17. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLKOTZ

Olkozko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

Olkozko Kontzejuak, 2006ko irailaren 26an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Olkozko Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Onespen horren iragarkia 2006ko 119. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 4an, eta hogeita hamar egunean ikusgai egon zen Kontzejuaren iragarki oholean, interesatuek azter zezaten eta, nahi izanez gero, erreklamazioak, kexak eta oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsi da ondotik ematen den ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz.

Olkotzen, 2006ko azaroaren 9an._Alkate udalburua, Jesús Astrain Zaratiegui.

OLKOZKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Olkozko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute tributurik ordainduko. Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Olkozko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herrilurretako ondasunen inguruan Olkozko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Olkozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Olkozko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Olkozko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Olkozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Olkozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Olkozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Olkozko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Olkozko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, osoko bilkuran interpretatuko ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Olkozko Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilarreen aprobetxamendua

c) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Olkozko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea lau urteko antzinatasunez.

c) Olkotzen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Olkozko Kontzejuarekin eta Biurrun-Olkozko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Olkozko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua

16. artikulua. Olkozko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Olkozko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Olkozko Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen dirusarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon. Familia unitatean herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidezko aprobetxamendurako eskubidea duten kideak bizi badira, aprobetxamendu moduetako bat aukeratu ahalko dute kide horiek.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.

4. Aprobetxamendu modu honetarako, handitu egin da erroldako antzinatasuna udalerrian; beraz, zortzi urteko antzinatasunez egon beharko da inskribatuta Olkozko Udaleko Biztanleen Erroldan herritar gisa.

18. artikulua. 1. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 146. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, 4 hektareako azalera ezarri da modalitate honetako eredu loterako lehorreko lurretan.

2. 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio loteari:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, lote bat.

b) 4tik 6 kide bitarteko familia unitateak, 2 lote.

c) 7tik 9 kide bitarteko familia unitateak, 3 lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 lote.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Olkozko Kontzejuak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamenduaz baliatzeko epea gutxienez ere 8 urtekoa izanen da. Laborantza urteanitzak badira, eta Kontzejuak baimendu ondoan, epe hori landare motaren bizitzaren arabera luzatu ahalko da. Ezarrita dagoen epea amaitzen denean, finketan emankor jarraitzen duen landarerik edo hobekuntza lanik gelditzen bada, finkaren eta udalerriaren mesederako geldituko da, inolako kalte ordainerako eskubiderik sortu gabe.

21. artikulua. Lote bakoitzari dagokionaren %90 izanen da aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko lur-saria.

22. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu norberaren lana ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egiten denean ere laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 17. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 17. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren goiti-beheitiek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, Kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Olkozko Kontzejuaren osoko bilkurari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Kontzejuko osoko bilkuraren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

24. artikulua. Laborantza norberak zuzenean egiteko ezintasun fisiko hori Gizarte Segurantzaren elbarritasun ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta esleipenaren unean nahiz lurrez baliatzen ari diren bitartean kasu horretan gertatzen diren titularren lurzatiak herrilurrak aprobetxatzeko hurrengo moduan esleituko ditu Kontzejuaren osoko bilkurak, esan nahi baita, herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez, eta hala ez bada, beste modu batean, hau da, Kontzejuak berak ustiapena eginez edo enkante publikoaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Olkozko Kontzejuak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

25. artikulua. Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatien beharrak bete ondotik, lehen atalean aurreikusitakoari jarraituz, geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten ounuradunen lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira herritarren artean. Hartan 15. artikuluan agertzen diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak sartuko dira; gainera, Olkozko Udalaren Biztanle Erroldan egon beharko dute inskribatuta lau urteko antzinatasunaz, alta emanda Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian eta familia unitatearen dirusarrera garbiak ez dira izanen zenbateko hau baino handiagoak: Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bider unitatekideen kopurua. Dirusarrera garbietarako hartuko da PFEZko likidazio-oinarria, salbu eta kasu berezietan, ezinbesteko arrazoi edo ezbeharragatik oinarria handitu edo murriztu bada.

27. artikulua. Modalitate honetarako, ereduko loteak 4 hektarea inguruko azalera du, zereala edo urteko beste labore batzuk landatzeko. Zenbateko horiek esleipen berri bakoitzean aldatzen ahalko dira. Kontzejuak balorazioa emanen dio lote bakoitzari, eta horren arabera dagokion lur-saria ezarriko.

