154. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

242/2007 FORU DEKRETUA, azaroaren 19koa, Beireko udalerrian, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko VII. sektoreko nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onetsi, lurzatien berrantolamendua egin, ureztaketa lurra sortu eta kalitate gutxiko ureztaketa lurrak modernizatzeko, eta esku-hartze hori presakoa dela adierazten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak adierazten du onura publikoa eta interes orokorra duela Nafarroako Ubidearen eraginpeko eremuetako nekazaritza azpiegituretan egin beharreko esku-hartzeak. Guztira 53.125 hektarea garbi dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketa zerrendan aldaketak onetsi zituen urriaren 7ko 212/2002 Foru Dekretuak 7/1999 Foru Legearen eranskina eguneratu du, eta ezarri ere egin du 2008ra bitarteko epean Nafarroako Ubidearen gainerako sektoreei dagozkien 5.707 hektareatan eta 2009tik 2018ra bitarte 51.976 hektareatan jardun beharra dagoela.

Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean aipatzen den helburua lortzeko, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko I., II-1, II-2, III, IV-1, IV-2, IV-3, IV-4, IV-5, V. eta VI. sektoreetako nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onetsi zuen, sektore horiei dagozkien foru dekretuen bidez 2011n Nafarroako Ubideko 8. tarteko 7. hartunea, VII. sektorea hornituko duena, abian izanen denez, horixe aurreikusi baita, bidezko da nekazaritza azpiegituretan esku-hartzea aski den denbora aldeaz onestea, lurzatien berrantolamendua egin, ureztaketa lurrak sortu eta kalitate gutxiko ureztaketa lurrak modernizatzeko, eremu ureztagarria egiten jarraitu ahal izateko.

Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du Gobernuak onetsi beharko dituela, foru dekretu bidez, nekazaritzako azpiegituretako jarduketak.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Beireko udalerri osoan, nekazaritzako azpiegituretan egin beharreko esku-hartzea onestea. Esku-hartze hori Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko VIII. sektorean eginen da, lurzati berrantolamendua egin, sektore hori ureztaketa lur bihurtu eta ureztaketa lurrak modernizatzeko.

2. Presaz egin beharra.

Presakotzat jotzen da Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko VII. sektorean egin gogo den nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzea.

3. Ureztaketa lur bihurtu eta modernizatu beharra.

Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 14. artikuluaren arabera, azpiegituretako esku-hartzea nahitaezkoa da, eta ukitutako titularren batek eraldaketari lotutako konpromisoak hartzen ez baditu, eremu ureztagarritik kanpoko berrantalomenduan sartzen ahalko da edo, bestela, desjabetzearen bidea aukeratu (esku-hartzearen aurreko balioa emanen zaio lurrari), bere lurra Lurren Funtsean sartuz, aipatu Foru Legearen 42.2.h eta 43.2.a artikuluen arabera.

4. Proiektuaren azalpena.

Eremuko nekazaritza azpiegituren gaineko jarduketak, lehenbizi, lurzati berrantolamendua ureztaketa lurrek behar duten egiturara egokitzeko behar dituzten lanak biltzen ditu eta, bigarrenik, ureztaketa lur bihurtzekoak eta modernizatzekoak. Horretarako, beharrezkoa da hartunea Nafarroako Ubidean egitea, sektoreko eta eremuko oinarrizko sarea baita, eta presioko banaketa sarea ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino eraman beharko da, horiek lurzatiak ureztatzeko sistemekin berdinduko baitira. Lurzati horiek nekazaritza interes pribatuko obratzat joko dira.

5. Ingurumen arloko alderdiak.

Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat, Nafarroako Ubideak eta haren eremu ureztagarriek ez dute berriro ingurumen ebaluazioen mende jarri behar. Izan ere, aski da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 1999ko apirilaren 29ko ingurumen eraginaren adierazpena, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialari buruzkoa. Proiektu horretan, hartu beharreko neurri zuzentzaileak zehaztu eta neurri horiek betetzen direla bermatzeko ingurumena zaintzeko programa ezarri zen.

6. Prozedura.

Nafarroako Ubidea abian jarri eta VII. sektorea hornitzeko aurreikusi diren epeak ikusirik, lurzatiak berrantolatzeko prozedura Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legean ezartzen den prozedura normala izanen da. Prozeduran jardutean, lurzatien berrantolamenduen aurreko prozesuetako ikerketa eta sailkapeneko lan teknikoak edo bestelakoak erabiltzen ahal dira, baldin eta Batzorde Aholku-emaile berriak baliagarritzat jotzen baditu.

7. Jarduketaren xedeko lurraldea mugatzea.

Jarduketaren xede den eremuak gutxi gora behera 2.200 hektarea hartzen ditu. Horietarik, 1.352 bat hektarea bihurtuko dira ureztaketa lur eta 200 hektarea inguru modernizatuko dira.

Behin-behinekoz, lurzati berrantolamenduaren eremua honela mugatuko da:

Iparraldetik.-San Martin Unxeko udal mugapea.

Ekialdetik.-Pitillasko eta Uxueko udal mugapeak.

Mendebaletik.-Erriberriko udal mugapea.

Hegoaldetik.-Pitillasko udal mugapea.

Muga horiek bat datoz Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialarekin. Nafarroako Gobernuak 1999ko ekainaren 7ko Erabakiaren bidez onetsi zuen proiektu hori. VII. sektoreko eremu ureztagarria lurzatiak berrantolatzeko eremuaren barruan dago.

Azpiegituretako esku-hartzearen perimetroa aldatzen ahalko da, 1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a) artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8. Ustiapenaren oinarrizko azalerak zehaztea.

Eremuko ekoizpen joerekin bat, lehorreko lurrak ustiatzeko oinarrizko eremuaren gehieneko muga 125 hektareakoa izanen da eta gutxienekoa, 25 hektareakoa. Ustiapenaren oinarrizko azalera, ureztaketa lurretan, gehienez ere 25 hektareakoa izanen da eta gutxienez 5 hektareakoa. Ureztaketa lurrak lehorreko lur bihurtzeko faktorea 5,0koa izanen da. Ureztaketa lurretako ustiapenaren oinarrizko azaleraren gutxienekoa ureztaketaren oinarrizko azalera izanen da.

9. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 25 hektarea lehorreko lurretan eta 5 hektarea ureztaketa lurretan.

10. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak zehaztea.

Lurren funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiapeneko oinarrizko eremuak osatu eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, maiatzaren 19ko 116/2003 Foru Dekretuan ageri den lehenengo mailako lurraren balioa ezarriko da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailakotzat jo diren lurrei aplikatu beharreko modulu gisa. Dekretu horren bidez, azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren eranskina aldatu zen. Horretan, Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, lehen mailako modulua lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin biderkatuko da.

11. Azpiegiturak egitea.

Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriko VII. sektorean ureztaketa lurrak sortu eta ureztaketa lurrak modernizatzeko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko lanak Nafarroako Ubideko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko lanei buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legean ezarri bezala burutuko dira.

12. Foru agindu hau Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraziko zaio.

13. Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean berean sortuko ditu ondorioak.

14. Foru dekretu honek administrazio bidea agortzen du, eta horren kontra errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

-Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0718014