17. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1/2007 FORU AGINDUA, urtarrilaren 3koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, onarpen ofiziala duten Aisialdiko Hezitzaileen Eskolek jarduteko behar dituzten oinarrizko baliabideez hornitzeko 2007an emanen diren dirulaguntzen deialdiaren arauak onesten dituena.

Ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuak Haur eta Gazteen Aisildirako Eskolen onarpen ofiziala, Eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta aisialdiko hezitzaileen prestakuntza arautzen ditu.

Gazteriaren Zuzendariordetzaren helburuen artean gazteek aisialdia egoki erabiltzea dago eta harentzat bereziki garrantzitsua da eskola horietan prestakuntza hartzen duten zuzendari eta begiraleen kopurua eta kalitatea egokia izatea egungo gizartearen eta gazteen errealitateari erantzuteko.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen onarpen ofiziala duten Aisialdiko Hezitzaileen Eskolek jarduteko behar dituzten oinarrizko baliabideez hornitzeko dirulaguntzen deialdi hau banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onarpen ofiziala duten Aisialdiko Hezitzaileen Eskoletarako dirulaguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi honen kostuari aurre egiteko 21.000 (hogeita bat mila) euroko gastua baimentzea 2007ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateetako gazteendako ekipamendua" izeneko 940003-95210-7819-232100 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Kontu-hartzailetza delegatuari, Idazkaritza Orokorraren eta Azpiegituren Zerbitzuari eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzari eta Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 3an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak emateko araubide bat finkatzea da, aisialdiko zuzendari eta begiraleentzako ikastaroak antolatzen dituzten aisialdiko eskola ofizialki onartuek irakaskuntzarako ekipamendua eta ekipamendu osagarria eros dezaten.

2. Helburua.

Dirulaguntzaren helburu publikoa Aisialdiko Eskolei laguntzea da, irakaskuntzarako oinarrizko baliabideak eros ditzaten, irabazteko asmorik ez baitute izaten, izan ere, horrelako tresnak izanez gero, gure gazteen aire zabaleko jarduerei buruzko prestakuntza hobea izanen da eta, horrenbestez, jarduerak seguruagoak.

Onarpen ofiziala duten Aisialdiko Hezitzaileen Eskolentzako dirulaguntzak honelako tresnak erosi edo berritzeko erabiltzen ahalko dira:

_Informatikako tresnak eta faxa.

_Ikus-entzunezko baliabideak.

_Ekipamendua (zulagailua, liburu-joslea, plastifikagailua, paper-birringailua, fotokopiagailua, etab.).

_Ekipamendu didaktikoa (koltxonetak, CDak, DVDak, liburuak).

_Ekipamendu inbentariagarria (papelografoa, altzariak: aulkiak, arbelak, mahaiak, panelak, etab.).

3. Onuradunak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuaren arabera Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan onarpen ofiziala duten aisialdiko hezitzaileen eskolek. Aipatu dekretu horren bitartez, haur eta gazteen aisialdirako eskolen onarpen ofiziala, eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileen prestakuntza arautu ziren.

4. Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntza eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein prozeduraren bitartez deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

5. Eskaera eta dokumentazioa.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako eskabide orrietan aurkeztuko dira, eta ondokoak azaldu beharko dituzte:

a) Eskolaren funtzionamenduaren txostena eta baldintzak eta urteko aurrekontua.

b) Egindako jardueren memoria, behar bezala baloratua, proposatutako eta lortutako helburu eta guzti.

c) Gastuak justifikatzeko, eskolaren izenean emandako fakturak aurkeztuko dira, non ondoko hauek agertuko baitira: eguna, kontzeptua, izena, zigilua eta faktura egiten duen enpresaren sinadura. Horretarako jatorrizko fakturak eta haien kopiak aurkeztuko dira.

d) Aholkularitza edo laguntza enpresa batek ondasunen hornidura egin edo zerbitzuren bat ematen duen kasuetan, diruz laguntzekoa den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak bere erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela azaltzeko.

5.2. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak eta datu faltsuak dituztenak.

5.3. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten.

5.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskatuko zaio, jaso izana egiaztatzen duen agiri baten bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluari jarraikiz.

6. Zenbatekoa.

Onarpen ofiziala duten aisialdiko zazpi eskoletako bakoitzak ekipamendua erosteko jasoko duen gehieneko dirulaguntza egin duen gastuaren %100ekoa izanen da, betiere 3.000 euroko muga gainditu gabe.

7. Instrukzioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

8. Eskaeren gaineko ebazpena eta ordainketa.

8.1. Deialdiari buruzko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean. Ebazpen hori erakunde interesatuei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarrita dagoen bezala. Epe hori iraganik ebazpen espresurik gabe eskabideak bazterturik daudela ulertuko da.

8.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.

8.3. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.4. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak dirulaguntzen berri emanen du bere egoitzako iragarki-oholetan, orok jakin dezan.

9. Betebeharrak.

9.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) 5. arauan xedatutakoari jarraikiz, haien erabilpena agiri bidez frogatzea.

c) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan.

d) Dirulaguntza jaso aurretik, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirua itzultzea.

f) Ikasleei jakinaraztea, toki ikusgarri batean jarri beharreko afixa baten bidez, Nafarroako Gobernuak irakaskuntzako materialetarako dirulaguntza eman duela.

10. Bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin.

11. Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.

12. Ez betetzeak.

Arau hauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko VI. kapituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe, izan ere, lege horren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa ezarri zen.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdiaren arauak aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, artikulu berekin bat atorriz.

14. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0700375