28. artikulua. Familia unitate bakoitzari dagozkion loteak esleitzeko, alderantzizko proportzian hartuko dira kontuan esleipen hartzailearen dirusarrera garbiak edo nekazaritzako ustiategiaren tamaina. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

29. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza; horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Jakina, erretiroa hartua dutenek eta pentsiodunek ezin dituzte lurzatiak zuzenean landu.

31. artikulua. Lote bakoitzari dagokionaren %90ekoa da aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordainduko duten lur-saria.

32. artikulua. Olkozko Kontzejuak 400 metro koadroko baratzeak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia unitateetako titularrei, baldintza hauekin:

1. Eskatzailea ez da ureztatzeko lurren jabe izanen, ezta herrilurretako beste lote baten onuradun ere.

2. Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 2, 23, 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3. Esleipena 15 urterako izanen da.

4. Lur-saria 30 eurokoa izanen da lote bakoitzeko. Lur-sari hori 2006rako proposatutakoari dagokio, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIa aplikatuz.

Olkozko Kontzejuak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Olkozko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

33. artikulua. Olkozko Kontzejuak, aurreko banaketa prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra banatu gabe gelditu bada, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Gelditu diren loteak enkantean aterako dira, hala 24. artikuluan aplikatu ondokoak nola onuradun berriei erantzuteko egindako erreserbak. Onuradun berriei erantzuteko erreserben enkantea halako moldez eginen da non, beren xedeetarako horien beharra dagoen mementoan kenduko baitzaizkio esleipen-hartzaileari.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Lehentasunezko eta zuzeneko esleipenerako prozedura

34. artikulua. Olkozko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, 15 egun naturaleko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek herrilurretako lurzatien lehentasunezko eta zuzeneko esleipena eska dezaten, aldez aurretik ediktua argitaratuta Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

35. artikulua. 1. Lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek zinpeko aitorpen bat ekarri beharko dute, ondoko zehaztapenak bilduko dituena:

a) Olkozko bizilagun izatea, zortzi urteko antzinatasunaz gutxienez, lehentasuna duten herritarren aprobetxamendua denean, eta lau urtekoa herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamendua bada; gainera, urtean bederatzi hilabetez bederen udalerrian bizi beharko dute.

b) Olkozko Kontzejuarekin eta Biurrun-Olkozko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak, eta lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Biurrun-Olkozko udalerrian eta besteetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak, eta laborantza motak.

e) Biurrun-Olkozko Udaleko hirilur aberastasunaren zerga-oinarriak eta besteetakoak, hala bada, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, eta familia unitateko kide bakoitzak zenbat aziendaburu dituen espezie bakoitzetik.

f) Nekazaritzarako eskura duen makineriaren zerrenda zehaztua

g) Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian altan egotea, herritarrendako zuzeneko esleipenaren aprobetxamendua eskatzen dutenentzat.

2. Aitorpen horri azken ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako aitorpenaren kopia erantsiko diote.

3. Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Kontzejuak ahalmena du eskatzaileari beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, 17.3 artikuluan ezartzen den eran. Eskatutako epean agiri horiek ez ekartzeak eskabidea ezestea ekarriko du.

36. artikulua. Kontzejuak esleipen modu bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du osoko bilkuran. Zerrenda hori Kontzejuaren iragarki oholean emanen da argitara eta interesatuei jakinaraziko, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, hamar eguneko epean. Alegaziorik aurkezten bada, haiei buruzko ebazpena emanen da eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada behin-behineko zerrenda gehiagorik gabe behin betikoa bilakatuko da, eta Kontzejuaren iragarki oholean argitaratuko da.

37. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako esleipenerako eskubidea duten familia unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Kontzejuak zehaztu eginen ditu lurzati-loteak, haien ezaugarriak, azalerak, lur-saria, e.a. emanez.

38. artikulua. Loteak zozketaren bidez esleituko dira. Esleipen hartzaileek uko egiten ahal diote aprobetxamenduari urte bakoitzeko ekainean; horretarako, Kontzejuari idatzita jakinaraziko diote. Aipatu epe hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Esleitutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute banaketa modu horretako lurretan beste lurzatirik hartzeko eskubiderik izanen, beste esleipen bat egiten den arte.

