156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SARAGUETA

Ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Saraguetako Kontzejuak, 2007ko irailaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Saraguetan ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia irailaren 24an argitaratu zen, 2007ko 119. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta jendaurrean egoteko legezko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Horiek horrela, ordenatzaren testu osoa ematen da argitara.

Saraguetan, 2007ko azaroaren 16an.-Kontzejuko burua, Tomas Uriz Bidegain.

SARAGUETAKO (ARTZIBAR) UR HORNIDURAREN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzea da zergapeko egintza.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak, ondoko ezaugarriak dituztenak:

a) Finkaren jabea, usufruktuduna edo erabilpenaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

b) Edateko ur horniduraren zerbitzuari dagokionez, zerbitzu horietaz baliatzen diren udal mugapeko finketako okupatzaile edo erabiltzaileak badira, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, gela bat hartua dutenak edo maizterrak, baita ordaindu gabe norbaitek utzita bada ere).

5. artikulua. Betiere, indarra duen legerian ezarritakoa hartuko da ordezko subjektu pasibotzat.

Tarifak

6. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

-Etxebizitzarako hargunea: 30 euro urtean, BEZa barne.

-Aziendategirako hargunea: 10 euro urtean, BEZa barne.

Likidatu beharreko kuota

7. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sorrarazpena

8. artikulua. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zergapeko egintzaren udal jarduera hasten den unean, jarduera honelakoetan hasiko baita:

a) Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

b) Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

c) Hargunea: tasa sortu eta ordainaraziko da hargunea irekitzeko lizentzia edo baimena ematen denean, subjektu pasiboak berariaz eskatzen badu. Ez da tramitatuko behar den ordainketa egin ez bada.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira, baita kontagailua paratu eta hornitzeko behar diren materialak eta lan eskua ere.

10. artikulua. Aurreneurri gisa, etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten aberiak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

11. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertz inori, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

12. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatzen direnak Saraguetako Kontzejuari lehenbailehen jakinaraztera.

13. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Kontzeju honek ematen dituen jarraibideak betetzea.

14. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzera uztera irakurketa egiten duen langile akreditatuari edo Saraguetako Kontzejuko bertzelako langileei, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Dirubilketa

15. artikulua. 7. artikuluan ezarritako ordainarazpenak urtean behin pagatuko dira.

Arau-hausteak eta zehapenak

16. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Kontzejuko langile behar bezala akreditatuek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogapenak eragoztea.

c) Kontzejuak paratutako prezintuak, sarrailak edo aparatuak aldatzea.

d) Kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko edo berriak paratzeko Saraguetako Kontzejuak ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa espresuki aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

17. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusia ez dagoen guztian, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeari eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraituko zaie.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L0718087