134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

JAITZ

Ordenantza, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eskubide eta tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2007ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa puntuala Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eskubide eta tasak arautzen arautzen dituen ordenantzan.

Onesteko iragarkia ekainaren 28an argitaratu zen, 2002ko 75. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betikoz onetsitzat jotzen da. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean hala argitaratu behar da, behin betiko testuarekin batean.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izanen, beren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez deino.

Jaitzen, 2007ko urriaren 5ean.-Alkatea, José Luis Anocibar Ilzarbe.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Jaizko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

a) Lurpean ehortzitako hilotzak hobiratu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein mementotan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean, bertzerik ordaindu gabe. Dena den, leku gutxi izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bertzalde, hileta zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertzerako.

Hilobietako burualdean baizik ez dira paratzen ahalko.

-Diseinu mota: librea.

-Gehieneko garaiera: 65 cm.

-Zabalera, gehienez: 55 cm.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak

b) Hilobiei lotutako bertze lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak eman ahalko dira, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

21. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1.-Ehorzketak:

a) Jaizko Udalean erroldatuak: dohainik.

b) Jaizko Udalean erroldatu gabeak: 300 euro.

b) kasuan salbuetsirik daude herritarrak, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L0715922