39. artikulua. Olkozko Kontzejuak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, lehentasuna duten onuradun berriei zuzenean esleitzeko.

40. artikulua. Zortzi urteko esleipenaldia hasi ondoren, aprobetxamendurako eskubidea dutela uste dutenek Kontzejuari eskatu ahalko diote, uztailaren 1etik 20ra bitarte, urtero.

41. artikulua. Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak esleitzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie esleipenaldi osoan eta gerta litezkeen aldaketen berri Olkozko Kontzejuari eman beharko zaio. Alde horretatik, Kontzejuak noiznahi egin ahalko ditu beharrezko juzgatzen dituen egiaztapenak.

42. artikulua. Lehen urterako proposatutako lur-saria da ordaindu beharreko kopurua; Kontzejuak urtero eguneratuko du saria, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Lur-saria urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Kontzejuari.

43. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipenaren %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 eguneko epean.

5. ATALA

Zuzenean ustiatu eta enkante publikoan esleitzeko prozedura

44. artikulua. Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko ditu enkante eta loteetarako baldintzak, eta argitara emanen Kontzejuaren oholean, gutxienez ere enkanteak egiteko data baino 15 egun lehenagotik.

45. artikulua. Enkante irekiak izanen dira eta ahozko posturen bidez eginen dira. Bigarren eta hirugarren enkanteak egiten ahalko dira, %10 eta %20 merkeago. Kontzejuaren iragarki oholean emanen da argitara, enkante bakoitza egiteko data baino bost egun lehenagotik, gutxienez ere.

46. artikulua. 1. Enkanteetako esleipen egintzaren emaitza berehala jarriko da Kontzejuaren iragarki oholean.

2. Esleipenaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetzen ahalko da. Sesteoa emateko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunen buruan egin beharko da eta seigarren eguneko ordu berean amaituko, jaiegunak ere barne direla.

b) Enkantean lehiatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egiten ahalko du; betiere, aurrez behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkariarengana joz egiten ahalko da. Dena dela, interesatuak sinatutako eginbidea jaulkiko du idazkariak, aurkezpenaren eguna eta ordua bertan adierazita.

d) Sesteoa amaitu ondoren, beste enkante bat eginen da horretarako jarritako epea bukatu eta ondoko lau egun baliodunean. Toki entitateak esleipenaren proposamenaren hartzaileari bere postura seiren batean hobetua izan dela jakinarazi beharko dio eta behin betiko enkantea noiz eginen den espresuki adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat, egindako hobekuntzatik ateratakoa hartuko da eta dagokion iragarkia jarriko Kontzejuaren iragarki oholean, hurrengo enkantea zein egun eta ordutan izanen den gutxienez bi egun natural aurretik zehaztuta. Lehiatzailerik ez badago, kontratua sesteo-emaleari eslei dakiola proposatuko da.

f) Esleipen berriari dagokion akta prestatuko da eta artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusi bezalaxe iragarriko da emaitza.

3. Esleitzeko proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunean edonork erreklamatzen ahalko du idatziz, lehiatzaile izan gabe ere, lehiaketaren baliogarritasunaren edo lehiatzaileen gaitasun juridikoaren kontra eta bere iritziz esleipena egiteko bidezko den erabakia har dadila eskatzen ahalko.

47. artikulua. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitu ahalko da; betiere, huts egin duen azken enkantearen hasierako prezioa baino garestiago. Lehentasunezko eta zuzeneko esleipenak eta enkantea egin ondoren soberako lurrik gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du, osoko bilkuran erabakitzen den moduan.

48. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipenaren edo errematearen %10 utzi beharko dute fidantzatako, 10 eguneko epean.

49. artikulua. Kontzejuak urtero eguneratuko du errematea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz. Prezioa urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Kontzejuari.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

50. artikulua. Olkozko Kontzejuko herrilarreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkaleku hauetan banatzen da:

1. bazkalekua, Olkotz: 5.000 erreguko azalera; Kontzejuaren muga berberak ditu.

51. artikulua. Bazkalekuek jasan dezaketen abere zama honako hau da: 500 ardi, bazkaleku bakoitzeko. Ez da gehieneko mugarik jartzen bazkaleku bakoitzean alatzen ahal diren aziendaburuendako, baina esleipen-hartzaileak begiratu beharko du larreak alferrikan galdu edo desagertu ez daitezen, gehiegizko erabileragatik.

