146. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2124/2007 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "NA-6631 errepideko saihesbidea (Funesko saihesbidea)" izeneko proiektua egiteko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, proiektu hau ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) letran sarturik dago eta, beraz, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako prozedura bete behar du.

Prozedurari hasiera emateko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2006ko abenduaren 15ean, proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurretiko kontsulten tramitea egiteko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Kontsulta 19 entitateri egin zitzaien eta 5ek eman zuten erantzuna.

2007ko martxoaren 9an erantzun horiek eta Ingurumen eraginaren azterlanean landu beharreko gai garrantzitsuenak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentura igorri ziren, 39. artikuluan xedatutakoarekin bat. Tramite honen laburpena I. eranskinean jaso da.

2007ko apirilaren 13an, Ingurumen zuzendari nagusiaren txostena aurkeztu zen, Ingurumen eraginaren azterlana onartzen zuena, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39.3 artikuluarekin bat. Txostena aurkeztu zen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "NA-6631 errepidearen sahiesbidea (Funesko saihesbidea)" izeneko proiektua, bere Ingurumen eraginaren azterlanarekin, aurkeztu ondoren.

Txosten honetan honako hauek aurkeztea eskatu zen proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egin baino lehen: mailegua eta aurreikusitako zabortegia nolakoak diren zehazten duen informazio osagarria, eta hauen eta bi proiektu osagarrietarako proposatutako eremuen oraingo eta etorkizuneko erabileraren arteko lotura.

II. eranskinean Ingurumen eraginaren azterlanaren eta proiektuaren laburpena jaso da.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emandako apirilaren 20ko 57/2007 Foru Aginduaren bitartez (58. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 2007ko maiatzaren 9a), proiektuari onespen teknikoa eman eta hura, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, jendaurrean jarri zen, ukituriko ondasun eta eskubideak jakinarazteko eta ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluarekin bat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2007ko uztailaren 23an, espedientea igorri zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura. Espediente horretan biltzen dira dokumentu teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana eta proposatutako mailegu eta zabortegiei buruzko txostena, Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du saihesbide berria, orohar, proiektuaren eremuko natur ingurune eta paisaiaren balioen babesarekin bateragarria dela eta proiektuaren ingurumen alderdiak neurtu eta ingurumen eraginaren kontrolerako neurri zuzentzaileak proposatu direla. Zerbitzu honek neurri zuzentzaile osagarriak ezarri ditu ingurumen-integrazioa hobetzeko eta saihesbide berriaren eragina txikiagotzeko.

Irailaren 18an Ingurumen eraginaren adierazpenaren proposamena igorri zen Herri Lan Zuzendaritza Nagusira. Urriaren 23an Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusian sartu da Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna, lurren balantzeak zehazten dituen dokumentazio osagarria eransten duena.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako prozedura osaturik dagoela alegaziorik aurkeztu gabe, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuaren 3.1. b) artikuluarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea "NA-6631 errepidearen saihesbidea (Funesko saihesbidea)" izeneko proiektua egiteko. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektu hori, ingurumenaren aldetik bideragarria dela iritzirik, betiere Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jasotako neurri zuzentzaileez gain honako baldintza hauek ere betetzen badira:

.Errepide berriaren 1. ardatzaren ezkerreko aldeko babes-areka errepidearen trazaduratik ahalik eta hurbilen eginen da eta 0+180 eta 0+200 k.p.en artean eten eginen da han dagoen sakaneko urak biltzeko. Puntu horretan, kanal berriarekin lotuko da altuera tarte handirik utzi gabe, animalia basati txiki eta ertainak sartu eta atera ahal izateko.

.1. ardatz honen drenaje lanak (0+060 k.p.ko lehena barne), "El Trujal" sakan guneko hustubide natural txikiak biltzen dituztenak, animalia basati txiki eta ertainen pasabidea eta joan-etorria errazten dutela diseinatuko dira, inguruko lur naturaletatik sakan gunera, eta alderantziz. Bereziki, kutxeta eta putzu txikiak honela eginen dira: lurretik kutxetaren hondora doan alde batek 30.º baino gutxiagoko aldapa izan beharko du.

