145. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ATARRABIA

Deialdia, Atarrabiako Udaltzaingoan aritzeko bi udaltzain lanpostu, oposizio bidez betetzeko

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Atarrabiako Udaltzaingoan aritzeko bi udaltzain lanpostu, oposizio bidez betetzea. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean, Nafarroako Polizia Kidegoko langileen Araubidean, Nafarroako Administrazioa Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz eginen da deialdia. Lanpostuak 02 04 03 /01 eta 02 04 03 / 02 kodeekin identifikaturik daude Udalaren plantilla organikoan.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Atarrabiako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, sistema horren babespean geldituko dira.

1.3. Izendatzen diren izangaiek izanen dituzte Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hau garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barrenean geldituko dira sailkaturik.

1.4. Izendatuek, Udaltzaingoari dagozkionak izanik, organo eskudunek agintzen dizkieten eginkizun guztiak izanen dituzte.

1.5. Lanaldia zerbitzuko beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek Atarrabiako udal-dermioan beharko dute bizi, salbu eta beste herri batean bizitzeko berariazko baimena badute, betiere, egoera horrek karguak berezkoak dituen betebeharrak eta funtzioak betetzeko eragozpenik ekartzen ez badu.

2. oinarria.-Izangaien baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Eskola Graduatu titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailakoa edo baliokideren bat izatea; halako moldez, non Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen duen sartzeko prestakuntza ikastaroa gainditzeak, aipatu ikastaro oinarrizkoa eta batxilergoko titulua, lanbide heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat teknikoki parekotzat jotzea ekarriko du, administrazio ondorioetarako bakarrik eta C mailako funtzionario izendapenerako. Parekotzat jotze honek ez du ondorio akademikoetarako edo irakaskuntzarako edota hezkuntzarako balioko. Hau guztia, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta ez egotea deialdiaren 3. eranskinean zehazten diren bazterbide medikoetan.

e) Gutxienez ere, gizonezkoak 1,70 metro luze eta emakumezkoak 1,65 metro luze izatea.

f) Dolozko delituarengatik kondenaturik edota Administrazio Publiko baten zerbitzutik bazterturik ez egotea, eta ezta ere eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, arau penal eta administratiboei jarraikiz, birgaitzearen onurak aplikatzearen kalterik gabe.

g) B.T.P. motako ibilgailuak gidatzeko eta A motako gidabaimenak izatea.

2.2. Baldintza horiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte, g) letrako baldintza izan ezik; azken hori, deiaren 5.2.2 oinarrian ezarritakoa betez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda publiko egiten den egunean eduki beharko dute.

3. oinarria.-Eskabideak

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Atarrabiako Udalaren Erregistro Orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Eredua Atarrabiako Udaletxean egonen da eskura. Haietan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako oposizioan parte hartzeko eskatu baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu beharko dute 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen osasun ziurtagiri ofiziala

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitzen denean, eta halakoak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu dadin aginduko.

5. oinarria.-Oposizioaren garapena.

5.1.1. Oposizioaldiaren hasiera 2008ko urtarriletik aurrera aurreikusten da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein egun eta ordutan hasiko diren. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe emanen da hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

Oposizioak bi aldi izanen ditu. Lehena hautapen aldia izanen da eta egoera fisikoari eta kultura orokorrari buruzko probak eta froga psikoteknikoak eta medikoak (baztertzaileak hauek) eta euskararen ezagutza kreditatzeko proba borondatezkoa bilduko ditu. Bigarrenean, oinarrizko prestakuntzako ikastaroa gainditu beharko da. Aipatu ikastaroa gainditzea nahitaezko baldintza izanen da Nafarroako Polizia Kidegoko funtzionario izaera eskuratzeko.

Aurreko atalean aurreikusitakoaren ondorioetarako, izangairen batek deialdian eskatzen den ikastaroaren baliokideren bat gainditu badu, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, nahiko luke Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliokidetzea. Hori egiteko, ikastaroen edukien berdintasuna edota baliokidetasuna kreditatzen duen dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da. Halaber, baliokidetutako ikastaro edota ikastaroetan lorturiko notak kreditatu beharko dira, interesdunak eskaturiko eta Nafarroako Segurtasun Eskolak luzatutako ziurtagiriaren bidez.

5.2.1. Hautapen aldia; proba hauek izanen ditu:

A.-Lehen proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologiakoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologiakoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

Hautapen aldian zehar izangaiei altuera hartuko zaie, 2.1.e) oinarrian eskaturikoa betetzen dela egiaztatzeko xedearekin.

