141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

366/2007 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak emana, zenbait eskurantzaren erabilera Gizarteratze Zerbitzuko buruaren esku uzten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 26.3 artikuluak ezartzen du, artikulu horrek espresuki ezarritako eginkizunez gain, zerbitzuko zuzendariek kontseilariak edo zuzendari nagusiak banatutako edo eskuordetutako eginkizunak bete beharko dituztela, bere eskumenekoak diren arloetan.

Berdintsu dio Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren 6. artikuluak, departamentuko organo eskudunek banatu edo eskuordetutako eginkizunen erabilera zerbitzuei dagokiela esaten duena.

Beharrezkoa den eraginkortasuna eta arintasuna lortzearren, bidezkotzat jo da Gizarteratze Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea espedienteak ebazteari buruzko eskumenak, berez Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko zuzendariari dagozkionak.

Eskurantzak arlo honetan indarra duen legeriaren arabera utzi behar dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 36. artikuluaren arabera alegia.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendaritza nagusiaren eskurantzak Gizarteratze Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea, honako espediente administratiboei buruzko erabakietan:

-Oinarrizko errenta.

-Aparteko laguntzak.

-Familian eta Gizartean Integratzeko laguntzak.

-Ezgaitasunak dituzten pertsonendako aldizkako diru-laguntzak.

-Laguntza Espezializatuko laguntzak.

-Banakako lan proiektuak.

-Enpresetan lanean hastea.

-Gizartean txertatzeko etxebizitzen programa.

-Laguntza zentroetan sartzeko eskaerak.

-Kotizatzen ez duten pentsioak.

-Elbarriak Gizarteratzeko Legeko prestazioak.

-Gizarte Segurantzako Funts Nazionaleko laguntzak.

-Alargunen pentsioetako kenkari fiskalen aurrerapena.

-Helduei ingurune irekian laguntzeko programan sartzea.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak edozein unetan eskuratu ahalko du edozein espediente, erabaki ahal izateko.

3. Foru agindu honen bidez esleitzen diren eskurantzen ondorioz ematen diren ebazpenetan espresuki aipatuko da hala dela. Ebazpen horiek Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak emanikotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilari igorria.

4. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 12an eman 2865/2006 Ebazpena, eskurantza batzuk Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Gizarteratzearen zuzendariordearen esku uzten dituena, indargabetzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko irailaren 21ean.-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendaritza nagusia, Marta Alvarez Alonso.

Iragarkiaren kodea: F0716458