154. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

3080/2007 EBAZPENA, urriaren 26koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

Ekainaren 5eko TAS 1622/2007 Aginduaren bidez, enplegu autonomoa sustatzeko programarako dirulaguntzak emateko arauak ezarri ziren. Arau horren lehen xedapen gehigarriaren arabera, autonomia erkidegoak (eta ondorio horietarako, Nafarroako Foru Komunitatea haietariko bat da), Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan duen kudeaketa eta horretarako programa osagarriena beretu badute, bertan ezarririkoa berezko antolaketaren ondoriozko berezitasunera eta beren lurraldean aplikatzekoa den arautegira egokituko dute.

Martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretuaren bidez, enpleguaren eta lan bidezko prestakuntzaren arloko dirulaguntzak zuzenean emateko arauak ezarri ziren. 2.1 artikuluko b) eta d) letrek xedatzen dutenez, enplegu autonomoa sustatzeko aipatzen diren dirulaguntzei aplikatuko zaizkie Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioak 1998ko urriaren 16an eman Agindua, minusbaliatuak enplegu eta lan autonomoko zentro berezietan integratzeko laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko arauak ezartzen dituena, eta Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak 1986ko otsailaren 21ean eman Aginduko III. Programa, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak 1994ko martxoaren 22an eman Aginduaren bidez garatu zena. Arau horen aipamenak ebazpen honi dagozkiola ulertuko da, artikulu hartako 2. idatz-zatian xedaturikoaren arabera.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Langile autonomoak bere gain hasteko edo bere kontura lan egiteko dirulaguntzak 2007rako gastu aurrekontuko "PO/3 FSE Nafarroa inbertsioetarako autonomoendako dirulaguntzak" izeneko 881001 84100 7709 241100 kontusailetik finantzatuko dira. Dirulaguntza finantzarioa 2007rako gastu aurrekontuko "PO/3 FSE kredituen hobarietarako autonomoendako dirulaguntzak" izeneko 881001 84100 7709 241102 kontusailetik pagatuko da.

4. 2007ko gastu aurrekontuko "Biziraupenerako errentetarako autonomoendako dirulaguntzak" izeneko 881001 84100 4709 241103 kontusaileko RCSA 19 autonomoendako biziraupenerako errenten dirulaguntzetarako deialdiari dagokion erreserbatik 240.000 euro askatzea eta aurrekontuko kontusail horretarako diru kopuru hori laguntza teknikorako eta prestakuntzarako dirulaguntzak pagatzeko erreserbatzea (RCSA 382 eta 383, hurrenez hurren). Hurrengo urteetan, diru hori kasuan kasuko aurrekontuko kontusailetik eskuratuko da.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko urriaren 26an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

I. ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1. araua.-Xedea.

Ekainaren 5eko TAS 1622/2007 Aginduaren xedea martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretua garatu eta betearaztea da. Errege dekretu horren bidez enpleguaren eta lan bidezko prestakuntzaren arloan dirulaguntza batzuk zuzenean emateko modua arautu zen, enplegu autonomoa sustatzeko programa bat ezarri ahal izateko. Horren helburua langabeak langile autonomoak bihurtu edo beren kontura lanean hastea da.

Ebazpen honen xedea TAS agindu horretan xedaturikoa Nafarroako Foru Komunitatearen berezko antolamenduaren ondoriozko berezitasunetarako eta haren lurraldean aplikatzekoa den arautegira egokitzea da.

2. araua.-Onuradunak.

Langabeak izaten ahalko dira programa honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun, kasuan kasuko enplegu zerbitzu publikoan enplegu eskatzaile gisa inskribatuak badaude, Nafarroako Foru Komunitatean langile autonomoak bihurtu edo beren kontura lan egiten hasten direnean eta Gizarte Segurantzako autonomoen araubidean edo lanbide elkargoetako mutuan kidetzen direnean, 2007ko ekainaren 7tik aurrera.

3. araua.-Dirulaguntzak.

