I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
2120/2007 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Leozko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Leozko Udalak sustatu du.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskinaren B) 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
2006ko otsailaren 20an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, Leozko lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, Udal Plana eta Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumen arloan kontuan izan beharreko alderdiei buruzko txostena egin zuen.
2007ko maiatzaren 3an Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa sartu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Ingurumen ondorioen azterlana barne.
Apirilaren 2ko 2007ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean jarritako iragarkiaren bidez, jendaurrera atera zen Udal Plana, hilabeteko epean. Planaren dokumentazioan, Ingurumen ondorioen azterlana ageri zen. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik aurkeztu.
Leozko Udal Plan Orokorraren funtsezko helburuak hauek dira: lehendik dauden hiri-sareen iraupena eta hobekuntza bermatuko duen lurralde eredua proposatzea, lurzoru beharrak asetzea, etxebizitzetarako, ekipamenduetarako nahiz jarduera ekonomikoetarako, eta lurzoru urbanizaezinean lehentasuna izanen da paisaia eta natur ingurunea mantentzea. Halaber, indarra duen planeamendua abenduaren 20ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera eguneratu eta egokitu da, hirigintzako legeriari egokituz eta, bereziki, lurzoru urbanizaezinari dagokionean. Aurreko planeamenduan lurzoru mota horri eta bere babes araubideari buruzko xehetasun azterlanik ez zegoen, eta orain zuzendu egin da hori.
Leozko Udal Planeko proposamenek udalerri osoa ukitzen dute (98,1 km²). Leozko lurzati berrantolamenduko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren ondoriozko informazioa eta zehaztapenak sartu dira lurzoru urbanizaezinari buruzko azterlanean eta proposamenetan. Horri dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak, 2002ko irailean eginak, lurralde osoa hartzen du.
Udal Planean etxebizitzen kopuruaren hazkunde arin baterako beharrezkoa den lurra aurreikusten da, eraikuntza arautzen da dagoen homogeneotasun tipologiko eta formala mantentzearren, eta errepide azpiegitura berririk ez da aurreikusten.
Ingurunea ingurumen unitateak zehaztuz aztertu da, alegia, jarduketa zehatz baten aurrean modu homogeneoan erantzuten duten lurraldearen zatiak. Kasu honetan hauek izan dira ingurumen unitateak: pagadia, hariztia eta erkameztia, karraskadia, pinu gorrien pinudia, ur-bazterreko landaredia, abarizti-ipurudi-ezpeldiak, ezkai-otadiak, azeri-mahats eta otabera sastrakak, Echinospartum horridum espezieko sastrakak, larreak, zuhaitz landaketak, nekazaritzakoa eta hiri lurzoru ez-emankorra. Leotzen gutxi dauden arren, oso bereziak dira Echinospartum horridum espezieko sastrakak, hemen baitute Europako mendebaldeko muga eta pagadi xero-termofiloak, isurialde eurosiberiar eta mediterranearraren arteko erdibidean baitaude.
Ingurune fisikoko datuak sartu dira, geologiari, litologiari eta geomorfologiari buruzko informazioari dagozkionak, eta bi eremu bereizi dira Orbaibarren: Mendialdekoa eta Zelaia. Lur gaineko ur sareari buruzko datuak ere sartu dira: ur-ibilgu nagusiak Leotz ibaia, Linaresko sakana eta Santsoain ibaia (edo Zidakos sakana gunea) dira.
Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, Nafarroako Erdialdeko eremu supramediterranear horretan berezkoa den landarediaren serie eta geoserieak identifikatu dira.
Udal mugapean dauden natur erreserben barnean daude erkamezti eta karraskadi esanguratsuenak.
Leotzen badago paisai babestu deklaratutako alderdia, "Orbaibarko mendiak" izenekoa, hain zuzen ere. Haren Erabilpen eta Kudeaketa Plana azaroaren 22ko 360/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Plan honekin kudeatzen dira Batasunaren intereseko lekua eta Eremu Sentibera, bai eta Olleta mendiko eta Monte del Condeko natur erreserbak.
Azterlanean Planaren eremuaren ahultasunak, sendotasunak, mehatxuak eta aukerak aztertu dira (DAFO azterketa). Planean lurraren egungo erabilerak ere azaltzen dira: lur industrialen artean bi haize-parkeak dira nabarmenenak (Gerinda eta Uzkita), eta kasu berezia da onddoetako eta boilur eremuak lantzeko erabiltzen dena, LIFE proiektuaren bidez Micovaldorba izenarekin egiten dena.
