144. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

333/2007 FORU AGINDUA, azaroaren 8koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, eraikuntza sektorean Azpikontratazio Liburua gaitzeko arauak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Eraikuntza sektoreko azpikontratazioari buruzko urriaren 18ko 32/2006 Legeak 8. artikuluan xedatzen duenez, haren esparruko eraikuntza lan guztietan kontratistek Azpikontratazio Liburua eduki beharko dute.

Lege hori garatzeko, abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretua onetsi zen. Horrek xedatzen du obra burutzen deneko lurraldeko lan agintaritza eskudunak gaituko duela Azpiegitura Liburua, errege dekretuaren III. eranskinean ageri den ereduarekin bat etorriko dena.

Horrebestez, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak eraikuntza sektorean Azpikontratazio Liburua gaitzeko arauak ezartzea.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak eraikuntza sektorean Azpikontratazio Liburua gaitzeko arauak ezartzea da.

2. artikulua. Azpikontratazio Liburua gaitzeko eskaera.

1. Enpresa kontratistek gaitzeko eskaera aurkeztuko dute, foru agindu honen eranskinean ageri dena, abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko ereduarekin bat etorriko den Azpikontratazio Liburuarekin batera.

2. Eskaera Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak gaituko dituen tokietan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean aurkeztuko da.

3. artikulua. Gaitzeko organo eskuduna.

1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da Azpikontratazio Liburua gaitzeko organo eskuduna. Hala ere, bere sinadura zuzendaritza nagusi horren mendeko organo edo unitate administratiboen esku uzten ahalko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 40. artikuluan xedaturikoarekin bat.

2. Hala ere, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak prozedura telematikoak sortzen ahalko ditu liburuak gaitzeko.

4. artikulua. Azpikontratazio Liburuak gaitzea.

Gaitzearen funtsa Azpiegitura Liburuak abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuan aipatzen diren betebeharrak betetzen dituela egiaztatzea da.

Lanak horretarako bide ematen badu, liburuak aurkeztu ahala gaituko dira. Bestela, izapide horretaz arduratzen den bulego administratiboan edo entitate laguntzailean gordeko dira. Gaitzeko gehieneko epea hiru egun baliodunekoa izanen da.

Gaitzeko eskaeraren kopiak, behar bezala zigilatu eta datatuak, frogagiritako balioko du liburuak aurkeztu eta haiek eramaterakoan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmenak izenpetzen ahalko ditu enpresaburuen elkarteekin, lanbide elkargoekin edo irabazi asmorik gabeko bestelako entitateekin, Azpikontratazio Liburuak gaitzen lagun dezaten.

Xedapen iragankor bakarra.-Araubide iragankorra.

Foru agindu honetan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuko hirugarren xedapen iragankorrean xedaturikoarekin bat, enpresa kontratistek, 2007ko azaroaren 25a arte, Azpikontratazio Liburuko fitxa erabiltzen segitzen ahalko dute, urriaren 18ko 32/2006 Legearen eranskinean ageri dena, hain zuzen ere.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko azaroaren 8an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

ERANSKINA

Azpikontratazio Liburua gaitzeko eskaera

-Kontratistaren datuak.

Izen-deiturak ..................................................................... N.A.N. .........................., helbidea ..........................., telefonoa ............, herria ....................., P.K. ........ posta elektronikoa .........................

-Obraren ezaugarriak.

Eraikitzailea IFZ

Kontratista IFZ

Zuzendaritza fakultatiboa IFZ

Segurta. eta osasunaren koordina. exekuzio fasean IFZ

Obrako helbidea Herria

Obraren aurreko abisuko erreferentzia REAko inskripzio zenbakia

Obra honetan kontratista berak aurreko Azpikontratazio Liburuan eginiko azken oharreko hurrenkera zenbakia, horrelakorik bada.

Aurreko liburua ez edukitzeko zergatikoa, horrelakorik bada (bidezko dena adierazi)

f Galdu da

f Suntsitu da

Eranskineko Azpikontratazio Liburua gaitzeko eskaera aurkezten du.

Iruñean, ...........200(e)ko..............aren .....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

ESKAERA AURKEZTEKO JARRAIBIDEAK

1. Eskaera Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak gaituko dituen tokietan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean aurkeztuko da.

2. Obrari buruzko datu guztiak bete behar dira, bai eskaeran, bai Azpikontratazio Liburuan.

3. Nafarroan urriaren 18ko 32/2006 Legeko 6. artikuluan aipatzen den Enpresa Kreditatuen Erregistroa sortzen ez deino, ez da beharrezkoa "REAko inskripzio zenbakia" laukia betetzea.

Iragarkiaren kodea: F0717390