145. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

237/2007 FORU DEKRETUA, azaroaren 5ekoa, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroa sortzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako mandatua betez, foru dekretu honek Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroa sortu eta elkarte horiek foru lege horretan aitortzen zaizkien onurez gozatu ahal izateko bete behar dituzten baldintzak arautzen ditu.

Beste alde batetik, erregistro horri esker, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen ezagutza hobetuko da, sustapen handiagoa emateko eta haien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko lankidetza eta harremanak errazteko. Horrela, kontsumitzaileek babes eraginkorragoa izanen dute.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren 5eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroa arautzea.

2. Erregistroak bi atal izanen ditu:

a) 1. atala: kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak eta federazioak.

b) 2. atala: kontsumoko kooperatibak eta elkarteak, batasunak eta federazioak.

3. Erregistroko 1. atalean, elkartzeko eskubidea arautzen duen legediaren arabera eratutako erakundeak inskribatuko dira eta, 2. atalean, kooperatibei buruzko legediaren arabera eratutakoak.

2. artikulua. Inskribatzen ahal diren entitateak.

Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroan inskribatzen ahalko dira foru dekretu honen 1.2 artikuluan aipatu eta baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:

a) Kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeria berariazkoaren arabera eratuak egotea eta estatutuetan funtzionamendu demokratikoa ezartzea.

b) Egoitza soziala Nafarroan izatea eta bertan baino ez jardutea edo, bestela, erkidegoez gaineko eremuko elkarteen kasuan, Nafarroarako egitura eta aurrekontu bereiziak izatea haren antolaketan.

c) Inskripzioaren behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja sortzen duten egoeretan ez egotea. Egoera horiek foru dekretu honen 7. artikuluan adierazten dira.

d) Elkarteen legediari jarraikiz eratutako erakundeen xede sozial nagusia izanen da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen banako zein taldeko interesak babestea, bai oro har bai produktu eta zerbitzuei dagokienez.

Erakundearen xede nagusitzat joko da haren baliabide materialen eta giza baliabideen 100eko 75 baino gehiago eskatzen duena.

e) Kooperatibei buruzko legediaren arabera eratutako erakundeek Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

3. artikulua. Inskripzioaren ondorioak.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek erregistroan inskribatuta egon beharko dute, Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko Foru Legeak eta hura garatzen duten xedapenek ematen dieten edozein onura erabili ahal izateko.

4. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

1. Erregistroan inskribatzeko, entitate interesdunek kontsumo arloan eskumena duen departamentuan aurkeztu beharko dituzte eskabidea, entitatearen ordezkariak sinatuta eta departamentu horrek ezarritako ereduaren araberakoa, eta agiri hauek:

a) Dagokion elkarteen edo kooperatiben erregistroak luzatutako ziurtagiria, entitate eskatzailea esleitu zaion zenbakiarekin inskribatuta dagoela adierazten duena.

b) Estatutuen edo eraketa aktaren kopia, dagokion elkarteen edo kooperatiben erregistroak behar bezala kautotua.

c) Elkartearen organo eskudunak luzatutako ziurtagiria, alderdi hauek egiaztatzen dituena:

c.1) Elkarteko zuzendaritza organoen osaera, horien kideen izena, kargua, helbidea, NANa eta guzti.

c.2) Elkarteko kuotak egunean dituzten kideen kopurua eta haien zenbatekoak. Hori guztia eskaera aurkezten den unea kontuan hartuta.

c.3) Entitate eskatzaileak, hala badagokio, aurreko urtean egin dituen jardueren deskribapena eta eskaera aurkezten den urterako jarduera programa.

c.4) Lurralde ezarpena, tokian tokiko delegazioen, lokalen helbidearen eta, hala badagokio, jendeari harrera egiteko ordutegiaren aipamen zehatzarekin.

c.5) Zein elkarteri, batasuni edo federaziori atxikita dagoen eta, hala badagokio, kudeatzen dituen kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulegoak.

