134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Hasiera batez onestea 2008ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra hartuko duten zerga diru-sarreren eta prezio publikoen erregulazioan izandako aldaketak

Udalbatzak, 2007ko urriaren 19an egindako osoko bilkuran, eta behar den quoruma izanik, ondoko erabakia hartu zuen:

«Ikusirik espedientean jasotako agiriak eta Tokiko Gobernu Batzarrak 2007ko urriaren 9an hartutako erabakia, zeinaren bidez onesten baita 2008ko ekitaldirako ordenantza fiskalak eta prezio publikoak erregulatzen dituzten arauak aldatzeko proiektua, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioko 6/90 Foru Legean ezarritakoarekin bat, ondokoa erabaki da:

1.-Hasiera batez onestea ondoko zerrendan jasotako zergen eta tasen ordainarazpena arautzen duten ordenantza fiskaletan eta tarifa-eranskinetan indarrean dauden testu eta tarifen aldaketak:

-Kudeaketa, diru-bilketa eta ikuskaritzarako Ordenantza Fiskala.

-Lurren gaineko Kontribuzioa.

-Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.

-Hirilurren Balio Igoeraren gaineko zerga.

-Agiriak luzatu eta izapidatzea.

-Zaintza bereziko zerbitzuak.

-Lizentziak eta hirigintzako bestelako jarduketak.

-Ingurumena babesteko eta jarduera kaltegabeetarako baimenak.

-Udalaren erabaki, ordenantza eta bestelako arauetan aurreikusitako ikuskapenak zein aztertu eta kontrolatzeko bestelako esku-hartzeak.

-Ibilgailuak eremu publikotik erretiratu eta horiek zaintzeko zerbitzua eta ibilgailuak eremu publikoan ibilgetzea.

-Exekuzio aginduak, ordezko exekuzioak eta partikularrendako sorospenak.

-San José Udal Hilerriko zerbitzuak.

-Animaliak Hartzeko Iruñeko Zentroaren zerbitzuak eta arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziak.

-Elikagaien eta ingurumen-laginen gaineko saiakuntza kimiko eta mikrobiologikoak.

-Ezkontza zibilak.

-Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak irekitzea, eta eremu publikoan zoladura edo espaloiak mugitzea.

-Ibilgailuak espaloietan barna sartzea eta eremu publikoan tokia erreserbatzea, ibilgailuen aparkaleku esklusibo gisa erabiltzeko, horiek gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanetarako.

-Hiriko jabari publikoko lurzoru, hegaldura eta zorupearen edozein erabilera pribatu edo aprobetxamendu berezi.

-Hiriko jabari publikoko lurzoru, hegaldura eta zorupearen aprobetxamendu bereziak, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresendako.

-Trakzio mekanikoko ibilgailuak aparkatzea, aparkatze mugatu eta murriztuko eremuetan.

2.-Oliveto kondearen kaleko autobus-geltokiaren erabilera arautzen duen ordenantza baliogabetzea.

3.-Hasiera batez onestea Arau eta Tarifa-eranskinetako testu eta prezioetan egindako aldaketak, hain zuzen, ondoko zerbitzuak emateagatik edo udal-jarduerak egiteagatik ezarritako prezioak arautzen dituzten hauetan:

-Udalaren lokalak erabiltzea.

-Udalaren kirol instalazioak eta eskoletako areto edo instalazioak erabiltzea.

-Adinekoendako udal-zerbitzuak.

-Premiazko ostatu-zerbitzua, udal-apartamentuetan.

-Etxez etxeko laguntza-zerbitzua.

-Ikastaro monografikoetako matrikula, marrazketa, pintura eta artearen esparruko beste ikasketa osagarrietarako.

-Joaquín Maya Udal Musika Eskolan ematen diren ikastaroetan izena eman eta parte hartzea.

-Hezkuntza eta asistentziazko zerbitzuak, Udaleko haur eskoletan.

-Udalak antolatutako hezkuntza, kultura, kirol edo gizarte ikastaro eta jardueretarako sarrerak, inskripzioak edo matrikulak.

-Zerbitzu medikoak eta albaitaritzakoak, desinfekzio parkea eta bainuetxea.

-Hilobi-kutxen eta kutxa-gordailuak eta errautsetarako kolunbarioko hilarriak osaturiko multzoen salmenta San José udal-hilerrian.

-Partikularrei emandako laguntza, udal-garabi zerbitzuaren bidez.

-Ekipajeen zaindegi-zerbitzua, San Fermin festetarako.

4.-Espresuki onestea prezio publikoak kostua baino txikiagoak izanen direla, espedientean jasotako agirian zehazturiko arauetan orotan, justifikazioa, betiere, agiri horretan jasoa delarik.

5.-Aditzera ematea aldaketarik gabe eta, horrenbestez, indarrean segitzen dutela ondoko zerga eta kontribuzio berezien ordainarazpena erregulatzen duten ordenantza fiskalek eta tarifa-eranskinek:

-Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.

-Luxuzko gastuen gaineko zerga: bingoa.

-Okupatu gabeko etxebizitzen gaineko zerga.

-Kontribuzio bereziak.

6.-Hasiera batez onetsiriko ordenantza fiskaleei eta prezio publikoak erregulatzen dituzten arauei egindako aldaketek, behin arauzko tramiteak bete eta gero, 2008ko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra.»

Indarra duten xedapenak betez, espedientea Udaletxeko Idazkaritzan dago ikusgai. Jendaurreko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izanen da, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Hori dena argitara ematen da, jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko urriaren 19an.-Alkate udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0716249