2. arauan aipatzen diren betebeharrak biltzen dituztenek dirulaguntza hauek kobratzeko eskubidea izanen dute:

a) Dirulaguntza, langile autonomoak bihurtzeagatik edo beren kontura lanean hasteagatik.

b) Dirulaguntza finantzarioa: Dirulaguntza horren xedea enpresa sortu eta abian jartzeko inbertsioak finantzatzeko maileguen interesak gutxitzea da.

c) Laguntza teknikorako dirulaguntza: Dirulaguntza horren xedea enpresaren jardueraren garapena hobetzeko behar diren kanpoko zerbitzuen kontratazioa hein batean finantzatzea da, enpresa abiarazten den bitartean, eta bideragarritasun, antolaketa, merkaturatze, diagnosi edo antzeko azterlanak egitekoak ere bai.

d) Prestakuntzarako dirulaguntza: Dirulaguntza horren xedea enpresaren zuzendaritza eta kudeaketari eta informazio eta komunikazio teknologia berriei loturiko ikastaroak hein batean finantzatzea da, langile autonomoen prestakuntza beharrak finantzatzeko, enpresa abiarazten den bitartean.

4. araua.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta ebazpen honetan aipatzen diren bestelakoak bete beharko dituzte.

Partikularzki, gutxienez ere hiru urtez dirulaguntza edo laguntza kobratzeko oinarria izanen den jarduera egin beharko dute eta Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean kideturik egon eta dirulaguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak mantendu. Bete ezik, salbu eta onuradunak ezin izan duela bestela jokatu frogatzen denean, kobraturiko dirulaguntzak itzuli beharko dira, hiru urteak bete arte falta den denborari dagokion proportzioan.

5. araua.-Bekak emateko prozedura.

Ministerioaren agindu horretan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazio araubidean tramitatuko dira, martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera.

6. araua.-Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Arau hauetan aipatzen diren laguntzak bateraezinak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin. Zehazki, 3. arauko a) eta b) puntuetan aipatzen direnak inbertsio berengatik eman daitezkeen laguntza edo dirulaguntzekin bateraezinak izanen dira.

Ematen den dirulaguntzak ez du behin ere onuradunaren jardueraren kostua baino gehiago eginen, ez bakarrik ez eta beste dirulaguntza batzuk jasota ere, hala nola Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko batzuen, beste entitate publiko eta pribatu batzuen dirulaguntzak jasota.

7. araua.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Eskuarki, onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, 2. arauak aipatzen direnez gain eta arau hauetan dirulaguntza mota bakoitzerako aurreikusten diren berariazko betebeharrez gain:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian, beren konturako araubide berezian edo lanbide elkargoko mutualitatean kidetzea. Ulertuko da kidetzen diren egunean hasten direla lanean. Halaber, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartu beharko dute.

Langile autonomoak edo beren konturakoak onuradunak izaten ahalko dira ondasun erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituztenean, dirulaguntzak nork bere izenean eskatzen badituzte. Merkataritza sozietateetako, kooperatibetako eta lan sozietateetako bazkideak eta autonomo laguntzaileak bazterturik egonen dira. Halaber, lanean hasi baino lehenagoko hiru urteetan, autonomo gisa edo beren kontura, jarduera bera edo antzekoa egin duten langileak ere baztertuko dira.

b) Jarduera hasten den egunean langabea izatea eta enplegu zerbitzu publikoetan inskribaturik egotea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du betebehar hori.

2. Ezgaitasunak dituzten langileendako dirulaguntzen kasuan, aurreko ataleko betebeharrak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako ezintasuna aitorturik daukatenak izanen dira onuradunak, Ezgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta orotariko sarbideei buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeko 1.2 artikuluan xedaturikoarekin bat.

3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

8. araua.-Dirulaguntzen zenbatekoak eta emateko baldintzak.

1. Dirulaguntza, langile autonomoak bihurtzeagatik edo beren kontura lanean hasteagatik.

a) Dirulaguntzak zenbateko hauetakoak izanen dira:

1.-5.000 euro langabeendako, oro har.

2.-6.000 euro, 30 urteko edo hortik beherako langabe gazteendako.

3.-7.000 euro, emakume langabeendako.

