141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko urriaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Cordovillan (Galar) E. Leclercek sustatutako merkataritza-gune bat, azalera handikoa", instalatzeko Proiektu Sektoriala iraungitzen duena. Horren ondorioz, haren zehaztapenak Galar Zendeako hirigintza planeamenduan sartzen dira ondorio guztietarako.

I.-Eskaera eta aurrekariak.

2006ko azaroaren 9ko osoko bilkurak hartutako Erabakiaren ziurtagiria bidali zion Galar Zendeako Udalak Nafarroako Gobernuari, 2006ko azaroaren 28an. Hartan eskatzen zuen "Cordovillako kontzejuko merkataritza eremuko (E. Leclerc hipermerkatua, gaur egungo 1. poligonoko 321. lurzatia) UPSa iraungitzeko, zeren haren zehaztapenak erabat jaso dira Udal Planean". Horren inguruan honako hau argudiatzen zen:

-Nafarroako Gobernuak, 1989. urteko urtarrilaren 12an onetsi zuen Cordovillan E. Leclercek sustatutako azalera handiko merkataritza-gunearen UPSa. Hipermerkatuaren eta bere aparkalekuaren lanak egitea zuen helburu. Hau da, lanen proiektu hutsa zen.

-Helburu horiek erabat lortu dira. Izan ere, merkataritza-gunea dagoen lurzatia (1. poligonoko 321. lurzatia) Galar Zendeako Udal Planean jasoa dago, hiri lurzoru finkatu gisa sailkatua. Hartarako bidezko diren hirigintza-zehaztapenak ezarri dira.

Bukatzeko, ondokoa dio: "Aipatutako UPSa lekukotasun hutsa besterik ez da, eta 35/2002 Foru Legeko 46.1.c) Foru Legean aurreikusten den jasotze hori jadanik gertatu zen Galarko Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egin zenean. Hortaz, eta azaldutako guztiarengatik, beharrezkotzat jotzen da hura formaz iraungitzea".

Galar Zendeako Udal Plana (2001eko martxoaren 7tik indarrean da) aztertuta, ikusi da E. Leclercen instalazioak "eraikin sendotu" gisa agertzen direla Hiri Lurzoruko UO-3 Unitate Antolatuan. Bestalde, Udal Planaren Hirigintzari buruzko Araudiko 29. artikuluak ("Lurzoruaren erregimenaren aldaketa", hiri lurzoru sendotuko lurzatiei buruzkoa), UO-3-rako, besteak beste, honako hau ezartzen du:

-"Baimentzen ahalko dira bolumen-baldintzak aldatzeko jarduerak", dagokien Xehetasun Azterlanaren bidez.

-"Lurzoru libre pribatua okupatzea baimentzen ahalko da", bai eraikuntza berriak egiteko bai dauden eraikuntzak handitzeko. Horretarako beharrezkoa izanen da "unitateen mugaketa eta Xehetasun Azterlana tramitatzea".

Era berean, 37. artikuluan ("Eraikigarritasuna") honako hau zehazten da, besteak beste: "Unitateetan (asistematikoak edo exekuziokoak) jaso gabeko hiri lurzoruaren erregimenaren aldaketetan (...) udal mugape guztirako aplikagarria izanen da 0,5 m²/m² koefizientea (sestra gainetik eraikitako azalera, lurzatiaren azalera garbiko)".

Aipatutako aginduekin bat, Cordovillako UA-4 Unitate Asistematikoaren Proiektua aurkeztu zion "Pamplona Distribución, S.A.k" Galarko Udalari (hipermerkatuaren eremu pribatuak osatzen zuen unitate hori ia erabatean). Harekin batera, zegokion Xehetasun Azterlana ere aurkeztu zuen, eta hartan hipermerkatua handitzeko baldintzak jaso ziren. Galarko Udalak 2002ko otsailaren 7an onetsi zituen behin betikoz agiri horiek, eta horietan hirigintzako oinarrizko datu hauek jaso ziren:

-UA-4 Unitate Asistematikoaren azalera: 67.743 m².

-Eraikigarritasun koefizientea: 0,5 m²/m².