.Oketsak, arrapalak edo/eta tarteko koskak eginen dira bai iturburuan bai ibai-ohe berriaren kosketan, animalia basati txiki eta ertainak ur-ibilguan zehar eta inguruko lurretatik eta lurretara pasatu ahal izateko.

.1. ardatzaren 0+660 k.p.tik sakan gunearen hasierara (gutxi gorabehera 0+840 k.p.an) drainatze-bideak egungo trazadurari eustea komeni da. Gainera, betetze hau sakan profilarekin egitea aztertu beharko litzateke.

.Landareztatze proiektutik kanpo utzi beharko dira Pinus pinea eta Cupressus sempervirens espezie aloktonoak. Obrak egin ondoren, proposatutako espezieen zerrendara beste espezie batzuk gehitzea aztertu beharko litzateke, kalitate handiagoko substratua, hezetasun handiagoa edo behar bereziak dituzten eremuak baldin badaude.

.Lur-berdinketa eremuen kasuan, bereziki 1. ardatzaren 0+660 k.p.tik 0+840 k.p.ra, aipatu zerrenda beste zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoekin osatzea aztertu beharko litzateke.

.Trazaduraren ondoan erortzen ari diren etxebizitzen eraispenetatik sortutako hondarrak eta egungo bidetik zaborrak kentzeko lanetatik agertutako zabor eta obra-hondakinak baimendutako zabortegira eramanen dira, euren ezaugarrien eta ingurumen arazoen arabera. Zabortegi hori sobratutako lurrentzako berariaz onetsitakoa ez den beste bat izanen da.

.Saihesbidea egiteko obrengatik eta proposatutako mailegu eta zabortegiaren kokalekuarengatik ondare arkeologikoari egiten ahal zaizkion eraginei buruzko txostena, Vianako Printzea Erakundeak egindakoa, kontuan hartuko da.

.Obra Zuzendaritzako arduraduna egonen da, Ingurumen eraginaren azterlanean eta txosten honetan proposatutako prebentzio neurri, neurri zuzentzaile eta ingurumena zaintzeko neurriak betetzen direla bermatuko duena eta obraren gainerako alderdiekin koordinatuko dituena.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Funesko Udalari eta eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 5ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman duten erantzunen laburpena:

Funesko Udala X

Azkoiengo Udala

Azagrako Udala

Vianako Printzea Erakundea X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendaria X

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria X

Ebroko Ur Konfederazioko zuzendaria X

LAB (Langile Abertzaleak Batzordea)

UGT

CCOO

ELA (Eusko Langileen Alkartasuna)

Unión de Agricultores y Ganaderos

EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritza eta Proiektuak Saila

Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Fakultateko Zoologia eta Ekologia Saila

Scn "Gorosti"

Gurelur

Lurra

Erriberako Ekologistak Martxan

Hona hemen erantzunen edukia, ingurumenari dagokionez:

Funesko Udalak adierazi du ez duela Ingurumen eraginaren azterlanaren prestakuntzari buruzko kontuan izan beharreko oharrik egin

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak adierazi du proiektuak ez duela eraginik ingurumen balio garrantzitsuetan, bereziki Nafarroako Naturgune Babestuen Sarean eta Red Natura 2000n sartutakoetan. Hala ere, geomorfologian edo kutsadura kimikoan egindako edozein aldaketa, eta trazaduraren lehenengo tartearen aldapa handiaren ondorioz gerta daiteken higadura, saihestu edo txikiagotu, zuzendu edo konpentsatu egin beharko da.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak adierazi du aurkeztutako bi aukeretatik bigarrena, 2. ardatzerako galtzada berria egitea aurrekusten ez duena, dela gomendagarriena.

