156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARGOTA

Ordenantza. Behin betiko onespena

2007ko apirilaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zen Bargotako Udalaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, aurretik iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (2007ko 73.a, ekainaren 13koa) argitaratu ondoan, eta ebatzi dira aurkeztutako oharrak; hartara, Bargotako Udaleko Kudeaketa Batzordeak, 2007ko uztailaren 26an egin osoko bilkuran, behin betiko onestea erabaki zuen delako ordenantza. Hona hemen haren testu osoa:

BARGOTAKO UDALAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Bargotako Udalaren esku egon behar dute, deusetan ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean esleiturik izan ditzaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuen udal tasak ordaindu eta gero, lagun bakarreko 25 urterako hilobiak egiteko erabiliko dira hilerriko lur guztiak. Dena den, leku eskasiak behartuta, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak.

7. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

8. artikulua. Hilotzak ateratzea, beste ehorzketa batzuk egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da. Kasu horretan, zein den Udaleko biztanleen zentsua, haren araberako hilobi kopurua adinako lurra utziko da libre.

Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatu ahalko ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

9. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur gehiagorik okupatuko. Gutxienez ere 8 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

10. artikulua. Hiltzeko moduak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein mementotan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

11. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, ongi kontserbaturik ez badago.

12. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiko elementuak jartzeko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Ehorzketa egungo ilaren ordenari jarraikiz eginen da, hilerriaren arduradunak horretarako prestatzen duen hobian. Haren luze-zabalak 2,10 metro bider 0,80 metro izanen dira.

Hilarriek lerrokaturik egon behar dute eta haien luze-zabalak, gehienez ere, 2'10 metro bider 0'90 metro izanen dira.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Hilobiaren kontserbazioa behar bezalakoa ez denean, Alkatetzak 30 egun naturaleko epea emanen die interesdunei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.

Aipatu epea bukatuta, Alkatetzak burutuko ditu obrak eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesdunek ordaindu beharko dute.

16. artikulua. Udalak eremu bat finkatuko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxak etab.).

Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

17. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere buka daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

18. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1.-Ehorzketak.

2.-Hobitik ateratzea.

3.-Hilerriko beste lan batzuk.

19. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

20. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

21. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

22. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta beste batean ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

23. artikulua. 17. artikuluko 1, 2 eta 3. zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarrik gabe uzten ditu xedatzen duenaren kontra diren maila bereko xedapen guztiak, nahiz apalagoak; bereziki, 2001eko abuztuaren 30ean onetsitako ordenantza.

ERANSKINA

1.-Ehorzketak.

-Bargotan erroldatuak: salbuetsita. Era berean, erroldatuak bailiran hartuko dira eta tasa hau ordaintzetik salbuetsirik egonen dira hiltzeko unean erroldaturik ez daudenak baldin eta frogatzerik bada lehenagotik Bargotan erroldaturik egon direla modu iraunkorrean edo nolabaiteko jarraitasunez; betiere, udal erroldatik kendu zirenetik hamar urte baino gutxiago igaro badira.

-Erroldatu gabeak eta aurreko baldintza egiaztatzerik ez dutenak: 300 euro, gehi zerbitzuaren kostua.

2.-Hilotz erraustuen ontziak ehorztea.

Gainerako ehorzketak bezala, hilerrian toki berria hartzen badute.

Lehendik dauden hilobietan ehortziz gero: dohainik.

3.-Hobitik ateratzea.

Hilerriko hilobi guztietarako tarifa: zerbitzuaren kostua.

Prezio horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudunak Nafarroarako ezarritako KPIren arabera.

Bargotan, 2007ko irailaren 5ean.-Batzorde Kudeatzaileko burua, Gregorio García Mendaza.

Iragarkiaren kodea: L0718171