154. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1634/2007 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak emana, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoko Zortzigarren Xedapen Gehigarriko bigarren paragrafoak ezartzen duenaren araberako xedapenak ematen dituen erabakia argitaratzea agintzen duena. Erabaki hori 2007ko azaroaren 12ko Gobernu Kontseiluaren bileran onetsi zen.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, argitaratzea agintzen dut 2007ko azaroaren 12an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabakia, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoko Zortzigarren Xedapen Gehigarriko bigarren paragrafoak ezartzen duenaren araberako xedapenak ematen dituena. Erabakia, hitzez hitz, honako hau da:

ERABAKIA, APIRILAREN 12KO 4/2007 LEGE ORGANIKOAREN ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIKO BIGARREN PARAGRAFOAK EZARTZEN DUENAREN ARABERAKO XEDAPENAK EMATEN DITUENA

Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren aldarrikapenak, beste alderdi batzuen artean, aldatu egin du unibertsitateko gobernu-erakunde kolegiatu batzuen osaera, bai eta unibertsitateko lagun bakarreko erakunde batzuetan sartzeko baldintzak ere. Aldi berean, zortzigarren xedapen gehigarriak unibertsitateei gehienez ere hiru urteko epea ematen die estatutuak aipatu legean ezarritakora egokitzeko, eta unibertsitateetako gobernu kontseiluak gaitzen ditu lege horretan ezarritakoa betetzeko aplikatu beharreko araudia onets dezaten.

Joan den martxoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak gobernu- erakunde kolegiatuak eta lagun bakarrekoak berritzeko prozesua abiatu zuen, une hartan indarrean zegoen araudiarekin bat etorriz. Prozesu hori Unibertsitateko errektorea aukeratzeko hauteskundeen deialdiarekin batera hasi zen. Orain, Unibertsitateko Klaustroko hauteskundeen txanda da, eta gero gainerako gobernu-organoak berrituko dira. Klaustroko kideen agintaldia amaitzear dela, ez dago denbora materialik egungo estatutuak 4/2007 Lege Organikoan ezarritako manamenduetara egokituko duen prozesu batekin hasteko. Hori dela-eta, hobe litzateke Klaustro berriak ekitea horri, behar den hauteskunde-prozesua amaitu eta gero.

Alabaina, 4/2007 Lege Organikoak aldatu egin ditu dekano kargua edo ikastegiko zuzendari eta saileko zuzendari karguak betetzeko baldintzak. Izan ere, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleek aukera izango dute kargu horiek betetzeko, bigarren kasuan doktore izateko baldintzari eusten bazaio ere.

Hori dela-eta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren idazkari nagusiak proposatuta, bere kide guztiek eztabaidatu eta gero, 2007ko azaroaren 12an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenengoa.-Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 24. artikuluari apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak ematen dion idazketan ezarritakoaren arabera, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten eta beren ikastegietan irakaslanean aritzen diren irakasleak aukeratuko dituzte Fakultateko dekano eta Ikastegiko zuzendariak hautatzeko hauteskundeetan.

Bigarrena.-Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 25. artikuluari apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak ematen dion idazketaren arabera, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten eta saileko kideak diren irakasleak izango dira hautagai saileko zuzendariak hautatzeko hauteskundeetan.

Hirugarrena.-Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoak Gobernu Kontseiluari emandako gaikuntzaren arabera onartzen da erabaki hau.

Laugarrena.-Erabaki honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko azaroaren 12an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F0717785