154. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko azaroaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena proiektu hau: "Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek osatutako Borondatezko Udal Elkarteko uraren goi hornidura, IV. eta V. faseak", Agoizko Udalak sustatua, bere izenean eta Urraulbeitiko eta Irunberriko udalenean.

Egungo proiektuaren aurrekaria denez, aipatzekoa da "Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek osatutako Borondatezko Udal Elkarteko uraren goi hornidura" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala. Haren bi lehenbiziko faseak Nafarroako Gobernuak onetsi zituen, 2002ko apirilaren 8ko erabaki bidez, eta hirugarren fasea 2006ko otsailaren 27ko erabaki bidez. Hortaz, orain UPS horren 4. eta 5. faseak tramitatu behar dira, lanak bukatu eta aipatutako Borondatezko Udal Elkartea osatzen duten herriak urez hornitzeko.

Garai batean ezarritako hodi nagusi batetik hodi edo adar sorta bat aterako da, hainbat herrigune hornitzeko, eta horretarako dira proiektatutako lanak. Lan horiek eragina izanen dute udalerri hauetan: Longida (Billabetako, Aosko, Meozko, Mureluko eta Hiriberriko kontzejuak) eta Urraulbeiti (kontzejuak eta lekuak: Geretz, Artieda, Santsoain, Nardoze-Andurra, Arripodas, San Vicente, Alduate, Tabar eta Nardoze-Alduate).

Proiektuan honako adar hauek aurreikusten dira:

-Oletako adarra: Billabetako ur-biltegitik Oletako mugarako hodia. 933 metroko luzera du, eta Oletako bideko eskuineko aldetik doa, harekiko parez pare.

-Meozko adarra: 2.484 metroko luzera du. Aosko ur-biltegitik Meozko ur-biltegira doa, eta laborantzako lurzatiak, zenbait bide publiko, Zarikieta erreka eta zenbait sakan zeharkatzen ditu.

-Hiriberri Longidako adarra: Mureluko ur-biltegitik Hiriberriko ur-biltegirako hodia. 466 metroko luzera du, eta Iruña-Agoitz-Irunberri NA-150 errepidearekin parez pare doa, hartatik 170 bat metrora.

-Gerezko adarra: hodi nagusitik Gerezko ur-biltegirako hodia. 1.583 metroko luzera du tarte horrek. Iratiko trenbide zaharretik hurbil hasten da, Soto de Arriba bidearekin parez pare jarraitzen du, Izaga erreka zeharkatu eta, bide publiko baten eta kale baten trazadurari jarraikiz, Gerez herria iparraldetik hegoaldera gurutzatzen du.

-Artiedako adarra: hodi nagusitik Artiedako ur-biltegirako hodia. 351 metroko luzera du. Iruña-Agoitz-Irunberri NA-150 errepidea eta Gerez NA-2455 errepidea gurutzatzen diren gunean hasten da, eta, Auzalorko sakana, lurzati berrantolamenduko bide bat eta nekazaritzako zenbait lurzati gurutzatu ondoren, Artiedako ur-biltegian bukatzen da.

-Santsoaingo adarra: 2.134 metroko luzera du. Aurreko adarrean hasten da, lurzati berrantolamenduko bidearekin gurutzatzen den gunetik, eta Santsoaingo ur-biltegian bukatzen. Artiedako bidearekin parez pare doa Santsoain hurbileraino. Han Euntzemearko sakana gurutzatzen du bitan eta, herria iparraldetik inguratuz, ur-biltegira iristen da.

-Andurrako adarra: 2.256 metroko luzera du. Santsoaingo ur-biltegian hasten da eta Nardoze-Andurran bukatu. Urraulgoitiko ibarreko NA-2100 errepidea zeharkatu ondoren, haren parez pare doa Nardoze-Andurra NA-2152 errepidearekin elkartzeko. Han norabidea aldatu eta NA-2152 errepidearen parez pare jarraitzen du. Nardoze-Andurra herritik 450 bat metrora mendebalderantz jo eta herriko ur-biltegian bukatzen da.

-Arripodasko adarra: 246 metroko luzera du. Hodi nagusian hasten da, Arripodastik hurbil. Hodiak Urraulgoitiko NA-15 errepidea eta laborantza alor batzuk zeharkatu, eta Arripodasko ur-biltegian bukatzen da.

-Hodi nagusiko deribazio kutxeta eta San Vicenteko ur-biltegirako eta Tabarrerako deribazio kutxeta lotzen dituen adarra: 1.573 metroko luzera du. Hodi nagusitik San Vicenteko herrigunetik hegoaldera dagoen deribazio kutxeta batera doa. Iruña-Agoitz-Irunberri NA-150 errepideko eskuineko aldean hasten da, Zaraitzuarren altxonbidetik jarraitu, eta San Vicente NA-2405 errepidearen parez pare, deribazio kutxetara iristen (herritik hegoaldera, Gerezko, Tabarko eta Apardozeko bideen gurutzaduratik hurbil).

-San Vicenteko adarra: 395 metroko luzera du. Apardozeko bidetik hurbil doa, eta San Vicentetik hegoaldera proiektatu den kutxeta eta Apardozeko ur-biltegia lotzen ditu.

-San Vicenteko deribazio kutxeta eta Tabarko deribazio kutxeta lotzen dituen adarra: 2.095 metroko luzera du. Tabarko eta San Vicenteko bidearen parez pare doa, eta San Vicenteko eta Tabarko herriguneetatik hurbil proiektatu diren deribazio kutxetak lotzen ditu.

-Tabarko adarra: 300 metroko luzera du. Tabartik ipar-ekialdean proiektatu den deribazio kutxeta eta Tabarko ur-biltegia lotzen ditu.