B.-Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboa: 2. eranskinean ageri diren gaien gaineko galderak erantzutea.

b) Matematikako, Fisikako edo Kimikako hainbat problema ebaztea. Horretarako, aski izanen da Eskola Graduatuko, Lanbide Heziketako Lehen Mailako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa bat.

d) Udaltzaingoaren eginkizunekin zerikusia duen egungo gai bat idatziz garatzea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

C.-Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

D.-Laugarren proba.

Euskararen ezagutza kreditatzeko proba. Proba hau borondatezkoa eta ez baztertzailea izanen da.

a), b), c) eta d) aurreko ataletan aurreikusitako probak egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Atarrabiako Udaletxeko Iragarki Oholean, deialdiaren 5.2.2. atalean aipatzen den oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin-behinekoz onarturiko izangaien zerrenda, eskuraturiko puntuazioaren araberakoa.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaroan behin-behinekoz onarturiko izangaiek haien gaitasun psikofisikoa frogatzeko beharrezko proba medikoak egin beharko dituzte, deialdiaren 2.1. ataleko d) hizkian zehazten denari jarraikiz.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira erraten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko Prestakuntzako Ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza ikastaroa. Hautatzekoa izanen da eta gaiari buruz, Nafarroako Segurtasun Eskolaren funtzionamendurako Erregelamendua eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak onartzen dituen 113/2005 Foru Dekretuak xedatutakoari jarraikiz eginen da.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, egiaztatu beharko dute 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, eta, era berean, oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen denean, aipatutako oinarri bereko g) baldintza betetzen dutela; hartarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Udaleko Erregistro Nagusian, epaimahaiburuari zuzenduta:

-Dagokion Erregistro Zibilak luzatutako jaiotza-aktaren agiria edota Nortasun Agiriaren fotokopia konpultsatua.

-Deialdian eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

-Deialdian eskatzen diren gidabaimenen fotokopia konpultsatua (B.T.P. eta A motak).

-Dolozko delituarengatik kondenatua ez izanaren, inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren eta eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen zinpeko aitorpena.

Epaimahaiak aipatu izangaien osasun-azterketa aginduko du hauen gaitasun fisikoa kreditatzeko xedearekin, 3. eranskinean zehazten den moduan. Aipatu osasun-azterketa Udalak izendaturiko Laneko Medikuntza Zerbitzuak eginen du, izangaiek deialdiko lanposturako duten gaitasuna egiaztatzeko. Izapideok egin ondoren epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastarora onarturiko behin betiko zerrenda emanen du argitara. Behin-behinekoz onarturiko izangairen batek eskaturiko dokumentazioa aurkeztu edota osasun-azterketa gainditu izan ez balu behin betiko zerrendatik kentzeko aginduko du epaimahaiak eta probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko ditu, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik. Ikastaroa hautatzekoa izanen da eta sei hilabeteko iraupena izanen du gutxienez.

Atarrabiako Alkateak eginen du, Ebazpenaren bidez, izangaien Nafarroako Segurtasun Eskolarako atxikimendua eta dagozkion izendapenak.

Halaber, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta kidetuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen bestelako araubide batean ez badaude salbu. Hartara, zeudenean geldituko dira.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiak Atarrabiako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen dira, eta hilean C mailari dagokion hasierako soldata, eta kasua bada, familia laguntzari dagokiona ere jasoko dute.

Praktiketako funtzionario izaerak ez dizkio ematen izangaiari, eskuratu nahi duen lanpostuak berezkoak dituen eskubideak.

Ikastaroan baja emateak izangaia deialditik baztertzea, oposizioan jarraitzeko eskubidea eta ordainsarien jasotzea eta praktiketako funtzionario izaera galtzea dakar. Halakoetan, baja ematen den unean, deialdia egiten duen organoari jakinarazi beharko zaio.

Prestakuntza ikastaroa amaitu ondoren Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuak izangaiek eskuratutako kalifikazioak igorriko dizkio epaimahai kalifikatzaileari.

Prestakuntza ikastaroa gainditu eta gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baztertu egin diren izangaiek praktiketako funtzionario izaera mantenduko dute lortu nahi duten lanpostuaren jabetza eskuratu arte.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak I. eranskinean ezarritako baremoen arabera kalifikatuko dira.

Lehen probako osotarako puntuazioa eskuraturiko puntuazioen batuketa izanen da eta gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da. Baztertuta geratuko dira lau ariketak kontuan hartuta osotarako puntuazioaren erdia (50 puntu) eskuratzen ez dutenak edota ariketetako batean 0 puntuko kalifikazioa eskuratu duten izangaiak.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 50 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Laugarren proba, euskararen ezagutza kreditatzekoa, borondatezkoa izanen da, eta honen ondorioz, ez da baztertzailea izanen. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko langileek eginen dute, uztailaren 30eko, 203/2001 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Proba hau egin nahi duten izangaiek, eskabidea aurkezterakoan eskatu beharko dute. Lortu ahal den gehieneko puntuazioa: 10 puntu.

