146. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

470/2007 FORU AGINDUA, urriaren 30ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena San Adriango udal mugapean malta lantzeko jarduerarako. Jardueraren titularra Intermalta, S.A. da. Halaber, Ingurumen baimen integratua ematen du kogenerazioaren bidez energia elektrikoa sortzeko jarduerarako. Jardueraren titularra Intermalta Energía, S.A. da.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 9.1.b.2) atalean dago jasota, "Landareetatik ateratako lehengaiak tratatuz eta/edo eraldatuz elikagaiak fabrikatzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Era berean, instalazio hau Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamenduaren 2A eranskinean ere sarturik dago, 2. atalean: "Instalazioak abereetatik ateratako lehengaiak, esnea izan ezik, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 75 tonatik gorakoa badute; eta landareetatik ateratako lehengaiak erabiltzen dituztenak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan; beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honen barnean dago isurketak Ega ibaira egiteko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Ur Konfederazioak eman zuen.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen IV. eranskinean dago.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua emateko San Adriango udal mugapean malta lantzeko jarduerarako. Jardueraren titularra Intermalta, S.A. da, eta Ingurumen baimen integratua emateko kogenerazioaren bidez energia elektrikoa sortzeko jarduerarako. Jardueraren titularra Intermalta Energía, S.A. da.

2. Jarduera ingurumen arloko baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 875/06 espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzeko eta betiere foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Ebroko Ur Konfederazioak Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko eskatzen ahalko du, legeetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikuluan eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikuluan) aipatzen diren kasuetan. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduko 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

6. Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Sortzaile Txikien Erregistroan duen instalazioen inskripzioa bere horretan uzteko, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, PP/546/NA/2004 zenbakia hain zuzen Intermalta, S.A.rentzat eta PP/561/NA/2004 zenbakia Intermalta Energía, S.A.rentzat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituzten jarduerak A110, hots, nekazaritzako elikagaien industria, abere eta landare produktuak, eta A170, elektrizitatearen ekoizpena, dira hurrenez hurren, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskugarriak ingurumen arloko baimen osatu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien sorreran gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko da, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

7. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onetsi da (planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira), ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

8. 2008ko urtarrilaren 15 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimen honen xede den jarduera edo instalazioari emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

10. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

11. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Foru agindu hau jakinaraztea Intermalta, S.A.ri, Intermalta Energía, S.A.ri, San Adriango Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Herri Babeserako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 30ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairuan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717046