17. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

296/2006 FORU AGINDUA, abenduaren 22koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, toki entitateei udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamendurako 2007ko dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak onesten dituena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea dirulaguntza publiko guztietarako esparru arau-emaile erkidea da. Bertan ezartzen dira orotariko printzipioak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak, erantzukizunak eta laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedurak.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non Nafarroako udalek beren aterpetxe eta gazteriaren etxeak hornitzeko aukeraren garrantzia baloratzen baita.

Toki entitateen arlo honetako jarduera erraztu eta sustatzearekin batera, dirulaguntzak emateko araubideak erregulatzeko eta funts publikoen kudeaketa eta kontrol eraginkorra lortu nahian, dirulaguntza hauetara eta berorien xede diren jardueretara biltzen diren entitateen aniztasunari erreparatuz, funts publikoen banaketa orekatua lortu nahi da. Horregatik bidezko da 2007. urterako onestea udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamendurako dirulaguntzak emateko araubidea eta horrekin batera funts publikoak eraginkortasunez kudeatzen eta kontrolatzen arduratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamendurako 2007ko dirulaguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren arauen arabera.

2. Deialdi hau finantzatzeko gehienez ere 43.000 (berrogeita hiru mila) euroko gastua baimentzea, 2007ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateetako gazte ekipamendua" izeneko 940003-95210-7609-232100 kontusailetik edo helburu berarekin aurrekontu horiek onesten duten antzeko beste kontusail batetik. Dirulaguntzen banaketa, betiere, 2007ko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

3. Deialdiaren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuari eta Gazteriaren Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta toki entitateei jakinaraztea administrazio bidea agortzen duela. Ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2006ko abenduaren 22an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. Xedea.

Deialdi honen gainean lehia bidez ebatziko da. Haren xedea da Nafarroako toki entitateei udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamendurako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea.

2. Helburua.

Dirulaguntza honek honako xedea du: toki entitateek sustaturiko udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamenduari eustea. Dirulaguntzen deialdi honen onura publikoaren helburua da udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeek gazteei gizarteratzen lagundu eta gaztetasunarekin bat datozen aisialdi guneak sortzea.

3. Esparrua.

3.1. Aurreko 2.1 arauak aipatzen dituen dirulaguntzak udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen oinarrizko ekipamenduak sortutako gastuak hein batean finantzatzeko erabiliko dira.

3.2. Aterpetxeak hornitzeko eskabideetarako 21.500 euro erabiliko dira eta beste 21.500 euro gazteriaren etxeak hornitzeko.

3.3. Intalazioko oinarrizko ekipamendua izan daiteke dirulaguntzaren xede, betiere ondasun inbentariagarriak badira:

_Instalaziorako orotariko altzariak (mahaiak, aulkiak, armairuak, oheak, eta abar).

_Informatika materiala, bezeroen harrerarako, erreserbetarako, jarraipen ekonomikorako, bezeroak internetera konektatzeko eta posta elektronikoko banakako kontuetarako.

_Mintzaldi eta ikastaroetarako materiala: arbela, papelografoa, diapositiba proiektorea, gardenkiak, opakukiak, kanoi proiektorea, eta abar.

3.4. Muntatze eta paratze lanak dakartzaten ekipamenduak deialdi honetatik kanpo gelditzen dira.

4. Onuradunak.

Nafarroako toki entitateek eskatzen ahalko dute dirulaguntza deialdi honen babesean, udal titulartasuneko gazte aterpetxe eta gazteriaren etxe bat badaukate eta 2006ko azaroaren 1etik 2007ko urriaren 31ra bitartean hornitu badute.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntzen eskabideak eta agiriak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean, Iruña) edo, bestela azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan, urriaren 31ko 14:30ak baino lehen.

6. Eskaera eta dokumentazioa.

6.1. Eskabideak, alkateak edo gazteria zinegotziak sinatuak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko dira, erositako ondasunen zerrendarekin, toki entitatearen izenean dauden eta eginiko gastuak frogatzen dituzten jatorrizko faktura edo fotokopia konpultsatuekin eta 7. arauko betebeharren arabera eginiko memoria batekin batera.

6.2. Era berean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak dituela dioen ardurapeko adierazpena aurkeztuko dute.

Gainera, hitz emanen du gazte erabiltzaileei jakinaraziko diela zer aterpetxe eta zer gazteriaren etxe hornitu diren Nafarroako Gobernuaren laguntzaz.

6.3. Udal eskatzaileko idazkariak ziurtatu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla.

6.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

7. Instrukzioa, balorazioa eta laguntzen zenbatekoa.

7.1. Gazteriaren Zuzendariordetzak udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamendua erosteko dirulaguntzetarako eskaerak aztertu eta haiek emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Oro har, kontu hauetariko bakoitzagatik gehienez ere 10 puntu emanen dira:

1._Toki entitate eskatzaileak gazteriaren arloko zinegotzia izateagatik.

2._Aterpetxea edo gazteriaren etxea izateko eraikinaren jabe izateagatik edo eskura edukitzeagatik.

3._Jardueran gutxienez ere 10 urtez aritzeko bermeagatik.

4._Instalazioan egin eta Udalaren aurrekontuan jasotako inbertsioengatik.

5._Instalazioen ezaugarrietara egokitutako udal langileak izateagatik.

6._Gazteek erabiltzeko urtean irekita egonen den epeagatik eta ordutegiagatik.

7.2. Lorturiko puntuen arabera lehentasun hurrenkera ezarriko da gazteen aterpetxeen ekipamendurako dirulaguntzen eskabideen artean eta beste bat gazteriaren etxeen ekipamendurako dirulaguntzen eskabideen artean.

7.3. Eskabideak lehentasun hurrenkerari jarraituz hartuko dira aintzakotzat, bi kategorietariko bakoitzean, aterpetxeetakoan eta gazteriaren etxeetakoan, dagoen dirua agortu arte.

7.4. Kategoria bateko eskabideak aintzakotzat hartu ondoren dirurik sobratzen bada, beste kategoriakoetarako erabiliko da.

7.5. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa gehienez ere egin eta justifikaturiko gastuaren %70ekoa izanen da, bai aterpetxeen ekipamenduan, bai gazteriaren etxeenean eta inolaz ere ez da 21.500 eurotik gorakoa izanen.

7.6. Dirulaguntza hau bateragarria da Foru Administrazioaren beraren, Espainiako eta atzerriko beste administrazio batzuen, erakunde pribatuen edo partikularren antzeko dirulaguntzekin, baldin eta eginiko gastuaren %100 gainditzen ez bada.

8. Ebazpena.

8.1. Zuzendari kudeatzaileak hogeita hamar eguneko epean emanen du ebazpena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik.

8.2. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskaerak ukatutzat joko dira.

8.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.

8.4. Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko iragarki-oholetan jarriko da, orok jakin dezan.

8.5. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

9. Betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen den xederako erabiltzea.

b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapen lanak onartu eta erraztea. Horretarako onuradunak kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko ditu, aplikatzen ahal zaizkion merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

c) Aurretik aipatutako azaroaren 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

d) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirua itzultzea.

10. Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.

11. Ez-betetzeak.

Arau hauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du eta, beharrezkoa bada, baita berandutza korrituak ere itzuli beharra, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. kapituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

12. Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta deialdiaren arauak aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0700329