141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

451/2007 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Cortesko hornidurarako biltegi erregulatzailea eta hodi nagusiarentzako. Cortesko Udalak sustatu du.

2007ko ekainaren 8an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezartzen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Cortesko hornidurarako biltegi erregulatzailea eta hodi nagusiarentzako, Cortesko Udalak sustatu baitu.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean emanen da:

-Obrak egiteko makinen sarrera eta lanekin eta materialen pilaketekin hodiaren bidearen ondoan dauden arboladiak ez ukitzeko ahalegina egin beharko da. Beharrezkoa bada, materialak obraren beste lekuren batera eramanen dira eta lehengo tokira itzuliko dira erabiltzeko orduan.

-Proiektuan ezarritakoaren arabera, sustatzaileak neurriak hartuko ditu obren eremuetako azaleko drainatzea ez aldatzeko eta, hodia jarri ondoren, baimendutako zabortegira eramanen ditu eraispenaren hondarrak eta hondeaketatik sobratutako lurrak.

-Ingurumena lehengoratzeko neurriei dagokionez, araztegia eta biltegiaren kokagunearen hondeaketa eta alorretan hodiaren zangak hartzen duen tartea egiterakoan, lur beltza (lurrazal-geruza emankorra) bereizi eta aparte pilatuko da. Lur hori instalazioa dagoen tokiko eremu urbanizaezinak berreskuratzeko erabiliko da eta lurrotzen erabilera lehengoratzeko.

-Egin nahi diren jarduerek (errepideak, bide publikoak, ubide publikoak edo beste) ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari ondare arkeologikoaren babesari buruzko txostena eskatuko zaio, hodiek eta biltegiek ukitutako eremuarena.

3. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Cortesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 22an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0716662