4.-8.000 euro, ezgaitasunak dituzten langabeendako.

5.-10.000 euro, ezgaitasunak dituzten emakume langabeendako.

Genero bortizkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuan, 3. eta 5. puntuetako kopuruei %10 gehituko zaie.

b) Dirulaguntza hau kobratu ahal izateko, onuradunak langabea izan beharko du eta etenik gabe kasuan kasuko enplegu zerbitzu publikoko bulegoan inskribaturik egon, gutxienez ere Gizarte Segurantzako Araubide Berezian kidetu baino hiru hilabete lehenagotik. Betebehar hori ez zaie eskatzen ezintasunak dituztenei eta genero bortizkeriaren biktimak izan diren emakumeei.

c) Dirulaguntza hau kobratu ahal izateko, onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera ezartzeko behar diren aktibo finko materialetan edo softwarean inbertitu beharko du, gutxienez ere 12.000 euro (BEZa kanpo). Inbertsio horien faktura eta ordainketa datak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eta hasi ondorengo hiru hilabete bitarte izanen dira. Ezgaitasunak dituzten pertsonen eta genero bortizkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuetan, inbertsioaren zenbatekoa handiagoa izaten ahalko da eta dirulaguntza inbertsio justifikatuaren %100ekoa izanen da gehienez, ezarririk dagoen gehieneko zenbatekoa gainditzen ez bada.

Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, industria edo merkataritzarako ibilgailuak izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:

-Fitxa teknikoan adierazirik daukaten sailkapen kodea 03, 04, 06, 10 edo 31z hasten ez duten ibilgailu guztiak, salbu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ustez gorabehera bereziengatik, bestela juzgatzen ahal bada.

-Bidaiarien zerbitzu publikorako auto taximetrodunak.

-Gaixoak edo istripuak izandako pertsonak eramateko autoak.

d) Dirulaguntzaren eskaera jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztu beharko da.

2. Dirulaguntza finantzarioa.

Dirulaguntza hori mailegua ematen duen kreditu entitate publiko edo pribatuak ezarririko interesen 4 puntu bitarteko murrizketaren adinekoa izanen da, hark dirauen bitarteko lehenbiziko sei urteetan, eta batera pagatuko da. Zenbatekoa kalkulatuko da dirulaguntza hark dirauen urte bakoitzean sortuko bailitzan, balizko gabealdia barne.

a) Dirulaguntzek muga hauek izanen dituzte:

1.-5.000 euro langabeendako, oro har.

2.-6.000 euro, 30 urteko edo hortik beherako langabe gazteendako.

3.-7.000 euro, emakume langabeendako.

4.-8.000 euro, ezgaitasunak dituzten langabeendako.

5.-10.000 euro, ezgaitasunak dituzten emakume langabeendako.

Genero bortizkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuan, 3. eta 5. puntuetako kopuruei %10 gehituko zaie.

b) Maileguak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik hasi ondorengo hiru hilabeteetan formalizatu beharko dira. Horretarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin hitzarmena izenpeturik daukaten kreditu entitateek eman beharko dituzte maileguak.

c) Dirulaguntza hau kobratu ahal izateko, onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera ezartzeko behar diren aktibo finko materialetan edo softwarean inbertitu beharko du, gutxienez ere 5.000 euro (BEZa kanpo). Inbertsio horien faktura eta ordainketa datak jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik eta hasi ondorengo hiru hilabete bitarte izanen dira. Eskatzen den maileguaren zenbatekoa ere gutxienez ere 5.000 eurokoa izanen da. Ezgaitasunak dituzten pertsonen eta genero bortizkeriaren biktimak izan diren emakumeen kasuetan, inbertsioaren zenbatekoa handiagoa izaten ahalko da.

Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, industria edo merkataritzarako ibilgailuak izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:

-Fitxa teknikoan adierazirik daukaten sailkapen kodea 03, 04, 06, 10 edo 31z hasten ez duten ibilgailu guztiak, salbu eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ustez gorabehera bereziengatik, bestela juzgatzen ahal bada.