52. artikulua. 1. Kontuan hartuz abelburu kopurua, larreen aberastasuna eta dauden ixtegiak, Olkozko Kontzejuak sari bat finkatuko du bere bazkaleku bakoitzerako. Hona hemen gaur egun dena:

1. bazkalekua: 2.404'04 euro.

53. artikulua. Modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honi jarraituz aprobetxatuko dira Olkozko Kontzejuaren herrilarreak:

1. Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

2. Enkante publikoa.

54. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiri edo dokumentazioa beharko du, administrazio publiko eskudunak emana, abereen osasunaren gainean indarra duen legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

1. ATALA

Herritarrendako zuzeneko esleipena

55. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun.

56. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da. Titularrak, esleipenaren epea bukatu baino lehenago abeltzaintzari utziz gero, Kontzejuak erabakiko du nola aprobetxatuko diren larreak epea amaitu bitartean.

57. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena. Larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean; betiere, kideek 15. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

58. artikulua. Kontzejuak honako kasu hauetan ulertuko du larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen:

a) Aziendaren jabe izatea egiaztatu ez edo abeltzaintzako jarduerari baja ematen diotenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean abeltzaintzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara beharturik ez egonik ere.

c) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak eskaturik, ezarritako epean aurkezten ez badira.

d) Erretiratuak eta pentsiodunak.

59. artikulua. Ordenantza honen 50. artikuluak ezartzen duenaren %90ekoa da bazkalekuen onuradunek ordainduko duten saria.

2. ATALA

Enkante publikoaren bidezko esleipena

60. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez ez badira herrilarre guztiak esleitzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez esleituko dira, banaketa berria egiten den arteko denborarako.

Soberan gelditzen diren larreak eta onuradun berriei erantzuteko egindako erreserbak enkantean aterako dira. Onuradun berriei erantzuteko erreserben enkantea halako moldez eginen da non beren xedeetarako behar diren mementoan kenduko baitzaizkio esleipen-hartzaileari.

3. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko esleipenerako prozedura

61. artikulua. Olkozko Kontzejuak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartuta, 15 egun naturaleko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek bazkalekuen esleipena eska dezaten, ediktua Kontzejuaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuta.

62. artikulua. 1. Eskatzaileek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, ezarriko den ereduaren arabera betea, ondoko zehaztapenak bilduko dituena:

a) Olkozko herritarra izatea, lau urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez udalerrian bizitzea.

b) Olkozko Kontzejuarekin eta Biurrun-Olkozko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Nor diren familia unitateko kideak, eta baten batek ezintasun fisikoa edo adimenekoa baldin badu, horren berri ematea.

d) Udalerri honetan eta besteetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak ere, eta laborantza motak.

e) Udal honetako hirilur aberastasunaren zerga-oinarriak eta besteetakoak, hala bada, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta.

f) Familia unitateko kide bakoitzak dituen abelburuen kopurua.

g) Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian kideturik egotea.

h) Aprobetxatu nahi dituen bazkalekuen zerrenda, lehentasunaren araberako ordenan.

2. Aitorpen horri azken ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako aitorpenaren kopia erantsiko diote.

3. Jabetzan duten abelburuen zerrenda ere erantsiko dute, aziendaren osasun agiriekin batera.

4. Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Kontzejuk ahalmena du eskatzaileari beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko, 17.3 artikuluan ezartzen den eran. Eskatutako epean agiri horiek ez aurkezteak eskabidea ezestea ekarriko du.

63. artikulua. Kontzejuak onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du osoko bilkuran. Zerrenda hori iragarki oholean jarriko da ikusgai eta interesatuei jakinaraziko zaie, egoki juzgatzen dituzten alegazioak hamar egunean egin ditzaten. Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe, eta Kontzejuaren iragarki oholean argitaratuko da.

64. artikulua. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du esleipena, baldintza hauek kontuan harturik:

1. Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

2. Bazkalekuek hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

3. Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, saria azienda buru bakoitzeko kalkulatuko da.

4. Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahalko zaizkio, herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

5. Herriko abeltzain guztien eskaerei ezin bazaie erantzun, lehentasuna izanen dute, egoera ekonomikoa, abere kopuru txikia edo beste edozein arrazoi dela medio, udalerri honetako edo beste bateko bazkaleku pribatuak edo herrilurretakoak hartzeko ahala ez dutenek.

