156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

436/2007 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena sobran den lurra botatzeko, Nafarroako Ubideko 6. tartearen eraikuntzan, Artaxoako 5. poligonoko 874. lurzatian. "Acciona-Arian Canal de Navarra" ABEEa da sustatzailea.

2007ko abuztuaren 30ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) letran sartuta dago proiektua. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

Proiektua honetan datza: arestian aipatutako obretako 83.294 m³ lur inguru, arestian aipatutako lurzatian botatzea, 29.758 m² inguruko azaleran. Lurzati hori nekazaritzarako erabiltzen den sakan baten goiko aldean dago. Badu muino txiki bat, berezko landaretza pixka bat duena, ingurumen aldetik balio eskasekoa.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurkeztutako dokumentazioak abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikuluak ezarritakoa betetzen du eta neurri zuzentzaile hauek sartzen ditu, neurri nagusi gisa: lurzatian landare lurra hedatzea, erreka ez okupatzea, eta bertako belarki eta zuhaixken hidroereintza egitea.

2007ko urriaren 8an Artaxoako Udalak proiektu horren aldeko txostena eman zuen.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea sobran den lurra botatzeko, Nafarroako Ubideko 6. tartearen eraikuntzan, Artaxoako 5. poligonoko 874. lurzatian. "Acciona-Arian Canal de Navarra" ABEEa da sustatzailea.

2. Baimen hau lortzeko beharrezkoa izanen da tramitatu den espedientean proposatutako ingurumen ukipenak kontrolatzeko neurriak bete daitezela eta lurrak botatzeko proposatu den lurzatia sar dadila obra orokorraren segimendu arkeologikoaren barnean. Sasiak kendu behar direnean bereziki aztertuko dira ondare arkeologikoan eragin daitezkeen ukipenak.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 22.105 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Artaxoako Udalari, "Canal de Navarra S.A." enpresari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0718349