141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

TAFALLA

Garapenerako lankidetza proiektuendako dirulaguntzak. 2007. urtea

Tafallako Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak 2007ko urriaren 23an egin bilkura arruntean, erabaki hau hartu zuen, bertzeak bertze:

Tafallako Udalak, dirulaguntzak direla medio, nazioarteko lankidetzako programen finantzaketan parte hartzeko nahia agertu duelarik, programa horiek "garapen bidean diren herrialdeetan" gauzatzeko, hango komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatu eta bultzatzearren.

Ikusirik garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko 2007. urteko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarriak.

Ikusirik behar adina kreditu badagoela, dirulaguntzak ematetik sortzen diren betebehar ekonomikoei aurre egiteko; kontuan izanik espedientearen fiskalizazioa eta bertan diren gainerako agiriak; Gobernu Batzorde honek,

Erabaki du:

Lehena.-Garapenerako lankidetza programei dagokien gastua onestea: 42.700 euro; Udalaren egungo aurrekontuko 0.4620.48205 kontusailaren kontura.

Bigarrena.-Garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko 2007. urteko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarriak onestea. Zenbatekoa, osotara, 42.700 euro da.

Hirugarrena.-Aipatutako dirulaguntza emateko prozedura abiaraztea, eta deialdia eta oinarri erregulatzaileak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzeko agintzea.

Tafallan, 2007ko urriaren 25ean.-Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

DIRULAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK, GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEEKIN LANKIDETZA PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO. 2007. URTEA

1.-Atarikoa.

Tafallako Udalak aurrekontuko kontusail bat du nazioarteko lankidetza programendako dirulaguntzak emateko, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzearren. 2007. urterako, udal ordezkariek 42.700,00 euro lotu dituzte, Nazio Batuek -herriak garatzeko nazioarteko lankidetza bultzatzeko- eman dituzten aholkuekin bat.

2.-Deialdiaren xedea.

Hau da deialdi honen xedea:

Dirulaguntzak emanda, garapen bidean diren herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatzea. Proiektu horien helburua izanen da tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa eta herrietako edo hirietako komunitateen onerako diren azpiegiturak, komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatze, kudeatze eta gauzatze lanetan eta, orobat, arreta berezia ematen dietelarik ingurumenaren gaineko eraginari eta baliabide naturalen erabilera iraunkorrari.

Lehentasunez jarduteko eremuak hauek dira deialdi honetan:

-Emakumearen aldeko sustapen eta garapen proiektuak, haren bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak zein aukerak sustatzeko direnak.

-Haurren giza garapena eta garapen soziala bultzatzeko proiektuak, honako alor hauetakoak: osasuna, prebentzioa eta heziketa.

2007. urtean zenbateko hau emanen da jarduera hauetarako: 42.700,00 euro.

3.-Entitate eskatzaileak.

Deialdi honetako dirulaguntzak jaso nahi dituzten erakunde, entitate edo elkarteek, ondoko baldintza hauek beteko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak, eta dokumentazioa eguneraturik edukitzea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraziko da, berariaz, haren helburua dela garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Nafarroan edukitzea egoitza soziala edo delegazio bat.

e) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo Hegoaldeko herrialdeen egoeraren inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Hori frogatzeko, azken urtean egindako jardueren dokumentazioa aurkeztuko dute.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Foru Ogasunari ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

a) Irabazi asmoa duten enpresa nahiz bestelako entitateak.

b) Tafallako Udalaren aurreko deialdietan dirulaguntza lortu zuten GGKE edo elkarteak, baldin eta azken urtean ez badituzte jarraipen txostenak aurkeztu (deialdi honetan proiektuak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta) eta ez badute behar bezala jakinarazi eta arrazoitu.

c) Azken 12 hilabeteetan Nafarroan jardunik izan ez duten GGKE edo elkarteak (deialdi honetan dirulaguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta). Hau da, epe horretan Nafarroan sentsibilizazioaren, laguntza humanitarioaren edo lankidetzaren esparruan izandako jardun publikoa agirien bidez frogatzen ez dutenak; ez dira jarduntzat hartzen hedabideetan agertze soila edo inoizka artikuluak edo elkarrizketak argitaratzea.

4.-Proiektuak eta balorazio irizpideak.