65. artikulua. Bazkaleku bera batek baino gehiagok eskatu badute, esleipena zozketaren bidez eginen da. Esleipen-hartzaileek uko egiten ahal diote aprobetxamenduari urte bakoitzeko ekainean, Kontzejuari idazki batean horren berri emanda. Aipatu epe hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Esleitutako bazkalekuari uko egiten dioten onuradunek ez dute beste baterako eskubiderik izanen esleipen berria egin arte.

66. artikulua. Kontzejuak bazkaleku bat gordeko du, urtero esleitzeko, onuradun berriak agertzen badira ere.

Ondoko alderdietan kokatuko dira larre horiek: 1.000 erregu gorde dira Zugastia alderdian, behar bezala mugatuta.

67. artikulua. Zortzi urteko esleipenaldia hasi ondoren, aprobetxamendurako eskubidea dutela uste dutenek Kontzejuari eskatu ahalko diote, uztailaren 1etik 20ra bitarte.

68. artikulua. Ordaindu behar den zenbatekoa izanen da lehen urterako proposatutako saria; Kontzejuak urtero eguneratuko du saria, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Saria sei hilabetean behin ordainduko zaio Kontzejuari.

69. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipenaren %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 eguneko epean.

4. ATALA

Enkante publikoaren bidez esleitzeko prozedura

70. artikulua. Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko ditu enkante eta bazkalekuetarako baldintzak, eta argitara emanen Kontzejuaren iragarki oholean, gutxienez ere enkanteak egiteko data baino 15 egun lehenagotik.

71. artikulua. Bigarren eta hirugarren enkanteak egiten ahalko dira, %10 eta %20 merkeago. Kontzejuaren iragarki oholean emanen dira argitara, gutxienez ere enkante bakoitza egin behar den data baino bost egun lehenagotik.

72. artikulua. 1. Enkanteen emaitza berehala jakinaraziko da Kontzejuaren iragarki oholean. Sesteoa ordenantza honetako 45. artikuluan xedatutakoari lotuko zaio.

73. artikulua. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitu ahalko da, betiere prezioa egindako azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa ez bada. Lehentasunezko eta zuzeneko esleipenak eta enkante bidezkoa egin ondoren soberako lurrik gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du osoko bilkuran erabakitzen den moduan.

74. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipen edo errematearen %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 eguneko epean.

75. artikulua. Kontzejuak urtero eguneratuko du errematea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz. Prezioa sei hilabetean behin ordainduko zaio Kontzejuari.

IV. KAPITULUA

Laborantzako herrilurrak eta bazkalekuetako larreak aprobetxatzeko arauak

76. artikulua. Laborantzako herrilurrak Olkozko ohiturei jarraikiz aprobetxatuko dira, eta baliatzen direnek kalterik sor ez dezaten, ondoko baldintzak ezartzen dira:

1. Zerealetarako herri-lurzatiak esleituak dituztenek, hiru moduetako edozeinetan, uzta bildu eta gero, ezin izanen dituzte landu edo tratamendu fitosanitariorik egin irailaren 30a baino lehen. Zilegi izanen da tratamendu fitosanitarioak egitea, abuztuaren 15etik aurrera, berazaina edo soberako belarkia dela kausa, aldez aurretik oharra eginda bazkalekua aprobetxatzen duen abeltzainari.

2. Edonola ere, herbizidak erabili, lurra landu eta aprobetxamendua egiterakoan, ENP arautzen duten xedapenei edo aplikagarria den maila altuagoko edozein araudiri jarraikiko zaie.

3. Debeku da herbizidak botatzea bideetan, areketan, larre- utzietan, altxonbideetan eta halakoetan, salbu eta Kontzejuak espresuki baimendu badu, kasu berezietarako.

4. Ureztatzeko eta herbizidak botatzeko ura, horretarako bereziki prestatutako tokietatik eta idoietatik baizik ez da aterako. Ez da zilegi erabiltzea aziendak edan dezan prestatutako ura.

5. Zerealetan lastoa uztaren partea da. Nekazariak 20 egun ditu, uzta bildu ondoren, lastoa fardeletan jasotzeko.

6. Herrilurretan, Kontzejuak espresuki baimendu ezean, ez da zilegi lasto fardoak, simaurra, egurra edo bestelako materialak biltegiratzea.