-Eraikigarritasun maximoa sestraren gainetik: 67.743 x 0,5 = 33.871 m².

-Oraingo eraikuntzek kontsumitutako eraikigarritasuna: 24.613 m².

-Gainerako handitzeetarako eraikigarritasuna: 9.258 m².

-Behar diren aparkatokiak: 1.557. Eraikigarritasuna handitzeak dakarren aparkatoki beharra ere barne-hartzen ditu kopuru horrek.

-"Aurreikusitako eraikuntza berriaren sotoan eta oraingo azaleko aparkalekuaren lurrazpian" ezarriko dira eraikigarritasun berriak behar dituen aparkatokiak gehi berrezarri beharreko aparkatokiak (eraikuntza berriak aparkatokiak okupatu dituela eta).

Gero, Udalak Jarduera Sailkatuaren Lizentzia eman zuen, hipermerkatua sestra gaineko 2.000 bat metro karratutan handitzeko. Hori %8ko handitzea izanen da gutxi gorabehera, orain eraikia dagoen azalerarekiko.

II.-Gogoetak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 46.2c) artikuluan, proiektu sektorialei buruz ari dela, ezartzen da Nafarroako Gobernuak erabaki dezakeela proiektu sektorial bat iraungitzea, jarduketak kokatzen diren tokiko entitateek eskatzen badute udal planeamenduan sar dadila, eta sartze horrek ez badakar Proiektu Sektorialaren edukiaren funtsezko aldaketa bat.

Galarko Udalaren eskaera ikusirik; kontuan hartuz UPSan aurreikusten diren antolamendua eta merkataritza arloko eraikuntzak indarrean den Udal Planean jaso direla, eta horiek exekutatu eta bete-betean funtzionatzen ari direla, eta arestian azaldutako hirigintzako datuen ondorioz izan daitezkeen handitzeek -horien artean nabarmetzekoa da ezarri den beharrezko aparkatoki kopurua- ez dutenez, hirigintzari soilik dagokionez, Proiektu Sektoriala funtsean aldatzen; bada, UPSa iraungi daitekeela irizten da, eta haren zehaztapen guztiak Galar Zendearen Udal Planean jaso daitezkeela, ondorio guztietarako, honako zehaztapen honekin: proposatzen diren handitzeen exekuziorako proiektuek jasoko dituzte berrezarri beharreko aparkatokiak eta eraikigarritasuna handitzearen ondorioz jarri behar diren aparkatokiak.

Azkenik, bidezkoa da Galarko Zendeari jakinaraztea ezen, Nafarroako merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legeko 21. artikuluan zehaztutakoarekin bat, artikulu horretan adierazten diren kasuez gain, "E.Leclerc" izeneko saltoki handia edonola ere handitu behar bada, beharrezkoa izanen dela merkataritzako baimen berariazkoa lortzea, aipatutako Foru Legean ezarritakoarekin bat, dagozkion udal lizentziak eskatu aurretik.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko urriaren 4an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Cordovillan (Galar) E. Leclercek sustatutako merkataritza-gune bat, azalera handikoa, instalatzeko Proiektu Sektoriala iraungitzea. Horren ondorioz, haren zehaztapenak Galar Zendeako hirigintza planeamenduan sartzen dira ondorio guztietarako.

2. Proposatzen diren handitzeen exekuziorako proiektuek jasoko dituzte berrezarri beharreko aparkatokiak eta eraikigarritasuna handitzearen ondorioz jarri behar diren aparkatokiak.

3. Galarko Udalari jakinaraztea ezen, edonolako handitze eta berrirekitzeak edo, hala bada, merkataritza jarduera edo sektorearen aldaketak, bat etorriko direla Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearekin, eta beharrezkoa izanen dela merkataritzako baimen berariazkoa lortzea, aipatutako Foru Legean ezarritakoarekin bat, dagozkien udal lizentziak eskatu aurretik.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Merkataritza Zerbitzuari jakinaraztea.

5. Erabaki hau E. Leclerci eta Galarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da, halaber, erabaki horrek bide administratiboa agortzen duela eta haren kontra bidezko dela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2007ko urriaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0716312