-Bidaiarien zerbitzu publikorako auto taximetrodunak.

-Gaixoak edo istripuak izandako pertsonak eramateko autoak.

d) Dirulaguntza zuzenean eta dena batera mailegua eman duen entitate finantzarioari pagatuko zaio, maileguaren printzipala amortizatuko duenari.

e) Maileguaren interes tasa finkoa edo aldakorra izanen da. Dirulaguntza kalkulatzeko kreditu entitateak mailegua ematean finkatzen duena hartuko da erreferentziatzat.

f) Dirulaguntza finantzarioaren eskaera Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko da, jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan.

3. Laguntza teknikorako dirulaguntza.

a) Dirulaguntza honen zenbatekoa emandako zerbitzuen kostuaren %75ekoa izanen da, 2.000 euro bitarte.

b) Dirulaguntza hori dena batera emanen da. Hala ere, onuradunak harturiko laguntza teknikoko zerbitzu guztiak dirulaguntzen xede izanen dira, oso-osorik jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik hasi eta hurrengo hiru hilabete bitarte burutu badira, aurreko a) letran ezarririko gehieneko muga arte.

c) Dirulaguntzaren eskaerak jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztu beharko dira.

d) Honako hauek eman beharko dituzte laguntza teknikoko zerbitzuak:

1. Sektore arteko langile autonomoen elkarteek, kasuan kasuko lurraldean behar adina zabaldurik daudenek.

2. Bestelako pertsona juridiko edo fisikoek, kaudimen profesionala bermatzen dutenek.

4. Prestakuntzarako dirulaguntza.

a) Dirulaguntza honen zenbatekoa harturiko ikastaroen kostuaren %75ekoa izanen da, 3.000 euro bitarte.

b) Dirulaguntza hori dena batera emanen da. Hala ere, onuradunak harturiko prestakuntza ekintza guztiak dirulaguntzen xede izanen dira, oso-osorik jarduera hasi baino sei hilabete lehenagotik hasi eta hurrengo hiru hilabete bitarte burutu badira, aurreko a) letran ezarririko gehieneko muga arte.

c) Dirulaguntzaren eskaerak jarduera hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztu beharko dira.

d) Honako hauek eman beharko dute prestakuntza:

1. Sektore arteko langile autonomoen elkarteek, kasuan kasuko lurraldean behar adina zabaldurik daudenek.

2. Bestelako pertsona juridiko edo fisikoek, kaudimen profesionala bermatzen dutenek.

9. araua.-Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

1. Prozedura alde batek eskaturik hasiko da, interesdunak Nafarroako Enplegu Zerbitzura eskaera igorriz, entitate horretako erregistroan aurkeztuko dena. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein modutan aurkeztu ahalko da. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio.

2. Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, jatorrizkoen edo fotokopia konpultsatuen bidez:

a) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak eginak dauzkala frogatzen duen agiria.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko

13. artikuluan ezarri debekuetan ez dagoela frogatzea, onuradunaren erantzukizunpeko aitorpenaren bidez eginen dena.

d) Helburu bererako lortu edo eskaturiko dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabideen adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpena. Halaber, eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du dirulaguntzak, laguntzak, dirusarrerak edo baliabideak hartu edo berriro eskatu dituela edo horren inguruan sortzen ahal diren egoera berriak. Orobat, "de minimis" araubidearen barruan dauden adieraziko da.

e) Bidezko da, lanbide elkargo baten ziurtagiria, bertako kidea dela frogatzen duena, adieraziz lanean ari denentz, eta lanbide elkargoko mutualitatearen ziurtagiria, bertan altan egon den aldiak adieraziz.

f) Langilearen alta, Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian, kasuan kasuko araubide berezian, edo kasuan kasuko lanbide elkargoko mutualitatean.

g) Alta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan.

h) Bere gain hasteko dirulaguntzaren eta dirulaguntza finantzarioaren kasuetan, enpresarako proiektuko memoria, egin beharreko jarduera, plan finantzarioa eta egin beharreko inbertsioak bilduko dituena. Halaber, egiazki pagaturiko fakturen jatorrizko agiria eta kopia eta frogatako antzeko balio duten bestelako kontabilitate agiriak aurkeztuko dira, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak.