c.6) Entitatearen aurreko urteko dirusarreren eta gastuen aurrekontua eta horien likidazioa, bai eta eskaera aurkezten den urteko aurrekontuak ere. Bi kasuetan zehaztu beharko dira informazio, prestakuntza eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babesteko jardueretarako zenbatekoak eta zenbatetsitako kostua.

d) Entitatea ordezkatzen duen organoaren erantzukizunpeko aitorpena, erregistroan inskribatzea saihesten duten egoeretan edota behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja sortzen duten egoeretan ez dagoela adierazten duena.

e) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

f) Kontsumoko kooperatibek, eskaerarekin batera, aurrekontuetako xehetasun bat aurkeztu beharko dute, hain zuzen ere, kideek kontsumo arloko informazioa, heziketa eta prestakuntza jaso dezaten funts sozialari sozietatearen ekitaldi bakoitzeko soberakin garbien %10 aplikatzen zaiola frogatzen duena.

g) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeen federazioek, batasunek edo elkarteek, dagokion erregistroko ziurtagiria, haren zati diren erakundeak aipatzen dituena, aurkeztu beharko dute halaber.

2. Eskaerak foru dekretu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituenean, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Halakoetan, ebazpen bat emanen da eta interesdunari jakinaraziko zaio.

5. artikulua. Inskripzioaren ebazpena.

1. Aurkeztutako agiriak ikusirik eta kontsumo arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendariak txostena eman ondoren, arlo horretan eskumena duen zuzendari nagusiak inskripzioaren gaineko ebazpena emanen du, eta entitate eskatzaileari dagokion zenbakia esleitu eta inskripzioa jakinaraziko dio.

2. Entitate eskatzaileak foru dekretu honetan eta Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, inskripzioa ebazpen arrazoitu bidez ukatu eta halaxe jakinaraziko zaio.

3. Inskripzioaren ebazpena erregistroan jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, inskribatzeko eskaera onetsitzat joko da.

6. artikulua. Inskribatzen diren entitateen betebeharrak.

Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatzen diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte: 1.

1. Urteko lehenbiziko bi hilabeteetan agiri hauek aurkeztea, organo eskudunak behar bezala egiaztaturik eta erakundeko presidentearen oniritziarekin: a)

a) Nafarroan aurreko urtean eginiko jardueren memoria, gutxienez hauxe jasoko duena:

a.1) Kontsulta kopurua.

a.2) Tramitatutako erreklamazio eta salaketa kopurua.

a.3) Aurkeztutako arbitraje eskaerak.

a.4) Garatutako prestakuntza ekintzen kopurua eta deskribapen laburra (jardunaldiak, hitzaldiak, ikastaroak, etab.).

a.5) Argitalpenen eta egindako azterlanen kopurua eta deskribapen laburra.

a.6) Lurralde ezarpenaren maila.

b) Dirusarreren aurrekontuaren likidazioa, kideek ordaindutako kuoten diru-bilketa, bereziki, aipatuta, eta aipatu epean egindako gastuen aurrekontuaren likidazioa, jardueraka zehaztua.

c) Urte honetarako programatutako jardueren memoria, atal honen a) puntuan adierazitako jarduketak modu orientagarrian bilduko dituena.

d) Urte honetarako dirusarreren eta gastuen aurrekontuak, kostua jardueraka zehaztua.

Kontsumo arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak aurreko informazioa aurkezteko formatu edo eredu espezifikoak ezartzen ahalko ditu.

2. Hilabeteko epean, kontsumo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari eskatzea erregistroan sar dezala inskripzioa egiteko aurkeztutako datuetan sortu den edozein aldaketa eta, behar izatera, jakinaraz dezala erabakia noizko batzarrean hartu zen.

3. Aipatutako zuzendaritza nagusiari eskatzen zaion edozein informazio nahiz agiri ematea, entitateak aurkeztutako datuen egiazkotasuna frogatzeko.