-Tabarko deribazio kutxeta eta Nardoze-Alduateko eta Alduateko deribazio kutxeta lotzen dituen adarra: 3.100 metroko luzera du, eta aipatutako deribazio kutxetak lotzen ditu. Hodiak Tabarko herrigunea mendebaldetik inguratzen du, Nardozeko eta Tabarko bideetatik doa eta, laborantzako zenbait lurzati zeharkatu ondoren, Nardoze-Alduateko herrigunearen mendebaldean proiektatu den kutxetan bukatzen da.

-Nardoze-Alduateko adarra: 250 metroko luzera du. Proiektatu den azkeneko kutxeta eta Nardoze-Alduateko ur-biltegia lotzen ditu.

-Alduateko adarra: 500 metroko luzera du. Proiektatu den azkeneko kutxeta eta Alduateko ur-biltegia lotzen ditu.

Denera 18.619 metroko luzera dute proiektatutako trazadura guztiek. Zenbait bide, erreka eta sakan zeharkatzeaz gain, gurutze esanguratsuenak hauek dira:

-Errepide hauek gurutzatzea: Iruña-Agoitz-Irunberri NA-15, Geretz NA-2455, Urraulgoiti ibarra NA-2100 errepidea, Nardoze-Andurra NA-2152 errepidea eta San Vicente NA-2405 errepidea.

-Iratiko trenbide zaharraren gurutzatzea.

-Irati ibaia gurutzatzea.

-T-13 zeharbidea (Zaraitzuarrena) hiru lekutan gurutzatzen du, eta 460 metrotan horrekin bat egiten du (honako hauek lotzen dituen adarra: hodi nagusiko deribazio kutxeta eta San Vicenterako eta Tabarrerako deribazio kutxeta).

Hirigintza arloko zehaztapenak.

Proiektatutako azpiegiturak lurzoru urbanizaezinetan daude. Lurzoru horien kategorien eta azpikategorien babes araudiak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen eta Urraulbeitin indarrean den hirigintzari buruzko planeamenduaren xedapenekin bat) bateragarriak dira azpiegitura horiekin (Longidako udalerriak ez du indarreko hirigintzari buruzko planeamendurik).

Bestalde, arestian aipatutako errepideak zeharkatuko direnez, beharrezkoa da lanei ekin aurretik dagokion baimena lortzea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan.

Halaber, lehen aipatu denez, adar batzuek Iratiko trenbide zaharra gurutzatzen dute. Etorkizunean trenbide zaharra "bide berde" bihurtzeko aukera izan dadin, hoditeriaren lanek bateragarri izan behar dute aukera horrekin, hau da, trenbideko plataforman ez da deus azaleratuko, eta kontuan hartu beharko da plataformako tarte batzuk beharbada gaur egun erabiltzen direla, nekazaritzako makinak alorretara sartzeko.

Proiektuan ez da jaso, akatsik edo ez-aipatzerik izan ez bada behintzat, kontuan hartu denik Larrau-El Villar de Arnedoko nazioarteko gasbidea. Enagasek kudeatzen du gasbide hori, eta honako adar hauek zeharka litzake: hodi nagusiko deribazio kutxeta eta San Vicenteko ur-biltegirako eta Tabarrerako deribazio kutxeta lotzen dituen adarra eta Andurrako adarra.

Azkenik, eta ondare arkeologikoarekin loturik, bidezkoa da aipatzea 2007ko irailaren 7an Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txostena eman zuela, eta horretan adierazi azpiegiturak ukituko duen eremuan ez dela egin gainazal osoaren prospekzio arkeologiko sistematikorik, eta, beraz, ez dakigula zein egiazko ukipen eragin ditzakeen hornidura horrek ondare arkeologikoan. Arestiko guztia ikusirik, aipatutako txostenak dio ondare arkeologikoaren gaineko eraginaren azterlana egin behar dela, obren sustatzailearen kargura, zenbait jarraibide metodologikori jarraikiz. Behin betiko proiektua onetsi aurretik, aipatutako azterlana Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera bidali beharko da.

Ingurumen arloko zehaztapenak.

2007ko abuztuaren 9an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak txostena eman du, honako ondorioa adierazten zuela: "informazioa osoa dela jotzen da, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedurari hasiera ematen ahal zaio. Espedientea jendaurrean jarriko da hogeita hamar egunez, proiektu sektoriala jendaurrean jartzearekin batera".

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko urriaren 4an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea proiektu hau: "Agoitz, Urraulbeiti eta Irunberriko udalek osatutako Borondatezko Udal Elkarteko uraren goi hornidura, IV. eta V. faseak", Agoizko Udalak sustatua, bere izenean eta Urraulbeiti eta Irunberriko udalenean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan.

2. Sustatzaileari jakinaraztea ondare arkeologikoaren gaineko eraginaren azterlan batekin osatu behar dela lanak gauzatzeko proiektua, lanak hasi aurretik eta Ondasun Higigarrien Atalak txostenean azaldutakoarekin bat. Atal horrek azterlana onetsi beharko du.

3. Era berean, sustatzaileari jakinaraztea proiektuan eta/edo lanen gauzatzean honako alderdi hauek kontuan hartu beharko dituela:

a) NA-150, NA-2100 eta NA-178 errepideen ukipen eremuan eginen diren lanetan hasi aurretik dagokien baimena beharko dute Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan.

b) Iratiko tranbide zaharreko plataforman ez da deus azaleratuko.

c) Kontuan hartuko da Larrau-El Villar de Arnedoko nazioarteko gasbidea. Gasbide horrek proiektatutako bi adarrak zeharkatuko ditu.

4. Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta jarduera horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakorekin bat.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Longidako, Urraulbeiti eta Irunberriko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 19an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0718004