146. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2132/2007 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tuterako udal mugapean plastiko industrialak eraldatzeko, automoziorako piezak injekzio bidez fabrikatzeko eta pieza horiek pintatzeko. Jardueraren titularra Plastal Spain, S.A. da.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 10.1 atalean dago jasota, "Materialen, objektuen edo produktuen azalak disolbatzaile organikoekin tratatzen dituzten instalazioak, bereziki prestatu, estanpatu, estali edo deskoipetzeko, itsatsi, lakatu, garbitu edo inpregnatzeko, orduko 150kg edo urteko 200 tona disolbatzaile kontsumitzeko ahalmenarekin" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Halaber, instalazio hori Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legeko 2A eranskineko 7. epigrafean dago jasota, "Materialen, objektuen edo produktuen azalak disolbatzaile organikoekin tratatzen dituzten instalazioak, bereziki prestatu, estanpatu, estali edo deskoipetzeko, itsatsi, lakatu, garbitu edo inpregnatzeko, orduko 150kg edo urteko 200 tona disolbatzaile kontsumitzeko ahalmenarekin" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe egonen da.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen IV. eranskinean dago.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Tuterako udal mugapean plastiko industrialak eraldatzeko, automoziorako piezak injekzio bidez fabrikatzeko eta pieza horiek pintatzeko. Jardueraren titularra Plastal Spain, S.A. da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1109/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Instalazioari hondakin arriskutsuak sortzeko baimena (NA/P-59/01 zenbakia duena) eman zaio, hondakin arriskutsuak sortzen dituen zentroa baita. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A731 material plastikoen eraldaketa da, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Sortzen ahal diren hondakin arriskutsuak ingurumen arloko baimen osatu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuak sortzeko prozesuan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko da, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskinean sartzeko.

6. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana, titularrak aurkeztua, onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

7. Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontzi hondakin horien sorrera eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izateko eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak ezarririk daude titularrak aurkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

8. 2008ko martxoaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Plastal Spain, S.A.ri, Tuterako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari, Nilsari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 6an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairuan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717164