i) Dirulaguntza finantzarioaren kasuan, maileguaren kontratua edo poliza.

j) Laguntza teknikorako eta prestatakuntzaren dirulaguntzen kasuetan: eginiko ekintzen memoria (egin dituen entitatea azaltzen duen memoria, non haren kaudimen profesionala, edukia eta egin ziren datak adieraziko baitira), egiazki pagaturiko fakturak eta frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak, kontratuak eta egiazki eginiko gastuak frogatzen dituzten bestelako agiriak.

k) Bidezko bada, ezgaitasunak dituen pertsona dela frogatzea, 7.2 arauan xedatu bezala.

l) Bidezko bada, genero bortizkeriaren biktima dela frogatzea, babes aginduaren bidez edo Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez.

m) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

Langile autonomoa bihurtzeko edo bere konturako lanean hasteko dirulaguntza jarduera hasi baino lehen eskatuz gero, d), e), f) eta g) letretan eskatzen diren agiriak ordainketa justifikatu baino lehen aurkeztuko dira, 10. arauan xedatu bezala.

3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaritza kudeatzailetzak erabakiko du dirulaguntzak eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertzen ahalko da aurkezturiko eskabidea administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsia izan dela.

Ebazpenak ez du bide administratiboa agortuko. Horregatik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. araua.-Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza kobratu baino lehen, onuradunak frogatu beharko du ezarririko betebeharrak betetzen dituela eta dirulaguntza hartzeko oinarria izan den jarduketa burutu duela.

Onuradunak ez du dirulaguntza kobratzen ahalko, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak pagatu ez baditu.

11. araua.-Dirulaguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, Espainiako edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, dirulaguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

12. araua.-Dirulaguntzak itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobraturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da eta dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarteko berandutze interesak pagatu, foru lege hartako 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Betebeharrak hein batean bete ezik, organo eskudunak erabakiko du zenbat diru itzuli behar duen onuradunak, justifikaturiko kostuen eta frogaturiko jarduketen arabera proportzionaltasun irizpideari jarraituz, 4. arauan xedaturikoaren arabera.

3. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen orotariko xedapenen arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat burutuko da.

13. araua.-Zehapen prozedura.

Itzultzeko espedientea tramitatzeagatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko IV. tituluan tipifikaturiko arau-hausteren bat atzemanez gero, foru lege horretan ezarririk dagoen prozedurari ekinen zaio.

14. araua.-Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzea.

3.a) eta 3.b) arauetan aipatzen diren laguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko 3. helburuko programa operatiboaren arabera.

15. araua.-"De minimis" araubidea.

Laguntza hauek "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

16. araua.-Indarrean dauden prozedurak.

Salbuespen gisa, ekainaren 8tik eta ebazpen hau argitaratzen den egunaren bezperara bitarte Gizarte Segurantzan edo lanbide elkargoetako mutuako langile autonomoen araubidean kidetu diren pertsonek bi hilabeteko epea izanen dute dirulaguntzak eskatu ahal izateko, argitaratu eta biharamunetik hasita, salbu esta epe hori kasuan kasuko laguntzarako ezarririk dagoena laburra bada.

3.a arauan ezarririk dagoen laguntza modalitatea uztailaren 20ko 259/1992 Foru Dekretuaren babesesan hasitako prozedurei aplikatzen ahalko zaie, 2007ko ekainaren 7tik aurrera, idatziz Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean hala eskatzen denean, ebazpen hau argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Halaber, hitzarmenaren mendeko mailegu bat hartzen duten eskatzaileek kobratzen ahalko dute 3.b arauan ezarririko laguntza, ebazpen hau argitaratu eta bi hilabeteko epean.

17. araua.-Aplikatu beharreko arauak.

Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta enpleguaren eta lan bidezko prestakuntzaren arloko dirulaguntza batzuk zuzenean emateko modua arautzen duen martxoaren 24ko 357/2006 Errege Dekretua izanen dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0718029