Dirulaguntza eskatzeko, proiektuek edo jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honetan adierazitako printzipioekin eta lehentasunekin bat etortzea.

b) Helburuei, jarduerei eta proiektua gauzatzeko behar diren baliabideei buruz informazioa nahikoa ematea.

c) Proiektua gauzatzeko ardura duen entitatearen helburuen eta lan esperientziaren berri ematea; behar adina informazio.

d) GGKE horrek proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea eta tokian tokiko GGKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea, lagundutako egintzaren jarraipena egiteko.

e) Aurreikuspenen arabera, lagundutako egintzak 12 hilabete baino gehiago ez irautea.

f) Garapen bidean diren herrialdeetan egiteko proiektuak direnean, bertako lankide bat izatea proiektua gauzatuko den eremuan. Lankide hori GGKE bat izaten ahalko da; GGKE eskatzaileak delako herrialdean delegazioa edukitzea nahikoa izanen da.

g) Sendagaiak dohaintzan ematearekin edo jendearen eskura jartzearekin zerikusia duten jarduerak dituzten proiektuak, Osasunaren Mundu Erakundeak 1996an sendagaiak dohaintzan emateari buruz ezarritako jarraibideei lotuko zaizkio.

Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko 2 eskabide aurkezten ahalko ditu, gehienez ere. Proiektu bat baino gehiagorako laguntza eskatuz gero, finantzatzerakoan lehentasuna zeinek duen adieraziko da.

Hona hemen deialdian sartzen diren proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

.Proiektuaren kalitate teknikoarekin zerikusia dutenak: 32 puntu.

-Proiektuari, inguruneari eta gainerako xehetasunei buruzko informazioa.

-Proiektua zein sektoretan sartzen den, sektore haren egoerari buruzko informazioa (ingurunea, baliabideak, azpiegiturak...).

-Egintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean.

-Egintzaren bideragarritasun teknikoa; atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan.

-Proiektuak iraunkortasuna izanen ote duen, diruz lagundutako egintza bukatutakoan.

.Egile edo jarduleen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin zerikusia dutenak: 25 puntu.

-Herrialdeko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako beste entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duten harremana.

-Pertsona onuradunek parte hartzea proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan.

-Proiektuaren hartzaile diren herritarrak ordezkatzen dituen toki erakunde batek nola edo hala parte hartzea edo abala ematea.

-GKE eskatzailearen esperientzia eta haren jarraipen gaitasuna, eta, bereziki, Udalaren aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen kudeaketan erakutsitako gaitasuna.

.Proiektuaren gizarte helburuekin zerikusia dutenak: 21 puntu.

-Bizi baldintzak hobetzea eta sektore oso behartsu edo baztertuei laguntza ematea.

-Generoaren ikuspuntua sartzea proiektuan, eta emakumearen bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak nahiz aukerak bultzatzea.

-Giza eskubideak bultzatu eta babestea.

-Lanbide heziketa; bereziki, sektore behartsu edo baztertuetan.

-Komunitatearen antolaketa eta parte hartzea sustatzea.

-Proiektuak herrialdeko politiketan eta zerbitzu publikoetan izan behar duen eragina.

.Deialdi honetan ezarritako helburuei eta lehentasunei zenbateraino egokitzen zaien proiektua: 8 puntu.

.Aurrekontuarekin zerikusia duena: 6 puntu.

-Kofinantzazio baldintzei eta ezarritako mugei egokitzea.

-Proposatutako jarduerei egokitzea.

.Bertakoak proiektuarekin identifikatzea eta inplikatzea: 3 puntu.

-Nafarroako talde batek eta proiektua gauzatzeko lanetan diharduen herrialde hartako beste talde batek (herrialdeko kontrapartea, onuradunak, etab.) harremanak izatea edo horiek sustatu nahia egotea, GGKE eskatzaileak eta herrialdeko kontraparteak duten harremanetik kanpo.

.Lankidetza deszentralizatuaren batasuna: 5 puntu.

-Lehenago, eremu berean, Udal honek lagundurik gauzatutako proiektu edo programa baten jarraipena izatea egintza.

-Beste udal batzuek edo lankidetza deszentralizatutako beste erakunde batzuek proiektuari laguntzea.

GGKEei emandako dirulaguntzek zuzeneko lotura izanen dute aurkeztutako proiektuak izandako puntuazioarekin; horretarako, ehunekoen tarte batzuk ezarriko dira, eskatutako zenbatekoaren gainean. Zernahi dela, aldaketak egiteko aukera izanen da, baldin eta proiektuak ezaugarri bereziak baditu: balorazio irizpideetan agertzen ez diren ezaugarriak, proiektua hobeki baloratzeko gogoan hartzekoak direnak.

