141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

369/2007 EBAZPENA, urriaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, "Murchanteko Iparraldeko saneamenduko kolektorea" izeneko proiektuarentzako. Moncayoko Ur Mankomunitatea da sustatzailea.

2007ko abuztuaren 16an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezartzen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proposamenaren aldeko txostena eman du lurzoru urbanizaezinari dagokionez, eta zehaztapen bat sartu du: sustatzaileak beharrezkoak diren baimenak eskuratu beharko ditu obrek ukitzen ahal dituzten azpiegitura eta zortasunetan esku hartzeko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, "Murchanteko Iparraldeko saneamenduko kolektorea" izeneko proiektuarentzako, Moncayoko Ur Mankomunitateak sustatua.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean emanen da:

-Pilaketetarako zortasun eremua mugatu eginen da erretenekin gurutzatzen den lekuetan, material pilaketek eta isuriek landaredian eraginik izan ez dezaten. Erretenak proiektuaren arabera berriz ezarri ondoren, errekaren ibilgua eta hormigoirik gabeko bazterrak birmoldatu eginen dira.

Neurri hauek arreta bereziarekin bete beharko dira Cabezueloko eta 0+300 k.p.an iparraldetik datorren hodia zeharkatzen duen erretenetan, landaredia berezia dutelako.

-Proiektuaren arabera, zangen hondeaketa egiterakoan, landare lurra (lurrazal-geruza emankorra) eta hondeaketaren gainerako materialak bakoitza bere aldetik pilatu beharko dira, eta landare lurra erabili nekazaritza-erabilera lehengoratzeko. Zanga bete eta konpaktatu ondoren, nahiko lodiera duen landare lur geruza zabalduko da (gutxienez 40 cm) lanek ukitutako eremuan.

-Lanak bukatutakoan, soberan gelditu diren lurrak eta gainontzeko materialak zabortegira eraman beharko dira, inguruak obra soberakin eta hondakinik gabe gelditu beharko du eta.

-Vianako Printzea Erakundearen Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak emanda, ondare arkeologikoa babestearen gaineko espedientea lortu beharko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura bidali beharko dena obrak hasi baino lehen.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Erabaki hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Murchante eta Tuterako udalei eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0716677