146. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

463/2007 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Altsasuko udal mugapean metalezko piezak kataforesiaren bidez pintatzeko. Jardueraren titularra Kataforesis Recind, S.A. da.

Egina dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 2.6 ) epigrafean dago jasota, "Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Instalazioa, orobat, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2B eranskineko 2.6 atalean dago sartua, " Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen VI. eranskinean dago. Instalazioaren titularrak Ingurumen baimen integratuaren proposamenaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu interesdunaren entzunaldian. V. eranskinean aurkeztutako alegazioak jaso dira.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Ingurumen baimen integratua ematea Altsasuko udal mugapean metalezko piezak kataforesiaren bidez pintatzeko. Jardueraren titularra Kataforesis Recind, S.A. da.

Bigarrena.-Jarduera ingurumen arloko baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1132/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Hirugarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Bosgarrena.-Instalazioan hondakin arriskutsuak sortzeko inskripzioa mantentzea (P/57/NA/2001 zenbakia), hondakin arriskutsuak sortzen dituen zentroa baita. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A243 da, Azaleko tratamendua, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Sortzen diren hondakin arriskutsuak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen eskoizpenean gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko da, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Seigarrena.-Instalazioa hondakinen barne kudeaketarako zentro bezala inskribatzea (GI/15/NA/2007 zenbakia). Kudeatzen ahalko dituen hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen barneko kudeaketan egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Zazpigarrena.-Titularrak aurkeztutako Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.-Ontzien hondakinen prebentziorako enpresen plana onetsi da. Ontziei eta ontzi hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen 7. xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ontziratzaileek plan hori egin eta autonomia erkidegora igorri beharko dute hiru urtetik behin, apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretuan zehaztutako ontzi hondakin kopurua sortu dezaketen produktu ontziratuak edo industria edo merkataritza ontziak merkaturatzen badituzte. Ontzi hondakin horien sorrera eta kaltegarritasuna ahal den txikiena izateko eta jatorrian aurrea hartzeko neurriak ezarririk daude titularrak aurkeztu duen dokumentazioan, hobekuntza teknikoen barruan.

Bederatzigarrena.-2008ko urtarrilaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamargarrena.-Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimen honen xede den jarduera edo instalazioari emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

Hamaikagarrena.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

Hamabigarrena.-Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamahirugarrena.-Foru agindu hau jakinaraztea Kataforesis Recind, S.A.ri, Altsasuko Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 29an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717025