5.-Finantzaketa.

.Dirulaguntzak izanen dira bai materialak, horniketak, ekipoak edo ekoizpeneko beste aktiboak erosi eta garraiatzeko gastuei aurre egiteko, bai langileek eta funtzionamenduak ekarritako gastuak ordaintzeko.

.Salbuespen gisa, lurrak edo ondasun higiezinak erosteko erabiltzen ahalko da dirulaguntza; baina, betiere, legezko egoeraren berri ematen duten eta benetan erosten ahal direla frogatzen duten agiriak aurkeztea izanen da baldintza. Gainera, ondasun horien titulartasuna behar du izan proiektua zein tokitan egiten den bertako jendea ordezkatzen duen erakunde batena. Azken baldintza hori aplikatzekoa da eraikin berriak altxatzeko proiektuen kasuan ere.

.Hemendik beste herrialde hartara joaten diren lankideen gastuak ordaintzeko ere izaten ahalko da dirulaguntza. Alderdi honen zenbatekoa, gehienez ere, dirulaguntza osoaren %10 izanen da.

.Finantzaketaren gutxienez %10 beharko da izan entitatearen beraren funts edo fondoetatik etorria, edo beste administrazio publiko edo entitate batzuek emana.

.Administrazio eta kudeaketa gastuetarako dirulaguntza lortzen bada, horiek ez dute aurrekontuaren %7 gainditu behar.

.Sentsibilizazio jardueren gastuak ordaintzeko ere izaten ahal dira dirulaguntzak, betiere gastu horiek xeheki azalduz gero; dirulaguntzaren %3 bitartekoa izanen da laguntza atal honetan.

.Dena den, emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko -beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta- egin beharreko proiektuaren kostua.

6.-Eskaerak aurkeztea.

Dirulaguntza eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira -edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan-, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, 30 egun naturaleko epean.

Ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

.Eskabide eredua, 1. eranskinean dagoena.

.Memoria, proiektua aurkezteko inprimakiaren arabera, 2. eranskinean baitago.

.Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa eta entitatearen ordezkariarena frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia baimenduak:

-Estatutuak

-Elkarteak dagokion Elkarteen Erregistroan izena emana duela erakusten duen ziurtagiria.

-Identifikazio Fiskaleko Txartela.

-Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa.

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren aitorpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

.GGKE eskatzaileak Nafarroan azken urtean honako esparru hauetan egindako jardueren frogagiriak: garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo, oro har, garapenerako lankidetza.

.Tokian tokiko lankidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa erakusten duen agiria, jatorrizkoa edo kopia baimendua:

-Estatutuak

-Legezko eraketaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

-Legezko helbide osoa.

-Entitatearen legezko ordezkaria nor den erakusten duen ziurtagiria, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa.

.Dirulaguntza zer banku entitatetan sartu behar den, entitate haren ziurtagiria; han adieraziko dira kontuaren zenbakia eta titularra. Ziurtagiriak egungo data izanen du, eskabideak aurkezteko epearen ingurukoa (aurreko urteetan ere aurkeztua izan arren).

.Betiere, gastuen eta dirusarreren aurrekontua aurkeztuko da, sailkakoa eta eurotan emana; halaber, adieraziko da proiekturako zer baliabide dauden herrialde hartan eta zer baliabide jarriko dituen entitateak, eta beste erakunde edo entitate batzuei zer dirulaguntza eskatu zaien edo haiengandik jada zer laguntza lortu den.

.Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

.Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

.Tafallako Udalak egiaztatuko du, ofizioz, entitate eskatzaileak bete dituela Udalarekiko dituen tributu betebeharrak eta, zorrak egonez gero, horiek konpentsatuko ditu.

Eskabideekin batera ez bada aurkezten entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa, oinarri honetan esandakoa, Tafallako Udalak 10 eguneko epea utziko du, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko; hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Eskatutako hori ez bada emandako epean betetzen, eskabidea artxibatu eta eskatzaileak gibelera egin duela ulertuko da.

7.-Dirulaguntzen ematea.

