17. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

297/2006 FORU AGINDUA, abenduaren 22koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarerako 2007an emanen diren dirulaguntzen deialdiaren arauak onesten dituena.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen.

Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautu zen. Bertan ezarri zen dirulaguntza deialdian parte hartzen ahalko dutela onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuek.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarerako emanen diren dirulaguntzen deialdi hau.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarerako 2007. urtean emanen diren dirulaguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren arauen arabera.

2. 134.340 (ehun eta hogeita hamalau mila eta hirurehun eta berrogei) euroko gastua baimentzea, onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarearen funtzionamendu egokiaren gastuak hein batean finantzatzeko, ondoko kontusailetatik:

_55.000 euro "Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak" izeneko 940003-95210-4819-232100 kontusailaren kargura.

_2.000 euro "Gazte Entitateen Ekipamendua" izeneko 940003-95210-7819-232100 kontusailaren kargura.

_70.000 euro "Toki entitateen gazteendako jarduerak" izeneko 940003-95210-4609-232100 kontusailaren kargura.

_7.340 euro "Toki entitateetako gazte ekipamendua" izeneko 940003-95210-7609-232100 kontusailaren kargura.

Kontusail guztiak 2007. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorren konturakoak edo, aurrekontu horiek helburu horrekin onesten dituzten antzeko kontusailen kargurakoak izanen dira. Dirulaguntzen banaketa, betiere, 2007ko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuari eta Gazteriaren Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta toki entitateei jakinaraztea haiei dagokienez administrazio bidea agortzen duela. Ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan. Halaber, administrazio publikoa ez diren interesatuei jakinarazten zaie, haiei dagokienez, ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat.

Iruñean, 2006ko abenduaren 22an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da onarpen ofiziala duten Nafarroako Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarearen funtzionamendu egokirako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea eta zerbitzu horiekin hitzarmenak sinatzeko bidea finkatzea. Hitzarmenak urtean 50.000 kontsultatik gora dituzten gazteendako informazio bulegoekin sinatzen ahalko dira.

Lankidetza hitzarmen horien xede bakarra Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdi publiko honi dagokionez ebazpen baten bidez lehenago onarturiko laguntzak formalizatzea izanen da, besterik ez.

2. Helburua.

Dirulaguntzen helburua zera da: gazteei gizarte bizitzan integratu eta bertan parte hartzeko behar duten informazioa eta orientazioa ematea.

Gazteendako Informazio Gune eta Bulegoetarako:

_Onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuen funtzionamendu eta mantentze egokiaren ondoriozko jarduerak hein batean finantzatzea, 2007. urtean.

_Ekipamenduaren erosketa hein batean finantzatzea: oro har, ordenagailua, inprimagailua, ekipoen edota softwarearen gaurkotzeak, etab. Erositako ekipo informatikoek interneten sartu eta posta elektronikoa erabiltzeko aukera eman beharko dute.

Gazteendako Informazio Bulegoetarako:

_Bulegoan jarduteko pertsona bat, ez gehiago, hein batean finantzatzea, 2007. urtean.

_Informazioa dinamizatzeko jarduerak hein batean finantzatzea: euskarri informatiboak editatzea, gazte eginkizunak sustatzeko informazioak eta aholkuak ematea, hedabideak erabiltzea, informazioa katalogatzea, sasoian sasoiko hedapen kanpainak, eta abar.

3. Onuradunak.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren onarpen ofiziala duten Gazteendako Informazio Zerbitzuek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, Gazteendako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautzen dituen abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan xedatutakoa betez.

3.2. Zehatzago den beste deialdi baten xede diren jarduerak deialdi honen esparrutik kanpo gelditzen dira, baita gazteendako informazio bulego edo guneen berezkoak ez direnak ere.

4. Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntza eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein prozeduraren bitartez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketan), 2005eko irailaren 20tik urriaren 31ra.

5. Eskaera eta dokumentazioa.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako eskabide orrietan aurkeztuko dira, eta ondokoak azaldu beharko dituzte:

a) Gazteendako Informazio Zerbitzuaren funtzionamenduaren txostena eta baldintzak eta urteko aurrekontua.

b) Eginiko jardueren memoria, behar bezala baloratua, helburuak eta lorpenak, informazioaren hartzaileak eta Informazio Zerbitzuaz arduratzen den lan taldea adieraziko dituena.

c) Informazio Zerbitzuak izaniko gastuen frogagiria, haren izenean luzatuko diren fakturetan. Bertan kontu hauek zehaztuko dira: data, kontzeptua eta enpresa saltzailearen izena, zigilua eta izenpea. Horretarako jatorrizko fakturak eta haien kopiak aurkeztuko dira.

d) Aholkularitza edo laguntza enpresa batek ondasunen hornidura egin edo zerbitzuren bat ematen duen kasuetan, diruz laguntzekoa den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak bere erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela azaltzeko.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

5.2. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

5.3. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten.

5.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskatuko zaio, jaso izana egiaztatzen duen agiri baten bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 19. artikuluak dioen bezala.

6. Bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateraezina izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin.

7. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.1. 50.000 kontsultatik gorako entitateek 35.000 euro bitarteko dirulaguntza jasotzen ahalko dute, hitzarmena sinatu ala ez sinatu.

7.2. Entitate onuradun guztiek dirulaguntza gisa eskatutako eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak onartutako zenbatekoaren portzentaje bera jasoko dute.

7.3. Tresna informatikoak erosteko dirulaguntza gisa hartzen ahalko den gehieneko zenbatekoa kostuaren %50ekoa izanen da, eta muga 1.000 euroan jarri da.

7.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 17.1 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, aurkeztutako eskaeren kopurua ikusita deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko dirulaguntzak emateko, diru hori dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

7.5. Dirulaguntza ez da izanen, inola ere, onuradunak eginiko jarduerak duen kostua baino handiagoa.

8. Jarraibideak eta balorazioa.

8.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak tramitatu, baloratu eta aztertuko du aurkeztu den dokumentazioa eta zor diren konprobazioak eginen dirulaguntzak ebazteko.

9. Eskaeren gaineko ebazpena eta ordainketa.

9.1. Eskaerak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, horiek aurkezteko epea amaitu eta hilabete bateko epean. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukaturik, ulertuko da eskaerak ezetsiak izan direla.

9.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

9.3. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

9.4. Dirulaguntza emateko ebazpena ebatzi ondoren, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko iragarki-oholetan jarriko da, orok jakin dezan.

10. Betebeharrak.

10.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Haren erabilera agiri bidez frogatzea, 5.1 arauaren c) atalean ezarri bezala.

c). Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

d) Jardueraren gaineko publizitate guztian, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu duela adierazi beharko da.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirua itzultzea.

11. Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.

12. Ez-betetzeak.

Arau hauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko VI. kapituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe, izan ere, lege horren bidez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridikoa ezarri zen.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdiaren arauak aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

14. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0700372