Ebroko Ur Konfederazioak / Ingurumen Ministerioak Ingurumen eraginaren azterlanean ur ekosistema eta bere osagai guztiak sartzeko beharra azpimarratu du eta bideratze lan hauetarako hainbat neurri zuzentzaile ezartzea eta Ingurumen eraginaren azterlanak bildu beharreko aurreneurriak eta neurri zuzentzaile garrantzitsuenak zehazki adieraztea gomendatu du.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egoera ontzat eman du eta zaborra kentzeko fasean jarraipen arkeologikoa egiteko beharra adierazi du. Kasua bada, Kultura eta Turismo Departamentuari aurkikuntzen berri emanen zaio eta departamentu honek erabakitako neurriak hartuko dira, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearekin bat. Orobat, adierazi du egokitasun txosten arkeologikoa eskatuko beharko zaiola Ondare Historikoaren Zerbitzuari, beharrezko mailegu eta zabortegi eremuen kokalekuari buruzkoa.

II. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren eta proiektuaren laburpena

Proiektuaren arabera, NA-6631tik NA-115rainoko (Tafalla-Rincon de Soto) saihesbidea egin nahi da, Funestik pasatzen den trafikoa hein handi batean saihesteko. Horretarako Arrabal Norte alderdiko aldapa tartea laburtu eginen da eta, beraz, Funesko abeltzaintza poligonoarekin eta NA-115 errepide berarekin dagoen lotura hobetu.

Lehendabiziko tartean (1. ardatza) lan hauek eginen dira: El Trujaleko bidearen plataforma handitu eta galtzada berria egin herrian bide hori hasten den tokitik Funesko abeltzaintza poligonora sartzeko errepideraino. Han glorieta bat eginen da, poligonoa zerbitzatuko duena eta NA-6631 errepidean berriz sartzeko balioko duena. Glorietatik NA-115 errepidearen lotuneraino sahiesbidearen 2. ardatza doa, NA-6631 errepidea zabaldu eta NA-115 errepidearen lotunea hobetuko duena.

Orokorrean saihesbide berria ohiko errepidea da: 6-8 metroko galtzada (bi norabide 3 metroko bi erreiekin, 0,5 metroko bazterbidearekin eta arekarekin).

1. ardatzari dagokion tartean lan hauek eginen dira: El Trujal sakan gunea bideratuko da iturburuan hormigoizko metro zabaleko kanal bat eginda, ondoren saihesbide berria eusteko harri-lubeta eginen da eta uharka bete eginen da mailakatutako harrizko akabera emanda; beheko aldean (herrira heltzean) 2 metro zabaleko kanala eta lur azpiko markoa eginen dira, eta gisa hortara segituko du Arga ibaiaren ibai-ahoraino.

Lur-erauzketetan eta lubetetan 2H/1V malda duten ezpondak eginen dira, gerora landare-lurra hedatu eta hidroereintza egiteko.

1. ardatzaren hasieran, inguruan dauden zenbait eraikin eraitsi beharko direla aurreikusten da eta, dirudienez, lan hori Funesko Udalak eginen du.

Udalerriaren hegoaldean eginen den "La Plana" industrialdean proposatu dira maileguak, Ebro ibaiaren terraza altu batean, eta udaleko zabortegia proposatu da, horrela bukatu eta zaharberrituko baita.

Ingurumen eraginaren azterlanean jaso da saihesbideak ukitzen ahal duen inguruko natur ingurunearen deskribapen egokia, balio garrantzitsuenak identifikatuta. Bereziki arrisku eta prozesu geofisikoak, Naturaren aldetik interesa duten lekuak, landaretza, fauna, ur-ekosistema eta ondare arkeologikoa. Arlo sozioekonomikoaren deskribapena ere jasota gelditu da eta lurralde antolamenduan, zerbitzuetan, eraikuntzetan eta paisaian izaten ahal diren ukipenak zehaztu dira. Nahiz eta El Trujal sakan gunearen naturaltasun galera ez den galeratzat hartu, proiektuaren guztizko balorazioan adierazi da ingurumenaren eta paisaiaren balioen babesarekin bateragarria dela.

Errepidea paisaiarekin bat egiten laguntzeko, landareztatze egokia aurreikusi da.

Iragarkiaren kodea: F0717039