141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko urriaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Tuteran eskualdeko jarduera ekonomikoetarako eremua ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Tuterako Udalak eta Nasuinsak sustatua, aldatzeko espedientearen tramitazioa abiarazten duena.

I.-Aldaketaren aurrekariak, justifikazioa eta xedea.

Nafarroako Gobernuak, 2005eko maiatzaren 30ean hartutako erabakiaren bidez (2005eko 73. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 20koa), behin betiko onetsi zuen Tuteran eskualdeko jarduera ekonomikoetarako eremua ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Tuterako Udalak sustatua. Geroago toki entitate horrek La Serna industrialdea izena jarri zion eremuari.

UPSa aldatzeko orain aurkeztu den agiriak dioenez, Nafarroako Gobernuak -SPRIN sozietate publikoaren bitartez- nekazaritzako elikagaien arloko jarduera ekonomikoetarako eskaini nahi ditu UPSeko S-1 sektoreko lurzati gehienak. Horregatik, Nasuinsak beharrezkotzat jotzen du UPSaren eremuko beste toki batean azalera hori berreskuratzea.

Aurrekoa kontuan izanik UPSaren aldaketa hau tramitatuko da, alde batetik, nekazaritzako elikagaien arlokoak ez diren jarduera ekonomikoetarako behar adina lur izan dadin industrialdearen barnean, eta bestetik haren mendekotasun energetikoa gutxitzeko eta indarra duen UPSa beste garapen paralelo batzuekin koordinatzeko. (Tuterako HAPOko aldaketa bat tramitatzen ari da, UPSaren mendebaldean golf zelaia eta hiri bioklimatikoa ezartzeko asmoz).

II.-Aldaketaren azalpena.

Indarra duen UPSaren eremuak 567,8 hektarea ditu. Hiru sektore ditu, S-1, S-2 eta S-3, eta bi sistema orokor atxikita, SG-1 eta SG-2, eta lurzoru urbanizaezineko eremu bat azpiegituretarako erreserbatuta, hain zuzen ere abiadura handiko trenbide-korridorea egiteko aukeretako baterako.

Orain aldaketa hauek proposatzen dira, funtsean: S-1 sektoreko lurzati batzuen erabilera aldatu eta neurriak doitzea, eta S-2 eta S-3 sektoreetan aldaketa handiagoak egitea.

Hala, 1. sektorean proposatzen da zenbait lurzatiren erabilera aldatzea -erabilera askotarakoak industria lurzati bihurtzea eta enpresa jardueretarako lurzatiak erabilera askotarako eta industria lurzati bihurtzea-, aparkaleku bat tokiz aldatzea eta zenbait lurzatiren neurriak eta lerrokadurak murriztea aireko linea elektrikoen ukipena dela eta.

S-2 eta S-3 sektoreetan, eremuak aldatu nahi dira, S-2 sektorea handituz eta S-3 sektorea txikituz, erabilera orokorrak aldatu gabe (S-2an "industria" erabilera orokorra eta S-3an "hirugarren sektorea - zerbitzuak" erabilera orokorra) eta hirigintzako araudi partikularrei eutsiz.

S-2 sektorearen muga berriek erdiko zerrenda hartuko dute UPSaren eremuan, iparraldetik hegoaldera. Sektore barnean, bideen tratamendua, lurzatien formatua -lurzati nahiko handiak- eta erabileren kalifikazioa oraingoen antzekoak izanen dira.

Berrikuntza gisa, sektore honek, S-3 sektoreak bezala, energia ekoizteko azpiegituretarako zerrenda bat izanen du iparraldean. Gainera, tramitatzen ari diren Hiri Bioklimatikoaren eta golf zelaiaren antolamendu bateratuaren emaitza diren egiturak erantsiko dira, hala nola dotazioetarako eremua, hiru erabilerak (industria, etxebizitzak, aisia/zerbitzuak) uztartzeko gune eta zerbitzuen ezarpena ahalbidetuko duena, eta S-3 sektoreko pasabide ekologikoaren eta abelbide berreskuratuaren arteko lotura ezarriko da.

S-3 sektorearen eremu berriak ere iparraldetik hegoalderako zerrenda bat hartzen du, S-2 sektoreko muga berriaren eta industrialdearen mendebaldean egitekoa den golf zelaiaren artean. Ipar muturrean, indarra duen UPSeko berdegunearen ordez, S-2 sektoreko "energia ekoizpenerako zerrendak" jarraipena izanen du, eta mendebaldeko muturrean 100 metro zabaleko zerrenda bat "berdegunea - pasabide ekologikoa" izanen da.

Indarra duen UPSean bezala, S-3 sektorerako ez da hirigintzako determinazio xehakaturik ezarri, sektore hori plan partzial egokiaren bidez garatu behar baita.