Gizarte Ongizateko Zinegotzigoa buru duen batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu proiektuak. Hona hemen batzorde horretako kideak:

-Epaimahaiburua: Angel Arbona Jiménez.

-Idazkaria: M.ª Asunción Nieto Zabala.

-1. mahaikidea: Celina Sola Remón (Berdintasunerako zinegotzia).

-2. mahaikidea: Lankidetza proiektuetako teknikari bat, deialdi honetan proiektua aurkezten duen GKE edo elkartasun erakunde batekoa ez dena, izendatu beharrekoa.

-3. mahaikidea: Elena Algarra (Berdintasunaren Alorreko gizarte langilea).

-4. mahaikidea: Rakel Remón (animatzaile soziokulturala).

-5. mahaikidea: Xabier Flamarique (Udaleko zinegotzia).

-6. mahaikidea: Santiago Lanas (Udaleko zinegotzia).

-7. mahaikidea: Maiorga Ramírez (Udaleko zinegotzia).

-8. mahaikidea: José Carlos Lerga (Udaleko zinegotzia).

Batzorde horrek proposamen txosten bat prestatuko du eta erabakia hartzeko eskumena duen organoari igorriko dio.

Organo eskudunak bi hilabeteko epea izanen du -proiektuak aurkezteko epea bukatzen denetik aitzina- dagokion erabakia hartzeko.

Aldez aurretik emanen da dirulaguntza, ordainketa bakar batean. Ordainketa hori bi hilabeteko epean eginen da, gehienez ere, organo eskudunak ebazpena ematen duenetik aitzina.

8.-Proiektua gauzatzea eta kontrola.

Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko ardura duten GGKEek proiektuaren garapenari buruzko txostenak emanen dituzte, lanak deskribatzeko eta finantza egoera azaltzeko; Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dituzte, sei hilabetean behin; eta beste txosten bat, proiektuaren bukaerari buruzkoa, urtea igarotakoan (3. eranskinean dago eredua); salbu eta aurkeztea galarazten duen arrazoi justifikatua badago. Kasu horretan ezintasun hori idatziz jakinaraziko zaio Tafallako Udalari eta honek baloratu eta onartu egin beharko du. Lehen txostena sei hilabete igarotakoan aurkeztuko da, dirulaguntza ordaintzen denetik aitzina kontatuta.

Gizarte Ongizateko Zinegotzigoak GGKE bakoitzari deitzen ahalko dio proiektuen gauzatzearen berri eman dezan, deusetan ukatu gabe 9. A) 3 oinarrian onuradunei ezartzen zaien eginbeharra.

Txostenetan, agiri hauek egonen dira:

a) Dirulaguntza tokian tokiko lankideari edo kontraparteari bidali zaiola erakusten duen agiria.

b) Tokian tokiko lankide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, dirulaguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko txosten teknikoa (3. eranskinean datorren ereduaren arabera).

Dirulaguntza lortutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiten ahalko da, haiek gauzatzeko edozein fasetan, eta proiektuen ardura duten erakundeek eman eginen dizkiote Tafallako Udalari, hark eskatutako informazio eta agiri guztiak.

Informazio hori jaso ondoan, Udalak -Gizarte Ongizateko Zinegotzigoa dela medio- laburpen txostena prestatuko du, proiektuak gauzatzeari buruz eta horiei dirulaguntzak emateari buruz.

9.-Dirulaguntza ematen duen administrazioaren eta erakunde onuradunen arteko harreman juridikoaren edukia.

A) Onuradunaren betebeharrak.

1.-Eskabidean adierazi bezala gauzatzea proiektua. Dirulaguntza jaso ondorengo hiru hilabeteetan hasiko da proiektua, ez beranduago, ezinezkoa ez bada, behintzat, arrazoi bereziak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio; inguruabar horiek justifikatu egin beharko dira.

2.-8. oinarrian seinalatutako erdi bideko txostenak eta bukaerakoak aurkeztea dirulaguntza eman duen entitateari.

3.-Entitate emaileak dirulaguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

4.-Tafallako Udalari baimena ematea eta laguntzea proiektuaren garapenaren berri ematen, jendea garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan sentsibilizatzeko.

5.-Tafallako Udalaren logotipoa ikusteko moduan paratzea proiektuaren agiri eta publizitate guztietan, eta tokian tokiko lankide edo kontraparteari jakinaraztea nondik etorri den dirulaguntza.

6.-Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, Tafallako Udalari jakinaraztea eta, behar denean, Udalari baimena eskatzea.