Azkenik, azterlanean ondorioztatzen da hiri lurzoruaren muga berriak eragin txikia izanen duela, eta nahiko erruderalak diren eta azalera txikia duten alorrak, larrainak, larreak eta otalurrak ukituko dituela. Plan honetan lurraldeko balio nagusien kontserbazioa bermatzen da, babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategorian ondoko hauek sartu baitira: "Orbaibarko Mendiak" Zainketa Bereziko Eremua, natur erreserbak, natur erreserben Zainketa Eremuak, Nafarroako Baso Ondareko eta Erabilera Publikoko mendiak, habitat bereziak (lehenago aipatutako pagadia eta Echinospartum horridum espezieko sastrakak), ur-ibilguak, abelbideak, aztarnategi arkeologikoak eta Interes Kulturaleko Ondasunen inguruneak.
Espedientean sartu dira Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak, Oihanak Kudeatzeko Atalak (2007ko maiatzaren 25a) eta Habitaten Atalak (2007ko urriaren 5a) baldintzekin emandako adostasun txostenak. Habitaten Ataleko txostenean adierazten da Planean zehaztutako nekazaritzako lurrean oihan azpilurzatiak daudela. Plangintza eta Laguntza Atalak (2007ko urriaren 24a) adierazi du badaudela bi abelbide mapetan ageri direnak baina memorian sartu ez direnak, eta Planean sartu beharreko baldintzak ezarri ditu.
Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta nola gehitu zaizkion ingurumen baldintzak Leozko Udal Planari. Planarekin ados agertu da baina gehitu beharreko alde batzuk aipatuta.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren adierazpena egin da eta Leozko Udal Plana ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.
2. Udal Planean honako zuzenketa hauek gehitu beharko direla Ingurumen ondorioen adierazpen hau onesteko:
-Udal mugapeko erreka eta sakana guneen kasuan -uholde arrorik ezarri ez denean- ur-bazterreko berezko landaredia babespeko lurzoruen kategorian sartuko da. Babes araubidean erabilera aldaketa debekatuta dagoela azaldu beharko du, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatu duen otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta. 17).
-Lan-eskala dela eta, Planeko "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua (Nekazaritzako lurra)" azpikategoriaren mapetan ez dira sartu ekologiaren nahiz paisaiaren aldetik balio handia duten zenbait baso eremu, arboldunak zein arbolarik gabeak. Hori dela eta, Hirigintzako araudi partikularraren "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua (Nekazaritzako lurra)" arautzen duen 81. artikuluan landaredi natural honen presentzia eta bere kontserbazioa bermatuko duen babes araubidea aipatuko dira. Gomendatzen da nekazaritzako lurzoruan dauden oihan azpilurzatiek "Abeltzaintzako aprobetxamendua duten Batasunaren intereseko lekuek" duten babes araubide beretsua izatea.
-Hirigintzako Udal Planaren memoriak udal mugapean dauden bi abelbideak definitu eta babespeko lurzoruen kategorian sartu beharko ditu, Orbaibartik Andiara doan altxonbidea eta T-9 trabesia, hain zuzen ere. Bere babes araubidea Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa izanen da.
-Kontuan hartuko da, hirigintza araudian adierazita, kanpoko argiak egokituta egotea Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearekin bat eta hau garatzeko araudiarekin bat, irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuan azaltzen dena. Halaber, eta Lege honen 6. artikuluaren arabera, Leozko udal mugapean badira babes berezia izan behar duten "E-1 eremuak" (araudiaren 3. artikulua).
-Abeltzaintza intentsiboko ustiategien inguruan (Hirigintzako araudi partikularraren 86.6 artikulua) eta lurzatien itxituretan (86.13 artikulua) landatzen diren arbolak eta zuhaixkak ahal dela zonaldeko espezie autoktonoak izanen dira.
-Ingurumenaren aldetik balioa duten lurzoruen babeserako araubidearen "Ingurumenaren aldetik balioa duten Batasunaren intereseko lekuak" (79.1 artikulua) ataleko c) idatz-zatian gehitu beharko da: "Basoberritzeak espezie aloktonoekin egitea debekatuta dago".
3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Leozko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko urriaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F0716880