Energia ekoizteko eremu berrietan, S-2 eta S-3 sektoreetako iparraldean eta S-1 sektoreko berdeguneko bi irla txikitan mugatu diren horietan, agiriak dioenez, eguzkia eta haizea bezalako energia iturri berriztagarrietatik behar adina energia elektriko lortzeko instalazioak kokatu ahal izanen dira epe luzean (panel fotovoltaikoak, sorgailu eolikoak etab.), bai UPSaren eremurako eta bai etorkizunean izan litezkeen hiri garapenetarako ere.

UPSetik kanpoko azpiegiturak ez dira aldatu, eta barnekoak bide eta lurzatien antolamendu berriari egokitu zaizkio. Nolanahi ere, argiztapen eta saneamendurako azpiegiturei buruzko gogoeta berriak erantsi dira, lege berriak agertu direlako, lehenbiziko kasuan, eta industria jarduerei lotuta araztegiak eginen direlako, bigarren kasuan.

Halaber, orientagarri gisa, industrialderako ur hornidura handitzeko aukera bat azaltzen da, kanpoko sareen proiektuan aurreikusten den hornidura gutxiegi izanen balitz ere. Aukera hori, proposamenaren arabera, gauzatu liteke, baina ez da UPS honen garapen aldian gauzatuko. Horregatik, ez dira azaltzen haren ondoriozko kanpo-ukipenak eta industrialdearen barneko trazaduraren definizioa urbanizazio proiekturako uzten da.

Beste alde batetik, jarduera ekonomikoetarako eremua airetik zeharkatzen duen 220 kV-eko linea elektrikoaren zortasunak direla eta, REDESAk txostena egin du eraikitzea debekatu behar den aldeei buruz, eta txosten horren ondorioz S-1 sektorean zuzendu egin dira, arestian esandako moduan, zortasun zerrendak ukitzen dituen lurzatien mugak. Zerrenda horretan 66 kV-eko linea bikoitz berri bat ere jarriko litzateke, lehengoaren ondoan.

S-1 eta S-3 sektoreetako eredu-aprobetxamenduak ez dira aldatu (hurrenez hurren 0,2 m²/m², enpresa jardueretako erabilera orokorrerako, eta 0,175 m²/m², hirugarren sektoreko eta zerbitzuetako erabilera orokorrerako), baina S-2 sektorekoa nabarmen gutxitu da: 0,47 m²/m²-tik 0,37 m²/m²-ra, industria erabilera orokorrerako.

Indarra duen plan sektoriala garatzeko egutegia aurreratu egin da eta zenbait etapatan banatu da. Etapa horiek ez dira lotesleak. Dagoeneko hasi dira S-1 sektoreko lehen faseko urbanizazio lanak, eta UPSeko aldaketa hau behin betiko onesten denetik hilabetera egitekoa da S-2 sektoreko urbanizazio proiektua. S-3 sektorea garatu behar duen plan partziala 2009an egitekoa da.

ANTOLATUTAKO EREMUEN AZALEREN TAULA

INDARRA DUEN UPS-A ALDAKETA

Eremua, guztira 567,8 ha 567,8 ha

S-1 sektorea 2.202.192 m² 2.202.192 m²

S-2 sektorea 1.038.651 m² 2.187.178

S-3 sektorea 2.013.851 m² 867.725

III.-Hirigintzaren arloko gogoetak

Lagapenak eta erreserbak lurzoru urbanizagarrian.

Agiriak S-1 eta S-2 sektoreetako lagapen eta erreserbak baizik ez ditu garatzen. S-3 sektorerako ezartzen du sektore hori garatuko duen plan partzialean justifikatu beharko dela nola betetzen diren lagapen eta erreserba horiek; hala ere, gorago esan bezala, jada zehaztu egiten da sektoreak ipar muturrean "energia ekoizteko eremua" izanen duela eta mendebaldeko mugan berdegunea izanen duela, eta berdegune hori pasabide ekologikoa izanen dela.

Proposaturiko antolamenduak baditu berdegune handietarako eta erabilera anitzeko ekipamendurako gutxieneko azalerak, LAHFLren 53. artikuluan ezarritakoak (sektorearen %10 eta %4, hurrenez hurren). Berdeguneen hornidura dela eta, dokumentuaren memorian hauxe zehazten da: indarra duen UPSean bezala, nahiz eta aurreikusitako antolamenduan berdegune publikoetarako azalera handiagoa ezarri, sektore bakoitzaren %10 bakarrik konputatu da berdegune gisa. Hala ere, S-2 sektoreko POL-2 eta DOT 3 lurzatien morfologia bereziarengatik, baliteke eraikuntza-aprobetxamendua zaila izatea eta barne antolamendua konplexua. Horregatik gomendagarria da berdeguneen kokapena eta forma aldatzea.