77. artikulua. Olkozko udal mugapeko finka partikularretako larreak aprobetxamendu horietarako lagatzen direla ulertzen da, Nafarroako Foru Diputazioaren 1942ko maiatzaren 1eko eta ekainaren 5eko dekretuei eta indarra duten gainerako xedapenei jarraikiz.

78. artikulua. Bazkalekuetako larreak Olkozko ohiturei jarraikiz aprobetxatuko dira, eta baliatzen direnek kalterik sor ez dezaten, ondoko baldintzak ezartzen dira:

1. Esleipen-hartzaileen eta partikularren azienda ez da inola ere sartuko finka partikularretan ezta laborantzako herrilurretan ere, euria zer ordutan gelditu den eta bi egun iragan arte, betiere kanal eta errekatxoetan ura lasterka joateko adina bota badu, apiriletik urrira bitarte, eta lau egun iragan arte, gainerako hilabeteetan. Hori guztia lurren titularrei edo errentariei eskubidea kendu gabe, legez eska ditzaten bidezko diren kalte-ordainak eta gainerako erantzukizunak, kalte edo galerak gertatu badira, baldintza honetan ezarritakoa beteta ere.

2. Azienda ez da inoiz sartuko olibondoetan eta arboladi eta zuhaiztietan, egun direnetan edo gero batean sortuko direnetan; ezin izanen da sartu bost urte baino gutxiagoko mahastietan, eta gainerakoetan mahatsa bildu ondoren bakarrik eta abenduaren 20a arte. Hori guztia, salbu eta lur edo labore horien jabe, errentari edo usufruktudunen baimena edo ukoa, dagokion kasuan. Azienda sartzeko debekua duen mahastiak seinaleztatua egon beharko du mugarri zurien bidez, urrutitik ongi ikusiko direnak.

3. Uzta bildu eta "berazain ereintza" egiteko aski gelditu dela egiaztatzen duenak, Kontzejuari eskatu ahalko dio, uztailaren 20a baino lehen, aziendak ez ditzala aprobetxa finka horietako larreak. Kontzejuak aipatu ereintza baimentzen badu, urriaren 12a baino lehen egin beharko da; bestela, indarrik gabe geratuko da baimena.

4. Bazkalekuan konponketak edo larreen aprobetxamendurako edozein aldaketa egiteko, esleipen-hartzaileak baimena eskatuko dio Kontzejuari eta ukitutako finken jabeei, halakorik bada.

5. Esleipen-hartzaileak erantzun beharra du, bere animaliek lur partikularretan edo herrilurretan egindako kalteak eta galerak direla-eta.

6. Bazkaleku bateko herrilurretako bat baso-berritu edo babestu behar badu, Kontzejuak, ofizioz edo parte batek eskaturik, errematatzaileak ez du eragozteko eskubiderik izanen, baina baso-berritzeko edo babes berezia emateko lur bereiziari dagokiona lur-sarian beheratzeko eskubidea bai.

7. Ezinbesteko arrazoi batengatik Kontzejuak kontratua desegiteko beharra badu, esleipen-hartzaileak ez du inolako kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen. Gainera, ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen larreak galtzen badira edo belar gutxi izanez gero, lehortea edo naturaren bestelako fenomeno batzuk jasanez gero, aziendak hiltzen bazaizkio edo beste edozein istripu izaten badu.

8. Esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu eragotzi erabaki edo xedapen orokorretan baimendutako aprobetxamenduak, bazkaleku barreneko lur partikularretan edo herrilurretan egiten direnak.

9. Bazkalekuan diren eskortan edo eskortetan eta itxituretan azienda sartzeko eskubidea izanen du esleipen-hartzaileak. Bertan egiten diren hondamenen erantzule izanen da eta ahalik azkarren konpondu beharko ditu, haren kontura. Eskortan sortzen den simaurra harena izanen da eta hartaz baliatzen ahalko da esleipenaren azken eguna arte; gero Udalarena izanen da. Korta eta ingurunea egoera onean mantendu behar dira, higiene eta osasun aldetik nola segurtasun aldetik.

10. Idoiak eta aziendak edateko tokiak ez dira erabiliko beste xedeetarako.

11. Urriaren 20tik aurrera azienda ez da sartuko errentapeko herrilurretan, bertan ereintza egin nahi denean, salbu eta errentariak baimena ematen badu.

