordeak baloratuko ditu.

Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

13. Eskabideen tramitazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, berehalakoan, eskabideen kopurua eta ezaugarriak aztertuko ditu, garraio enpresekin kontratua izenpetzearen ondorioetarako.

Deialdi honetako 8. arauan ezarritako linearen baterako edo, bidaiarien garraiorako Nafarroan dagoen beste linea erregularren baterako, 20 eskaera edo gehiago aurkezten badira, enpresa kontzesio-hartzailearekin behar diren kudeaketak eginen dira, dagokion kontratua izenpetu, garraio txartelak prestatu eta interesatuei igortzeko.

Enpresa horiekin kontratua izenpetzeko gutxieneko kopuru horretara iristen ez bada, aldiz, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txartela eskatzearekin batera ordaindutako dirua itzuliko du. Gero eskaera baliogabetuko da edo laguntzaren kredentziala emanen zaio eskatzaileari, horrek eskabidean hautatutakoaren arabera.

Eskatzaileak kredentziala aukeratu badu, modalitate horretako onuradunekin bezala jokatuko da berarekin eta txartela eskatzeko ordaindu zuen diru-kopurua itzuliko zaio; kasu honetan, asteko egun guztietan bidaia egiteko eskubidea izanen dute, astelehenetik ostiralera.

Laguntzaren kredentziala lehenbiziko aldiz eskuratzen duten ikasleek Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan aurkeztu beharko dute "Transferentzia bidezko ordainketaren eskaera-orria", behar bezala betea, lehenbiziko hiruhileko txartelekin batera. Eskaera-orri hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, lehen aipatutako Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan edo Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian eskuratzen ahal da.

14. Laguntzak emateko proposamenak emateko ardura duen Balorazio Batzordea.

Ebazpen proposamena egin behar duen Balorazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

_Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia

_Batzordeburua falta bada, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak ordezkatuko du.

Batzordeko kideak:

_Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

_Goi Mailako Irakaskuntzaren atalburua.

_Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua.

Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua arituko da idazkari lanetan.

15. Ebazpena.

Laguntzak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, laguntzak ematen dituen organoak proposaturik, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txostena egin ondoren.

Laguntza horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko dira, eta zerrendak unibertsitate eta ikastetxe interesatuetara igorriko, ikasleei haien berri eman diezaieten. Era berean Hezkuntza Departamentuko Beka Bulegora ere igorriko dira. Ukatu diren laguntzen berri idatziz emanen zaie interesatuei.

16. Dirulaguntzen eta garraio gastuen ordainketa.

Laguntzen eta gainerako garraio gastuen ordainketa deialdi honetako arauak onesten dituen ebazpen honetan xedatutakoari jarraikiz eginen da, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuaren aldeko txostena jaso eta behar diren ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

_Unibertsitateko garraiorako kredentziala ateratzen dutenei, hiruhileko bakoitza bukatutakoan dagokiena ordainduko zaie, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan egindako bidaien autobus-txartelak, egun eta hilabeteen arabera ordenatuak, behin aurkeztu ondoren, ezarrita dauden arauei jarraikiz.

Onuradunek egin eta justifikaturiko gastutik 115 edo 150 euro kenduko dira, deialdi honen 10 b) oinarrian adierazitakoaren arabera.

_Garraio txartela duten unibertsitateko ikasleentzako zerbitzua egin duten garraio enpresei hilabetero ordainduko zaie, aparte enpresa bakoitzari, enpresak sei hilabeteetako bakoitzean egindako zerbitzuari dagokion faktura aurkeztu ondoren.

17. Onuradunen betebeharrak:

2007ko urtarrilaren 8tik ekainaren 29ra bitarte, unibertsitateko garraio txartela edo garraiorako kredentziala eskuratzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak arau hauek guztiak ezagutu eta onartzea.

Onuradunak, unibertsitateko garraioaren antolamendu eta funtzionamendua egokiak izan daitezen, men egin beharko die Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak ematen dituen jarraibideei.

Autobusera igotzeko unibertsitateko garraio txartelaren onuradunak nahitaezkoa izanen du gidariari txartela eta eskola egunen liburuxka erakustea. Halaber, laguntzen onuraduna behartuta dago Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari aditzera ematera laguntza errefusatzen duela, deialdi honen arauen arabera, laguntzaren bateraezintasuna dakarkion beste zerbait baldin badu.

Onuradunak deialdi honetako baldintzaren bat betetzen ez badu, dokumentazioa faltsutzen badu, bidezko ez den autobus-txartelen bat aurkezten badu edo matrikulatua dagoela frogatzen duen agiria aurkezten ez badu, txartel edo kredentzial horri baja emanen zaio berehalakoan eta itzuli beharko du. Gainera, emandako laguntza galduko du eta horren bidez eskuraturiko dirua itzuli beharko dio Gobernuari, deusetan galarazi gabe legozkiokeen lege-egintzak eta zehapenak. Diru kopuru horiek, legezko ondorioetarako, dirusarrera publikotzat joko dira.

Behin unibertsitateko garraio txartela edo kredentziala emanik, hura ukatzen baldin bada, Administrazioak ez du inolako diru konpentsaziorik emanen, salbu eta ezinbesteko kasuetan, agiri bidez behar bezala frogatzen bada eta betiere Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia ados badago.

18. Bateraezintasunak.

Unibertsitateko garraio laguntzak bateraezinak dira izaera bereko laguntzekin, baita egonaldirako laguntzekin ere, jakina, Nafarroako edo Espainiako edozein erakunde publikok zein pribatuk emanak badira.

Beraz, ez dute bide bererako laguntzarik eskuratuko Hezkuntza Departamentuko Beken Deialdi Orokorretik, deialdi honen bidez lortu dituztenek.

19. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari lotuko zaio.

Zehapen prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

20. Errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0700255