Tafallako Udalak berariaz emandako baimena beharko da, aldez aurretik, proiektuan funtsezko aldaketarik egiteko; alegia, honako elementu hauek ukitzen baditu:

-Helburuak.

-Onuradunak.

-Proiektua gauzatzen deneko lekua.

-Aurreikusitako kontusailetan %20 arteko aldaketak egitea.

Proiektuan funtsezko aldaketak egiteko eskabideak behar bezala arrazoituko dira, eta aldaketa horiek ekarri dituzten inguruabarrak sortu eta berehala aurkeztuko dira.

Tafallako Udalari adierazi eginen zaio, baldin eta GGKE eskatzailearen nortasun juridikoan aldaketak gertatzen badira proiektua garatu bitartean: estatutuak, entitatearen legezko ordezkaria, etab.

7.-Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak beteak izatea.

B) Jasotako zenbatekoak itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

1.-Justifikatu beharra ez betetzea.

2.-Eskatzen ziren baldintzak bete gabe dirulaguntza eskuratzea.

3.-Dirulaguntza kobratzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako dirulaguntza edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak, eta zaintzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak atxikitzea erabakitzen ahal dute.

Harturiko dirua hein batean itzuli eta dagokion berandutza interesa ordaindu beharra izanen da, baldin eta dirulaguntza izan duten gastuak ez badira justifikatzen edo proiektua gauzatzean izandako dirusarrerak (edonolakoak) gastuak baino handiagoak badira.

C) Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, Administrazioaren esparruko ez betetzeak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

Dirulaguntza edo laguntza lortzea horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

Dirulaguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe itzuli.

Dirulaguntza lortzearen ondorioz bere gain hartutako betebeharrak ez betetzea, onuradunari edo, bestela, zuzenbidezko edo egitezko administratzaile gisa aritu denari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

Ez betetzeen erantzule zuzena izanen da dirua eskuratu eta oinarri hauetako betebeharrak betetzen ez dituen GGKEa.

Itzuli beharraren eta -halakorik badago- zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak; alegia, betebeharrak saihestu (nahiz eta beren esku egon), ez betetzea ekarri duten erabakiak hartu edo beren mendekoen urraketa onartu zuten pertsona juridikoen administratzaileak.

Gainera, haien egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak izanen dira subsidiarioki erantzule, betiere, beren jardunak oro utzi dituzten pertsona juridikoek itzuli beharreko zenbatekoen eta zehapenenenak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatzen denaren arabera tramitatuko da espediente hori.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

.Bost urte arteko epe batean dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

.Bost urteko epean Estatuarekin eta beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

Diruzko isunak ez du loturarik aurreko artikuluan aipatzen den dirua itzuli beharrarekin.

Artikulu horretako arau-hausteen zehapenak mailaz mailakoak izanen dira, alderdi hauek kontuan hartzen direla:

.Subjektuen fede ona ala txarra.

.Dirulaguntzen eta laguntzen arloan arau-hausteak behin eta berriz egitea.

.Administrazioaren ikerketa lanari edo araudi aplikagarrian xedatzen diren finantza kontroleko lanei aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

.Bost urtetan Tafallako Udalaren dirulaguntzak jasotzeko aukera kenduko da gastuak frogatzeko gezurrezko fakturak erabiliz gero.

Dirulaguntza ematen duen organoak hartuko du erabakia eta ezarriko ditu zehapenak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Administrazio Prozedurari buruzko Legeko VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

D) Dirulaguntza hauen arauak.

Garapen bidean diren herrialdeekin egiteko lankidetza proiektuak direla-eta, dirulaguntzak emateko irizpideak bat etorriko dira honako arau hauetan gai horri buruz xedatuarekin:

.Toki Administrazioari buruzko Foru Legea.

.Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

.Dagokion ekitaldi ekonomikoko aurrekontua betearazteko oinarriak.

.Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudia.

E) Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

.Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

.Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

.Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

ERANSKINAK

Eranskinak, garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko 2007. urteko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarriei dagozkienak.

-1. eranskina: Eskaera-Eskabidea

-2. eranskina: Proiektuak aurkezteko eredua.

-3. eranskina: eredua, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuen arrazoiak adierazteko

Horiek denak Tafallako Udalaren bulegoetan egonen dira interesdunen eskura.

Iragarkiaren kodea: L0716694