Hizkuntza Eskolako Gaitasun Agiria, EGA edota titulu baliokidea duten izangaiek ez dute proba hauek egin beharrik izanen. Epaimahaiak atal honetan ezarritako puntuaziorik gehienekoa eman diezaien, izangaiek titulu jatorrizkoa edota honen kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, hautapen prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezteko orduan.

Aurreko paragrafoan aipaturiko tituluren bat ez duten, baina Hizkuntza Eskoletako ikastaro edo zikloren bat edota Nafarroako Gobernuak antolaturiko ikastaroetako urratsen bat gainditua dutelako agiriren bat aurkezten duten izangaiek, proportzionalki dagokion puntuazioa jasoko dute.

Ez da onartuko azterketa-txartelik ezta zentro ez-ofizialek emandako ziurtagiririk.

6.5. Prestakuntza ikastaroak "gai" ala "ez gai" kalifikatuko da. Oposiziotik bazterturik geldituko dira oinarrizko prestakuntza ikastaroan "ez gai" kalifikazioa eskuratzen duten izangaiak.

6.6. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Ondokoek osatuko dute epaimahaia:

Batzordeburua: Atarrabiako Udaleko alkate jauna edo honek izendaturiko pertsona.

Batzordekideak: Udalak izendaturiko bi batzordekide.

Batzordekidea: Langileen Batzordeko ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Atarrabiako Udaleko idazkaria edo honek izendaturiko pertsona

7.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, lehendakariak deituta.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen erabateko gehiengoa, gutxienez, bertan ez bada.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira ateratako puntuazioaren arabera ordenatua, eta izangai gaindituak izendatzeko proposamena eginen du, deituriko lanpostu kopuruaren arabera.

8.2. Izendapen proposamenaren ondoko hogeita hamar egun naturalen barnean, zerrenda horretako izangaiak zin egin beharko du, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko duela, Konstituzioari eta Legeei men eginen diela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituela.

8.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena ez da izendatuko.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1.-Alkateak Atarrabiako funtzionario eta udaltzain izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposameneko izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Oposizio gaindituta, Atarrabiako Udaltzaingoan sartzen diren izangaiek, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko dira eta izena emanen dute, aipatu araubideak eskaintzen duen babespean.

9.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita.

9.4. Atarrabiako Udaltzaingoaren kide izateak praktiketako funtzionario izaera galtzea dakar.

9.5. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Atarrabiako Udaltzaingoan sartzeko eskubideak oro galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria.-Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea betez jakinarazten zaizu "langileen kudeaketa" izeneko fitxategi bat dagoela. Fitxategiaren xedeak dira, beste batzuen artean, langileak aukeratzeko prozesuak egitea.

Halaber jakinarazten zaizu, jasotako datuok beste batzuei utzi ahal zaizkiela, zehazki legeak hala aurreikusten duen kasuetan, edota uztea, berezkoak dituzten eskumenak gauzatzeko, beste Administrazio Publikoei denean.

Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean ipiniko dira, aplikazio arauetan ezarritakoaz gain, Atarrabiako Udalaren iragarki oholean eta honen web orrian.

Fitxategiaren arduraduna Udala da eta udaletxera zuzenduta gauzatu ahalko duzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea.

11. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Atarrabian, 2007ko urriaren 24an.-Sinadura ulertezina.

1. ERANSKINA

Lehen probari dagozkion ariketak

1.-Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia urean murgildu eta 50 metro igerian egitea, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora bi metrotan urpean eginen du igeri, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen du igeri bi metrotan, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoa ukituz bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean ibiltzeko tartean burua uretik ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: gehienez ere 15 puntu. Puntuazioa eskuratutako markaren araberakoa izanen da, ehunenak baztertuz eta ondoko taulari jarraikiz.

