146. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

235/2007 FORU DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko irailaren 3ko 15/2004 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak, ezartzen du Nafarroako Gobernuak langileriari buruzko foru dekretu bat onetsi beharko duela Nafarroako Komunitateko Administrazio Publikoaren eta haren erakunde autonomoen organoek giza baliabideen arloan bete behar dituzten eskumenak esleitzeko.

Arestiko paragrafoan ezarritako aurreikuspena betez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretua onetsi zen. Foru dekretu horrek, bere 4. artikuluko b), c) eta d) letretan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari eskumen hauek esleitzen dizkio: funtzio publikoan sartzeko eta lanpostuak betetzeko, langileak, araubide administratiboan edo lan araubidean, behin betikoz edo aldi baterako kontratatzeko, eta prestakuntzarako izangaien zerrendak osatzeko hauta-proben deialdiak onetsi, izapidatu eta haien gainean ebaztea.

Duela gutxi aldaketa bat eman da bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egituraren eta bai erakunde hauetako batzuen eskumenen esparruan.

Horrela, Nafarroako Gobernuko lehendakariak abuztuaren 16an emandako 12/2007 Foru Dekretuak, departamentuen egitura ezartzen duenak, 1. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 12 departamentutan antolatzen du, horien artean Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.

Bestalde, abuztuaren 20ko 57/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen. Foru dekretuaren 1. artikuluko lehenbiziko idatz-zatiak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua bost zuzendaritza nagusitan egituratzen dela xedatzen du, eta horietako bat Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da. Halaber, arau bereko bigarren idatz-zatiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa (NAPI) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitzen dio.

Eskumenak zehazteari buruz, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa zehazten duen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren 29. artikuluko i) letrak lanpostuak bete eta langileak aldi baterako kontratatzeko eskumena esleitzen dio Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari. Halaber, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI) erakunde autonomoaren estatutuen 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiak, aipatu erakundeak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile publikoak hautatu eta mailaz igotzeko eskumena duela xedatzen du. Gainera, artikulu bereko 2.a) idatz-zatiak xedatzen du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI), bere eskumenak garatzeko langileak hautatu eta mailaz igotzeko modua kudeatzeko eginkizuna burutuko duela, bere eskumeneko lan eskaintza publikoak garatzeko behar diren deialdiak onetsiz eta tramitatuz.

Eskumen banaketa berri honek otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak egindako eskurantzen mugaketatik desberdina denez, bidezkoa da foru dekretu hau onetsiz berau aldatzea, bere edukia arestian zehaztutako arautzeari egokituz.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren 5eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 4 .artikulua aldatzea.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 4 . artikuluko 1.b) idatz-zatia aldatu da, honela gelditu baita haren testua:

"b) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetan sartu eta mailaz igotzeko deialdiak ebatzi eta lanpostuak betetzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta haien gainean ebaztea."

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan 12. artikulu berri bat sartzea.

Urriaren 30eko 30/2005 Foru Dekretuan 12. artikulu berri bat sartu da, testu honekin:

"12. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko eskurantzak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio, beren estatutuetan ezarritakoarekin bat eskudun diren gobernu organoen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langileak sartu eta mailaz igotzeko deialdiak onetsi eta tramitatzea.

2. Foru dekretu horren 7. eta 9. artikuluetan Hezkuntza Departamentuarendako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarendako hurrenez hurren xedatzen dena deusetan galarazi gabe beteko ditu aurreko idatz-zatian aipatzen diren eskurantzak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren eskumenak 2007 baino lehenagoko lan publikoaren eskaintzei dagozkien deialdien onespenen arloan.

2. artikuluan aurreikusten den eskumena, funtzio publikoan sartzeko deialdiak onetsi eta tramitatzekoa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren esku izaten jarraituko du, 2007 baino lehenagoko EPEei dagozkien deialdietan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko azaroaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0717201