141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ARANGUREN

Deialdia, lorezain izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko urriaren 25ean hartu erabakiaren bidez onetsita.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Aranguren Ibarreko Udalerako lorezain izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak lan-kontratudun finko bilakatuko dira, eta Gizarte Segurantzan inskribatuko dira eta bertan alta emanen zaie.

1.3. Urteko lansari gordina izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko D mailari dagokiona.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Manatzen zaizkion eginbehar guztiak bete beharko ditu, betiere bere mailari eta kategoriari dagozkienak badira

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea eta Espainiako edo Europar Batasuneko beste edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.

b) Gutxienez, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Hezkuntzakoa edo baliokide den titulua izatea.

c) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Bere eginbeharrak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko eguerdiko ordu bata baino lehen. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Eskabide orriarekin batera deialdi honetako 2.1 puntuan eskatutako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak, eta NANaren forokopia aurkeztu beharko dituzte.

3.3. Curriculum vitaea eta baremoan alegatu nahi dituzten merezimendu guztien egiaztagiriak, jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotuak, erantsiko dituzte izangaiek.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta probak hasteko egunarekin batera Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Manuel Romero Pardo, Aranguren ibarreko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Rubén Ibero Goñi, zinegotzia.

Mahaikidea: Javier Cía Aldaba.

Mahaikidea: Adelardo Paternain Cadena.

Mahaikidea: Jesús M.ª Ezcurra Ilarregui.

Mahaikidea: Roberto Zarranz Huarte.

Idazkaria: Udalekoa, edo haren ordez legez diharduena.

5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da, bere eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen ahal diren gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean, horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.2. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 10 puntuko balorazioa izanen du, manera honetan banaturik:

a) Lorezain gisa edo horren antzeko lanetan emandako urte bakoitzeko, betiere Gizarte Segurantzan alta emana izanik: puntu bat urte bakoitzeko. Gehienez ere, 5 puntu.

b) Lehen Mailako Lanbide Heziketako Lorezaintzaren alorreko tituluagatik: 5 puntu.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa.

Lanbidearekin edo bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duen ariketa teorikoa izanen da, test modukoa izan daitekeena; gehienez ere 40 puntu lor daitezke eta baztertuak geldituko dira 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa.

Lanbidearekin edo bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duen ariketa praktikoa izanen da; gehienez ere 50 puntu lor daitezke eta baztertuak geldituko dira 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.2. Mahaikideek nork bere aldetik jarriko ditu puntuazioak, eta horiekin banaz-bertzeko aritmetikoa eginen da ariketa bakoitzaren puntuazioa ateratzeko.

8.3. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean paratuko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu dituzten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko 30 eguneko epean, proposaturiko izangaiek ondoko agiriak ekarri beharko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguan aritzea eragozten ahal dion eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko aitorpena, eta hartan adierazi ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo eskubide-gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikotatik.

9.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, proposaturiko izangaiek agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen dute lan-kontratua sinatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, hasierako eskabidean faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Udalak 9.1. oinarrian agertzen den zerrendako ondo-ondoko izangaiekin beteko du hutsunea.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautapen prozesua bukaturik, Aranguren ibarreko alkateak Aranguren ibarreko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko ditu proposatutakoak.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badute, Aranguren ibarreko Udalaren lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte eta deialdi honen aurreko oinarrian adierazi bezala beteko da lanpostua.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri nahiz aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion Salari zuzendua, bi hilabeteko epean errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina. Dena dela, aldez aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, nahi izanez gero, organo-egileari zuzenduta, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Horretaz gain, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzenduta, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

Mutiloabeitin, 2007ko urriaren 25ean.-Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ......, sorteguna: ............, sorterria: ........... ............, helbidea: ............., kalea ............, zenbakia ....... posta kodea:..........., telefonoa:

Honako hau azaltzen dut:

Aranguren ibarreko Udaleko lorezain izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, lorezain izateko hiru lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Aranguren ibarrean, 2007ko ................aren ..........(e)an.

Iragarkiaren kodea: L0716721