4. Jakinarazpen ofizialetan foru dekretu honen 5. artikuluan adierazten den erregistro zenbakia aipatzea.

7. artikulua. Behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja.

1. Hona hemen Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroan egindako inskripzioen behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja sortzen duten egoerak:

a) Irabazteko xedea duten pertsona juridikoak bazkide gisa onartzea.

b) Kontsumitzaile edo erabiltzaileentzako produktu edo zerbitzuak merkaturatzen dituzten enpresen edo enpresa multzoen laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea.

c) Produktu edo zerbitzuen publizitate komertziala edo informazio hutsa ez den publizitatea egitea.

d) Kontsumitzaileak babestea ez beste jarduera batzuetan lehentasunez aritzea, kontsumoko kooperatiben kasuan izan ezik, behin-behineko etenaldia edo behin betiko baja sortzen duten egoeretan egonen baitira Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko 7/2006 Foru Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoa betetzen ez dutenean.

e) Epaileak kontsumitzaile elkartea ausarkeria nabarmenez aritu dela iriztea.

f) Eskatzen ahal zaizkien onustearen eta arduraren printzipioei jarraituz ez jardutea eta kreditazioen, analisien emaitzen edo behar adina egiaztaturiko kalitate-kontrolen bidez bermatuta ez dauden informazioak zabaltzea.

g) Foru dekretu honek ezartzen dituen baldintzak ez betetzea.

h) Erregistroan inskribatzeko aurkeztutako agirietan dauden datuak faltsutzea.

2. Erregistroko inskripzioen behin-behineko etenaldiak edo behin betiko bajak kontsumo arloan eskumena duen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez erabakiko dira. Aldez aurretik administrazio espedientea tramitatuko da, eta ukitutako elkarteari entzunen zaio hartan.

3. Behin-behineko etenaldiak urte batetik bost urtera bitarte iraunen du eta gutxienez hura sortu zuen egoerak dirauen bitartean mantenduko da.

4. Behin-behineko etenaldiaren edo, hala badagokio, behin betiko bajaren iraupena zehazteko, intentzionalitate edo zabarkeria maila eta artikulu honen 1. artikuluan ezarritako egoeretako edozeinen errepikapena hartuko dira kontuan.

5. Aurreko idatz-zatian aipatutakoaz gain, behin-behineko etenaldiaren edo, hala badagokio, behin betiko bajaren iraupena zehazteko, irizpide espezifiko hauek hartuko dira aintzat:

a) a), b) eta c) letretan aipatutako egoeretan kontuan hartuko da haien kide izaeragatik, dirulaguntza edo laguntza gisa edota merkataritzako publizitatea egitearen truke irabazi-asmoa duten entitateek zuzenean edo bitarteko entitateen bidez egindako ekarpenen bolumena.

b) d) letran xedatutakoa betetzen ez denean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea ez beste xede batzuk dituzten baliabideen portzentajea edota kideak kontsumo arloan heztea ez beste xede batzuk dituzten soberakin garbien portzentajea baloratuko da.

c) e) eta f) letretan aipatutako kasuetan, elkartearen jarrerak hirugarrenei eragindako kalte-galerak hartuko dira kontuan.

d) g) eta h) letren kasuetan, bete ez diren baldintzen eta faltsututako datuen kopurua hartuko dira aintzat.

8. artikulua. Sarrera eta publizitatea.

1. Nafarroako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoa beteko da.

2. Erregistroko datu hauek publikoak izanen dira:

a) Inskribatutako elkarteen identifikazioa.

b) Inskribatutako elkarteen egoitza soziala eta lokalen helbidea.

c) Erregistroan inskribatu zireneko data eta, hala badagokio, behin betiko bajaren edo behin-behineko etenaldiaren datak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Arauetarako gaikuntza.

Kontsumo arloan eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio, bere eskumenen barruan, foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko azaroaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0717226