145. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

240/2007 FORU DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, "Espainiako Gurutze Gorria-Nafarroako Batzordeari" Nafarroako Urrezko Domina ematen diona.

Gurutze Gorria nazioarteko mugimendua 1863an sortu zen, Gurutze Gorriaren nazioarteko batzordea osatu eta urtebete beranduago hamabi estatuk Genevako lehendabiziko hitzarmena sinatu eta gero. Hamabi estatu haien artean Espainiako ordezkaritza izan zen.

Bi nafar, Nicasio Landa eta Joaquín Agulló, Espainiako ordezkaritzaren kide eta Espainiako Gurutze Gorriaren aitzindari izan ziren, 1864ko uztailaren 5ean Iruñean lehendabiziko herri batzarra sortuz.

Hasieran, Gurutze Gorriaren jarduerak gatazka armatuetan esku-hartze humanitarioa izan zuen xede. Dena den erakundeak sufrimendua edozein une eta tokitan aurreikusi eta arintzeko konpromisoa hartu zuen azkar, bere jarduera humanitarioa gatazka armatuen biktimengana ez ezik, hondamendi naturalek eragindakoen nahiz bake garaiko bestelakoengana bideratuz, bai eta izaera prebentiboko bestelako jardueratan eta gizarte ongizatearen eta bizi-kalitatearen aldekoetan arituz..

Esparru eta jarduera orotan erakundearen nortasun-ezaugarri diren eta bere jarduera humanitarioa eta soziala gidatzen duten oinarrizko printzipioak hauek dira: gizatasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna, independentzia, borondezkotasuna, batasuna eta unibertsaltasuna.

Urteetan zehar jokabide-kode eta ideia hauek bultzatuta eta Nafarroako Foru Komunitatean duen egituraketaren bidez, Espainiako Gurutze Gorriak biztanleriaren talde ahulenen aldeko jarduera aipagarri eta eredugarria garatu du, administrazio publikoarekin elkarlanean.

Besteak beste, hurrengo hauek dira lantzen dituen alorrak: osasunaren alorreko enplegu, prestakuntza eta zerbitzua, arreta adindu eta mendekoei, gazteria, etorkinak, esku-hartzea sorospen eta larrialdi jardueretan, nazioarteko lankidetza, boluntarioak eta bestelakoak.

Gaur egun, erakundeak 3.000 boluntario eta 10.000 bazkide eta laguntzaile dauzka Nafarroan. Soilik azkeneko urtean boluntarioen eta talde teknikoaren lan aktiboak, bazkide, enpresa eta administrazio publikoen ekarpen ekomikoarekin batera, Espainiako Gurutze Gorriak Nafarroan 16.000 pertsona baino gehiago artatzea ahalbideratu du. Kopuru hauei Nafarroatik zuzendutako nazioarteko lankidetza eta laguntza humanitarioko proiektuen onura jaso duten milaka lagunak gehitu behar zaizkie; egitasmo horietan nafar boluntarioek parte hartu dute, Foru Komunitatearen gizarte konpromisoa eta elkartasuna ezbeharrak erasandako herrialdeetara eraman baitituzte.

Nafarroako Urrezko Domina, irailaren 28ko 290/1998 Foru Dekretuaren bidez ezarria, Nafarroako Foru Komunitatearen sarietan garrantzitsuena da, Gobernuak, herritarren iritzia bere eginik, Nafarroako interesen defentsan, promozioan edo sustapenean nabarmentzen diren pertsona edo erakundeei ematen diena.

Horregatik, gure Foru Komunitate osoarendako Espainiako Gurutze Gorriak izan duen jarduera eredugarriaren gizarte garrantzia aintzakotzat hartuz eta erakunde horrek ekintza humanitarioen esparruan duen izaera berezia kontuan hartuz, Nafarroako Gobernuarendako ohorea da "Espainiako Gurutze Gorria-Nafarroako Batzordeari" Nafarroako Urrezko Domina ematea. Aurtengo Nafarroaren Eguneko ekitaldien barruan emanen zaio.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren 5eko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

"Espainiako Gurutze Gorria-Nafarroako Batzordeari" Nafarroako Urrezko Domina ematen zaio.

Iruñean, 2007ko azaroaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0717231