GIZONEZKOAK

Uretako proba / 15 puntu

DENBORA PUNTUAZIOA

55" baino gehiago Ez gai

55" 7,5

50" 8,5

45" 9,5

40" 10,5

38" 12

35" 13,5

32" 15

EMAKUMEZKOAK

Uretako proba / 15 puntu

DENBORA PUNTUAZIOA

58" baino gehiago Ez gai

58" 7,5

53" 8,5

48" 9,5

43" 10,5

40" 12

38" 13,5

35" 15

2.-Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek ahalik eta denbora laburrenean lasterka egin beharko dute joan-etorrian 20 metro luzera duen tarte batean, magnetofoiaren bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu behar dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean pibotatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Honako kasu hauetan kanporatuko dira izangaiak:

a) Izangaia gelditu egiten bada.

b) Izangaia berari dagokion kaletik ateratzen bada

c) Izangaiak bazterreko lerroak zanpatuz tarte osoa korritzen ez badu.

d) Izangaiak hiru aldiz jarraian ez badu lerroa zanpatzea lortzen seinale akustikoak agintzen dionean (metro bateko tartea onartuko da marratik seinaleak jotzen duen unean).

Kalifikazioa: gehienez ere 15 puntu. Puntuazioa iraganiko aldien arabera emanen da, ondoko taulari jarraikiz. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken aldira arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK

Course Navette / 15 puntu

ALDI KOPURUA PUNTUAZIOA

10 baino gutxiago Ez gai

10 7,5

11 8,5

11,5 9,5

12 10,5

12,5 12

13 13,5

14 15

EMAKUMEZKOAK

Course Navette / 15 puntu

ALDI KOPURUA PUNTUAZIOA

8 baino gutxiago Ez gai

8 7,5

8,5 8,5

9 9,5

9,5 10,5

10 12

11 13,5

12 15

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Egiteko modua: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: gehienez ere 10 puntu. Puntuazioa proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera. Denbora kalkulatuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

GIZONEZKOAK

Besoetako indarra / 10 puntu

DENBORA PUNTUAZIOA

40" baino gutxiago Ez gai

45" 5

50" 6

55"Ž 7

60" 8

1Ž 15" 9

1Ž 10"tik gora 10

EMAKUMEZKOAK

Besoetako indarra / 10 puntu

DENBORA PUNTUAZIOA

25" baino gutxiago Ez gai

30" 5

35" 6

40" 7

45" 8

50" 9

55"tik gora 10

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: bermeak. Auzitegi Konstituzionala. Erregeren eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3.-1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5.-Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Kontuen Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.

6.-Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7.-Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8.-Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Guztientzako administrazio prozeduraren faseak. Prozedura bereziak.

11.-Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

12.-Atarrabiaren hiri geografia eta historia.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Begiak eta ikusmena.

Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe:

-4/10 bi begietan, edo,

-3/10 begi okerrenean eta 5/10 begi onenean, edo,

-2/10 begi okerrenean eta 6/10 onenean.

Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120.ºtik beheitikoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bertzera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzuteko sistema

-Belarri zolitasunari dagokionez, 500tik 3000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

-Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.-Hizkuntza.

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.-Giharren eta eskeletoaren aparatua.

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-20.ºtik gorako eskoliosia.

-30.ºtik goitiko zifosia.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.-Digestio aparatua.

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Zirrosi hepatikoa.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

6.-Bihotz-hodietako sistema.

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: Aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.-Arnas aparatua.

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, enfisema, bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hiperrerreaktibotasuna.

8.-Nerbio-sistema.

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bertzelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorearen eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bertzelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bertzelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

-Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Bertze alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

10.-Sexu eta gernu-aparatua.

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Pixari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

11.-Sistema endokrinologikoa.

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bertzelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.-Odola eta organo hematopoietikoak.

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta WaldestrOm-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bertzelako alterazioak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.-Bertzelakoak.

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-SjOgren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Loditasuna (GMI > 25).

15.-Ohar orokorrak.

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten gorputzeko bertzelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ......................... N.A.N.: .............., bizilekua (herria, karrika, zenbakia, solairua): ...................., telefonoa: ............., sakelako telefonoa ..................,

Honako hau azaltzen du:

Atarrabiako Udaltzaingoan aritzeko bi udaltzain lanpostu, oposizio bidez, betetzeko deialdian onartua izatea nahi duela. Honen oinarriak .................. eguneko .............. zenbakidun Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ziren.

Deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela,

Eskari honekin batera aurkezten duela deialdian aipatzen diren proba fisikoak egiteko egoera onean dagoela ziurtatzen duen osasun-egiaztagiri ofiziala

f Euskararen ezagutza kreditatzeko proba borondatezkoa egin nahi duela (markatu hala nahi denean)

f Euskararen gaitasun agiria edota ofizialki aitortutako titulazioa aurkezten duela (markatu hala nahi denean)

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztutzat harturik, onartua izatea Atarrabiako Udaltzaingoan aritzeko bi udaltzain lanpostu betetzeko oposizioan.

Atarrabian, 2007ko .....................ren ........(e)an.

(Sinadura)

ATARRABIAKO UDALEKO ALKATEA

Iragarkiaren kodea: L0717249