Aparkatzeko plazen aurreikuspena apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuak eskatzen duen adinakoa da, baina desberdintasun handia du lurzoru publikoaren eta pribatuaren arteko banaketan. S-1 sektorean aurreikusitako plazen %12,6 bakarrik daude bide publikoetan, eta S-2 sektorean, berriz, %27. Aparkatzeko lekuak lurzoru publikoaren eta pribatuaren artean banatzeko proportzio falta hori agirian justifikatu behar litzateke.

Aparkalekuei dagokienez, gomendatu behar da S-1 sektorean aurreikusitako aparkalekua tokiz alda dadila. Indarra duen UPSaren aldean, industria lurzatietatik urrundu egin da eta horrek funtzionaltasuna kentzen dio.

Beste gogoeta batzuk.

Aurkeztu den aldaketa-agirian, S-2 sektoreko dotazio erabileren eraikigarritasunak ez dira kontuan hartzen eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko. Hortaz, Planak jabetza publikoa zehaztu beharko du haietarako, eta erabileren bateragarritasun taula (erabilera onartuak) egokitu behar du azken baldintza horri dagokionez.

Erabileren bateragarritasun taula erantsi behar litzateke S-3 sektorerako, ezarritako erabileretarako: "berdegunea: zerrenda erako korridore ekologikoa" eta "energia ekoizteko azpiegitura". Ildo horretan, "energia ekoizteko azpiegitura" deritzon erabileraren barnean komenigarria litzateke, etorkizunean okerreko interpretazioak saiheste aldera, energia elektrikoa ekoizteko instalazioak erabilera onartu gisa jasotzea, apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretuan ezarritako baldintzekin. Dekretu horren bidez arauak ezarri ziren autokontsumorako edo saiakuntzetarako energia eolikoa ekoizteko instalazioak ezarri eta erabiltzeko.

AN-1 arau-eremurako, agiriko araudiaren 37. artikuluan mekanismo bat ezarri da aprobetxamenduak etxe-sail eta erabileren artean transferitu ahal izateko. Zehaztu egin beharko da transferentzia horiek inoiz ez dutela berekin ekarri behar industrialdeko sektoreetako eredu-aprobetxamenduen aldaketarik.

"Hondakin urak berriz erabiltzea" izenburuko artikuluan erantsi behar da baimena eskatu behar zaiola ibai-erreken gaineko eskumena duen erakundeari.

IV.-Ingurumen arloko gogoetak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ondoko txostena eman du 2007ko urriaren 2an:

"Tuterako Jarduera Ekonomikoetarako Eremua ezartzeko UPSeko aldaketa puntualak, Nasuinsak aurkeztuak, antolamenduaren aldaketak eraginen ditu eta bide emanen du UPSaren eremuan energia eolikoa eta fotovoltaikoa ekoizteko azpiegiturak ezartzeko. Antolamenduaren aldaketa horiek ez dute deusetan aldarazten onetsitako UPSaren ingurumen eraginaren balorazioa.

UPSeko berdegune gisa onetsi zen aldean eguzki energia baliatzeko instalazioak ezarri ahal izateak erabat aldatzen du lur zerrenda horren ingurumen funtzioa; izan ere, jarduera ekonomikoetarako eremuan tokirik egokiena aukeratu zen estepako hegaztientzako intereseko gunearen alboko trantsizio zerrenda sortzeko.

Autokontsumorako sorgailu eolikoak instalatzeko proposamenarekin batera Industria Segurtasunerako Zerbitzuaren txostena aurkeztu behar da, autokontsumorako instalazioa bidezkoa dela egiaztatzeko. Nolanahi ere, sorgailu eolikoak instalatu aurretik azterlana egin behar da, hegaztiek urteko ziklo osoan eremua nola erabiltzen duten jakiteko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 224/2005 Foru Aginduan eskatzen den bezala. Ingurumen ukipenen azterlanean, halakorik egiten bada, kontuan hartuko dira industrialdeko zarata eta inguruko lurzatietan zaratak izanen duten eragina".

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2007ko urriaren 4ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. Tuterako Jarduera Ekonomikoetarako Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Tuterako Udalak eta Nasuinsak sustatua, aldatzeko espedientearen tramitazioa abiaraztea.

2. Entitate sustatzaileari adieraztea plan sektorialean erabaki honen azalpen zatiko "Hirigintzaren arloko gogoetak" eta "Ingurumen arloko gogoetak" izeneko ataletako kontuak sartu beharko direla.

3. Hilabetez, espedientea jendaurrean azalduko da eta instalazioek ukitzen duten udalerriko Udalari entzunaldia emanen zaio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko.

Hartarako, espedientea interesatuen eskura egonen da Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendu Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 3. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta sustatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0716313