V. KAPITULUA

Zura eta egurra emateko aprobetxamenduak

79. artikulua. Herrilurretako mendietako aprobetxamenduak beti egin beharko dira Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuak ezartzen dituen manu tekniko-fakultatiboen arabera.

80. artikulua. Horretarako baldintzak direnean, Kontzejuak epaitzak esleitu ahalko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateei. Kontzejuak finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

81. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

82. artikulua. Onuradunak: egurra banatzerakoan Olkozko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanez. Familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko irizpide objetiboak erabiliko dira, ordenantza honen 17.3 artikuluan azaltzen den bezala.

83. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurren aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

84. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, Kontzejuak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

85. artikulua. Ordenantza honetan, IV. tituluaren II. kapituluaren laugarren atalean xedatuari jarraikiko zaio esleipena egiterakoan.

VI. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

86. artikulua. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

87. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dituzte. Arloan indarra duten xedapenek arautuko dituzte erlauntzak jartzeari buruzko gorabeherak; betiere, Kontzejuaren baimena beharko da, eta hark zehaztuko du non jarriko diren. Gainera, beharrezkoa izanen da kasu horietan jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuaren onespena, hala behar denean.

VII. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

88. artikulua. Olkozko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu herrilurren gainean dauden aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurretako ondasuna hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

89. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak Udalak berak edo interesaturik dauden herritarrek sustatuko dituzte eta lehentasunezkoak izanen dira.

90. artikulua. 1. Kasu hauetan bide honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

2. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

3. Olkozko Kontzejuak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu gogo den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta iraunen du proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian. Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herrilurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

4. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

91. artikulua. Olkozko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztaketak egiten ahalko ditu edozein unetan, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

92. artikulua. Esleipen-hartzaileari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea ezertan ukatu gabe, Kontzejuak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

93. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua eta aplikatzekoa den araudia.

94. artikulua. Administrazio arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

_Arau-hauste arinak dira:

a) Aprobetxamenduen lur-sariak Olkozko Kontzejuak finkatutako epeetan ez ordaintzea.

b) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

c) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Azienda edukitzea bazkatzeko ez diren lurretan edo esleitu gabekoetan.

e) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

f) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

g) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, mahastiak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe egitea.

h) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak laboratzea.

i) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

j) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, altxonbideetan edo herrilurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

k) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez jartzea.

l) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

_Arau-hauste larriak dira:

a) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

b) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

c) Esleitutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

d) Esleipenik izan gabe animaliak bazkatzea.

e) Azienda landatutako lurretan edo ereiteko prest dauden lugorri landuetan sartzea, edo euri jasa handiak egin berritan, euriondoko aldiak eta berazainak errespetatu gabe.

f) Azienda finketan sartzea uzta bildu ondoren eta ordenantza honetan ezarritako epea bukatu baino lehen.

g) Asmo gaiztoz, Olkozko Kontzejuari ez ematea esleipen baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

h) Indarra duen legediaren arabera identifikatu ez diren animaliak bazkatzea.

i) Hildako animaliak bertan behera uztea.

j) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

k) Ureztatzeko eta herbizidak botatzeko, idoietatik abereek edatea.

l) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

_Arau-hauste oso larriak dira:

a) Azienda behin eta berriz larratzea bazkatzeko ez diren lurretan edo esleitu gabekoetan.

b) Gaixorik dauden edo gaixo itxura duten animaliak bazkatzea, eta hildako animaliak bertan behera uztea pertsonen osasuna arriskuan jarriz.

c) Hiru urteko epean, bost arau-hauste larri egitea.

d) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

95. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteak egiteagatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

96. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Kontzejuak, inguruabarrak aztertu ondoren, zehapen osagarri hauek ezartzen ahalko ditu:

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, esleipena kendu eta beste bi esleipen alditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso larri batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzaile izateko eskubidea kentzen ahalko da.

97. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

98. artikulua. Alkatea izanen da zehatzeko organo eskuduna.

99. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi da 1988ko ekainaren 3ko osoko bilkuran onetsi zen ordenantza, Olkozko Kontzejuko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena, baita ordenantza honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena._Olkozko Kontzejuak ordenantza hau eta honen babesean emandako esleipenak interpretatuko ditu, baita ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Interpretazioaren gainean hartzen diren erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena egiteko epea iragan ondoren; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L0620537