146. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

364/2007 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Compañía de Bebidas Pepsico, S.L.k sustaturik, Tafallan dagoen planta batean plastikozko botiletan ontziratzeko linea berri bat instalatzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea erabakitzen duena.

2007ko urriaren 11n Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da arestian aipaturiko espedienteari buruzko kontsulta, administrazioaren beste edozein esku-hartze abian jarri baino lehen proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren gaineko ebaluazioa egin behar ote den erabakitzeko, ingurumenaren arloan indarra duten legezko irizpideei jarraikiz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua garatzen duenak, 6. artikuluan ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabaki beharko duela 2A eranskineko proiektu batek ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazioa behar duen ala ez, 3C eranskinean dauden ingurumen arloko irizpideak aintzat harturik. Betiere, erabakiaren arrazoiak azaldu beharko ditu.

Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta izan dezakeen eragina 3C eranskinean ezarritakoari jarraikiz azterturik eta espedientean agertzen diren txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Compañía de Bebidas Pepsico, S.L.k sustaturik, Tafallan dagoen planta batean plastikozko botiletan ontziratzeko linea berri bat instalatzeko proiektuak ez du Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin beharrik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua garatzen duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 3C eranskineko ingurumen irizpideak aplikatuz.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Baimen Bulegoari, Tafallako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 25ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0716661